Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

ARGIA.com-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-11-18 11:09:55
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza
  • Hasiera >
  • Zientzia eta teknologia

2006-10-29 -- 2060.zenb

Jakoba Errekondo

Likidoak garraiatzeko era onena egurrez egindako ontziak direla dakigula milaka urte dira. Lurrezkoek eta metalezkoek bakoitzak bere arazoak arazo, egurra izan da onena eta finean merkeena. Hutsik edo beteta ekarri eta eramateko uztaiak libratu eta upa-oholak eta bi tapak askatuta, egurrezko ontziak alde ederra. Haritza, gaztaina, gerezia, sasi-akazia... denetatik erabili izan da hemen ontziak egiteko, eduki beharreko gaia, iraupena eta abarren arabera.

Ardogintzan haritza izan da beti errege, XX. mendearen erdi aldetik aurrera batik bat. Orduko enologo frantziarrak haritzak ardo onduari eransten zion kalitate eta ezaugarri organoleptiko apartez jabetu ziren. Eta moda horrek ito gintuen. Barrikote, barrika, bukoi edo kupel, haritzezko ontzien tarteren bat bizitu gabeko ardoa ez zen inola ere ona. Gero ardo-janetan egurra, haritzezko eskarda bailitzan, eztarrian trabeska trabatu zitzaigun eta egun askoz ere denbora gutxiago egiten du ardoak egur artean; mokofinen arabera "ardoa behar bezala zorrozteko adina". Agidanean, edaterakoan izango dituen ezaugarri garrantzitsuenen %20a eransten omen dio ontziaren egurrak ardoari.

Gaur ere haritza da zurik preziatuena, frantsesa bezala amerikanoa. Frantsesa deiturikoa bi espezietakoa da: Quercus petraea edo Q. sessilis eta Quercus robur edo pedunculata. Enborretik ohola, zuraren beta oso osorik errespetatzen duen eran, ziriz zartatuta lortzen da. Amerikanoa (Quercus alba), aldiz, betak beta, zerrak zuzen ebakitzen du eta enbor berari etekin hiruzpalau aldiz handiagoa ateratzen dio. Bestetik frantsesaren zura askoz ere finagoa da eta ardoari ematen dion gustua ere sotilagoa da. Amerikanoak aldiz, zura zakar samarra izaki, ardoari egur-gusto gordinagoa itsasten dio. Bai bai, azken hau erdiprezioan saltzen da.

Bada ez dakit zenbat urtetan luzatu den eztabaida ero baten ondoren Europako Batasunak ardoari zur gusto horiek emateko edozein eratako ontzitan (hormigoizkoa, zuntzezkoa, plastikozkoa, altzairuzkoa...) zur-txirbila erabiltzeko baimena eman du. Oso zabaldua eta ezaguna zen legez kanpoko jokabidea iruzur izatetik edozeinen aurrean harro azaltzeko modukoa izatera pasako da aurrerantzean. Baina ez dira harro ibiliko, erosleari ez baitzaio esango txirbil edo kizkurrez "ondutako" ardoa denik. Urardotutako Europan ardoa zurardoa.

Jabier Agirre

Europar Batasunak kaleratu berri duen ikerketaren arabera, haurren artean "obesitatearen epidemia" dagoela ohartarazten gaitu Osakidetzak, eta epidemia horren kontra neurri dietetikoak hartzea eta bizi-estiloa aldatzea gomendatzen du.

Haurren obesitateak kasuen %5ean bakarrik du arrazoi genetikoa edo endokrinoa (barrukoa). Gainerako kasuetan, alegia ume obesoen %95ean, arrazoia kanpokoa da, nutrizionala, elikadura desegoki batek sortua. Eta bigarren talde handi horretan emaitzarik onenak obesitatearen diziplina anitzeko tratamenduarekin lortzen dira, bertan pediatrak, psikologoak eta dietistak batera parte hartuz. Dieta orekatua, ariketa fisikoa egitea, heziketa nutrizional egokia eta portaera aldaraztea; horiek lirateke tratamenduaren funtsezko zutabeak.

"Ahalegin nagusiak prebentziora bideratu behar dira, ohitura dietetiko egokiak bultzatu eta horien abantailak ezagutzera emateko", dio Nafarroako Unibertsitateko Javier Aranceta doktoreak. Haurren obesitatea osasun publikoko arazo nagusietakoa bihurtu da, eta berorren arrazoiak eta ondorioak kezkagarriak dira benetan. Normalean tradizioz ondoen elikatzen ziren herrialdeetan ere (Europako hegoaldean, batik bat) ohitura nutrizionalek okerrera egin dute, modu nabarmenean gainera, "zabor" janarien eta telebista edo ordenagailuaren aurrean egiten diren ordu luzeen ondorioz. Egoera horren arduradun nagusiak gurasoak eta hezitzaileak dira. Baina ez da ahaztu behar haur-obesitateak umearen garapen psikosozialean eragina duela, eta helduaroan obeso izateko arriskua gehitzen duela, gaixotasun kardiobaskularrak izateko eta horiengatik hiltzeko arriskua ikaragarri ugalduz.

Bukatzeko, hona hemen ikerketak utzitako datu beldurgarri batzuk: Urtero 400.000 ume obeso gehiago daude Europan. Gaur egun 14 milioi dira, guztira, arazo hori duten umeak Europar Batasunean.

Europako zifrarik altuenak 6 eta 12 urte artean ematen dira (%16,1eko prebalentzia) eta adin-tarte horretan Espainia da arazo larriena duen herrialdea.

2 urtetik 29 urtera bitarteko biztanleen %13,9 obesoak dira Espainian.

Joxerra Aizpurua


Saturnoko irudi eder bat baino gehiago

Saturnoren eta bere eraztunen irudi eta argazkiak askotan ikusi izan ditugu telebista edota aldizkarietan. Hala ere, zutabe honen eskuinera aurkezten duguna berezia da. Hona hemen argazki honen historia txikia.

Iragandako irailaren erdialdean Cassini zundak ia 12 ordu egin zituen Saturnoren itzalpean. Orain arte ez da inoiz hainbeste denbora igaro Saturnoren itzalpean eta egoera honek aukera eman zuen hainbat saiakera egin ahal izateko. Une horretan zunda Saturnotik 2,2 milioi kilometrora zegoen eta diametroa 1 eta 10 mikrometro artekoa zuten partikulak ikusteko aukera izan zen. Halaber, bi eraztun berri detektatu ziren, bat Epimeteo eta Janus ilargi txikiek orbitatzen dutena eta bestea kometa edo meteoritoren baten artean gertutako talkaren eraginez sortutakoa.

Gainera, eraztunen artean dauden kolore desberdintasunak oso ongi ikusi ziren eta hau eraztunak osatzen dituzten partikulak desberdinak direlako da. y


Taula periodikoko elementurik astunena?

Errusiako Doubna-n dagoen Ikerketa Nuklearreko Institutuko Youri Organessian ikerlariak zuzendutako ekipoa munduan dagoen ospetsuena da elementu berrien aurkikuntzan.

Hil honen hasieran Physical Review C aldizkarian argitara eman zituzten egindako ikerketekin lortutako azken emaitzak. Bertan diotenez 118. elementua topatu dute eta antza orain arte aurkitutako elementurik astunena da. Elementuen pisua atomoen gunean dagoen protoi kopuruak adierazten du. Orain arte uranioa zen astunena bere gunean 92 protoi baititu, baina 118 izena duen elementu honek protoi gehiago ditu bere gunean. Elementu hau lortu ahal izateko oso erradioaktiboa den Californium elementua bonbardatu dute eta emaitzak ekipo estatubatuar baten esku utzi dituzte, hauek baieztatu ditzaten.

118 elementuak segundo baten milarena baino gutxiago iraun du, berehala desintegratu baita, baina denbora horretan hiru atomo existitu izan zirela frogatu da.

Ikerlari hauen hurrengo erronka topatzen ari diren elementu berrien egonkortasuna bermatzea da, erabilpen industrialetarako iraupena ezinbesteko baldintza baita. Esan gabe doa materialgintzan iraultza ekarriko luketela material berriek bai malgutasunean, bai gogortasunean, eta abar.

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan