Astekaria

 Zientzia eta teknologia 

Haurren obesitatea: hobe neurriak garaiz hartzea

Jabier Agirre

Jabier Agirre


2060. alea
2006-10-29
alde 0    kontra 0

Europar Batasunak kaleratu berri duen ikerketaren arabera, haurren artean "obesitatearen epidemia" dagoela ohartarazten gaitu Osakidetzak, eta epidemia horren kontra neurri dietetikoak hartzea eta bizi-estiloa aldatzea gomendatzen du.

Haurren obesitateak kasuen %5ean bakarrik du arrazoi genetikoa edo endokrinoa (barrukoa). Gainerako kasuetan, alegia ume obesoen %95ean, arrazoia kanpokoa da, nutrizionala, elikadura desegoki batek sortua. Eta bigarren talde handi horretan emaitzarik onenak obesitatearen diziplina anitzeko tratamenduarekin lortzen dira, bertan pediatrak, psikologoak eta dietistak batera parte hartuz. Dieta orekatua, ariketa fisikoa egitea, heziketa nutrizional egokia eta portaera aldaraztea; horiek lirateke tratamenduaren funtsezko zutabeak.

"Ahalegin nagusiak prebentziora bideratu behar dira, ohitura dietetiko egokiak bultzatu eta horien abantailak ezagutzera emateko", dio Nafarroako Unibertsitateko Javier Aranceta doktoreak. Haurren obesitatea osasun publikoko arazo nagusietakoa bihurtu da, eta berorren arrazoiak eta ondorioak kezkagarriak dira benetan. Normalean tradizioz ondoen elikatzen ziren herrialdeetan ere (Europako hegoaldean, batik bat) ohitura nutrizionalek okerrera egin dute, modu nabarmenean gainera, "zabor" janarien eta telebista edo ordenagailuaren aurrean egiten diren ordu luzeen ondorioz. Egoera horren arduradun nagusiak gurasoak eta hezitzaileak dira. Baina ez da ahaztu behar haur-obesitateak umearen garapen psikosozialean eragina duela, eta helduaroan obeso izateko arriskua gehitzen duela, gaixotasun kardiobaskularrak izateko eta horiengatik hiltzeko arriskua ikaragarri ugalduz.

Bukatzeko, hona hemen ikerketak utzitako datu beldurgarri batzuk: Urtero 400.000 ume obeso gehiago daude Europan. Gaur egun 14 milioi dira, guztira, arazo hori duten umeak Europar Batasunean.

Europako zifrarik altuenak 6 eta 12 urte artean ematen dira (%16,1eko prebalentzia) eta adin-tarte horretan Espainia da arazo larriena duen herrialdea.

2 urtetik 29 urtera bitarteko biztanleen %13,9 obesoak dira Espainian.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
azala  
azala2059
 
azala2058

2060 zenbakia.
2006ko urriaren 29a


   

Babeslea

Irizarren webgunera joan
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza