Onintza Irureta
Behatokia eta Elebide
Bazetorren eta iritsi da... eta hautsak harrotu ditu. Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak Elebide sortu du, «Hizkuntz Eskubideak bermatzeko zerbitzua». Egiteko nagusietako batzuk honakoak izango dira: kexak jasotzea eta bideratzea, hizkuntz eskubideak urratu direlako edo horiek erabiltzeagatik kaltea jaso delako; kexaren xede diren erakundeei aholkularitza eta baliabideak eskaintzea, hizkuntz eskubideak errespetatuak izan daitezen; kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideak babesteko ardura duten Administrazio Orokorreko organoekin eta Sail ezberdinekin lankidetzan aritzea hizkuntza araudia bete dadin. Baztarrika sailburuordeak Elebideren aurkezpenean azaldu zuenez, Elebide ez da izango inori koloreak ateratzeko edo errieta egiteko zerbitzua, hizkuntz eskubideen urratzaileei laguntza, aholkularitza elkarlana eta bitartekoak eskainiko dizkiete. Baztarrikaren ustez, «Elebide ez da Behatokiaren kopia eta harantzago doa. Hizkuntz eskubideen osasuna eta urraketak behatzeaz gain, konpondu egin behar dira. Hori herri aginteen egitekoa da».
Berrian, Paul Bilbao Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendariari egindako elkarrizketan, kazetariak Behatokia eta Elebide osagarriak diren galdetu zion. Hona erantzuna: «Bai. Hor dago Kataluniako adibidea. Alde batetik, Katalunian badago gizarte mugimendu bat: Observatori de la Llengua Catalana. Nazio izaera du, Herrialde Katalanak osorik hartzen ditu eta egoeraren diagnosiak egiten ditu. Bestetik, hizkuntz eskubideak bermatzea Administrazio Publikoari dagokionez, Administrazioak hizkuntz eskubideak bermatzeko politikak abian jartzen ditu, Observatorik jasotzen duen informazioa aintzat hartuta. Osagarriak izan behar dugu, bakoitzak bere rola jokatzen badu».
Elebide sortu izanak izan du oihartzuna sarean. Sustatun (sustatu.com) Elebideren albisteak hamar bat erantzun izan ditu eta Tirakan ere (Jaurlaritzan lan egiten duen hainbat euskaltzaleren ekimena da: tiraka.blogspot.com,) hainbat iruzkin izan da.
Ezabaketa Astea
Euskal Herrian Euskaraz-ek azaroaren 13tik 18ra artean egingo du Ezabaketa Astea, eta eman zuen prentsaurrean adierazi zuenez, Hizkuntz Eskubideen Eguna maiatzaren 6an izango da. Prentsaurrea ez zen izan ordea, aipatutako bi ekintza horien aurkezpen soila egiteko, datozen hilabeteotan aurreikusten dituzten mobilizazio handien abisua baizik. Besteren artean, eskolak euskalduntzearen aldeko ekintzak indartzea izango da helburuetako bat.
Euskararen Lege berriari ezetz
Batasunak proposatu eta EABk aurkeztutako Euskal Herri osorako Euskara Berreskuratzeko Lege proposamena ez eztabaidatzea erabaki berri du Eusko Legebiltzarrak. EAJ, PSE-EE, EA, PP eta EB-Berdeak alderdiek eman zuten lege proposamena aintzat hartzearen aurkako botoa. Aralar berriz, proposamena eztabaidatzearen alde agertu zen.
Juan Mari Arregi
Joan den larunbatean, 21ean, manifestazioa egin zen Gasteizen Garońako zentral nuklearra berehala ixteko eskatzeko. Burgosen dago, baina Araba eta Bizkaiko Enkarterrien inguruan. 30 urte dira martxan dagoela eta ustiapen baimena 2009an bukatzen da. Jabeek, Iberdrolak eta Endesak, luzapena eskatu dute. Bitartean, azken hilabetean, programatu gabeko hiru geldialdi izan ditu zentralak eta berriz ere, zentralaren segurtasuna dudan jarri da. Herritarrek -bai euskaldunek bai espainiarrek ere- Garońaren aurka daudela adierazi dute askotan; kalean, asteburu honetan bezala, eta areago, Arabako Batzar Nagusietan, Gasteizko Legebiltzarrean eta Espainiako hainbat udaletan ere bai. PSOEko Gobernuak -hauteskunde-programan zentral nuklearren desegite progresiboa agindu zuenak- 2009rako aurreikusita zegoen hasierako erabakia aurreratzeko aukera du. Damoklesen ezpataren aurrean gaude, errusiar erruletaren aurrean. Programatu gabeko geldialdi horien ondoren, nork ziurtatu dezake Garońan ez dela atzera bueltarik ez duen istripuren bat gertatuko? PSOEko Gobernuak legezko aitzakia du, gainera, bere garaian 2009ra arte emandako luzapena aurreratzeko: segurtasun arazoak agertzen badira egin dezake. Eta, batez ere, herritarren nahia errespetatu behar du, bai instituzioetan adierazitakoa, baita asteburu honetan Gasteizko kaleetan adierazitakoa ere. Hori ez egiteak enpresa elektrikoen esanetara egotea esan nahiko luke, eta beraz, bankuaren mende, honen benetako jabea.
Xabier Letona
Estatu baten barne arazo izatea izan da orain arte Europako Legebiltzarrean euskal auzia ez jorratzearen argudio nagusia. Politikaren magiak etiketa hori gainditu eta euskal auzia Europako Batasunaren agendara eraman du. Jauzi oso garrantzitsua diplomaziaren ikuspegitik. Atzerri politikan egiten ari diren ahalegin garrantzitsuen adierazle bat gehiago da eta, horrek berez ezer konpontzen ez badu ere, une honetan dagoen arazo garrantzitsuenetakoa -PPren jarrera- ahultzen laguntzen du.
Irlandari begira, beti pentsatu izan da atzerri mailako sostengu eza zela hemengo auziak harekiko zuen desabantaila handietako bat. Irlandako kasuan, Amerikako Estatu Batuetan irlandar jartorriko komunitate indartsuaren bultzada funtsezkoa izan zen hango prozesuan. Halakorik ez da hemen, baina Europako Batasuneko ekimen honek nazioarte mailako sostengua modu indartsuan areagotzen du. Hemen urratsak eman ahala gainera, atzerriko sostenguak ere lantzen jarraituko dira, zalantzarik gabe. Udako blokeo eta krisi giroa atzean geratu bide da dagoeneko, baina oraindik ere alderdien mahaiaren fase berriaren azken osagaiak lotu gabe daudela dirudi.
Nafarroako Legebiltzarrean joan den astean Miguel Sanz lehendakariak jaurtitakoak bazterrak astindu ditu, ezohikoa bada ere, oraingoan zentzu baikorrean gainera. 2007ko foru hauteskundeetara begira ari dela ez da zalantzarik, eta hala ere irakurketa baikorra egitea besterik ez dago. Ez Sanzen eta UPNren ohiko ikusmoldean aldaketarik ekarriko duelako, baina bai ondo neurtutako Sanzen berba hauek PPren altzairuzko harresian pitzadurak erakusten dituztelako.
Foru hauteskundeetan Nafarroan izango den lehia gogorraren iragarle ere badira berbok. UPNk arriskuan ikusten du Gobernua, eta hori horrela izatea batere erraza ez bada ere, Otanoren Gobernuaz geroztik lehenbiziz gertagarri da. Bake prozesuari begira hurrengo udal eta foru hauteskundeak nonbait garrantzitsuak izango badira Nafarroan da. Nafarroako giltza funtsezkoa da lurraldetasunaren atea zabaltzeko. Ez dakigu oraindik ate hori nola zabalduko den, baina badakigu nafar eskuinaren gobernu berri batek biziki zailduko lukeela lurraldetasunaren auzia askatzen.
EAJ-ko buruzagiek behin eta berriro adierazten dute barne zatiketak gaindituta daudela, baina Gipuzkoako ahauldun nagusiaren hautagaitzara Joxe Joan Gonzalez de Txabarriren ordez GBBk Jon Jauregi aurkeztu izanak gainditze hori gezurtatzen du. Besteak beste, zauriak zabalik daudela esan berri du elkarrizketa batean egungo ahaldun nagusiak. Gaia neurtzeko termometro egokia izango da zerrenden osaketa.
Nafarroako Parlamentuak eremu mistoaren hedapena eztabaidatu eta bozkatuko duela-eta, CDN eta PSN alderdietako ordezkarien esanak Gara egunkarian jasoak:
Carlos Perez-Nievas (CDNko parlamentaria): "Inkestako datuak oso argiak dira eta emaitzek 'eremu mistoaren' mugak aldatzeko formulak bilatzera eta Iruńerrian D ereduak ezartzera behartzen dute".
Carlos Chivite (PSNko idazkari nagusia) Euskararen Legea «aldaera soziologikoetara egokitzearen» alde agertu da. Dena den, Chivitek Euskararen Legea defendatu du esanez, PSNk «lan ona» egin zuela, «hizkuntz normalizazioan aurrera egiten lagundu duelako». UPNri buruz zera adierazi du: «Hizkuntza konfrontazio elementu gisa darabil. Hizkuntzak, kulturak eta hezkuntzak elkarbizitza elementu izan behar dute eta inoiz ez liskarrerako, UPNk nahi duen moduan».