Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-10-06 16:28:34
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2006-10-22 -- 2059.zenb

artikulu nagusira itzuli
Antzinako errotatik gaurko irinoletara

Erromatarrak izan ziren errotak Euskal Herrian sartu zituztenak. Harrien artean, garia eta artoa xehetzen zuten lortutako irinarekin ogia egin ahal izateko. Garagar eta oloarekin, ganaduarentzako pentsua lortzen zuten.



Ordutik, Euskal Herrian 2000tik gora errota izan dira, ia denak ibai errotak. Itsas errotak denera hogeita hamahiru inguru baino ez dira izango eta hamabost bat haize errota. Ibai errotak errekako uraren indarraz baliatzen ziren errotarriak birarazteko. Itsas errota edo marea errota deiturikoek, aldiz, itsas uraren indarrarekin egiten zuten lan. Haize erroten hegal handiak, azkenik, haizeak mugiarazten zituen irina lortzeko.



Badirudi lehenik Ipar Euskal Herrian hasi zirela itsas errotak erabiltzen, XII. menden. Haize erroten kasuan, Bizkaian ditugu datu gehien, XVIII. mende ingurukoetan. Ibai errotak lehenagokoak dira: VII. mendean Tuteran bazeuden jada. Araban, IX. mendekoak dira aurkitutako zaharrenak eta Bizkaian berriz, XI. mendekoak dira jasotako lehen datuak. Mende bat beranduago azaldu ziren Gipuzkoan.



Ibai erroten artean, bi mota bereizten ditugu: gurpil handi bertikalak dituztenak -ur emari etengabea behar dute- eta gurpil horizontalekoak. Euskal Herrian, gehientsuenak bigarren motakoak dira. Hauek ur gordailua dute, ur emari gutxiko sasoietan erabili ahal izateko. Ur gordailuko atea irekita, ibai errota martxan jartzen zen. Bertatik ateratzen zen ur txorrotada itzelak gurpil horizontala mugiarazten zuen. Era berean, gurpil horizontalak goiko harria birarazten zuen eta goiko eta beheko harriaren artean, alea sartzen zen, harriek erabat txikitzen zutelarik. Errotariak harrien abiadura, irinaren lodiera edo kalitatea eta ehotze erritmoa kontrola zitzakeen.



Oraindik martxan dauden hainbat errota ezagutzen baditugu ere (Gipuzkoako Aiako Agorregi, Arabako Apellaniz eta Larrinoa, Bizkaiako Zeanurikoa...), gaur egun irina irinoletan lortzen da. Hauetan, prozesu guztia informatizatua eta mekanizatua dago eta txukunak dira, bai, baina arazo bat dute: ehoketa metalezko zilindro artean egiten denez, azala ez da behar bezala txikitzen. Ondorioz, irinolako irin integralarekin egindako ogia ez da errotakoa bezain osasungarria. Irinolan ehotutako azala ez da behar bezala xehetzen, zuntz luze eta zorrotz moduan geratzen da. Honek hesteak narritatzen ditu eta liseriketa ongi egitea eragozten du.


Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan