Onintza Irureta
Produkzio unibertsitarioaren egileen xerkan
Karmele Artetxe Inguma datu-basearen arduraduna da eta euskarazko komunitate zientifikoari buruzko tesia ari da egiten. Doktorego-tesiaren helburuetako bat euskarazko produkzio unibertsitarioa duten egileak deskribatzea da. Egileei galdera-sorta bidali berri diete berauen ezaugarriak jaso asmoz. Egileen lagina Inguma datu-basetik atera dute.
Xuxen badator
Xuxen zuzentzaile ortografiko berria noiz kaleratuko den galdera aurkitu dugu Sustatun. Baita erantzuna ere:
www.euskadi.net-en laster egongo da OpenOffice.org-erako Xuxen. Bi bertsio kaleratuko dituzte, biak kode irekian. Bata, Hunspell formatuan, OpenOffice.org 2.0.2tik aurrera formatu hau erabiltzen baita eta Myspell formatuan, aurreko bertsioetarako eta baita Thunderbird posta-bezero edo Firefox 2.0 bezalako programentzat balio duena.
CAF-Elhuyar Sariak
Elhuyarrek martxoan banatuko ditu zientziaren dibulgazioa sustatzeko sortutako hiru sari nagusi eta gazteentzako sari berezia. Lanak aurkezteko epea abenduaren 1ean amaituko da.
Auzitegi Gorenak UEMAko kide izatea galarazi dio Ondarroari
Ondarroako Udala 2000. urtean sartu zen Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean eta Mankomunitateko lehendakaria da Miren Urresti Ondarroako zinegotzia. Espainiako Auzitegi Gorenak galarazi egin dio Gipuzkoako herri horri UEMAko kide izatea. Astekari hau ixterako, Ondarroako Udalak eta UEMAk argibide gehiago ez zuten eman.
Juan Mari Arregi
Joan den asteburuan, Barakaldoko Bilbao Exhibition Centre-en, BECen, Aerotrends 2006 nazioarteko aire espazio topaketa izan da. Tendentzia berriak aztertu eta akordio komertzialak adostu ahal izan dira. Topaketa honek, EAEko aeronautika guztiz kualifikatua ezagutzeko balio izan du: 32 enpresa, eta hornitzaile eta laguntzaile gisa, askoz gehiago. Azken horiek 5.700 langile dituzte. 2006. urtean %5 haziko den sektorea da eta merkatua, batez ere, kanpoaldera begira dago -urteko 780 milioi euroko fakturaziotik 525 milioi euro-. Munduko fabrikatzaile nagusiak, besteak beste, Airbus, Boeing, Bombardier eta Embraer, Barakaldon egon ziren. Lakuako Gobernuak adierazi zuen pyme aeronautiko euskaldunentzako laguntza gehiago ematea aztertzen ari dela, nazioarteko proiektu handietan parte har ahal dezaten. Horrelako proiektuek inbertsio handiak behar dituzte, batez ere I+G arloan. Berreskurapena oso geldoa izaten da, hamabost edo hogei urte bitartekoa, proiektuen finantzaketan datzalako eta ez kapitalaren inbertsioan. Ezinbestekoa da, beraz, Lakuako Gobernuak proiektu bakoitza baloratzea eta laguntza horien berreskurapena bermatzea. Ez dadila gertatu beste sektoreetan gertatzen dena: gero desagertu edo beste leku batera joaten diren enpresei diru publikoa banatzea eta zergan onurak ematea. Eskergarria litzateke, gainera, gure diru publikoarekin espazioko proiektu aeronautiko militarrak ez babestea.
Xabier Letona
Estrasburgoko bozketak eta Nimeseko pistola lapurketak bat egin dute bake prozesuaren une gaitz honetan. Irakurketa zehatzagoen gainetik eta aurrera begiratuta, Europako Legebiltzarreko sostengua elkarrizketa eta negoziazioaren hauspo da. Europako Batasunaren agendan jarri du gaia eta kito. Horra bere lorpen handia. Onartutakoaren edukia eta bozketaren gorabeherak kontuan hartzekoak izan daitezke, baina gai txikiak dira helburu nagusiaren aurrean.
Gai txikia ez dena pistola lapurretarena da, eta gutxiago denboran Estrasburgoko bozketarekin bat egin duenean. Eta ondorioak izango ditu, Zapateroren esanetan. Ez dakigu zein mailatakoak, baina Gobernuaren inguruko medioek aireratu dutenez, bake prozesua izozterainokoa izan daiteke. Gogorra, baina izoztea da iradokitzen dena eta ez apurtzea.
Gaitza da interpretatzea modu zehatzean honek guztiak zer esan nahi duen, baina brotxa lodiarekin adierazita ETA halako zerbait esaten ari dela dirudi: «Haiek betetzen ez badute, guk ere ez». Gehienok ulertzen dugu tirabira gogorra dagoela ETAren eta Espainiako Gobernuaren negoziazio mahaian eta, elkarrizketen zailtasunen aurrean, alde bakoitza bere indar agerpena egiten ari dela. ETAren martxoaren 22ko agiriak «ekintza armatuen etenaldi iraunkorra» jakinarazi zuen, baina Espainiako Gobernuaren geroagoko filtrazioek ETAk hornidura lanik ez egiteko konpromisoa hartu zuela zioten. Urriaren bukaera honetan, hori zehazki nola den ez dakigu, baina halako arma lapurketa ez dator bat su-eten iraunkorrak eskatuko lukeen giroarekin. Orain arte Espainiako Gobernuak egindako beste hainbeste ere, elkarrizketa giroarekin bat ez datozen moduan.
Eta hau guztia elkarrizketaren lerro batean -ETA-Gobernua- gertatzen baldin bada, pentsatzekoa da alderdien elkarrizketaren lerroan ere izango duela eraginik. Herriko tabernetako miaketek eta, besteak beste, ezker abertzaleko hainbat buruzagi Auzitegi Nazionalera behin eta berriz agertu behar izanak eragingo duten gisan.
Zapateroren ondorioen zain, argazki kameraren angular handiak orain arte egindako bide luze eta sakona irudikatzen du. Pentsatzekoa da izozte, geldiune edo dena delakoarekin, bake prozesuak aurrera jarraituko duela. Baina ataka estu hauetan behin eta berriz gertatzen den moduan, ez da samur asmatzea tirabiren ondorioz sokak presioei eutsiko dien ala ez.
ETAren su-eten aldarrikapenaz geroztik, elkarrizketaren azken saio honek atzera bueltarik ez duela saldu izan da etengabe Madrildik, baina errealismoak dio gaur gaurkoz ez dela datu erabakigarririk ikusten hori hala izango dela tinkotasunez baieztatzeko. Hala balitz hobe, baina oraingoz ez da, edo ez da antzematen bederen.
Pablo Suberbiola Soziolinguistika Klusterreko teknikariak Jakin aldizkarian esanak: «Euskara normalizatzaile batentzat normala izan daiteke pentsatzea, euskaraz dakien baina gutxi erabiltzen duen jendeak (bikoteek, kasu honetan) 'nahiagoko lukeela' harreman hori euskaraz izatea, baina traba, zailtasun edo ohituraren batengatik ezin duela. Baina hala al da? Hartu 'tipologia' horretako zuen inguruko bikote erreal bat... nahiagoko luke? Nahi luke? Tira, 'sozialki' oso ondo geratzen da esatea beste zera hura 'jo, ya me gustaría, pero tenemos la ohitura en erderas y ...', baina hori esaten duenak, badu nahi hori? Bere buruarekin gusturago legoke hori lortuko balu? Planteatu du inoiz?».
Rufino Iraolak El Diario Vascon esanak: «Euskal Gobernuak (Euskal Autonomia Erkidegoari buruz bakarrik arituko naiz) garbi izan eta argi adierazi beharko luke zein eredu linguistiko nahi duen bere eskumeneko Euskal Herri zati honentzat. Eta hori ez da garbi esaten, baizik eta halako diskurtso orokor baten gerizpean estaltzen da: 'Queremos un bilingüismo real para nuestro pueblo', esango dizu, adibidez, Juan Jose Ibarretxek. (...) posible al da zinezko elebitasuna? Askorentzat ez; adibidez, honako tesi hau defenditzen dutenentzat: 'Pertsonak izan daitezke elebidunak, baina gizartea beti elebakarra izango da'. Hori egia bada, engainua da elebitasun errealaren kontua. (...) Eta, hitz erdika ibili gabe, garbi esango dut: euskararentzat salbaziorik ez dago (epe luzera ari naiz), baldin eta bere espazio geografiko elebakarra definitzen ez bada. Utzidazue nire utopia aurkezten. Lehenik eta behin, erabaki behar da euskararen benetako espazio elebakarra zein izango den, hizkuntza bat espazioren batean hegemonikoa ez bada, galdu egiten baita. Baliteke, nire planteamendu utopikoaren arabera, Bilbo sekula gizarte euskalduna ez izatea, baina horregatik ez litzateke euskaldunen kopurua murriztuko».