Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-02 15:11:57
Udako Euskal Unibertsitateko web gunera lotura
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2006-10-22 -- 2059.zenb

Jakoba Errekondo

Kixkia, zarea, zakua, zumea, gurdia, matxaka, mazoa, pisoia, aska, dolarea, horia, patsola, giltza, urkatxua, apotea, pala, basaerratza, ziriak, tina, onila, barrikotea... Badauka bai zeini diosal eta oles egin sagarrak sagardotarako bidean. Aurten dezenteko, itxurazko sagar urtea dugu. Toki bakan batzuetan izan ezik aurten sagar-urtea da. Sagar urte oparoa, ale asko izateaz gain ale horiek ederki hazi baitira. Udako eta udazken hasierako eguraldi egokiei esker, bero eta nahikoa ur, ederki hazi: handi eta ezti. Aurten fruta guztia etorri da eder, baina iparralde honetakoa sagarra izaki beste guztiak hor dabiltza sagarraren txistu eta ttunttunaren doinura lainezaren porrusalda dantzatzen.

Uzten oparotasuna beti ospatu izan da. Urte osoko jardun eta ahaleginen emaitza behin mandioratuz gero irrintzi, kraskitin, uju, kantu eta dantza behar. Sagarraren jaia dolarean, dolareero egiten ari da han, hor, haruntzaxeago, hemen... Sagardotegietan gero eta sagardo industrialagoa egiten da, jendeak ez bide ditu egundo garai bateko etxeko sagardoen lurrinak ahosabaiaren artxiboetatik ezabatu eta sagarra ugari... Gero eta jende gehiago ari da etxeko sagardogintza lanaren heldulekuari tiraka. Bertakoaren, etxekoaren kalitatea, bejondeigula!

Ttun-ttun, firin-firin, ttakun-ttakun, ttinbilin-ttanbalan, alakiketa, txirikoketa, kirikoketa... Doinu anitz du gure ospakizunak. Lanean bertan erabilitako tresna eta lanabesak dira ospakizunei doinua jartzen dietenak, langilearen eskuak korapilatzen ditu lana eta jaia, XXI. mende honetan benetan iraultzailea. Sagarrarenak bi dira, batez ere: kirikoketa eta txalaparta. Txalaparta sagardoa egiteko dolareko lan guztiak amaitzean jotzen da, ttakun-ttan-ttakun. Kirikoketan sagarra jotzeko, zanpatuz txikitzeko, dantzatutako mazoak edo pisoiak eta jotako sagar hori dolare-askan egindako patsean zanpatzeko erabiliko den patsolak osatzen dute joko den musika tresna. Erritmoa? Lanekoa: «Kirikoketa, kirikoketa, kirikoketa, koketa, koketa, sagarra jo dela, sagarra jo dela, sagarra jo dela, jo dela, jo dela». Urriko azken aurreko larunbat honetan Arizkungo Gamioxarre dolare barrokoan biziko dena: lana, besta, sagardoa, musika, dantza... Gaur egun iraultza.

Jabier Agirre

Londresko ospitale bateko kirurgialariek hamabi urteko neskato baten bihotzak berriro funtzionatzea lortu dute, hamar urtez «geldirik» egon ondoren. Eta bitarte horretan, transplantatutako bihotz bati esker iraun du bizirik neskak. Baina has gaitezen hasiera-hasieratik.

Galesko Hannah Clark neskatoak bihotzeko transplante bat jasan zuen duela hamar urte. Kardiomiopatia larri baten eraginez, Hannahren bihotza bere adineko neska bati zegokiona baino bi aldiz handiagoa zen. Baina ebakuntza hartan medikuek bere bihotza ez aktibo uztea pentsatu zuten, eta emaile baten bihotza transplantatu bazioten ere, bere bihotza gorputzaren barruan uztea.

Bihotz transplantatuak oso ongi funtzionatu du hamar urteotan, baina 2005eko azaroan, ohiko txekeo batean, medikuak ohartu ziren neskaren gorputza transplantatutako bihotza ez onartzen hasi zela. Eta egoeraren larritasuna ikusita, orain artean sekula egin gabeko operazio bat egitea bururatu zitzaien medikuei: lehendik ez aktibo zegoela bertan utzitako bihotza berriro martxan jartzea. Bihotzak berriro funtzionatzeko aukerak urri samarrak ziren arren, horretan saiatu ziren, hamar urte lehenago transplante originala burutu zuen -eta dagoeneko erretiratuta zegoen- Magdi Yacoub doktore ospetsuaren aholkularitza eta laguntzarekin.

Ebakuntza arrakasta osoz egin zen Londresko Great Ormond Street ospitalean, 2006ko otsailaren 20an, eta medikuek gutxienez zortzi ordu iraungo zutela aurreikusi arren, lau besterik ez ziren behar izan. Geroztik pasatu diren hilabeteotan ez da inolako konplikaziorik azaldu. «Orain neska zoriontsua da, bere bihotz propioarekin, eta erabat normal funtzionatzen du. Istorioak amaiera zoriontsua izan du», dio Hannahren amak.

Aurreneko asteetan zainketa intentsiboak behar izan zituen, baina neska oso ondo osatu da, eta geroztik ez du ez onartzearen kontrako botikarik behar, barruan daukana bere bihotza baita. Adituak oso pozik daude, ebakuntza horrek bide liluragarri bezain garrantzitsua ireki baitu.

Joxerra Aizpurua


Leku ikusezinetan mugitzeko sistema

AEBetako Georgia Tech-eko Frank Dellaert eta Bruce Walker ikerlariek SWAN (Audio Nabigaziorako Sistema Eramangarria) deituriko sistema antolatu dute. Sistema honen bidez itsuek edo ezinduek ez ezik, suhiltzaileek, soldaduek eta abarrek leku ezezagunetan edo ikusezinetan erraztasunez mugitzea izango dute.

SWAN sistema ordenagailu eramangarri batek, segimendurako txipak eta hezurretik soinua eroaten duten aurikularrek osatzen dute. Egun, ikertzaileek GPSan oinarrituz pertsona bat koka dezakete eta ordenagailuan duten ikusmen prototipo baten bidez GPSarekin kontrolatu ezin diren xehetasunak ikusarazi ditzakete, adibidez argiztapen posteak edo oinezkoentzako kaleko aulkiak.

Diseinatutako sistemak egitura modularra duenez, ikertzaileek erraz samar gehi ditzakete zentzu pertzepziorako teknologia berriak. Teknologia hauek erabilera ahalik eta errazena izateko prestatzen direnez, suhiltzaileek nahiz itsuek arazo handirik gabe erabiliko dituztela uste da. Arazo korapilatsuenetakoa erabiltzaileentzako soinu gidatzaile errazak eta ulergarriak sortzea izan da, ohiko zaratak ez ditzaten oztopatu, adibidez trafikoaren zaratak.

Arestian aipatu bezala, une honetan SWAN ekipo batek dituen elementuak honako hauek dira: motxila bat ordenagailu eramangarria eramateko, segimendurako txipa, hainbat sentsore, GPSa, iparrorratz digitala, erabiltzaileak burua norantz higitzen duen detektatzeko sistema, lau kamera argi sentsoreekin eta garezurrean zehar soinua igortzen duten aurikular berezi batzuk. Aurikular mota horiei esker, erabiltzaileek belarriak aske dituzte inguruko zaratak entzuteko eta aldi berean, aurikularren soinua entzun dezakete.

Sistema honekin egindako lehenengo frogak itxaropentsuak izan dira, baina orain laborategietatik kalera jauzia nola egin aztertzen ari dira.


Zerua ilun dago Asia hego-ekialdean

Urtero Indonesia, Borneo eta Sumatrako nekazariek basoak, baratzak eta zelaiak erretzen dituzte euri garaia iritsi aurretik. Horrekin, lurra aberastea lortu nahi dute eta gehienetan halaxe izaten da; baina batzuetan euriak behar baino gehiago atzeratzen dira eta suteek eragindako kea milioika kilometro koadrotan barreiatzen da, beste estatutako hiriak kaltetuz.

Horixe gertatu da aurten Malasian eta Singapurren, eta ondorioz urriaren lehen hamabostaldian aipatu estatuetako hiritarrak etxetik atera ezinik geratu dira.

Oraingoz ez da topatu biderik erreketa kontrolatuak egiteko. Alderantziz, hainbat interesen eragina medio, era basatiagoan eta kontrolik gabe erretzen dira zelaiak.

Hemen ere interesak egon badaude eta atzean beti azaltzen da multinazionalen bat...

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan