Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-02 15:11:57
Udako Euskal Unibertsitateko web gunera lotura
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2006-11-05 -- 2061.zenb

Joseba Azkarraga

Abuztuko goiz eguzkitsu hartan Buenos Aires Unibertsitateko nazioarteko arduradunarekin geratua nintzen, tangoaren eta nostalgiaren hirian, Cordoba etorbideko Ekonomia Fakultatean. Atea ireki eta zigarroa kolpeka irensten zuen gizon borobila aurkitu nuen. Bostekoa ematearekin bat, Arrasateko mugimendu kooperatibistarekin maiteminduta zegoela esan zidan eta kontutxo bat kontatu:

«Badoa lagun bat oinez eta harrobi bat ikusi du. Harrobian langile bat lanean eta galdetu dio langileari: 'Aizu, esango al didazu zertan ari zaren?' Langileak, harrituta, burua jaso eta halaxe erantzun dio: 'Hori galdera... Ez al duzu ikusten, ba, harria txikitzen ari naizela?'. Gure lagunak aurrera egin eta bigarren langile bat aurkitu du: 'Aizu, esango al zenidake zertan ari zaren?'. Bigarrenaren erantzuna: 'Familiarentzat eguneroko ogia irabazten ari naiz'. Aurrera egin eta hirugarren langile batek honela erantzun dio galdera berari: 'Begira, ni katedral bat egiten ari naiz'».

Alfonso Gorrońogoitiak, kooperatibetako liderrik handiena izandakoak, Lanki Ikertegikooi zera jaurti zigun behin: «Gizon-emakumeak beren bidearen jabe izan daitezen, barruan musika behar dute, musika berezi bat. Musika bakarra diruarena eta erosotasun mugagabeekin bizitzeko nahiarena bada, nekez eraldatuko ditugu gizarte-egiturak».

Arrasateko kooperatibismoa territorio sinboliko eta afektiboa izan da. Zentzu-espazioa. Denetik egon da bertan: harria txikitzen, familia sostengatzen eta era bateko ala besteko katedrala eraikitzen ibili direnak. Norbanako askoren barrualdeetan indar handiko doinuek -osagai kulturalek, motibazioek- hartu dute ostatu: Jainkoa, Herria, Demokrazia, Nazioa, Langileen Askapena... Askok irudi bat sortu dute bere barrualdean, berari jarraituz bizitzeko.

Horregatik izan da zentzuz jantzitako espazioa, hitzaren bi adieratan: esanahiez eta norabidez. Horrek eman dio iparra. Eta horrek eman dio indarra: nerbio ekonomikoak hartu duen tamaina ezin esplikatu beste nerbio horrek, musika doinu horiek guztiek, egindako lana azaldu barik. Osagai afektiboak efektiboak izan dira. Marxista ortodoxo batek esango luke kultura determinazio ekonomikoen erreflexu hutsa dela, baina, euskal esperientzia honek ezetz dio. Besteak beste, ekosistema humano jakin batek, psikologia kolektibo batek, ainguratze subjektiboak eman dio bultzada handia.

Ba ote dago gaur kooperatibiston artean musika konpartiturik? Zein ote? Zenbat ari ote gara gaur harria txikitzen, zenbat familia sostengatzen, eta zenbat «katedralak» eraiki guran? Eta, zein ote katedralaren itxura eta tamaina? Inor ez dadila erratu: galderok ez dira erretorikaren erreinukoak, ez eta psikotropikoren bat irentsi izanaren seinale. Kooperatibistontzat gaurko galderarik garrantzitsuenetakoak dira, ikuspegi etikotik zein enpresarial-instrumentaletik.

Globalizazioak pentagrama, konpas, erritmo eta instrumentu berriak inposatzen dihardu, eta kooperatibismoak bere gustuko partitura baldintza horietara doitu behar du, bidean berezkoak dituen doinuen esentziak galdu barik. Berea duen armonian gehiegizko disonantziarik sortu gabe. Artzek zioen legez, iturri zaharretik ur berria edanez.

Baina, mamu posmodernoa dabil planetan barna eta sasoi batean Arrasateko kooperatibismoaren arima zen Euskadiko Kutxaren publizitate kanpainak gaur zera dio: «gaztea baldin bazara, loturarik ez baduzu, eta aparta baldin bazara, orduan 'go' zara».

Hara: publizitatea jardun politikoa da. Ez du soilik gizarteko irudikapenak jasotzen eta hauek baliatzen zerbait saltzeko. Subjektibazio mekanismoa da, identitate sortzailea. Baliabide politikoa, beraz.

Nago euskal kooperatibistok bi aldiz pentsatu behar genukeela zein mezurekin lerratzen garen. Hots, zein doinu bizi dugun eta zein doinuk bizi gaituen.

Gorka Urbizu

Autogestioa, hasiera batean erne jartzen gaituen hitz horietakoa da. Au-to-ges-ti-o-a, silaba askotxo. Konpromisoa edo koherentzia bezalako hitz-potoloak dira, loditasuna horren gaizki ikusia dagoen garai katodikootan. Beste berba batzuk aseptikoagoak dira nolabait eta ez dute misterio handirik -futbola, iratzargailua, eguraldia...- baina beste horiei buruz ari natzaizue: elkartasuna, etorkizuna... autogestioa. Aurpegi aunitz dituen poliedro bat bere osotasunean ikusten saiatzen garenean bezala, eskuetan hartu eta bueltak eta bueltak ematen dizkiogu, behar bezala gureganatzeko. Edo bigarren eskuko altzari merke bat erostera goazenean egin ohi dugun moduan, izkutuko matxura, urradura, orbanik duen bilatzen dugu, tximinoek elkarri zorriak nola. Bai, bigarren eskuko gauzen pareko dira hitzok, aldi berean sortzen duten lilura eta mesfidantza sentsaziotik ezin libratu.

Izan ere, hitz higatuak dira, erabiltzearen erabiltzeaz esanahia lausotzen joan zaienak. Horrexegatik diot erne jartzen gaituen hitza dela autogestioa, jendeak erabili, behar baino lasaiago erabiltzen duelako. Baina autogestioaren adibide argiak agertzen zaizkigunean miresmena besterik ez zaigu ernetzen. Konpromisoa edo koherentzia adibideak ikusten ditugunean bezalaxe, plataforma mediatikoetatik oso bestelako jarrerak hobesten diren egunotan. Ze hain gaude markatuta gizartean, honelakoak anakronismoak iruditzen zaizkigula ezinbestean. Garaiz kanpoko ekintzak edo antzeko zerbait.

Bada, autogestio adibide horietako baten aurrean nago oraintxe, DVD bat da eta Bonberenea Sufflé du izena. Tolosako gaztetxe hau (Bonberenea) ez da garaiz kanpokoa dirudien bakarra, baina egiari zor, azkenaldian erreferentzia moduko bihurtu dela ezin da ukatu. Etxea bisitatzeko aukera izan duena -neu barne- harrituta atera da bertatik, hango mugimendua, ilusioa, lana ikusita. Kontzertu agenda oparoaz gain, eskulan gela, skate-parkea, sukaldea, hitzaldi zein zine aretoa, grabaketa estudioa, ordenadore gela, Bonberenea Ekintzak zigilua, txaranga propioa, futbol taldea... denetarik daukate. Hau ostiko zuzena da ordu oro matxakatzen diguten kontsumoko aisialdi modeloaren barrabiletan. Horrexegatik doakie lerrootatik nire mira guztia eta modaz pasako ez den agur anakroniko bat.

Jesus Mari Ariznabarreta

Frankismo garaian militatzen hasi ginen abertzaleok ziurtasun osoz pentsatzen genuen diktadura militarra gaindituz gero, Euskal Herriak zabalik zuela askatasunerako bidea. Horrexegatik, Franco hil ondoren espainiar ezkerrak eta EAJk autodeterminazio eskubidea alde batera utzi eta frankismoaren oinordekoekin estatu eredua paktatu zutenean izugarrizko kolpea jaso genuen. Orduan, gatazka politikoa errotik konpontzeko egundoko aukera galdu zen.

Hortik aurrera Euskal Herri zatikatuan EAJren eskutik Baskongadetako hiru herrialdeei begirako ziklo autonomista zabaldu zen. Helburua oso garbia: Hego Euskal Herria Estatu espainiarraren barnean eroso egokitzea, independentzia nahiak ito eta proiektu politiko independentista utopiaren esparruan kokatzea, hots, Arriagako espiritua. Ongizatearen izenean gezurrezko zenbait diskurtso ekonomizista eta sozialen atzean -Arzalluzen «con la independencia solo berzas»- burgesiaren interes ekonomikoak eskutatuz herritar asko eta asko eraman zuten etsipenaren bidetik. Are gehiago, ezkerreko proiektu independentistaren aurkako eraso gordinean Estatuaren laguntzaile bilakatu izan dira eta disidentziaren suntsipena bilatu dute.

Baina autonomismoak ez ditu bete, inondik ere, herritar abertzaleen ametsak, eta gero eta masa kritiko handiagoak pentsatzen du bide horretatik ez dagoela Euskal Herria aitortzerik ez inolako eraikuntza nazionalik; alderantziz, gure herriaren bizi-iraupenaren gero eta egoera larriagoa eta gatazkaren betirakotasuna besterik ez dakarrela. Ondorioz, ziklo autonomista agortuz doa eta krisian sartzen da 90eko hamarkadaren erditik aurrera.

Lizarra-Garazik, zentzu horretan, funtsezko inflexio puntua dakar gatazka politikoa sustraitik konpontzeko bide bakarra Euskal Herria aitortu eta bere lurraldetasuna eta erabakitzeko eskubidea onartzea dela aldarrikatzerakoan. Subjektu politikoa aitortu eta zehazteak berarekin dakar independentziaren aldeko alternatiba zilegi izateaz gain, posibletzat jotzea. Ondorioz, Ezker Abertzaleak urteetan defenditutako proiektu independentista esparru utopikotik errealitate politikora pasatzen da berriro jende askorentzat.

Hau egundoko garaipen politikoa da. Ezker Abertzalearen borrokak ekarri duen garaipena. Ziur nago milaka militante abertzaleren urte luzeetako borroka eta erresistentziagatik izan ez balitz oraingoz galduta izango genuela gure herria egunen baten bere buruaren jabe ikusteko itxaropena.

Garaipen politikoa bere fruituak ematen ari da eta, inkestek diotenez, jendartearen %75 baino gehiago gara geure herriaren etorkizuna erabakitzeko eskubidearen alde gauden euskal herritarrak. Martxan jartzen ahalegintzen ari garen gatazka politikoa konpontzeko prozesuak Euskal Herriaren aitortza, bere lurraldetasun osoaren onarpena eta erabakitzeko eskubidea ekarri behar ditu ezinbestez. Eta hortik aurrera, independentzia eta sozialismoa helburu, Euskal Herri osoari begirako ziklo politiko soberanista zabaldu behar dugu Ezker Abertzalearen eskutik.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan