Indibidualismoa bikotean (Agurtzane Ormatza)
Agurtzane Ormatza
Gaur egun indibidualismoaren kontzeptua oso zabalduta dago. Gure gizartean orokorrean kontzeptu hori entzuten dugunean zera ulertzen da gehienetan: indibidualismoa da bakoitzak duen joera pentsatzeko eta bere kabuz gauzak egiteko, besteak kontuan hartu gabe. Bakoitzaren independentzia eta autonomia jorratzea, norberak gura duenari jarraituta.
Garai historiko guztietan moduan, egitura sozio-politikoak eragina izaten du sistema guztietan eta baita bikote harremanetan ere, bikotea harreman sistema den heinean.
Gure gizartean ia aldi berean bi kontzeptu agertu izan dira, biak ere oso modu indartsuan. Bat da aurrerago azaldu dudan indibidualismoa eta bestea da maitasunarena. Biek zeharkatzen dituzte bikotearen egituraren klabeak.
Maitasunaren kontzeptua fusioaren eremuan murgiltzen da. Hau da: harreman bat aurrera ondo ateratzeko, maitasuna ardatza da. Maitasun horren oinarria hauxe da: bata bestearenganako konfiantza eta zintzotasun absolutua. Maitasun mota horren leloak hauexek dira: «biok bat gara», «zurea naiz», «maitatzen bagara ezin gara haserretu», «dena kontatu behar didazu», «gure artean ez dago sekreturik»...
Indibidualismoaren garaian gaudenez maitasun mota honek ez luke lekurik izan behar, baina, hain zuzen, garai honetan biek elkar eta indartsu topo egiten dute. Bi ideia horiek erraz azaltzen dira gure aurrean, iragarkiak eta pelikulak horren isla dira. Egoera horrek paradoxak sortzen ditu: alde batetik, «zuk zeurea egin» aldarrikatuz, eta, bestetik, «ni gabe ezin duzu ezer egin» esanez. Sarri, bikotearen barneko dinamikak paradoxa horren ispilu dira. Batzuetan, bikotearen garapena geldiarazten duten dinamikak sortzen dira. Beraz, kontuan hartzeko modukoak izaten dira gure gizarteak bultzatzen dituen ereduak. Hori horrela izanda, argi eduki behar dugu bestelako aldagaiak ere aztertu behar izango direla bikotearen dinamikak ondo ulertzeko.
Aipatutakoa argiago ikusteko bikotea osatzen denean azaltzen den klabe bat hartuko dut, bikotearen egiturari lotuta dagoena.
Bikotea sistema bat da eta hiru ardatzetan artikulatzen da: egitura (zelan eraikitzen den bikote sistema), xedea (zertarako osatzen den) eta funtzionalitatea (zelako funtzioak dituen).
Egituraren mugak dira klabea.
MugakBikotekideek dauzkaten ardurak, espazioak, denborak... zehazten eta mugatzen dituzten marrak dira mugak. Zorrotzak edo lausoak izaten dira, beti ere sinbolikoak. Gure harremanaren bidearen mugarriak. Horien adierazle dira honelako esaldiak: «nire gutunak nik zabaltzen ditut», «hau ez da zure amaren ardura», «nire laguna da, ez zeurea», «domeka bat zure familiakoekin eta bestea nirearekin»...
Mugek mugarritzen dute.
Mugak alde batetik oso argiak izan behar dira bikoteko kideentzat, baita bikotetik at daudenentzat ere. Baina ezin dira izan oso zorrotzak, ezta zeharkaezinak ere, iragazkorrak baino. Sarri gertatzen da are eta argiagoak izatean, zorrotzagoak bihurtzen direla, eta are eta lausoagoak izatean, are eta iragazkorragoak. Beraz, oso zaila izaten da bikotearen barne klabe hau maneiatzea eta mugak jartzea.
Mugen auzia ez da batere erraza:
1. Alde batetik, mugen jatorri leunak, eta, bestetik, marrak ezartzeko bikotekideen moduak gatazka oso iraunkorrak sortzen dituzte bikote sisteman.
2. Hasieran aipatutako maitasun kontzeptua («zurea naiz», «bat gara», «ezin diogu ezer ere ezkutatu elkarri»...) oso barneratuta dago eta horrek eragina dauka mugak jartzerakoan. Bikotekideei, batzuetan, zaila egiten zaie mugak ezartzea. Askotan mugak ezartzeak beldurra sortzen du bestearen erreakzioa zein izango ote den ez dakigulako. Bestetan, kezka ere sortzen du kolokan jartzen dituelako norberak bestearekiko dituen sentimenduak.
3. Argi dago bi diren heinean, bakoitzak beharrezkoak izango dituela bere espazio intimoak, berezko interesak, denbora propioak... Eta, hain zuzen ere, horiek dira indibidualismoak («zurea egin», «zu zara lehenik», «topa egizu zure bidea»...) hainbestetan bultzatzen dituen joerak eta jokabideak. Beraz, errazagoa da gaur egun horrelako mugak ezartzea, norberaren eskubideen aldarrikapen mota bihurtu delako.
Indibidualismoaren onurak agerian daude. Batetik, bikote sistemak egitura bat behar du, eta bestetik, egitura horretan mugak beharrezko dira. Eta, hain zuzen ere, egitura hori sustatzeko bidea bultzatzen du indibidualismoak.
Baina, kontuz. Indibidualismo mota horrek bestelako ondorioak ere badakartza.
Lehenago, mugen etsenpluarekin ikusi dugun moduan, oso mugak zorrotzak ezartzeko arriskua dauka indibidualismoak. Zorrotzak badira; alde batetik, bikote barneko konplizitatea, konpromisoa eta sinergia saihestuko ditu. Eta, bestetik, lagunen eta belaunaldi arteko harremanak ahulduko ditu. Eta, hala ere, horiek guztiak ezinbestekoak dira bikotea garatzeko.
Indibidualismo eredua nahiko iruzurgilea da. Ereduak ematen du gizonak eta emakumeok libre garela aukeratzeko eta gura duguna egiteko. Egia da azken finean bakoitzak aukeratzen duela. Baina aukeraketa hori, nire ustez, beti egingo da ezarritako aukeren artean. Sistemak eskainitakoaren artean.
Horren etsenplu garbia erotikan jarduten den ardatza da: «Zuk zeure desioari jarraitu eta landu etengabe».
Baina moralak ezarritakoaren barne egon behar du desio horrek, desioak politikoki zuzena izan behar du, desioak psikologikoki sanoa izan behar du. Desioa, plazera, norberaren bidearen hausnarketa.... ezarritako kodeetatik at baldin badago zer?
Beraz, zelan sortu nik benetan gura dudana? Zelako baliabideak ipintzen ditu gizarteak bakoitzak benetan bere bidea egiteko, eta ez bestearen kopia izateko? Zer gertatzen da norberak sentitzen dituen desioa eta beharrak sistematik at badaude?
Hor dago auzia. Denontzako hausnarketarako gaia.
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.