artikulu nagusira itzuli
Ramon Agirre: «Nire ametsa egunerokoan dago»
Antzerkigintza edo komikigintzan aritzea, horra hor Ramon Agirreren gaztetako dilema. Parisen jasotako antzerki ikastaro batek argitu zion zalantza, ordea. Handik itzuli eta gutxira Antzerti eskolan ikastea erabaki zuen, duela hogeita bost urte. Euskal aktoreetan ezagunenetakoa bihurtu da ordutik, pertsonaia mordoa gorpuztu baitu dela antzerki, zine edo telebistan. Kafe baten inguruan, elkarrizketa atsegina ziurtatuta.
Konpainia ezberdin askorekin ikusi izan zaitugu beti lanean, freelance moduan...
Aspaldi ari naiz horrela funtzionatzen. Batetik ez dudalako ekoizpen ardura horiek hartzeko gaitasunik ez eta gogorik ere, eta bestetik independentzia handia ematen didalako. Egia da horrela ibiltzeak ziurtasun eza ere badakarrela, noiz lan egingo duzun ziur ez jakite horrek. Baina ni gustura nago horrela.
Aktorea berdin inplikatzen al da beste baten proiektuetan?
Egun ez dago garai batean zegoen inplikazio ideologiko hori. Lehen talde bakoitzak bazuen bere ideologia, lan egiteko modua, estiloa esan dezagun. Hori jada ez da apenas existitzen. Baina aktore batek profesional mailan bere onena eman dezake, eta baita guztiz inplikatu ere. Ez dago zertan elkarrekin bizi, lo eta gosaldu.
Euskal Herrian konpainia handienek merkatua nolabait zurrupatu egiten dutela dioenik badago, ados al zaude?
Nik uste euskal antzerkiari beste arlo industrialekin gertatzen ari dena gertatuko zaiola: taldeak elkartu eta merkatua zurrupatu egiten dute, berdin da, zinemagintzan nahiz zapatilla industrian. Merkatu kapitalistaren ondorio zuzena da. Niri hori ez zait gustatzen. Nik nahiago dut dibertsitatea. Baina egia da gaur egun talde txikiek zailtasunak izaten dituztela beren lekua topatzen, eta ondorioz, proposamen berriek leku gutxiago dute.
Denborak antzerkiaren arte honetan jakinduria ematen al du?
Kezkagarriena kontrakoa litzateke, urteak pasa eta gero eta gutxiago jakitea. Denborarekin jendeak hobetu egiten du normalean eta espero dut nire kasua ere horixe izatea. Hasierako pasio hori gutxituz doa eta baita energia fisikoa ere. Baina oro har, hobetu egiten da.
Lanik gabeko egunak ere ugariak izaten dira aktoreen artean, ezta?
Nik lanik gabeko momentu horiek oso gustura hartzen ditut, aprobetxatu egiten ditut. Beste afizio batzuk baditudalako, gitarra jotzea adibidez. Tamainan lan egitea gustatzen zait, eta txupitoa hartzeko denborarik ez dadila faltatu!
Zer gustatuko litzaizuke, zein amets dituzu?
Nik ez dut amets handirik. Nire ametsa egunerokoan dago. Estreinatu berri dugun Artea antzezlanarekin gustura ibiltzea, lagun artean ondo konpontzea, eta ahal dela gustuko lanak egiteko aukera izatea. Horiexek dira nire ametsak.
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.