«Euskal Herrian egon badagoen sormenaren erakusleiho izan nahi dugu», aipatu digu Oier Guillan Errenteriako (Gipuzkoa) Mikelazulo elkarteko kideak. Izan ere, hain ezagunak ditugun lehen lerroko idazle entzutetsuen itzalean idazle andana dago, idazteko gogoz, idatzia irakurtzeko gogoz, finean sormena edonorekin elkarbanatzeko prest.
Mikelazulok emanaldiak eskaintzeaz gain antolatu ere egiten ditu, hain zuzen ere, behar horri erantzuteko sortu zen duela hamaika urte: «Jende asko eta asko dago era guztietako emanaldiak emateko prest eta gune gutxi dago». Hala, Errenterian zabaldu zuten taberna. Urtero poesiaren astea antolatzen du elkarteak, eta aurtengo edizioan bertan izan dira errezitaldi andana eskaintzen dituzten Bihotz Bakartien Kluba (BBK), Goierriko Kasta eta Literatuzta taldeak, besteak beste. Gu talde hauekin eta Mugaldekoak ekimeneko eta Hatsa elkarteko Edu Zelaieta eta Auxtin Zamorarekin ere izan gara eskaintzen eta antolatzen dituzten errezitaldien berri izateko.
Askotariko emanaldiak
Mugaldekoak ekimenak ere Edu Zelaietak idatzitako izen bereko poema liburua du euskarri. Edu Zelaietak eta Beńardo Goietxe eta Raul Garcia musikariek eskaintzen dituzte emanaldiak poema-kantuokin. Edu Zelaietaren aburuz, «errezitaldien bidea eraginkorra dela dirudi, hala ere, guk ongi pasatzen dugulako egiten dugu; esperientzia oso polita da eta pertsonalki hazteko aukera paregabea da. Egia esan, alegerago nago emanaldiekin liburuarekin baino. Liburuarekin kontent geratu nintzen, baina hori bakarkako lana da eta errezitaldia taldean egiten den zerbait da eta oso aberasgarria da».
Hatsa elkarteak ere urte asko daramatza Lapurdin euskarazko literaturari bultzada emanez eta era guztietako ekimenak antolatzen ditu. Errezitaldia helburu duen liburu egitasmoa antolatzen du urtero. Hatsaren poesia izenburupean Euskal Herri guztiko idazle ugariren lanak plazaratzen ditu urtero. Ia ehun idazlek hartu dute parte aurtengo edizioan. Ezagun zein ezezagun, edozeinek idatz lezake, gero, apirilean argitaratu ohi den liburuari aurkezpena egin eta bazkari legea egin ondoren irakurketa burutzeko. Senperen (Lapurdi) dagoen Oxtikenea elkartean egiten dute festa. Auxtin Zamora Hatsa elkarteko kidearen iritziz, «hatsa hartzen dugu eta guztiona den airetik oxigenoa irensten dugu. Gero berriz guztiona den airera itzultzen dugu hatsa, gure barneko bustiduraz. Antzekoa da hemen egin nahi duguna, poesiaz bustita era guztietako kezkak azaleratu nahi ditugu».
Literatuzta Azpeitiako taldeak ere argitaraturiko testua du abiapuntu. Hauen kasuan aldizkari bat da oinarria. «Hiru edo lau hilean behin saiatzen gara Uztarria aldizkariaren gehigarri moduan Literatuzta izeneko gehigarri literarioa ateratzen. Lehenengoa atera genuenean, emanaldi bat eskaini genuen bertako testuekin eta jasotako harrera ikusirik animatu egin ginen», adierazi digu Igor Aranbarri bertako kideak. Hala ere argitaratutako lana erabiltzea ez da ezinbestekoa. Kontrakoa egiten du Goierriko Kastak normalean. «Errezitaldia osatzeko atontzen ditugu testuak. Batzuetan testu horiek argitaratu egiten dira eta beste batzuetan ez. Hala ere, bertan erabilitako testu guztiak eman ohi dizkiegu ikusleei», esan digute Goierriko Kastakoek.
Poesia baino gehiago
Zelaietak aitortu digunez, «zaila da gure emanaldia nolakoa den azaltzea, nahiko berezia da, musika mota asko erabiltzen ditugu, folka, popa, countrya eta Iparraldeko tradizioko kantu baten a cappela bertsioa ere egiten dugu. Ezustea dugu xede, modu konpaktuan egiten dugu, etenik gabe eta jendeak irakurketa, kantua edo musika etorriko den ez jakitea bilatzen dugu».
Musika, antzerkia, animazioak eta argazkiak erabiltzen ditu BBK-k bere saioetarako. Arte Ederretako ikasle batzuk poemetan oinarrituta egindako animazioak eta pertsonen lehen planoak agertzen dituzten argazkiak erabili izan dituzte. «Horietan primeran azaltzen da guk darabilgun gaia, arrakalak, alegia», diosku Barandiaranek. Arrakalak errezitaldi sortari ekainean eman zioten amaiera eta CD bat osatu zuten bidea amaitzeko. CD hura www.armiarma.com/emailuak/arrakalak helbidean entzun daiteke.
«Guztia izan daiteke baliagarri errezitaldia laguntzeko». Halaxe diote Goierriko Kastakoek. «Hala ere, normalean ez dugu hainbeste janzten irakurketa, tarteka musikari batek lagundu ohi digu, baina finean irakurketa xumeak izaten dira gureak. Zerbait prestatzen ari gara urrirako eta han musikariez gain zeramista batzuk egongo direla dirudi».
Hainbeste apaingarriz laguntzean poesiaren funtsa galdu egiten ote den galdetuta, kritikak egoten direla esan digu Barandiaranek: «Uste dut kritika egin duen inork ez duela ordu beteko irakurketarik egin. Musika lagungarri ona dela uste dut. Hau gainera ez da berria gurean, Atxagaren Etiopia liburuko poema asko Ruper Ordorikak erabiltzen ditu eta uste dut poemek bizia izan dezaten lagungarria dela». Berdin hitz egin du Edu Zelaietak: «Jendeak pentsatzen du guk egiten duguna berria dela, baina niri ez zait berria iruditzen, hau Grezia klasikoan egiten zen. Poesia eta musika beti egon dira lotuta, kontzeptu mailan».
Harrera ona
Badirudi literaturaren, hertsiki poesiaren inguruan mugimendu bat badela Euskal Herrian. Emanaldiak sarri izaten dira eta halako ikuskizunen suspertze garaian murgildu garela dirudi. Norberak ikusiko du jauzi egin ala ez.
![]() |
|
||||
2060 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa