Pako Sudupe
Euskal Herrian ere ibili ohi gara txangoan. Hainbatek ez, baina gero eta gehiagok izan ohi ditugu buruan gisa honetako galderak: prestatuak ote daude euskaldunak Euskal Herrian bertakotzat hartzeko? -duela urte batzuk Pragan, espainol batzuk, haserre, turismo-lekuetan espainolez ez zekitela-eta; ez omen zeuden prestaturik!-, Espainoltzat joko gaituzte? Frantsestzat?
Larrun mendira abiatu gara. Bihurgunerik bihurgune Sarako San Inazio mendi lepoan gara, tren txikiko leihatilan. Guk euskaraz hango emazte gazteari eta hark gaztelaniaz. CFTA da trenaren kontzesioduna, SNCFri lotua. Demoen borrokak datozkigu burura, Baionako geltokian seinale euskaldunak jartzeko. Delako tren zerbitzu horren arduradunentzat, jendetasunari eta negozioari zor zaizkionak beteak dituzte txarteldegian gaztelaniaz dakiena jartzearekin. Saran espainoltzat harturik, gibelera eragiten digute, turista euskaldunak erakarri beharrean uxatzen dituzte.
Arratsaldean, Sarako harpe famatuetara abiatu gara. Leihatilako emazteak euskara garbian diosku handik minutu batzuetara bisita gidatua dugula gaztelaniaz. «Aita: hamahirutik hamarrek badakigu euskaraz, gidariak ere bai, eta hala ere, zergatik mintzo da gaztelaniaz?» diost alabak. Joxe Miguel Barandiaranek azterturiko harpea gidariarekin soilik bisita daiteke, eta hori erdaraz, nahitaez, Sarako herri euskaldunean. SNCFk baino adeitasun gehiago du euskaldunon aldera, baina aski ez. Jarri zerbitzua euskaraz ere, euskaldun gehiago joan baietz! Abadia gazteluan...
Iparraldeko turista Hegoaldean euskaldunago hartzen al da? Leireko santutegian, onenean, frantses harrera eginen diote; Xabierko gazteluan, gehienez, idatziren bat emanen diote euskaraz. Gasteizko zientzia-museoan, argibide-taulak gaztelaniaz irakurri beharko ditu. Bai, dena ez da kalekoa, baleko bat datorkit: Bilboko Guggenheimen, aukera du nonahiko euskaldunak ikustaldia euskarazko entzungailuarekin egiteko; gehiago izanen dira, bai; haatik, ez gaude prestatuak euskalduna Euskal Herrian bertakotzat hartzeko.
Batzuk kexu dira gaztelania gehiago ikasten delako Iparraldean, frantsesa Hegoaldean baino; askorentzat irtenbidea han gaztelania ikastea eta hemen frantsesa: guretzat Euskal Herri guztian euskara hedatzea eta bigarren hizkuntza ingelesa.
Erakunde publikoen erabaki ausartagoak; euskara legez babestea eta bultzatzea Euskal Herri osoan, eta euskaldunon amorrazio santua eta ez dakitenak gureganatzeko trebetasuna: denak ere gutxi egoera iraultzeko!
Aitor Zabaleta
Gauza txarrenei lotuta azaltzen zaigu beti Afrika. Gizateriaren alderik tristeena datorkigu Hegoaldetik; ez dago hori ukatzerik. Hala ere, ohiko irudiez gain, nahitaezko topikoetatik harantzago, badago beste errealitate bat, ez hain ezaguna, poliki-poliki hezur-mamitzen ari dena. Afrikan esperantzak bere lekua duelakoan nago, eta pentsamendu horrekin idazten ditut hitzok, betiko berbak entzuteaz aspertuta.
Argi txikiak piztu dira iluntasun sakonean. Politikan, esaterako, gero eta herrialde gutxiago gelditzen dira diktadoreen menpe. Kontzientzia berria sortzen ari da aniztasunaren eta adierazpen askatasunaren eskutik. Lehen aldiz, gizarte zibila da eragile kontinenteko leku askotan.
Agintari ahalguztidunen sasoia atzean gelditzen ari da. Edozelan ere, eskubide zibilak onartzea ez da nahikoa, noski. Errespetatu egin behar dira, eta horretan hutsune handiak badaude ere, ekin diote bideari.
Marokon emakumeen eskubideen aldeko legea onartu dute; pentsaezina duela gutxi arte. Mendeetako ohiturak ez dira bat-batean aldatuko, baina martxan da iraultza txikia.
Malawin, presidenteak konstituzioa aldatu nahi izan du hirugarrengoz hauteskundeetara aurkezteko. Herritarrak kalera atera dira, eta atzera egitera behartu dute. Gauza bera gertatu zen duela bi urte Zambian. Gerrak ez dira bukatu, baina bake akordioak sinatu dituzte Mozambiken, Angolan, Sierra Leonan, Liberian, Sudanen...
Afrikan atzora arte utopikoa zirudiena gertatu da Liberian: emakume bat aukeratu dute presidente. Hego Afrikan, adiskidetzea bideratu nahian dabiltza. Kostako zaie, baina eredu da mundu guztian.
Europan kultura eta erlijioen arteko errespetuaz horrenbeste hitz egiten dugun bitartean, Afrikako bazter askotan aspalditik daramate praktikatzen, nik neronek ikusita Senegalen, Ginea Bissaun eta Burkina Fason, besteak beste. Horrelakok ez dira zifretan azaltzen, baina balio handia daukate.
Ekonomiaren alorrean, %4,6 hazi zen Afrika 2005ean. Ez dago gaizki, baina askoz gehiago behar du aurrera egin ahal izateko. Iparraldean eta hegoaldean daude herrialde garatuenak, kontinentearen motore izan daitezkeenak. Errealitatera moldatzea da garapena, eta horretan asmatu ezinik dabiltza. Duela 50 urte, Hego Korea Afrikako herrialde asko baino okerrago zegoen, eta begira orain.
Biktimismoak ez du balio dagoeneko. Agortuta dago argudio hori. Kolonialismoaren kontrako esloganak diktadoreen aitzakia izan dira urte luzeetan, eta horiek ere historiara pasatzear daude. Ez dago Afrikaren kontrako konspirazio unibertsalik. Laguntza behar du, noski, baina erantzukizuna berea da hein handi batean. Ezin dira ibili beti besteei errua leporatzen.
Kaiukoek Afrikara begira ipini dute Europa. Iluntasun sakonean piztu dira argi ahul batzuk. Mundua ezin daiteke begira gelditu, itzaltzeko arriskua ikusi gabe.