Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-23 16:45:52
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2006-10-29 -- 2060.zenb

Ander Lipus

Badakit! Utopiaren ibaietan zehar gabiltzanontzat, nekea, ez da hitz polita. Baina, errealitateak utopiak baino gehiago agintzen du. Eta guztiok dakigu, osasuna erabat garrantzitsua dela edozein proiektu, ideia edota utopia aurrera eramateko. Ia hamar urte pasa dira, Antzerkiola sortu genuenetik. Nahi eta nahi ez, krisialdiak beharrezkoak direla diote. Hori bai, gure politikariei ez diegu inoiz entzungo euskal antzerkia krisian dagoenik. Bost axola politikariei euskal antzerkigintzaren alorrean ikerketak, sorkuntzak... duen eragina. Gaztetan Hertzainak taldearekin batera gogor eta ozen abesten nuen Euskadin Rock&Rolak ez du inoiz, dirurik emanen. Hitz berdinak erabili antzerkiarekin edo, petralagoa al da antzerkilarion egoera? Izan ere, euskal eskuindar pentsamoldeko gobernu honi ez zaio inoiz interesatu kultura, eta are gutxiago kulturgintzaren berrikuntza politiko, sozial zein estetikoa. Herri honek armagintzan zenbat diru mugitzen duen kontuak atera behar! Gaur egungo herri aberatsak horrela aberasten dira. Mesedez, ez hitz egin, espiritualtasunaz, zuen Jaungoikoa aspaldi usteldu zen.

Argi dago sorkuntza artistikoak administrazioarekin oztopoak baino ez dituela izaten. Eta, zentzu honetan, profesionaltasuna eskatzen digute, baina hauen funtzionalitatea erabat amateurra da. Izan ere, ez dute ofizioa batere ezagutzen, eta ofizioaren beharrak are gutxiago. Gainera, Euskal Herrian ere, Espainian erabiltzen duten modelo berdinak erabiltzen dituzte. Herritarren benetako demandak guztiz ondo aztertu eta kontuan hartu gabe.

Estruktura hauetan ere hutsune asko ikusten dira. Adibidez, antzerki taldeok jaso dezakegun dirulaguntza jakina da ez dela sarritan nahikoa izaten. Izan ere, zertarako dirulaguntza jaso, gero ez badaukagu emanaldiak banatzeko aukerarik. Eta egia da, antzoki bakoitzak presupuesto batekin lan egiten du eta agian, presupuesto horietan bakarrik hilabetean ekoizpen bat edo bi ekartzeko aukera dauka, soilik. Azkenean sarea, arrazoi bat edota bestegatik konplikatu egiten da, eta norbere sortze lana ia ezerezean gelditzen da.

Nik, eta Antzerkiolan sortu genuen enpresarekin utopia bat bilatzen nuen, eta ez da posible izan. Ez zerotik, baina berriro hasi behar dugu, eta nekagarria da. Nire ilusioa, oholtza gainean antzerkia egitea da, eta ez enpresa bat sortzea.

Motibazioa galdu dut, ilusio barik nabil.

Aldizkari honetan ere gustura ibili naiz nire gogoeta xumeak nolabait aportatu nahian. Baina, agur esateko ordua iritsi da. ARGIAri nire esker ona ematen bukatu nahi nuke, eta nola ez, zuri, irakurleari. Inoiz ez nuen imajinatuko, iritzi artikuluak idatziko nituenik. Baina antzerkiak eta euskarak merezi du. Eskerrik asko guztiori, bihotzez. Antzerkian ikusiko gara. Nekeak erremedioa dauka eta.

Xabier Mendiguren Elizegi

Aurtengo udan izan zen. Bizkaiko kostako herri batean geunden, portuaren aurre-aurrean, paraje zoragarrian; atun harrapatu berria tipularekin frijituta plateretan, Errioxako ardo beltza edalontzietan, eguraldi bikaina, lagunarte jatorra, arrastiri paregabea... Luxuzko turistak ere ez ziren gu baino hobeto ibiliko; baina, gainera! gu ez ginen turistak, kultur ekitaldi herrikoi bateko partaideak baizik. Halako luxuak ditu batzuetan euskalgintzak.

Konpainia on horretan, euskaldunez gain gonbidatu atzerritar batzuk gurekin zirela, ekarri zuen solasak, izan zen perpausa, Euskal Herria bihurturik ote zegoen Europako ezkertiarren itsasargia eta azken esperantza. Halaxe zioen adiskide alemaniar batek, euskal herritarrekiko estimazioz eta bere aberkideekiko nekazioz gure artera bizitzera etorri eta, gainera, gurekin moldatzeko beste hainbat hizkuntzaz mintzatu arren euskara ikasten ari zenak.

Hori ez da horrela, erantzun zion gure arteko batek. Idealizatu egiten gaituzue, iraultzaren azken zuzia bagina bezala, baina egiazki burges koxkorrak besterik ez gara, baita teorian gobernuaren kontrako borrokan gabiltzanotako gehienak ere -halaxe zebilen, ibili ere, ezkertiar alemaniarrari kontra egin zion laguna-.

Beharbada bai, jarraitu zuen alemaniarrak, baina hemen badaukazue oraindik elkartasunaren sentimendu sakon bat, erresistentziarako indarra ematen duena, eta gainera ez zentzu agoniko triste batekin, bizipozez beterik baizik.

Estimatzen da, bota zion besteak, baina hemen jende gehiena mugiarazten duena arazo nazionala da, herri zapaldu bateko kide sentitzea; hori konponbidean jarriz gero, eta bereziki presoena, asko apalduko da mobilizazio-maila. Eta sinets iezadazu horixe dela hemen denok nahi duguna.

Elkarrizketak aurrera jarraitu zuen, Herriaren eta Hizkuntzaren parabolan bezalatsu, baina adiskidetsu eta harmonia onean. Zer besterik espero zitekeen jende ondobiziaren anaitasun-giro eta jan-edan oparo hartatik?

Oraintxe dugu San Simon eta San Juda: joan zen uda, eta negua heldu da. Konponbidea iristeko asko falta da oraindik, baina, etorriko balitz ere, zertaz eztabaidatua franko geratuko da herri honetan. Letra handiz idatzitako Gatazkaren atzean, gatazka txiki ugari; eta hain txikiak ez diren batzuk ere bai: adibidez, eta urrutira gabe, datozen hilabeteetan zeresana eta sesioa emango dituen Abiadura Handiko Trena.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan