Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-02 15:11:57
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza
  • Hasiera >
  • Erreportaje / Elkarrizketak

2006-10-22 -- 2059.zenb


Kontrastea egiten du Arnaldo Otegi krisiaz hitz egiten aritzea eta Patxi Lopez akordio historikoa iragartzen.Vocentoko medioetan. Otegik bake prozesua oraindik krisian ikusten duen moduan, Lopezek 40 urteko biolentzia aroaren amaiera ekarriko lukeen akordiotik gertu gaudela zehazten du.

Daniel Udalaitz

Duela hilabete batzuk, Ukrainiarekin izandako arazo politikoengatik, Europako zonalde batzuetan Errusiako gasaren hornikuntza eten zen. Horrek ekarri dituen arazoak beste arrazoi indartsu bat izan dira energia nuklearraren alde daudenentzat, hala nola, multinazional batzuentzat eta presio ekonomiko eta industrialeko talde edo lobby batzuentzat.

Giro horretan, interesgarria da jakitea Euskal Herrian energia berriztagarriak etengabe ezartzen ari direla, batez ere eolikoa eta fotovoltaikoa, nahiz eta oraingoz gure energia kontsumorako nahikoa izan ez. Zentzu honetan, 2006ko urtean, gure herrian energia berriztagarriei buruz gertatu diren azken hiru berri onak jasoko ditugu. Hirurak Grupo Acciona-ren -bere garaian Nafarroako EHN enpresa publikoaren kontrola hartu zuen- eskutik datozkigu. Batetik, Bilboko portuaren barruan dagoen lehen itsas parke eolikoaren inaugurazioa; bestetik, eguzki energia lortzeko Euskal Herriko lur eremurik handiena martxan jartzea Castejonen (Nafarroan). Eta azkenik, urte amaierarako bukatuko den munduko instalazio fotovoltaikorik handiena Milagron. Azken horrekin zazpi izango dira Nafarroako eguzki energia lortzeko lur eremuak.


Milagro: munduko eguzki lur eremu handiena izango da

Milagroko instalazio fotovoltaikoak 9 megawatteko indarra izango du eta 854 jaberena -jabe partikularrak, herritarrak, alegia- izango da, azpiegitura berean eta zerbitzu berdinekin. Lur eremuaren kostua 64 milioi euro izango da. Orain arte munduko instalazio handiena Bavarian (Alemanian) zegoen, 10 megawatteko indarrarekin. Baina, instalazio alemana hiru lur eremutan eraikita dago.

Otsailean, Grupo Acciona Solar-ek Castejongo (Nafarroa) eguzki lur eremua abian jarri du. 275 jabe ditu eta Nafarroako seigarren eguzki lur eremua da. Lur eremu guztiek batera 10,20 MWp indarra dute, 1.673 eguzki-jarraitzaileetan banatuta, eta ia 1.173 jabe dituzte. Castejongoaren aurretik, honako hauek egin ziren: Sesmakoa (1,57 MWp eta 172 jabe), Arguedas I (0,98 MWp) eta Arguedas II (2,05 MWp) 376 jabeekin, Rada (1,71 MWp eta 199 jabe) eta Cintrúenigo (1,46 MWp eta 151 jabe). Hala, Nafarroa 2010. urtean elektrizitatearen ikuspuntutik guztiz burujabea izateko helburua betetzen ari da, bere energia berriztagarriekin -eolikoa, eguzkitikoa, biomasa, hidraulikoa eta abar- bere burua hornitzeko gai izango baita.


Zer dira eguzki lur sailak?

Eguzki lur sailak instalazio fotovoltaiko txikiz osatutako lur eremuak dira, jabetza banakakoak, euren kudeaketa eta energia etekina hobetzen dute azpiegitura eta zerbitzu berak banatuz. Bada, Castejongo eguzki lur eremua Euskal Herriko instalazio fotovoltaikorik handiena da (2,44 MWp), 400 elektrizitate ekoizle ekipo ditu eta 275 jabe. Eremu horretan instalatutako ekipoen jabeek 19 milioi euro inbertitu dituzte. Castejongo eremuan dauden instalazioek 4,4 milioi kilowatt orduko sortzen dituzte urtean, elektrizitate garbia eta berriztagarria. 1.400 etxek baino gehiagok kontsumitzen duten ekoizpena da hau.

Eremuak 110.000 metro koadro ditu. 400 eguzki-jarraitzaileetako bakoitzak silizio monokristalinozko 36 panel edo modulu fotovoltaiko ditu, 50 metro koadroko egitura batean eraikita daude, parrilla forman. Egitura horiek eguzkiaren ibilbidea jarraitzeko programatu dira, ekialdetik mendebaldera, urteko egun bakoitzaren eguzkiaren kokapen desberdinaren arabera, azimut-ardatzaren baitan egiten dute bira eta 45 graduko makurdura dute. Hau guztia argi energia jasotzeko egiten da, eta energia hau zelula voltaikoen bidez elektrizitate bihurtzen da.

Deigarria da sistema horretan partikularrek energia berriztagarrietan inbertitzeko aukera dutela. Jabe bakoitzak, bataz beste, 69.394 euro inbertitzen du elektrizitatea sortzeko instalazio horretan, eta bataz besteko amortizazio epea hamar urtekoa da. Milagroko 854 jabe berriekin, Nafarroan 2.027 kide dira dauden zazpi lur sailen jabeak.


Grupo Acciona, munduko lehena

Acciona talde espainiarrak, EHN Nafarroako elektrizitate enpresa publikoaren jabe egin zenak, darama Nafarroan energia berriztagarrien zabalkuntza prozesua. Energia berriztagarrien osoko eragile gisa duen estrategiaren baitan, Corporación Eólica CESA enpresa ere bereganatu du. Accionak bereganatu duen enpresa hori izan da, hain zuzen, Bilboko portuko parke eolikoa aurrera eraman duena.

Bereganatze berri horrekin, Grupo Accionak ehun parke eoliko baino gehiago eraiki ditu zazpi herrialdeetan, ia 3.000 megawatt instalatu ditu. Horregatik, talde hori munduko lehenetarikoa da parke eolikoak egiten, eta hirugarrena da aktibo propioetan. Talde honek 2005eko lehen bederatzi hilabetetan 3.454 milioi euroko salmentak izan zituen, aurreko urteko epe berean baino %17,1 gehiago. Eta 256 milioi euroko irabazi garbiak lortu zituen.

Jadanik argitaratua da prentsan Europako Legebiltzarrean ari den Mikel Irujo dela Eusko Alkartasunak Iruñeko Udalerako Nafarroa Bairen hautagai gisa aurkeztuko duena. Carlos Garaikoetxea Mina eta Uxue Barkos ere ibili dira izenen dantzan, eta lehenena zerrendatik aspaldi erori bazen ere, NABaiko diputatuaren izenak dantzan jarraitzen du. batez ere badirelako bere alde egiten duten militante asko eta hauetako talde bat zuzendaritzaren ustezko erabaki hori berraztertzeko ahaleginean ari delako. EAko estatutuen arabera, hiriburuetako hautagai nagusiaren hautaketa zuzendaritza nazionalean dago, baina hiriburuko batzarra biltzea ere ezinbestekoa da.

Mikel Asurmendi

«Herritarrek badakite badela Ararteko izeneko pertsona eta erakundea, baina askok ez daki zehatz-mehatz zertan ari garen. Oso erakunde berria da hau, tradizioa falta dugu Euskal Herrian. Uneon herritarrek erakunde honen zerbitzuak eta helburuak hobeto ezagutu ditzaten bitartekoak lantzen ari gara» adierazi digu Iñigo Lamarcak.

Administrazio publikoa ordenamendu juridikoaren arabera kontrolatzea da Arartekoaren lana. Herritarrei dagokien kalitatezko zerbitzua bermatzeko herritarren kexak aztertu eta zuzendu egiten ditu Arartekoak: «Herritarrengandik gertu egotea eta administrazioan akuilu lana egitea da gure betebeharra».

Iaz 1.559 kexa bideratu zituen Arartekoak, kexak hamalau alorretatik jaso zituen. Hona kexak nagusitzen diren alorrak: Babes ofizialeko etxebizitza, hezkuntza, funtzio publikoa -enplegatu publikoena-, gizarte prestazioak -oinarrizko errenta eta emergentziazko laguntza-, zahar egoitzak, osasuna, hirigintza publikoa, Udaltzaintza eta Ertzaintza.

Eusko Legebiltzarrean agertu zara berriki eta EAEko zerbitzu sozialen legea ez dela betetzen adierazi duzu. Azaldu iezaguzu zure zereginaren alde hau, arren.
Urteko txostenaren aurkezpenean kale gorrian bizi direnen egoera azaldu dugu. Azterketa sakon horretan hainbat gomendio eman diegu administrazioei. Diagnosian, besteak beste, 20.000 bizilagun baino gehiago duten herriek ez dutela behar bezalako zerbitzu soziala eskaintzeko bitartekorik azpimarratu dugu. Udalen zerbitzu mugatua nabarmendu dugu, bereziki.

Udal batzuek legearen irakurketa murritza egiten dutela, alegia.
Bai. Zenbait udalek errolda osatzeko oztopoak jartzen dituzte sartze eskabidea betetzeko, ordenamendu juridikoaren interpretazioa murritza egiten dute. Erroldak herrian bizi diren guztien argazkia izan behar du. Pertsona bat kale gorrian dago ez duelako etxebizitzarik eta etxebizitza izatea exijitzen badiozu errolda egiteko, nola erroldatuko da? Adibidez, udalak pertsona bat karabana batean bizi dela egiaztatzeko bitartekoak baditu, bada erroldan sartzen lagundu behar dio.

Kale gorrian daudenak, baztertuak, etorkinak begitantzen zaizkit. Hurbiltzen ote dira Arartekoarengana?
Gutxi etortzen dira, ez gutxi direlako, Arartekoaren berri ez dutelako baizik, edo beren egoera erregularizatua ez dagoenez instituzioetara jotzeko beldur direlako, salatuak eta kanporatuak izango diren beldur. Alor honetan bi gauza bereizi behar dira, batetik, etorkin gehienak lan kontraturik gabe eta bizileku baimenik gabe daudela. Legearen aurrean ez dute izate juridikorik, estatuaren eskuduntza da hori arautzea, hainbatekin egiten da baina asko dira kanpoan. Bestetik, EAEn, gure esparruan, arautua edo ez, babesa jasotzeko eskubidea daukatela defendatzen dugu. Bizilekurik ez badute ere, bizi diren udalean erroldatuta izan behar dute. Ez gara konformatzen baztertuen izapidea ahalbidetzearekin, gizarte zerbitzuen babesa izan dezaten exijitzen dugu: adingabeak eskolatzea, osasun zerbitzuen eskubidea bermatzea, beste prestazioak barne. Ararteko erakundea giza eskubidearen legearen eta arautegiaren interpretazio zabalena egitearen aldekoa da, kasuon, ordenamendu juridikoa ahalik eta zorrotzen aplikatzea etorkinak lagunduak izan daitezen.

Preso sozialak dira beste kolektibo bat: Martutene, Basauri eta Langraitzeko kartzelak bisitatu zenituen iaz. Zer inpresiorekin atera zinen?
Oso labur esanda: hiru espetxeetako instalazioak eta zerbitzuen egoera oso txarra iruditu zitzaizkidan. Preso hauek marginazioan daude, baina marginazio egoera batetik datozela kontuan hartu behar da. Normalki, espetxeko egoeraz hitz egiten da, baliabide eta ezaugarri eskasez. Horretaz gainera ordea, espetxeko populazioaren azterketa soziologikoa egin beharko litzateke eta gizarte prebentzioa landu. Prebentzioa landuko bagenu askoz gutxiago joango lirateke kartzelara.

Pertsona hauek hurbiltzen ote dira zuregana?
Bai, asko. Eskutitzen bidez, eta oso gogorrak izaten dira. Guk kexak ezin ditugu izapideratu, Estatuaren eskuduntza delako, kexak Espainiako Arartekoarengana bideratzen ditugu. Gu, gaiaren arabera, informazio eta aholkuak ematen ahalegintzen gara. Gero eta informazio gehiago izan hobe, espetxeetako giza kolektiboak egoera larriena bizi du eta: Hiesa, buruko gaixotasunak, desoreka psikologikoa...

Genero biolentzia deitua dago bestalde. Giza eskubideen urratze honi nola egin dakioke aurre? Arartekotik nola ikusten duzue egoera?
Errealitatea izugarria da, emakume askok bizia jokoan duelako, baina emakume hauek sarritan ez dute erasoa salatu nahi bikote lagunarekiko sindrome moduko bat dutelako edota salatuz gero eraso gogorragoak etorriko zaizkien beldur direlako. Ezagutzen dugun generoko biolentzia izebergaren punta baino ez da. Zaila da emakume hauek guregana hurbiltzea edo gu haiengana. Normalki epaitegian salaketa jartzen dutenek bide bat zabaltzen dute, guk jasotzen dituzten etxebizitzak antolatzen laguntzen diegu, baliabide hauek behar bezala funtzionatzen duten segimendua egiten dugu.

Baliabide horiek baino gehiago beharko ditutze hala ere.
Bai. Emakumeen aurkako biolentzia sexismoa eta matxismoa desagertu ondoren desagertuko da. Pertsonen pentsamoldea landu egin behar da, erasorik izan ez dadin prebentzio lana egin behar da, eta bien bitartean erasotzaileari dagokion zigorra aplikatu. Sexismoa eta matxismoa desagertzen ez diren bitartean emakumea gutxietsita dago eta gizon askok uste du «eskubide batzuk» dituztela emakumeak indarrez menperatzeko.


Herritarrak administrazioan eskubideen urratze salaketa bideratu ondoren, zer iritzi duzu epaitegien lanaz?
Denok dakigunez, prozedura gehiegi luzatzen da. Bitarteko gehiago behar dugu. Guk jasotzen dugun kexa asko prozedura luzeegia doala esateko da. Herritarren kexa premiazkoa da, eta urtetan luzatzen bada, ez zaio behar bezala erantzuten. Administrazioak hartutako erabakia ez da eteten, ondoren epaitegiak, prozedura judiziala burutu ondoren, herritarrari arrazoia eman diezaioke, baina epaia hutsala gera daiteke urteen poderioz. Desoreka handia dago herritarren eta administrazioaren artean, honek galtzen badu, bigarren instantzia batean helegitea jartzea dauka azken epaia irmo izan arte. Herritarraren ahalmena mugatuagoa da, ahalmen ekonomikoa besteak beste.

Bake eta normalizazio prozesua ez da zure alorrean, baina erakunde honetatik zure iritzia eman duzu. Azalduko al zeniguke berau?
Giza eskubideen eremuaz ari garela kontuan hartuta, begi-bistakoa da biktimen deskribapenean ez dagoela adostasunik gizartean, biktimen kategorian nor sartu eta nor ez erabakitzeko orduan, alegia. Inork ez du zalantzarik ETAren biktimak izendatzerakoan. Baina badira ere Estatuaren edo GALen biktimak, esaterako. Objektiboki denak biktimak dira, subjektiboki zein balorazio egiten den beste kontu bat da.

Diagnosia egitea komenigarria ikusten duzu.
Bai. Arestian aipatutako biktimaz gain, gerra zibilaren eta frankismoaren azken urtetako biktimen elkarteak sortu dira. Torturaren aurkako taldeek torturatuak biktimatzat dauzkate. Ondo da. Baina ezaugarri askoko biktimak daude eta bakoitzaren egoera aztertu behar da nahaspila izan ez dadin. Eta Arartekoak ez du alor politikoan sartzeko asmorik. Biktimen auzian adostasun handia lortzeko, giza eskubidetan oinarritutako moralitate publiko edo etika publiko berria sortu behar dela diot. Esparru hori landu ondoren, biktima mota bakoitzak bere lekua aurki dezake gizartean, errekonozimendua. Hori lortzeko aurrebaldintza etika berria sustraitzea da, eta ondorioz biolentzia oro gaitzestea. Iragana aztertu eta aurrera begiratu behar dugu gure bizitzan biolentziak lekurik ez duela argi eta garbi izan dezagun. Eskabide politiko guztiek legezkoak izan behar dute eta bakoitzak bere indarraren arabera balia dezala ziurtatu. Kostako da, baina itxaropentsua naiz, komunikazioa lantzen bada, biolentzia gaindituta, eremu politikoan dauden elkar aditu ezinak leunduko ditugu.

Miel Anjel Elustondo

Hizkuntza, historia eta hiztunak. Horra hirutasuna Euskara Jendea lanean bildurik. Xamar (Garralda, Xamarrena etxea, 1956) dugu egile, Pamiela argitaletxearen eta Zenbat Gara elkartearen eskutik. Aurreko Orekan. Herri eta hizkuntzen ekologiaz lanean aztertu zituenak osatu ditu. Herria eta hizkuntza izan ziren estakuru orduan eta dira orain aitzakia. Liburu berrian, hala ere, Orhipean hartan erabilitako molde erakargarrira itzuli da.

Euskara Jendea. Gure hizkuntzaren historia, gure historiaren hizkuntza. Izenburuak berak dio: euskararen eta Euskal Herriaren historia, biak bat eginik.
Nire akats edo bertute izan liteke. Jende ikasia oso espezializatuta dago. Gramatikariak batetik, historialariak bestetik, soziologoak... Ni, aldiz, ez nago deusetan espezializatuta. Dena interesatzen zait eta, irakasle eta hiztun gisa, bizia interesatzen zait, era guztietara. Euskara Jendea gure hizkuntzaren historia da, hiztunen bidez kontatua. Edo, alderantziz, hiztunen historia, hizkuntza ardatz harturik. Ezin dira bereizi. Hizkuntzaren bidez gara euskaldun. Bestenaz, beste zerbait ginateke.

Zergatik merezi du iraganari begiratzeak?
Etorkizuneko gakoak, anitzetan iraganean dira. Gako horiek behin eta berriz errepikatzen dira: zergatik, zertarako, nola motibatu, nola egin aitzina euskara atxikiz... Gure historian dira horiek eta azalera ekarri nahi izan ditut, ez justifikazio bila joateko, ohartarazteko baizik. Etorkinak, multikulturalitatea, mestizajea... gai berriak direla iruditzen zaigu, baina ez da horrela: betidanikoak dira, bizi-bizirik izan dira gure artean.

Kontzeptualizatu gabe.
Horixe. Kontzeptualizatu eta definitu gabe. Multikulturalitatea? Mestizajea? Bizirik diren kultura guztiak dira etengabeko mestizaje baten ondorio. Bizirik daudelakotz! Ez dugu kultura isolaturik aurkitzen, ezta Ozeano Barearen erdian dauden uharteetan ere. Batetik edo bestetik heldu zaien eraginpean izan dira.

Liburuan diozuna, tradizioa aldatzen ari da, eta etengabe gainera.
Bai, tradizioa bai. Jantzi eta ohiturak. Txapela eta beste. Baina herri honek beti jakin du hizkuntza propioa zuela funts eta oinarria. Etorri zaizkigun eraginak gorabehera, badakigu zer dugun bertakoa eta jatorrizkoa, eta kontzientzia hori ere beti atxiki da. Inportantea da hori nabarmentzea.

Hortaz, ez gara herri isolatua izan.
Sekula ere ez.

Hizkuntza isolatua izateak pentsarazi ote digu, bada, herria bera ere isolatua dela?
Hori, batetik. Bestetik, berriz, historialariak gure anormalitate historikoa ezin azalduta dabiltza. Alegia, nola da posible herri honek iraun izana beste guztiak desagertu direnean? Erromatar garaian, bereziki; erromatar uholdea Europan zabaldu ondoren, ordu arteko hizkuntzak desagertu edo erromanizatu ziren, latin inguruko izatera egin zuten, gure herriko hizkuntza izan ezik. Eta nola azaldu dute hori historialariek? Betikoa: «herri basa, interes txikikoa, isolatua...». Ez da egia! Euskaldunok erromatar legioetan parte hartu genuen, historikoki dakigunez. Gainera, hizkuntzalariek garbiki erraten digute gure hiztegiaren %60-65 latinetik datorrela. Horrek isolamendua adierazten al du?

Justu alderantzizkoa.
Interakzio ikaragarria baina, kasu, bertan urtu gabe, oinarriari eutsiz baizik.

Zertaraino elikatu du mito hori geure nazionalismoak?
Ezjakintzatik abiaturik.

«Euskaldunak munduan ez dugu parerik» kantatzen genuen gure gaztetan.
Munduan ez dugu parerik... Mundua oso zabala da eta ez dugu ezagutzen. Geure burua ere ez dugu ezagutzen, hortik kontuak! Gainerakoei buruz aritzeko maneran gara!

«Geure burua ere ez dugu ezagutzen». Horregatik zaizkigu beharrezko taju honetako lanak.
Hori da nire ustea. Bertzenaz, egina egon balitz ez nukeen egingo. Nire ustez, herri honetan izugarrizko leizea dago egiten den ikerketaren eta jendeak, oro har, bere buruaz duen jakintzaren artean. Alde handi hori orekatu behar da, eta hor kokatu dut nik lan hau: jendearen eskuera jarri ikerketa. Jendeak galdetzen dit: «Nondik atera duzu hori?», eta nik: «Baionan argitaratzen den historia aldizkari bateko halako zenbakiko artikulu bat». «Eta beste hori, non irakurri duzu?». «Bada, Bizkaian argitaratzen den hizkuntzalaritzari buruzko argitalpen batean Beñat Oihartzabalek egindako lan ikaragarri bat». Hor da jakintza. Hori transmititzea dugu problema.

Liburuan ageri den mapa bat dut hizpide, «euskaldunen ehunekoa eskualdeka» dio, Siadecorena da, 1979koa. Ezagupena asko hazi omen da harrezkero.
Ezagupena bai, hazi da, baina ez hizkuntza komunitatearen trinkotasuna. Hori ez. Sintomak ere, hizkuntzaren kalitatea dela eta... gaitza dela uste dute, baina sintomak baino ez dira. Sintomak. Lizarraga Elkanokoak idazten zituen predikuak zer dira, bada? Adibidez: «jendeak ze gogorra nola peña». Egiturak osoki erdarazkoak ziren, galtzeko zorian zen euskara. Eta galtzera heldu zen. Izan ere, hizkuntzak ez du egiten perfektu izatetik erdara izatera, ez. Graduak daude. Elebitasuna? Hemen, elebitasuna? Hemen diglosia dago! Diglosia, garbi.

EAEn euskararen normalizazio legea legebiltzarrean lantzen ari zirenean, lege-testuan euskararen «egoera diglosikoa» aipa zedin saiatu omen ziren batzuk. Baina ez zen lortu. Elebitasunaz ari gara beti, diglosia kontuak bazterturik.
Kontzeptuak disimulatzeko joera dugu, eta hori da problema. Diglosia. Euskara ikasten duten gazteak eta, ez dira elebidunak, diglosikoak baizik. Erdara dute nagusi. Euskara, erdarakadaz betetako bat, diglosikoak direlakoz. Hori dela eta, Orekan liburuak bazuen asmo didaktiko bat. Funtsean, materiala irakasleen esku uztea zen asmoa, gazteei hizkuntzen ekologiaz erakusteko, gazteei erakustea beren egoera zein den, ustez eta euskaldunak diren, eta diglosikoak dira. Duela hamasei bat urte Katalunian izan nintzen eta guztiz harritu nintzen ikusirik UBIko gazteek soziolinguistika lantzen zutela: hizkuntza borroka, diglosia, duintasuna eta gisako horretako gaiak. Eta, bidenabar erranik, Txepetx erabiltzen zuten eredutzat, kontzeptu horiek esplikatzeko. Duela hamasei urte! Eta Txepetxek landutakoak! Axular nor zen erakusten diegu, eta on da, baina, ez al da inportanteago erakustea...

Beren baitan gertatzen dena.
Horixe, adibidez. Luzaro irakaskuntzan jardun dut lanean Iruñean. Ikasle ohiekin topo egiten dudalarik, konturatu naiz errutasun konplexua barneratzen ari direla. Baina arazoa ez da beraiena.

Aldiz, irakaskuntzan egin ditugu ahaleginik handienak. Eginahalak eta bi.
Dena, irakaskuntzaren bidez konponduko dugulakoan. Barkatu, hizkuntzak erabilera soziala du, eta eskolak sekula ez du hizkuntza salbatuko. Orain dela mende eta erdi horixe zioen Agustin Iturriagak. Eta duela ehun urte, berriz, Sabino Aranak idatzi zuen. Erabilera soziala da gakoa.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan