Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-09-04 17:20:17
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2006-10-22 -- 2059.zenb

Txalo konpainia: Arteaz, artez

Ainara Gurrutxaga

Kasimir Malevichen Koadro zuria hondo zuriaren gainean izeneko margolana arte modernoaren ikono garrantzitsuenetako bat da, zalantzarik gabe. Errusiarrak 1918an sortutako lanak abstrakzioa muturreraino eraman zuen, ordura arte nagusi zen arte figuratiboa bazterrean utziz. Mundu zabalera hedatu zen abstrakzio hark berehala sortu zituen ika-mikak, ordea. Izan ere, lehen bistan guztiz zuria den margolan bat kontsidera al daiteke artelan? Nola bereizi artelana eta iruzurra? Erantzun zaila duten galderak, beti ere.

Azken mendeko eztabaida horixe da, hain zuzen ere, Yasmina Rezaren Art testu dramatikoaren motorra, eta orain Txalo konpainiaren eskutik euskal oholtzetan ezagutzeko aukera izango duguna, Artea izenarekin.

Yasmina Reza autore frantsesak 1994an aurkeztu zuen estreinakoz antzezlana Parisen eta sekulako arrakasta lortu zuen. Berehala egin ziren mundu osoko antzoki garrantzitsuenetan Arten muntaia ezberdinak: Londres, Berlin, New York... Sariak ere berehala iritsi ziren: Lan onenaren Molier saria Parisen, Laurence Olivier Award saria komedia onenari Londresen... Testua 35 hizkuntza baino gehiagotara itzulita dago, eta Julia Maríni esker orain baita euskarara ere.

Txalok, beraz, nazioarte mailan sona handia izandako lana dakar gurera, euskaraz. Horretarako Carlos Zabala aukeratu du lana zuzentzeko eta hiru eskarmentudun aktore antzezlanean ageri diren hiru gizonezkoak gorpuzteko: Joseba Apaolaza (Ibon), Ramon Agirre (Sergio) eta Asier Hormaza (Marcos).

Testu preziatua lortzeko ahaleginak ez ziren samurrak izan, ordea. Xabier Agirre konpainiako arduradunak aitortzen duenez, urteak dira lan horren atzetik zebiltzala. Duela lau bat urte eskatu zizkioten lehenengoz Rezari antzezlana euskaraz egiteko egile-eskubideak, baita ezezko borobila jaso ere: «Lepo aberastuta dago eta hortaz ez zitzaion interesatzen euskaraz egiteko baimena ematea. Azkenean, duela urte bete, bere espainiar ordezkariarekin hitz egin eta Pariserako txartela ordaintzeko prest nengoela esan nion, berarekin hitz egin zezan. Azkenean ez dakit oso ondo nola, baina baiezkoa eman zuen», dio Agirrek.


Harreman hauskorrak

Hamabost urte dira Ibonek, Sergiok eta Marcosek elkar ezagutzen dutela. Bilboko intelektualak dira, dirudunak. Sergiok azken inbertsioa margolan batean egin du, Antrios abangoardiako artistaren koadro batetan, hain justu. Koadroa zuria da erabat eta harengatik ordaindutako prezioa guztiz «abangoardiakoa», noski. Marcos lagunak artelana «kaka hutsa» dela iritzi dio, inozo batek besterik ez lukeela erosiko sinetsita. Ibonek, berriz, nahikoa du bere bizitzako gorabeherekin, ezkontzera doa eta prestaketa lanekin badu buruhauste franko. Sergiok egindako erosketa berriak eztabaida luzeak eragingo ditu hiru pertsonaien artean, euren arteko harremana zalantzan jartzeraino.

Egituraz oso sinplea da antzezlana. Hiru lagun elkarrizketan, besterik ez. Antzezlanak aurrera egin ahala ordea, azalekoa dirudien hitz jarioak zentzu sakonagoa hartzen du. Poliki-poliki pertsonaia bakoitzaren izaerak eta pentsamoldeak biluztuz doaz, euren harremanaren hauskortasuna agerian utziz.

Hiru pertsonaia nagusien arteko gatazka ahalik eta modu argienean azaldu asmoz, testuaren autoreak berak eszena gainean ahalik eta elementu gutxien erabiltzeko aholkua egiten du. Txaloren muntaian Karlos Zabala zuzendariak autorearen nahia erabat errespetatzea erabaki du eta, hortaz, eszenan ageri diren elementu apurrak zuriak dira eta baita pertsonaien jantziak ere. Mihise zuri baten barruan egongo bagina bezala da, eta aktoreak, berriz, margolariaren kolore ezberdinak. Soiltasun horrek nahikoa hotz bihurtzen du eszenatokia, aktoreen lanaren baitan jarriz ikuskizunaren pisu guztia. «Aktoreentzat esfortzu handia da. Hemen ez dago trukurik, aktoreak bakar-bakarrik daude eszenan ordu eta hogei minutuz, ez dira eszenatik irteten», dio Xabier Agirrek. Txukun ari dira hiru aktoreak, komediak eskatzen duen erritmoari fin erantzunez. Antzezlanak emanaldiak egin ahala sendotasun handiagoa hartuko du ziurrenik, aktoreek testuaren ńabardurekin jolasteko parada izango baitute orduan.

Tolosako Leidor antzokian eginiko estreinaldiaren ostean (irailak 29an) Euskal Herrian zehar bira egingo du Txalok Artea ikuskariarekin. Izan ere, dagoeneko 2007ko martxora arte ia asteburu guztiak kontratatuta dituzte. «Antzezlanaren formatua oso moldagarria da, eta hortaz, herri txikietara ere joateko aukera izango dugu, antzoki txikietara».

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan