Astekaria

 Diskoak 

Fermin Muguruza: «Asmatikoa naizenez, arnas bakoitza musika bezala borroka bilakatu zait askotan»

Iker  Barandiaran

Iker Barandiaran


2060. alea
2006-10-29
alde 0    kontra 0

Zelakoa izango da Basque Exhibition Centerko kontzertua?

Artistikoki mundiala. Bizi garen testuinguru zehatz honetan, hunkigarria eta historikoa.

Diskoan filmeen erreferentzi ugari daude. Adierazpide garrantzitsua al da zinema? Pentsatu al duzu horretan aritzea?

Musikarekin batera adierazpide garrantzitsuena da. Bai, behin baino gehiagotan pentsatu dut horretan ere aritzea.

Zer helburu dauka Talkak? Beste batzuen lanak ere kaleratuko dituzue?

Nire lanak argitaratzea, autoeragiketa eta independentziaren frontetik. Besteen lanak argitaratzen lagunduko dut, baina ez nire markapean.

Fusioa egitea baino eraginkorragoa da talka egitea?

Uztarketa talka baten ondorioa da beti. Izan water, my friend...

Kortaturekin ska lantzen hasi zineten. 20 urte beranduago, Jamaikara bueltatu zara bete-betean. Zirkulua ixten zabiltza?

Egitasmo bat bururaino eramatea, bai, baina ez dut uste ezer itxi dudanik. Seguruenik, beste zirkulu batzuk ireki.

Jamaikarrek asko eman dizute. Zuk trukean zer eman diezu? Gure doinuak beraienekin ezkonduta, beraien musika aberastea?

Beste solaskideen ekarpena beti da aberasgarria. Jamaikako musikaren garapenaren gakoa da kanpoko eraginei irekia izan dela beti.

Euskaldunok zer daukagu samuraiez, perfekzioaz, ikasteko? Eta zer komunean?

Denboraren pertzepzioa dugu ikasgai nagusia. Inperfekzioa da besteekiko bereizten gaituena, beraz, bakarrak izateko dugun ikurra. Eta amankomunean dugu oinazea gainditzeko gaitasuna, irakaspena, diziplina, zorroztasuna... Euriaren erritmoarekin bizitzan gidatuko gaituen kode poetikoa idatzi beharko genuke.

«Gauza apaingarrien munduan bizi bagara, musika ederki kulturala besterik ez da». Zer da zuretzat musika, hain barruan daramazuna?

Arnasa bezalakoa da. Asmatikoa naizenez, bizitzaren arnas bakoitza borroka bilakatu izan zait askotan. Musika hori dena da.

-------------------------------------------------------------------------

Euskal Herria Jamaika Clash

Fermin Muguruza

Talka

Iraupena: 48'41'' 12 euro

Jamaika eta Euskal Herriaren iragana biak bat oraina eginda

The Clash aspalditik da Fermin Muguruzaren kuttuna, baina hortik haratago Clash hitzak talka esangura ere badu. Ingalaterrako aitzindari haiek egin zuten bezala baina beste era batean, Muguruzak Jamaika hartu du xede. Euskal Herriaren eta Jamaikaren arteko uztarketa egin du, bi kulturak batuz, nahastuz eta elkar aberastuz. Horretarako, Xabi Pery, Xabi Solano eta Jon Elizalderekin batera Jamaikako bihotzera joan eta herrialde horretako iragan eta oraina diren musikari eta abeslariekin aritu dira dohaitza aske bezain esanguratsuak eginez. Emaitza aberatsa da: reggaea, ska, raggamuffina, dub-a eta beste landu dituzte trikitiarekin eta bestelakoekin. Hitzetan gertukoa, egunerokoa, beste kulturetako bizipenekin lotu du, gertuko arazo txikiei urruneko erantzun eta antzekotasunak emanez.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
azala  
azala2059
 
azala2058

2060 zenbakia.
2006ko urriaren 29a


   

Babeslea

Irizarren webgunera joan
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza