Herritarren borondate antinuklearra
Juan Mari Arregi
Joan den larunbatean, 21ean, manifestazioa egin zen Gasteizen Garoņako zentral nuklearra berehala ixteko eskatzeko. Burgosen dago, baina Araba eta Bizkaiko Enkarterrien inguruan. 30 urte dira martxan dagoela eta ustiapen baimena 2009an bukatzen da. Jabeek, Iberdrolak eta Endesak, luzapena eskatu dute. Bitartean, azken hilabetean, programatu gabeko hiru geldialdi izan ditu zentralak eta berriz ere, zentralaren segurtasuna dudan jarri da. Herritarrek -bai euskaldunek bai espainiarrek ere- Garoņaren aurka daudela adierazi dute askotan; kalean, asteburu honetan bezala, eta areago, Arabako Batzar Nagusietan, Gasteizko Legebiltzarrean eta Espainiako hainbat udaletan ere bai. PSOEko Gobernuak -hauteskunde-programan zentral nuklearren desegite progresiboa agindu zuenak- 2009rako aurreikusita zegoen hasierako erabakia aurreratzeko aukera du. Damoklesen ezpataren aurrean gaude, errusiar erruletaren aurrean. Programatu gabeko geldialdi horien ondoren, nork ziurtatu dezake Garoņan ez dela atzera bueltarik ez duen istripuren bat gertatuko? PSOEko Gobernuak legezko aitzakia du, gainera, bere garaian 2009ra arte emandako luzapena aurreratzeko: segurtasun arazoak agertzen badira egin dezake. Eta, batez ere, herritarren nahia errespetatu behar du, bai instituzioetan adierazitakoa, baita asteburu honetan Gasteizko kaleetan adierazitakoa ere. Hori ez egiteak enpresa elektrikoen esanetara egotea esan nahiko luke, eta beraz, bankuaren mende, honen benetako jabea.
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.