Pilar Iparragirre
Nola sortu zen Bizitza eredugarriak?
Hasiera batean, liburuan laurogei istorio kontatzeko asmoa nuen, eta izenburua ere prest neukan: Berrogei egun eta berrogei gau. Laurogei biografia labur izango ziren; horietatik berrogei kontakizun benetako, asmatu gabeko biografiak -nahiz eta narrazioan kontatutakoa sinesten zaila izan-, eta beste berrogei irudimenezkoak, agian aurreko berrogeiak baino sinesgarriagoak baina asmatutakoak. Liburutxar honek, ordea, ez zuen nik erakutsitako bidetik joan nahi izan.
Eta zer egin zenuen orduan?
Amore eman eta istorio gutxiago baina luzeagoak eta «eredugarriagoak» egitea erabaki. Baina kontakizunek gorde dute hasierako malezia hura: ez da sinetsi behar egia dela istorioetan kontatzen den guztia.
Beraz, zer egin behar du zure liburu honen irakurleak?
Pentsatu, irakurtzerakoan, istorio serioak asmatutako adar-jotzeekin nahastuta egon daitezkeela kontakizunetan. Eta alderantziz, pentsatu irakurritako istorioan sinesten hain zaila den hori egia izan daitekeela. Atal batean ehunetik laurogei asmatutakoa bada, beste batean egia izango da hamarretik bederatzi. Hala eta guztiz, kontakizun bakoitzean badago, beti, benetako erreferentziaren bat, errealitatearekin lotzen duen soka bat: itsasontziak lotzeko sokatzarra bezalaxe ziba dantzarazteko listari mehea. Hasierako asmoak ekarri du hori, errealitatearen eta asmatuaren nahastea, eta idazteak berak gainontzekoa: laurogei biografia labur egin ordez hogeita bost -ziento laurdena, piperrak eta tomateak aldatzen diren bezala- biografia «hobetu» egitea.
---------------------------------------------------------------------------
Bizitza eredugarriak
Jesus Mari Olaizola Txiliku
Elkar
264 orrialde 17,50 euro
Benetakotasun eta fantasia hogeita bost biografiatan
Alfabetoaren letra bakoitzari jarraituz hogeita bost biografia idatzi ditu Jesus Mari Olaizola Txilikuk Elkar argitaletxearen eskutik plazaratu duen Bizitza eredugarriak izenburuko liburuan. Nolanahi ere, egileak ohartarazten du, neurri batean ala bestean, biografia horietan benetakotasuna eta fantasia nahasturik daudela, eta irakurlearen esku uzten du asmatzea narratzen dituen bizitza bakoitzaren baitan zenbat dagoen egiatik eta zenbat ziritik. Dena den, Barbara Allen-en bizitza tristearekin hasiera eman eta Robert Liston zirujau trebearen gorabeherekin amaitu dituen biografia hauei gehikuntza bitxi bat erantsi die Txilikuk: narrazio bakoitzaren amaieran aipatzen du kontatzen den istorioarekin edo haren protagonista izandako pertsonaiekin zerikusia duen abestiren bat, gutxienez. Gogora ekarri dituen pertsona guzti horiek zergatik jo daitezkeen eredugarritzat, berriz, egileak bakarrik daki. Batzuk alproja samarrak izan ziren. Beste batzuek, berriz, agintea edota era bateko zein besteko nagusitasuna bere esku zutenen krudelkeria jasan behar izan zuten. Eta badira zeukaten irudimenaren indarrez egin zituzten aurkikuntzengatik eredugarri jo dituenak ere.
Jon Gurrutxaga
Ez dira asko Euskal Herrian Four Friends-ek egiten duen musikarekin zerikusia duten taldeak. Bizkaitarrak Bilbop izen aproposaz bataiatu zuten lehen diskoarekin estreinatu ziren euskal musikaren merkatuan. Orduan, kantu guztiak instrumentalak ziren: swing gardena hainbat estilotako kolorez jantzia. Taldea osatzen zuten «Lau Lagunak» ondokoak ziren: Ińaki Iraeta (gitarrak), Jorge Gómez (bateria), Fernando Iraeta (baxua) eta Eneka Albizu (gitarra). Estreinako lan hartarako, ordea, beste hainbat adiskidez inguratu ziren. Tartean, Carlos Jover harmonikan eta Joe González saxoetan. Dzanga lanean aurreko kolaboratzaileez gain, Dani Amat perkusionistak ere hartu du parte. Horrez gain, banda bilbotarrari partaide berri eta egonkor bat gehitu zaio: Izar Herran abeslari gaztea, hain zuzen .
Tio Peten berriro
Bilbop bezalaxe, bigarren lana Tio Pete estudioetan grabatu dute José Lastra teknikari zutela. Kantu guztiak zuzenean jaso dituzte, hau da, musikari guztiek batera grabatuz. Eta oraingoan ere, uzta propioko abestiak eta estandar eta klasikoen moldaketak tartekatu dituzte. Bertsioen artean, Cooley eta Davenportek sinatuta 50eko hamarkada amaieran Peggy Leek ezagun egin zuen Fever, Miles Davisen So What eta Marvin Gayeren What's Going On? aurki ditzakegu, besteak beste. Estilo aldetik Dzanga aurreko lana baino irekiagoa dela esan daiteke. Estiloa zehaztea zaila eta batzuetan oso gustukoa ez bada ere, Eneka Albizu gitarra joleak kantu bakoitza zein musika motara hurbiltzen den esan digu: Gure ezpainen derrota popa da, No Problem swinga, Swinging Mama rockabillya, Fever surfa, Enough Of You bluesa, Mambo Inn mamboa, So What 70eko jazz diskora hurbiltzen da, What's Going On jatorriz soula bada ere, diskoko moldaketa rock sinfoniko edo progresibora gerturatzen da, Sparrow 70eko hamarkadako dance musika, Sugar swinga eta Dzanga rockabillya. Dena den, «kantu guztiak entzundakoan zer nolako gorputza gelditzen zaizu? Ona ala txarra? Horixe da garrantzitsuena». Ados gaude bilbotarrak esandakoarekin. Hala eta guztiz ere, idatziz musikaz jardutea ez da erraza izaten eta irakurleari nolabaiteko erreferentziak eman behar dizkiogu. Jazz, blues eta poparen uztarketatik abiatuz bilbotarrek estilo horiek guztiak era garden eta finean jorratzen dituztela nabarmenduko luke lerrook idazten dituenak.
Lekeitio eta Afrika
Disko berriaren tituluak Lekeitioko herriarekin du zerikusia. Taldeko hiru partaidek udako bizileku izan dute Bizkaiko kostaldeko herrixka. Beraz, bertan «murgildu» esateko hitza erabiltzea erabaki zuten. «Lekeition Dzanga hitza asko erabiltzen da. Eta gure musika eremua zabaldu egin dugunez 'Murgildu-Dzanga' kontzeptua aproposa iruditu zitzaigun: uretara jauzi egin eta musika zabalean murgildu», azaldu digu Albizuk. Gerora irten den adiera bada ere, bilbotarrek beste azalpen bat ere badute tituluarentzat: «Dzanga Afrika erdian dagoen erreserba natural bat ere bada. Eta gure diskoa ere musika erreserba bat da. Bistakoa da zertan sinesten dugun eta zer egiten dugun».
Gaztelaniaz grabatzeko proposamena
Taldea Tio Peten zela, estudioko bazkide eta El Consorcio ahots taldeko partaide Carlos Zubiagak Madrilera bidaia egin eta gaztelaniaz disko berri bat egitea proposatu zien bilbotarrei. Haatik, Four Friendseko kideek ezezkoan eman zioten. «Diskoa grabatuta geneukala etorri zen Zubiaga estudiora, Madrileko beste lagun batekin. Kantuak nahasten ari ginen eta Izarren ahotsa entzun zutenean harrituta gelditu ziren. Disko berri bat grabatzea proposatu ziguten, beraiek ekoitziko zutela eta multinazionaletan mugitzen saiatuko zirela esanez. Baina gaztelaniaz grabatu beharko genukeela. Guk, ordea, ez genuen gure burua proiektu horretan ikusten», dio Eneka Albizu gitarra joleak. Izar bezalako musikari gazte batentzat proposamena bideragarria izan zitekeela uste dute taldekideek. Alabaina, gainontzeko partaideak, tartean adina eta beste hainbat arrazoi direla medio, ez zeuden horrelako jauzi bat emateko prest: «Nik uste dut horretan denak gaudela ados. Guri musika egitea gustatzen zaigu, guri gustatzen zaigun musika, nahi dugun moduan, diskoak nahi ditugunean kaleratuz eta bestelako mugarik gabe. Horrelako proiektu batean sartzeak zenbait muga eta inposaketa ekarriko lituzke eta guk ez dugu horren beharrik».
Aurrera begira, taldeak hirugarren disko baterako errepertorioa euskaraz landu nahi du ahal den neurrian. Banda bizkaitarrak hirurogeita hamar kantutik gora ditu kantu zerrendan. Hortaz, badu nondik hasi lanean.
Iker Zaldua
«Euskal Herrian egon badagoen sormenaren erakusleiho izan nahi dugu», aipatu digu Oier Guillan Errenteriako (Gipuzkoa) Mikelazulo elkarteko kideak. Izan ere, hain ezagunak ditugun lehen lerroko idazle entzutetsuen itzalean idazle andana dago, idazteko gogoz, idatzia irakurtzeko gogoz, finean sormena edonorekin elkarbanatzeko prest.
Mikelazulok emanaldiak eskaintzeaz gain antolatu ere egiten ditu, hain zuzen ere, behar horri erantzuteko sortu zen duela hamaika urte: «Jende asko eta asko dago era guztietako emanaldiak emateko prest eta gune gutxi dago». Hala, Errenterian zabaldu zuten taberna. Urtero poesiaren astea antolatzen du elkarteak, eta aurtengo edizioan bertan izan dira errezitaldi andana eskaintzen dituzten Bihotz Bakartien Kluba (BBK), Goierriko Kasta eta Literatuzta taldeak, besteak beste. Gu talde hauekin eta Mugaldekoak ekimeneko eta Hatsa elkarteko Edu Zelaieta eta Auxtin Zamorarekin ere izan gara eskaintzen eta antolatzen dituzten errezitaldien berri izateko.
Askotariko emanaldiak
Testua aitzakia hartuta errezitaldiak atontzea da bide bat. Kontrako ibilbidea ere zilegi da ordea, errezitaldia aitzakia hartu eta egin nahi den hartara testu batzuk moldatzea. Bi aukerek helburu bera dute: «Literaturazale edo poesiazalearengana hurbildu eta idatzitakoa era zuzenago batean eskaintzea», Gotzon Barandiaran BBK-ko kidearen hitzetan. Izan ere, errezitaldi horietan erabilitako testu asko eta asko argitaratutako liburuetatik ateratakoak dira. Barandiaranek idatzitako Arrakalak poesia liburua erabili du luzaroan oinarri gisa Bihotz Bakartien Klubak errezitaldiak gauzatzeko. «Poesia idazten dugunok badakigu poesia liburu baten iraupena murritza dela eta guk gure hizkera ulertuko duen harengana joateko ahalegina egin behar dugu», dio Barandiaranek.
Mugaldekoak ekimenak ere Edu Zelaietak idatzitako izen bereko poema liburua du euskarri. Edu Zelaietak eta Beńardo Goietxe eta Raul Garcia musikariek eskaintzen dituzte emanaldiak poema-kantuokin. Edu Zelaietaren aburuz, «errezitaldien bidea eraginkorra dela dirudi, hala ere, guk ongi pasatzen dugulako egiten dugu; esperientzia oso polita da eta pertsonalki hazteko aukera paregabea da. Egia esan, alegerago nago emanaldiekin liburuarekin baino. Liburuarekin kontent geratu nintzen, baina hori bakarkako lana da eta errezitaldia taldean egiten den zerbait da eta oso aberasgarria da».
Hatsa elkarteak ere urte asko daramatza Lapurdin euskarazko literaturari bultzada emanez eta era guztietako ekimenak antolatzen ditu. Errezitaldia helburu duen liburu egitasmoa antolatzen du urtero. Hatsaren poesia izenburupean Euskal Herri guztiko idazle ugariren lanak plazaratzen ditu urtero. Ia ehun idazlek hartu dute parte aurtengo edizioan. Ezagun zein ezezagun, edozeinek idatz lezake, gero, apirilean argitaratu ohi den liburuari aurkezpena egin eta bazkari legea egin ondoren irakurketa burutzeko. Senperen (Lapurdi) dagoen Oxtikenea elkartean egiten dute festa. Auxtin Zamora Hatsa elkarteko kidearen iritziz, «hatsa hartzen dugu eta guztiona den airetik oxigenoa irensten dugu. Gero berriz guztiona den airera itzultzen dugu hatsa, gure barneko bustiduraz. Antzekoa da hemen egin nahi duguna, poesiaz bustita era guztietako kezkak azaleratu nahi ditugu».
Literatuzta Azpeitiako taldeak ere argitaraturiko testua du abiapuntu. Hauen kasuan aldizkari bat da oinarria. «Hiru edo lau hilean behin saiatzen gara Uztarria aldizkariaren gehigarri moduan Literatuzta izeneko gehigarri literarioa ateratzen. Lehenengoa atera genuenean, emanaldi bat eskaini genuen bertako testuekin eta jasotako harrera ikusirik animatu egin ginen», adierazi digu Igor Aranbarri bertako kideak. Hala ere argitaratutako lana erabiltzea ez da ezinbestekoa. Kontrakoa egiten du Goierriko Kastak normalean. «Errezitaldia osatzeko atontzen ditugu testuak. Batzuetan testu horiek argitaratu egiten dira eta beste batzuetan ez. Hala ere, bertan erabilitako testu guztiak eman ohi dizkiegu ikusleei», esan digute Goierriko Kastakoek.
Poesia baino gehiago
Gehienetan testu poetikoak izaten dira halako saioetan, baina bestelako testu batzuk ere erabiltzen dituzte, hala nola ipuinak edo iritziak. Nolanahi ere, saioa janzten duten hainbat osagarriz hornitzen dira normalean errezitaldiak. Mikelazulok esaterako, poesiaren moldera egokituz idatzitako lan horiek antzerkiratu egiten ditu. Antzerkia asko erabiltzen dute aurkezteko modu lez, nahiz eta Guillanen arabera «guztiaren oinarrian testuak egon eta hauek normalean poesia erabiliz gauzatzen ditugun».
Zelaietak aitortu digunez, «zaila da gure emanaldia nolakoa den azaltzea, nahiko berezia da, musika mota asko erabiltzen ditugu, folka, popa, countrya eta Iparraldeko tradizioko kantu baten
a cappela bertsioa ere egiten dugu. Ezustea dugu xede, modu konpaktuan egiten dugu, etenik gabe eta jendeak irakurketa, kantua edo musika etorriko den ez jakitea bilatzen dugu».
Musika, antzerkia, animazioak eta argazkiak erabiltzen ditu BBK-k bere saioetarako. Arte Ederretako ikasle batzuk poemetan oinarrituta egindako animazioak eta pertsonen lehen planoak agertzen dituzten argazkiak erabili izan dituzte. «Horietan primeran azaltzen da guk darabilgun gaia, arrakalak, alegia», diosku Barandiaranek.
Arrakalak errezitaldi sortari ekainean eman zioten amaiera eta CD bat osatu zuten bidea amaitzeko. CD hura
www.armiarma.com/emailuak/arrakalak helbidean entzun daiteke.
«Guztia izan daiteke baliagarri errezitaldia laguntzeko». Halaxe diote Goierriko Kastakoek. «Hala ere, normalean ez dugu hainbeste janzten irakurketa, tarteka musikari batek lagundu ohi digu, baina finean irakurketa xumeak izaten dira gureak. Zerbait prestatzen ari gara urrirako eta han musikariez gain zeramista batzuk egongo direla dirudi».
Hainbeste apaingarriz laguntzean poesiaren funtsa galdu egiten ote den galdetuta, kritikak egoten direla esan digu Barandiaranek: «Uste dut kritika egin duen inork ez duela ordu beteko irakurketarik egin. Musika lagungarri ona dela uste dut. Hau gainera ez da berria gurean, Atxagaren
Etiopia liburuko poema asko Ruper Ordorikak erabiltzen ditu eta uste dut poemek bizia izan dezaten lagungarria dela». Berdin hitz egin du Edu Zelaietak: «Jendeak pentsatzen du guk egiten duguna berria dela, baina niri ez zait berria iruditzen, hau Grezia klasikoan egiten zen. Poesia eta musika beti egon dira lotuta, kontzeptu mailan».
Harrera ona
Denak bat datoz izan duten harreraz hitz egitean. «Egia esan, uste baino jende gehiago bildu da gure saioetan eta oso harrera ona egin digute. Gehienek ezohiko gauza bat dela esaten dute eta eskertzekoa dela», adierazi digu Goierriko Kastako kide batek. Literatuztak kalean ematen ditu errezitaldiak, horrela, jendearen arreta errazago bereganatzen duelako. Aranbarriren esanetan, «harrera bikaina izan dugu. Adin guztietako jendea biltzen da gure ikuskizunetan eta bestela poesiara hurbilduko ez litzatekeena ere harrapatu du ekimenak». Guillanek aipatu digunez, «denetik egoten da, lekua eta orduaren arabera aldatu egiten da ikusle kopurua, baina egia da normalean gehienak gustura ateratzen direla». Mikelazulok emanaldiak eskaintzeaz gain antolatu ere egiten ditu, bere sorrera hain zuzen ere, behar horri erantzuteko gauzatu zen. Jende asko eta asko dago era guztietako emanaldiak emateko prest eta gune gutxi dago, Mikelazulo berez behar hori asetzeko sortu zen.
Badirudi literaturaren, hertsiki poesiaren inguruan mugimendu bat badela Euskal Herrian. Emanaldiak sarri izaten dira eta halako ikuskizunen suspertze garaian murgildu garela dirudi. Norberak ikusiko du jauzi egin ala ez.