Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-23 16:45:52
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza
  • Hasiera >
  • Erreportaje / Elkarrizketak

2006-10-29 -- 2060.zenb

Nagore Irazustabarrena

2003ko hauteskunde autonomikoetatik, PSCk, ERCk eta ICVk hiruko gobernua osatu eta Generalitateak 24 urtetan lehen aldiz CiUkoa ez zen presidentea izendatu zuenetik, Artur Masen alderdiak ahalegin guztiak egin ditu ezkerreko gobernua gutxietsi eta bere hautagaia president izateko bidean jartzeko. Hauteskunde aurreratu hauen inguruan egindako inkestek helburua lortuta zutela erakusten dute: CiU litzateke alderdirik bozkatuena (PSCrekin 5 puntuko aldea mantenduz; ikus hurrengo orrialdeko datuak) eta eserleku gehien lortuko lituzkeena; PSCk mantendu edo apur bat behera egingo luke eta jaitsierarik nabarmenena ERCk nozituko luke. Egoera aproposa Pujolen ondoren beste convergente bat presidentearen aulkian ipintzeko. Hori bai, gehiengo absoluturik ez du inork lortuko eta, beraz, gobernu osaketaren dantza ikusiko dugu azaroaren 1etik aurrera. Baina badirudi hirukoak CiUri egin zion minak gal dezakeela faboritoa, eta mendeku nahiak boomerang efektua izateko arriskua duela.


DVDa esnagarri

Kataluniako gizarteak nekea agertu zuen Estatut polemikoaren prozesuan. Horrek azaroaren leheneko hauteskundeetan partehartze txikia aurreikustera eraman ditu adituak orain arte (%57-58). Abstentzioak prozesutik kaltetuta irten zen ERC eta hauteskunde orokorretako boto kopurua lortu ezin duten sozialistak kaltetzen ditu bereziki; tripartitoa, beraz. Horixe zen, CiU eta PSCren arteko distantzia handitzeko giltza. Baina kanpaina abiatzeko CiUk ConfidencialCat izeneko DVDaren milioi bat kopia banatu zituen, hiru alderdiak erridikulizatuz, kritika muturrera eramanez, joko garbiaren mugak gaindituz. Unióko Duran i Lleidak berak ez du begi onez ikusi bere sozioaren jokaldia. Eta lehendik ahulduta zegoena zirikatzeak ezkerreko hautesleak esna ditzake. Azken egunotan, behintzat, Montillaren PSC Masengandik gero eta gertuago dagoela dirudi.


Aulki dantza

Garbi dagoena da gobernua osatzeko gehiengo nahikorik ez duela inork lortuko, eta beraz president berria hautatzea ez dela erraza izango. Ikusteko dago zein mugimendu egingo duten alderdiek emaitzak jaso ondoren, baina katalanek dagoeneko euren iritzia eman dute gobernu osaketaren inguruan. PSC eta CiUren arteko akordioa da Kataluniako gizarteak hobesten duena, edo hori nahiko luke behintzat %35ak. Bi alderdi nagusiak boterean egonda, ERC izango litzateke hurrengo legegintzaldian oposizioko alderdirik garrantzitsuena eta horrek Esquerraren idartzea ekar lezake datozen urteotan. Bigarren aukera hirukoa berregitea litzateke eta %22ak hobesten du aukera hau. %18ak, aldiz, CiUk ERCrekin batera gobernua osatzea nahiko luke, baina azken urteetan bien arteko ezinikusia areagotu egin da eta ez dirudi halako gerturaketarik izango denik. %13ak eskuineko gobernu baten alde egingo luke, CiU eta PP batuta. Baina Artur Masek dagoeneko aukera hori garbi baztertu du. Hori bai, DVDan ez du popularren kontrako kritikarik egiten; ez zaio PPrekin hitzarmenik interesatzen, baina badirudi interes handia duela popularren inguruko botoak erakartzeko.

Gobernu osaketarako eta president berriaren izena ezagutzeko itxaron egin beharko da. Baina bitartean, nahi duena joko horretan sar daiteke http://jocspolitics.cat web orrira joz gero. Bartzelonako bi gaztek El joc de la cadira (aulki dantza) jokoa ipini dute sarean. Eta joko horretan, errealitatean bezala, inork ez du gehiengo absoluturik.


Zer nahi du Madrilek?

Beste hainbat alorretan bezala, hauteskunde ondorengo lehentasunetan ez datoz guztiz bat PSC eta PSOE. Masek garbi utzi dio Zapaterori, hautagai bozkatuena baldin bada Kataluniako presidente izatea bermatu behar duela. Horrela, Zapaterok CiUren laguntza jasoko luke Espainiako hurrengo hauteskunde orokorren ondoren. Aldiz, PSCri hirukoa berregitea interesatuko litzaioke, horrela Montilla presidente izatea lortuko bailuke. Bientzat onena Montillak irabaztea litzateke eta honek koalizioa CiUrekin egitea, Madrilen eskuineko katalanisten laguntzari eutsiz.

PPren kasuan ere irizpide desberdina dute popular katalanek eta Rajoyk. Badirudi Martorelleko gertakizunen ondorengo biktimismoak ez diela boto gehiegirik emango. Alderantziz, Estatutaren prozesuko gehiegikeriek ordaina pasako die. Emaitzetan behera egingo dutela aurreikusten da, eta ICVren igoerak PPren laugarren postua arriskuan jar dezake. Kataluniako PPk ez du gobernuan sartzeko aukerarik, baina ez da hori Rajoyren kezka nagusia. Kontraesana badirudi ere, Madrilen popularrek ezkerreko hirukoarekin amesten dute, horrek Zapatero CiUkoen laguntzarik gabe utziko bailuke.

Ikusteko dago botoemaile katalanek nola erreakzionatuko duten datorren asteazkenean, klase politikoarekiko nekeak eta joko zikinak sortutako haserreak abstentziora eramango dituen edo hautesontzietara hurbilduko dituen. Alderdikeriak alde batera utzita, gehiengoaren nahia gobernabilitatea bermatuko duen koalizio sendoa lortzea da.

Daniel Udalaitz

Banco Bilbao Vizcaya argentaria (BBVA) taldeak Bilbon du gizarte egoitza, egun Madrildik zuzentzen den arren, eta aspaldidanik da finantza talde multinazionala. Bere negozioak dagoeneko ez daude batez ere Euskal Herrian, edota Espainiar Estatuan. Ezta Europan ere. Bere negozioak mundu osoan barrena daude, hiriburu nagusienetan edozein herritarrek edo bidaiarik aurki dezake banku euskal madrildar horren sukurtsalen bat. BBVAren negoziorik handiena, hala ere, Amerikan dago, Mexikon batez ere, berriki kaleratu den 2005eko Memoriako datuetan ispilatzen denez. Diru-etekin handiak lortu ditu Amerikako lurralde hauetan: Argentina, Bolivia, Dominikar Errepublika, Ekuador, Estatu Batuak, Kolonbia, Mexiko, Panama, Paraguay, Peru, Puerto Rico, Txile, Uruguay eta Venezuela.

Herrialde horietan lortu du finantza talde horrek 2005eko irabazien ia erdia. Han ditu langile eta bulego gehien; adibidez, Euskal Herrian eta Espainiar Estatuan dauden langile eta bulegoen bikoitza du han. Horrela, 2005ean izandako 3.806 milioi euroko irabazietatik 1.820 milioi euro (2004an baino %52 gehiago), Amerikako negozioetatik etorri zaizkio, batez ere Hego Amerikako herrialdeetatik, Mexiko garrantzitsuena delarik. Talde osoko 94.681 langileetatik 61.604 Amerikan ari dira lanean (amerikar herrialde guztietako bankuak, pentsio kudeatzaileak eta BBVA taldearen aseguru etxeak kontuan hartuta). BBVA taldeak dituen 7.410 bulegoetatik 3.658 Amerikan daude.

Amerikako hedapen politikari jarraiki, BBVAk bi banku erosi ditu Texasen: Texas Regional Bancshares eta State National Bancshares. 121 bulego dituzte eta 2.092 milioi euro ordaindu ditu.


Mexiko da negozioen buru

Hala ere, Amerikan, Mexiko da talde euskal madrildar honen errentagarritasunaren buru eta negozio gehien duena, batez ere BBVA Bancomer-en bidez. Mexikoko ekonomiaren gorakadak BBVAren banku negozioetan eragina izan du, 2005ean Barne Produktu Gordina %3 inguru igo baitzen. Barne eskariak ere ederki lagundu dio, baita prezioen neurrizko jokabideak ere. %3 baino zertxobait gehixeagoko inflazioa Mexikoko Bankuak ezarritako helburuaren barne dago. Finantza sektorerako, 2005. urtea oso urte ona izan da, kredituek gora egin dute, kontsumo pribatuaren gorakadaren eta enpresen inbertsioen eraginez.

Horrela bada, BBVA Bancomerrek 2005ean 1.191 milioi euroko onurak izan ditu, aurreko urtean baino %57,5 gehiago. Horregatik da Mexiko BBVAren negozioen buru Amerikan, bertan lortutako 1.820 milioi euroko onuretatik 1.191 milioi euro Mexikoko BBVA Bancomerrek lortu baitzituen. Emaitza horiek 2005eko urtean egindako berebiziko merkataritza-lanengatik lortu dira, bezeroekin negozioak izugarri handitu dira, eta batez ere, kudeatutako kreditu-inbertsioa %50,2 igo da eta 2005 bukaeran 20.378 milioi eurotara iritsi da. Modalitate guztiak igo ziren, batez ere partikularren negozioekin erlazionaturikoenak: kontsumorako kredituak eta kreditu txartelak (+%79,1), eta etxebizitzarako kredituak %61,5 igo ziren.


Automobilen finantzaketan liderra

Financia-ren bidez, Mexikoko BBVA Bancomer bankuak lehen aldiz lortu du 2005ean automobilen finantzaketan lider izatea, merkatu kuota igo baitu 2004ko hasierako %7tik 2005eko amaierako %30era. Etxebizitzarako kredituen liderra ere bada, merkatu kuotaren %31rekin. 2005ean emandako hipoteka berriak 48.023 izan dira, 2004an baino ia bikoitza. Halaber, aurrezki kontuetan, BBVA Bancomer guztiz buru da, merkatu kuotaren %51 baitu, milioi eta erdi Libreton izeneko kontu berri gehitu baititu urtean.

Onintza Irureta

Guk 15-20 urte barruko euskaltegiari buruz galdetu diogu.
guztia irakurri

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan