Astekaria

 Kultura 

Jesus Mari Olaizola, Txiliku: «Ez da sinetsi behar egia dela istorioetan kontatzen den guztia»

Irudia

Pilar Iparragirre


2060. alea
2006-10-29
alde 0    kontra 0

Nola sortu zen Bizitza eredugarriak?

Hasiera batean, liburuan laurogei istorio kontatzeko asmoa nuen, eta izenburua ere prest neukan: Berrogei egun eta berrogei gau. Laurogei biografia labur izango ziren; horietatik berrogei kontakizun benetako, asmatu gabeko biografiak -nahiz eta narrazioan kontatutakoa sinesten zaila izan-, eta beste berrogei irudimenezkoak, agian aurreko berrogeiak baino sinesgarriagoak baina asmatutakoak. Liburutxar honek, ordea, ez zuen nik erakutsitako bidetik joan nahi izan.

Eta zer egin zenuen orduan?

Amore eman eta istorio gutxiago baina luzeagoak eta «eredugarriagoak» egitea erabaki. Baina kontakizunek gorde dute hasierako malezia hura: ez da sinetsi behar egia dela istorioetan kontatzen den guztia.

Beraz, zer egin behar du zure liburu honen irakurleak?

Pentsatu, irakurtzerakoan, istorio serioak asmatutako adar-jotzeekin nahastuta egon daitezkeela kontakizunetan. Eta alderantziz, pentsatu irakurritako istorioan sinesten hain zaila den hori egia izan daitekeela. Atal batean ehunetik laurogei asmatutakoa bada, beste batean egia izango da hamarretik bederatzi. Hala eta guztiz, kontakizun bakoitzean badago, beti, benetako erreferentziaren bat, errealitatearekin lotzen duen soka bat: itsasontziak lotzeko sokatzarra bezalaxe ziba dantzarazteko listari mehea. Hasierako asmoak ekarri du hori, errealitatearen eta asmatuaren nahastea, eta idazteak berak gainontzekoa: laurogei biografia labur egin ordez hogeita bost -ziento laurdena, piperrak eta tomateak aldatzen diren bezala- biografia «hobetu» egitea.

---------------------------------------------------------------------------

Bizitza eredugarriak

Jesus Mari Olaizola Txiliku

Elkar

264 orrialde 17,50 euro

Benetakotasun eta fantasia hogeita bost biografiatan

Alfabetoaren letra bakoitzari jarraituz hogeita bost biografia idatzi ditu Jesus Mari Olaizola Txilikuk Elkar argitaletxearen eskutik plazaratu duen Bizitza eredugarriak izenburuko liburuan. Nolanahi ere, egileak ohartarazten du, neurri batean ala bestean, biografia horietan benetakotasuna eta fantasia nahasturik daudela, eta irakurlearen esku uzten du asmatzea narratzen dituen bizitza bakoitzaren baitan zenbat dagoen egiatik eta zenbat ziritik. Dena den, Barbara Allen-en bizitza tristearekin hasiera eman eta Robert Liston zirujau trebearen gorabeherekin amaitu dituen biografia hauei gehikuntza bitxi bat erantsi die Txilikuk: narrazio bakoitzaren amaieran aipatzen du kontatzen den istorioarekin edo haren protagonista izandako pertsonaiekin zerikusia duen abestiren bat, gutxienez. Gogora ekarri dituen pertsona guzti horiek zergatik jo daitezkeen eredugarritzat, berriz, egileak bakarrik daki. Batzuk alproja samarrak izan ziren. Beste batzuek, berriz, agintea edota era bateko zein besteko nagusitasuna bere esku zutenen krudelkeria jasan behar izan zuten. Eta badira zeukaten irudimenaren indarrez egin zituzten aurkikuntzengatik eredugarri jo dituenak ere.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
azala  
azala2059
 
azala2058

2060 zenbakia.
2006ko urriaren 29a


   

Babeslea

Irizarren webgunera joan
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza