Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-10-06 16:28:34
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2006-10-29 -- 2060.zenb

Googlen lehen agertzeko lehian

Jon Torner

Gure web gunea ahalik eta internauta gehienek bisita dezaten lortzeko, hamaika faktore hartu behar ditugu kontuan. Google moduko bilatzaileetan aurreneko postuetan agertzeak adibidez garrantzia handia dauka. Hori lortzeko hainbat teknika aplikatu beharko ditugu, bilatzaileek ez baitute aukeraketa besterik gabe, modu automatikoan egiten. Hori bai, berehalako emaitzarik ez dezala inork espero.

Bilatzaileetan kokapen ona lortzea zaila da. Milioika web gune daude eta horien artean nabarmentzeak dezenteko lana eskatzen du. Eta pazientzia. Baina garrantzitsua da eta merezi du ahalegintxo bat egiteak, erabiltzaileek aurkitu ezin bazaituzte, ez zarelako existitzen. Gaur egun, internauten %90ek bilatzaileak erabiltzen dituzte eta horietako %60k lehen orrialdean azaltzen diren emaitzak soilik begiratzen dituzte. Gainera, %55ek emaitza bakarra klikatzen dute eta %80ek hiru web gune bisitatu ostean bilaketa amaitutzat jotzen dute. Datu horiek argi erakusten dute bilatzaileetan posizio ona lortzea zein garrantzitsua den.

Interneten bilaketak egiteko tresnarik garrantzitsuena Google da. Kontsulta bat egiten dugunean, 8.000 milioi orrialde arakatzen ditu eta 100 faktore baino gehiago kontuan hartzen dituzten algoritmoen bidez, emaitza konkretuak lortzen ditu. Faktore horiek isilpean gordetzen ditu Googlek, baina kokapen ona lortzeko zer egin behar den eta zer ez jakiteko gomendio zerrenda plazaratu du. Hain justu, gomendio horiek izan zituzten hizpide Bizkaia Enpresa Digitalak (www.enpresadigitala.net) antolatuta irailean Zamudioko Teknologi Elkartegian egindako Internet marketing baliabidetzat. Nola agertu bilatzaileen lehen postuetan? ikastaroan.

Bilatzaileetako posizionamendua edo web posizionamendua izendatzeko ingelesezko SEO (Search Engine Optimization. Bilaketa Motoreentzako Optimizazioa) siglak erabiltzen dira. Kokapen ona lortzeko aplikatu behar diren teknikei egiten die erreferentzia. Teknika horiek ezagutzea bereziki garrantzitsua da lehia handiko produktu eta zerbitzuak eskaintzen dituzten web guneentzat eta orriak egiten hasi aurretik pentsatu behar da nola aplikatu daitezkeen, web gunea amaituta dagoenean zailagoa baita egindako akatsak zuzentzea. Gainera, kokapen ona lortzeko teknikak orriz-orri landu behar dira. Googlen ez dugu web gune osoaren kokapena lortuko, URL edo orri konkretuena baizik.

Bilaketa Motoreentzako Optimizazioa aipatu dugu. Interneten bilatzaile ugari daude, baina soilik hiru bilaketa motore (bilatzaileak ere badira, noski): Google, Yahoo! eta Microsoft (MSN). Gainerako bilatzaile guztiek (Ozú, Terra, AOL, Ask, Lycos, Altavista...) motore horiek erabiltzen dituzte bilaketak egiteko.


Kokapen ona lortzeko argibideak

Bilatzaileetan kokapen ona lortzeko gomendio batzuk azalduko ditugu jarraian, Googleren gidaliburua oinarritzat hartuta:

  • Web gunea bilatzaileetan erregistratu. Ez da beharrezkoa, sarea arakatzen duten robotek gure web gunea noizbait topatuko dutelako, baina komenigarria bai, prozesua azkartu baitezake.


  • Orri bakoitzean helbide (URL), titulu (TITLE), hitz gako (META etiketetan; keywords) eta deskribapen egokiak jarri. Horretarako hainbat gauza hartu behar dira aintzat:


  • - Helbidean hitzak bereiztea komeni da. Hobe da www.parque-tecnologico-miramon.com, www.parque.miramon.com edo www.miramon.com/parque aukeratzea www.parquetecnologicomiramon.com hautatzea baino.

    - Kontuz hitz gakoekin. Gehiegi jartzen baditugu, litekeena da Googlek SPAM bezala hartzea eta gure orrialdea «zigortzea». Eta gauza bera gerta daiteke aukeratutako hitz gakoak edukietan azaltzen ez badira.

    - Deskribapenak ez ditzala izan 200 karaktere baino gehiago.

  • Beste web guneek gure orrien loturak jartzea lortu. Horrek PageRank (ospe) handia izatea ahalbidetuko digu. Googlen orrialde batek duen garrantzia islatzen duen balio numerikoa da PageRank delakoa. Bilatzaile honentzat lotura bakoitza boto baten modukoa da eta, beraz, gure izena Interneten zenbat eta gehiago azaldu, orduan eta PageRank altuagoa izango dugu. Gainera, gure loturak txertatzen dituzten web guneek PageRank altua baldin badute, gure orrialdeen balioa handitu egingo da. Garrantzitsua da, era berean, web gune horiek gure sektorekoak izatea eta lotura mordoa ez biltzea, gureen balioa murriztu egingo litzateke-eta.

    Gainerako guneek gure loturak biltzea nahi badugu, direktorioetan erregistratzea komeni zaigu. Ezagunena DMOZ izenekoa da. Izaera publikoa eta irekia du eta euren borondatez lanean ari diren internautek editatzen dute. Yahoo!-ren direktorioak ere PageRank altua dauka. Konpainia pribatua da, baina web guneen kalitatea aintzat hartzen du onartu edo ez onartu erabakitzean.


  • Kalitate oneko edukia sortu, etengabe eguneratzen joango dena eta lotura erakargarriak izango dituena. Googlen lehen postuetan azaltzeaz gain, erabiltzaileak gure web gunera berriro sartzea lortu behar dugu.


  • Ez sekulako orrialdeak sortu. Diseinu garbi eta apala aukeratu. Googlek ez ditu gustuko diseinatzaile askok erabiltzen dituzten baliabideak, flash aplikazioak kasu. Horretaz jabetzeko www.google.com atariko orrialdeak ikustea besterik ez dago. Gainera, bere robotak ez ditu gune batzuetan aurki ditzakegun elementuak atzematen.

    Gomendioak gomendio, ez dugu ahaztu behar bilatzaileen zerrendetan lehenengo postuetan agertzeko ahalegin handia egin behar dela eta emaitzak ez direla egun batetik bestera lortzen. Etengabe aritu behar gara lanean, edukiak sortuz, orrialdeak optimizatuz eta epe luzerako emaitzak eskainiko dizkiguten loturak bilatuz.


Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan