Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-02 15:11:57
Udako Euskal Unibertsitateko web gunera lotura
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2006-10-29 -- 2060.zenb

Mikel Asurmendi

Kepa Crespo Galenderekin -1981ean hila, 90 eguneko gose grebaren ostean-Herrera, Zamora eta El Puerto de Santamaria espetxeak ezagutu zituzten. Jose Manuel Sevillanorekin -1990ean hila, 117 eguneko gose grebaren ondoren- berriz, Soria, Ocaña, Almeria eta Sevillakoak. Muiños eta R. Blanco presoen aldeko Socorro Rojo Internacional taldean ari dira gaur egun.

1981eko estatu kolpea gogoratu digute solasaren abiaburuan: «Oligarkiak aldaketa aurreikusia zuen orduan, PSOE Gobernura iritsiko zela. Errepresioa ikaragarria zen kalean, eta espetxean geudenekin are gogorrago saiatu ziren estatuko botereak. Egun, beste testuinguru batean bada ere, presoekin horrela jokatzen ari dira. Estatuak beste garai bat datorrela ikusten du, aldaketa beharrezkoa dela. Beraz, presoen zigor luzapena planifikatu dute, hauek akabatu beharra. Iñaki de Juanaren kasua horren guztiaren icebergaren tontorra da» diote solaskideek.

Nola gogoratzen duzue Kepa Crespo hil zeneko gose greba?
Juantxu Muiños. Herrera de la Manchako espetxean ginen, esperimenturako kartzela. Alemaniako RAF (Ejertzito Gorriaren Frakzioa) erakundeko Andreas Baader eta Ulrike Meinhof militanteei ezarri zieten espetxe politika aplikatu nahi ziguten Herreran: neurri laidogarriak, jipoiak eta sarraskiak. Neurriak ez ziren kartzelako zuzendariek hartuak, Gobernuak eta epaileek baizik.

Fernando Rodriguez Blanco. UCDko Gobernuak presondegi-erregimena ezkutatzea zuen helburu, eta oposizioko alderdien laguntza izan zuen horretarako. Gose greba hasi eta PCEko Simon Sánchez Montero diputatuak bisita egin zigun PSOEko diputatuekin batera. Isolatuak ginen, egurtuak eta Kongresuko komisioa etorri zen. Kartzelariek zaintza itxuratu zuten, egoera zoragarrian baikinen eta protestan hasi ginen.

Nola burutu zenuten gose greba?
J. M. Greba baino grebak ziren: erresistentziako gose grebak ziren, ez zuten hilabetea gainditzen. Helburua barne arautegiari aurre egitea zen, behin behineko arazoak konpontzeko helburu txikiak genituen. Irabazten genuen apurra bertan behera geratzen zen segituan. Orduan, grebak txandaka egitea erabaki genuen, irabazten genituen «eskubideak» ez galtzeko, baita protestaren berri kalera eramateko ere. Xoaquin Vieites hasi zen eta 60 egun iraun zuen, Kepa Crespok eta Pablo Fernandez Villalabeitiak jarraitu zioten ondoren.

Gose grebek nolako bilakaera hartu zuten?
F. R. B. Berehala ohartu ginen arazoa ez zela espetxeko barne arauak hobetzea: osasuna hobetzea eta ikasketak izatea, esaterako. Preso komunek arazo hori zuten, baina Gobernuak ez zuen konpondu nahi. 1981 urtea zen, Franco hila zela sei urte baino ez ziren iragan, trantsizioa ez zen egonkortua eta gure gose grebek oihartzun handia zuten. Kalean nahiz barruan errepresioa itzela zen, preso politikoen eskaerak aldarrikapen politikoak izatera pasa ziren. Kepa urte hartako martxoaren 14an hil zen -90 eguneko gose grebaren ostean- eta kanpoan militante asko erori zen. 20an gure lau kide hil zituzten Tarragonan. PSOE boterera iristeko bidean zegoen eta erresistentzia txikitu behar zuten hala edo nola.

Nola egiten zaio aurre gose greba bati?
J. M. Berau testuinguruan ulertu behar da lehenbizi: erakunde iraultzaile bateko kide zaren aldetik moral eta etika iraultzailea duzu, gose grebaren planteamendua horri lotuta dago. Askotan jendeak ez du ulertzen bizia arriskuan jartzea, zure gorputzaren aurka ari zarelako, ondorio larriak geratuko zaizkizulako. Eta gure jendeaz ari naiz, gure helburu eta ideiekin bat egiten duen jendeaz. Erakunde armatu batean aritzeko urratsa eman duzunean, poliziarekin enfrentamenduan edo leherketa batean hil zaitezkeela badakizu. Espetxean aldiz, ez duzu bitartekorik borroka egiteko, gose greba duzu bitarteko bakarra.

F. R. B. Fisikoki zorabioak, goitikoak eta beheitikoak jasaten dituzu, barne mina, ahultasuna. Bi sentsazio bizi dituzu: gorputzak eskatzen dizuna batetik eta buruak esaten dizuna bestetik. Fisikoki lur jota zaude baina psikologikoki ondo. Badakizu zer egiten ari zaren, badakizu borrokak zerbaitetarako balio duela. Ez baduzu horrela planteatzen hiru egunera amaitu da zure xedea eta kemena.

Kepa Crespok 90 egun iraun zuen greban, izugarria ezta?
J. M. Argipen bat: 45. eguna gainditzen duzunean hil arriskuan zaude eta 75.ean zureak egin du. Adibidez, garai hartan IRAko 10 preso hil ziren gose greban, gehienak 60. egunera iritsi gabe. Kepa Cresporen greba bestelakoa izan zen: Carabancheleko ospitalean zegoen epaiketaren zain. Iritsi zitzaion informazioaren arabera Gobernuak irtenbidea eman nahi zion arazoari, Herrerako gure eskakizunak bideratuak zirela esan zioten eta greba utzi zuen. Baina familiak bisitatu zuenean ez zela deus aldatu esan zion eta greban segitu zuen. Tarte horretan bere gorputza berrosatu zuen, azken 10 egunetan sueroarekin egon zen. IRAkoei berriz ez zieten suerorik ez deusik eman. Greba hasi aurretiko euren baldintzak ikaragarriak ziren, egunean arrautza gogor bat eta ura ematen zizkieten. Gurea ez zen ona, baina hobeto jaten genuen.

Suero bitarteko elikatzeaz zer iritzi duzue ?
F. R. B. 1970eko hamarkadan esperimentatu zuten RAFeko militanteekin. Sevillanorekin antzera gertatu zen. Berarekin erabili zuten elikadura mota Iñaki de Juanari aplikatu diote: odola zainetatik eta zundak urdail barruraino sartu dizkiote ohean lotuta. Proteinaz eta bitaminaz kilo piloa irabazten duzu berehala, baina oilo lodituen modura jartzen zaituzte.

Indarrez elikatzeak zer adierazten du?
J. M. Indarrez elikatzea tortura modua da. Azkenean hil egiten zaituzte, baina ez dizute zuk nahi bezala hiltzen uzten, ez dizute zure borrokaren balore duina burutzen uzten.

Jose Manuel Sevillanoren greba berriz 1990ean izan zen eta 177 egun eman zituen hil arte.
J. M. Sevillano Sorian hasi zen greban, presoen sakabanaketa hasitakoan. 10 kide hasi ginen aldizka. Helburua bizitza komuna egitea zen: kirola eta ikasketak egitea. Duintasunez hazteko baldintzak eskatu genituen, kaleko borrokaren eztabaida idatzien bidez segitzea. Bergizarteratzeko programa zegoen, eta aldi berean, droga barruraino heltzen zen barra-barra, horrela akabatzen zituzten preso komunak. Kepa hil zenean eskubide horiek lortu genituen, gure bizitza gutxi gorabehera errespetatzea, baina, berriz ere, dispertsioarekin dena pikutara joan zen.

F. R. B. Sevillano hil ostean 1990era arte grebetan segitu genuen, ospitaletara eramaten gintuzten, sartu eta atera. Eutsiko geniolakoan geunden, baina dispertsioa gu akabatzeko neurri are gogorragoa zen eta politikoa: isolamendua, isiltasuna...

Konstituzioak ezin dela indarrez elikatu dio.
J. M. Konstituzioaren arabera eta giza eskubideen arabera pertsonen borondatea errespetatu behar da. Baina Auzitegi Konstituzionalak neurri hori aplikatzeko sententzia atera zuen orduan eta hori erabili dute Iñaki de Juanarekin. Sevillanorekin aplikatu zuten lehen aldikoz eta Sevillano hil zen.

Medikuen rola aipatu da sarritan. Zuen garaian nolakoa izan zen?
F. R. B. Mediku batzuen tratua ona izan zen. Zaragozako espetxeko medikuak aldiz, bere kasa hartu zuen presoak elikatzeko erabakia, auzitegiak berak erabaki baino lehenago, Paco Cela Seoane bortxaz elikatu zuen. GRAPOk hil zuen handik gutxira.


Xabier Letona

Goizeko 10:30ean hasiko da epaiketa dena ondo badoa, puntuan ekitea ezohiko gauza baita Auzitegi Nazionalean. Espainiako komunikabideen arreta han bilduko da, piztia nola agertzen den lau haizetara zabaltzeko. Auzitegiaz gain, hori guztia izango du aurrean Iñaki de Juanak 63 eguneko gose greba utzi zuenetik 20 egunera.

Hasiera batean fiskalaren 96 urteko espetxe zigorrari egin beharko dio aurre, baina fiskaltzak jadanik iragarria du eskaera sei urteko espetxe zigorrera jaitsi dezakeela. Kontua da ez 96 ez 6, Iñaki de Juanak libre atera beharko lukeela bere aurkako salaketetan ez dagoelako zigorrerako oinarri juridikorik.

Hiru zigor eskarirekin abiatu zen auzia: 12 urteko espetxe zigorra talde terroristako kide izatearen akusaziopean; beste 14na urte sei espetxe funtzionariori Gallizo izeneko iritzi artikuluan luzatutako ustezko mehatxuengatik; eta funtzionario bakoitzari 30.000 euroko ordainketa kalteordain gisa. AVT (Terrorismoaren Biktimen Elkartea) ere akusazioen artean da eta bere eskaria eta argudioak fiskaltzarenak dira, berdin berdinak. AVTk, dena den, jada iragarri du ez duela zigor jaitsierarik egingo.

Kontua da akusazioek ez dutela inongo oinarririk, epaiketak aurrera egin ahala argi ikusiko den bezala, eta besteak beste horrexegatik, alde guztiek beren lana bukatu ondoren, Jesus Alonso fiskalak epaiketaren ondorioetan zigorra sei bat urtera murriztuko ei du.

Hasteko, talde armatuko kide izatearena ezabatuko du, justiziaren ikuspegitik norbait preso dagoenean ezin baita erakunde armatu bateko kide izan, bestela delitu beragatik behin eta berriro epaitu ahal izango lukete.

Eta zertan oinarritzen da fiskala ETAko kide dela esateko eta etakide gisa egiten dituela delituak? Nagusiki espetxean euskal preso politikoen kohesioa bultzatzeko izandako jarreran, bai gose grebekin, txapeoekin edota hainbat komunikabidetara urteetan bidalitako artikuluekin.

Honekin batera, 1998an (fiskalaren salaketa idazkian data gaizki dago, gertakizuna 1988koa baita) Herrera de la Manchako espetxetik helikopteroz ihes egiteko Jose Luis Muñoz ETArako kaptatu izana leporatzen zaio De Juanari. Muñoz talde armatua laguntzeagatik zigortu zuten 1993an eta Donostiako presoaren abokatu Alvaro Reizabalen ustez delitu hori preskribituta dago jada.


El Escudo eta Gallizo

2004ko abenduaren 1ean Iñaki de Juanak El Escudo izeneko iritzi artikulua argitaratu zuen Gara-n eta abenduaren 30ean Gallizo. Azken honetan sei espetxe funtzionario aipatzen zituen, hainbat garaitan haiek izandako errepresio pasarteak deskribatuz: Miguel Angel Rodríguez, Francisco Sanz, Jesus Eladio del Rey, Manuel Martínez, Antonio Diego eta Ruiz abizeneko espetxe zuzendari bat. 16 orrialdeko zigor eskaeran, fiskalak ez du aipatzen non ikusten duen mehatxua, ezta nor den mehatxatua: «Halako eta halakoetan ikusten den bezala...», «esaldi edo paragrafo honekin mehatxatzen ditu...». Fiskalak egiten dituen beste iruzkin batzuetatik ondorioztatu behar dira ustezko mehatxuak.

Fiskaltzaren idazkiaren arabera, Iñaki de Juanak pertsona horiek izendatzea eta beren jarduera errepresiboa deskribatzea nahikoa da hauek ETAren ikusmiran jartzeko eta hori aski da mehatxu gisa hartzeko. Baina horrek esan nahi luke, ETAk eta Urliak Sandia kritikatu ondoren ETAk Sandiaren aurka egingo balu, Urlia dela horren errudun, edo hori leporatu ahal zaiola bederen.

De Juanaren aurkako akusazioek ez dute ez hanka ez buru, hori ezaguna da aspalditik, baina fiskalaren salaketa idazkia irakurrita askoz nabarmenago geratzen dira auziaren asmo politikoa eta baldarkeria juridikoa. Horrexegatik nekez uler daiteke absoluzioa ez den bestelako irtenbiderik. Edo uler daiteke, baina orduan Anna Politkovskaïa hil berri duten kazetari errusiarrak Txetxeniari buruz amaitu gabe utzi zuen erreportajearen klabeetan ulertu beharko litzateke.

Espainiako iritzi publikoaren aurrean zigor eskaera bat 96 urtetik 6 urtera jaistea ulertezina egin daiteke agian, baina PPk zirikatuko ez balu oharkabe xamarrean iragan zitekeen. Ez da kasua, ordea, eta beraz, ikusi beharko da honek nola eragiten duen epaiketan zehar. Preso donostiarraren Alvaro Reizabal abokatuak baditu auzia ahalik eta kalte txikienarekin ateratzeko heldu lekurik eta denak adierazten du auziaren bukaera norabide horretan doala. Besteak beste, ezaguna da Juan Maria Uriarte Donostiako gotzaina aritu dela bitartekari izan diren negoziazioetan.


Iñaki Bilbaoren aurrekaria: 2 urteko espetxea

Iñaki Bilbao presoak Baltasar Garzon epailea mehatxatzeagatik irailaren 7an jaso zuen zigorra ere hor dago. Fiskalak 12 urteko espetxe eskaera zuen eta azkenean 2 urtetan utzi zuen. Epaiketan Gallizo eta El Escudo artikuluetan mehatxuak daudela frogatuko balitz, aipatu epaia da aurrekarietakoa; ez da bakarra baina bai azkena. Espainiako iritzi publikoari begira, auziak bi urteko espetxe zigorrarekin bukatuko balu, De Juana laster kalean litzateke.

Fiskalak, besteak beste, peritu ugari eramango ditu -gehienak poliziak-, batez ere bi gauza frogatu nahian: aipatu artikuluetan mehatxua dagoela eta, batez ere, ETA eta ENAM gauza bera direla. Defentsak, besteren artean, han izango ditu peritu gisa Petxo Idoiaga eta Joxi Basterretxea EHUko irakasleak, aipatu artikuluen edukia ikuspegi zientifikotik baloratzeko.

Bukaeran, Auzitegi Nazionaleko Zigor-arloko 1. Salak erabaki beharko du. Sala hiru kidez osatua dago: Ricardo Rodríguez da lehendakaria, Fermín Echarri ponentea -epaia idazten duena- eta Flor María Luisa Sánchez.

Dena behar bezala badoa, De Juanak laster beharko luke kalean, espetxean ia 20 urte egin ondoren, legez zegozkionak baino bi gehiago. Baina ia 200 presorekiko, Iñaki de Juanaren amarrukeria judizialak legeztatu dituzte Parot doktrinarekin. Auzitegien bideak itxi dezake oraindik saio hori, Auzitegi Konstituzionala mintzatu gabe baita oraindik. Bestela, doktrina berri hau finkatu duen bultzada politiko berak desaktibatu beharko du. «Espainiako Auzitegi Konstituzionalak atzera bota du Parot doktrina», egunkarian titulu hori Iñaki de Juanak berak 2007ko edozein hilabeteko egun batean, Kontxako eserleku batean eserita irakurtzea litzateke amets gaiztoa ondo bukatzeko moduetako bat. Beste gauza askoren adierazle ere izango litzateke seguruenik.


© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan