Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-10-07 09:39:43
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2006-10-29 -- 2060.zenb

Iñaki de Jauna auzia: Mendekua eta justiziaren baldarkeria

Xabier Letona

Goizeko 10:30ean hasiko da epaiketa dena ondo badoa, puntuan ekitea ezohiko gauza baita Auzitegi Nazionalean. Espainiako komunikabideen arreta han bilduko da, piztia nola agertzen den lau haizetara zabaltzeko. Auzitegiaz gain, hori guztia izango du aurrean Iñaki de Juanak 63 eguneko gose greba utzi zuenetik 20 egunera.

Hasiera batean fiskalaren 96 urteko espetxe zigorrari egin beharko dio aurre, baina fiskaltzak jadanik iragarria du eskaera sei urteko espetxe zigorrera jaitsi dezakeela. Kontua da ez 96 ez 6, Iñaki de Juanak libre atera beharko lukeela bere aurkako salaketetan ez dagoelako zigorrerako oinarri juridikorik.

Hiru zigor eskarirekin abiatu zen auzia: 12 urteko espetxe zigorra talde terroristako kide izatearen akusaziopean; beste 14na urte sei espetxe funtzionariori Gallizo izeneko iritzi artikuluan luzatutako ustezko mehatxuengatik; eta funtzionario bakoitzari 30.000 euroko ordainketa kalteordain gisa. AVT (Terrorismoaren Biktimen Elkartea) ere akusazioen artean da eta bere eskaria eta argudioak fiskaltzarenak dira, berdin berdinak. AVTk, dena den, jada iragarri du ez duela zigor jaitsierarik egingo.

Kontua da akusazioek ez dutela inongo oinarririk, epaiketak aurrera egin ahala argi ikusiko den bezala, eta besteak beste horrexegatik, alde guztiek beren lana bukatu ondoren, Jesus Alonso fiskalak epaiketaren ondorioetan zigorra sei bat urtera murriztuko ei du.

Hasteko, talde armatuko kide izatearena ezabatuko du, justiziaren ikuspegitik norbait preso dagoenean ezin baita erakunde armatu bateko kide izan, bestela delitu beragatik behin eta berriro epaitu ahal izango lukete.

Eta zertan oinarritzen da fiskala ETAko kide dela esateko eta etakide gisa egiten dituela delituak? Nagusiki espetxean euskal preso politikoen kohesioa bultzatzeko izandako jarreran, bai gose grebekin, txapeoekin edota hainbat komunikabidetara urteetan bidalitako artikuluekin.

Honekin batera, 1998an (fiskalaren salaketa idazkian data gaizki dago, gertakizuna 1988koa baita) Herrera de la Manchako espetxetik helikopteroz ihes egiteko Jose Luis Muñoz ETArako kaptatu izana leporatzen zaio De Juanari. Muñoz talde armatua laguntzeagatik zigortu zuten 1993an eta Donostiako presoaren abokatu Alvaro Reizabalen ustez delitu hori preskribituta dago jada.


El Escudo eta Gallizo

2004ko abenduaren 1ean Iñaki de Juanak El Escudo izeneko iritzi artikulua argitaratu zuen Gara-n eta abenduaren 30ean Gallizo. Azken honetan sei espetxe funtzionario aipatzen zituen, hainbat garaitan haiek izandako errepresio pasarteak deskribatuz: Miguel Angel Rodríguez, Francisco Sanz, Jesus Eladio del Rey, Manuel Martínez, Antonio Diego eta Ruiz abizeneko espetxe zuzendari bat. 16 orrialdeko zigor eskaeran, fiskalak ez du aipatzen non ikusten duen mehatxua, ezta nor den mehatxatua: «Halako eta halakoetan ikusten den bezala...», «esaldi edo paragrafo honekin mehatxatzen ditu...». Fiskalak egiten dituen beste iruzkin batzuetatik ondorioztatu behar dira ustezko mehatxuak.

Fiskaltzaren idazkiaren arabera, Iñaki de Juanak pertsona horiek izendatzea eta beren jarduera errepresiboa deskribatzea nahikoa da hauek ETAren ikusmiran jartzeko eta hori aski da mehatxu gisa hartzeko. Baina horrek esan nahi luke, ETAk eta Urliak Sandia kritikatu ondoren ETAk Sandiaren aurka egingo balu, Urlia dela horren errudun, edo hori leporatu ahal zaiola bederen.

De Juanaren aurkako akusazioek ez dute ez hanka ez buru, hori ezaguna da aspalditik, baina fiskalaren salaketa idazkia irakurrita askoz nabarmenago geratzen dira auziaren asmo politikoa eta baldarkeria juridikoa. Horrexegatik nekez uler daiteke absoluzioa ez den bestelako irtenbiderik. Edo uler daiteke, baina orduan Anna Politkovskaïa hil berri duten kazetari errusiarrak Txetxeniari buruz amaitu gabe utzi zuen erreportajearen klabeetan ulertu beharko litzateke.

Espainiako iritzi publikoaren aurrean zigor eskaera bat 96 urtetik 6 urtera jaistea ulertezina egin daiteke agian, baina PPk zirikatuko ez balu oharkabe xamarrean iragan zitekeen. Ez da kasua, ordea, eta beraz, ikusi beharko da honek nola eragiten duen epaiketan zehar. Preso donostiarraren Alvaro Reizabal abokatuak baditu auzia ahalik eta kalte txikienarekin ateratzeko heldu lekurik eta denak adierazten du auziaren bukaera norabide horretan doala. Besteak beste, ezaguna da Juan Maria Uriarte Donostiako gotzaina aritu dela bitartekari izan diren negoziazioetan.


Iñaki Bilbaoren aurrekaria: 2 urteko espetxea

Iñaki Bilbao presoak Baltasar Garzon epailea mehatxatzeagatik irailaren 7an jaso zuen zigorra ere hor dago. Fiskalak 12 urteko espetxe eskaera zuen eta azkenean 2 urtetan utzi zuen. Epaiketan Gallizo eta El Escudo artikuluetan mehatxuak daudela frogatuko balitz, aipatu epaia da aurrekarietakoa; ez da bakarra baina bai azkena. Espainiako iritzi publikoari begira, auziak bi urteko espetxe zigorrarekin bukatuko balu, De Juana laster kalean litzateke.

Fiskalak, besteak beste, peritu ugari eramango ditu -gehienak poliziak-, batez ere bi gauza frogatu nahian: aipatu artikuluetan mehatxua dagoela eta, batez ere, ETA eta ENAM gauza bera direla. Defentsak, besteren artean, han izango ditu peritu gisa Petxo Idoiaga eta Joxi Basterretxea EHUko irakasleak, aipatu artikuluen edukia ikuspegi zientifikotik baloratzeko.

Bukaeran, Auzitegi Nazionaleko Zigor-arloko 1. Salak erabaki beharko du. Sala hiru kidez osatua dago: Ricardo Rodríguez da lehendakaria, Fermín Echarri ponentea -epaia idazten duena- eta Flor María Luisa Sánchez.

Dena behar bezala badoa, De Juanak laster beharko luke kalean, espetxean ia 20 urte egin ondoren, legez zegozkionak baino bi gehiago. Baina ia 200 presorekiko, Iñaki de Juanaren amarrukeria judizialak legeztatu dituzte Parot doktrinarekin. Auzitegien bideak itxi dezake oraindik saio hori, Auzitegi Konstituzionala mintzatu gabe baita oraindik. Bestela, doktrina berri hau finkatu duen bultzada politiko berak desaktibatu beharko du. «Espainiako Auzitegi Konstituzionalak atzera bota du Parot doktrina», egunkarian titulu hori Iñaki de Juanak berak 2007ko edozein hilabeteko egun batean, Kontxako eserleku batean eserita irakurtzea litzateke amets gaiztoa ondo bukatzeko moduetako bat. Beste gauza askoren adierazle ere izango litzateke seguruenik.


Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan