Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-02 15:11:57
Udako Euskal Unibertsitateko web gunera lotura
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2006-10-22 -- 2059.zenb

Onintza Irureta


Iruñerrikoen nahiak eta Sanzen asmoak

Iruñerriko ikerketa Soziolinguistikoa izeneko azterlanaren emaitzak kaleratu ditu Nafarroako Gobernuak. Hiru hizkuntza eremuak biltzen dituen Iruñerriko herritarren erantzunak nabarmen dira euskararen aldekoak. Hona ale batzuk: inkestatuen %35,8ak haurrak D ereduan matrikulatuko lituzke, inkestatuen %80k baino gehiagok unibertsitatean eta Nafarroako Gobernuan euskara erabiltzea nahi du; eremu erdaldunean bizi direnen %71,7ak eremu mistoan egon nahi du. Iruñerritarrek eremu erdaldunetik mistora igarotzeko duten nahi horri erantzun dio Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko presidenteak: ez du «inongo asmorik» Euskararen Legea aldatzeko.


Quebec UNESCOn

Isidor Marí Universitat Oberta de Catalunya-ko Humanitate Ikasketen zuzendariak Quebec-ek eta Kanadak maiatzean sinatutako hitzarmena landu du gipuzkoaeuskara.net web gunean. Kanadak aitortzen du Quebecen hizkuntza eta kultura berezkotasuna eta aitortzen du baita ere, nazioarteko esparruetan present izan behar duela, barne desberdintasunak eta Quebecen nortasun berezia onartzeko gai den federalismo ireki eta asimetrikoaren espiritua aintzat harturik. Quebecek ordezkari iraunkorra izango du Kanadak UNESCOn duen ordezkaritzaren barruan. Marík hitzarmen hori dela-eta egindako hausnarketa honela bukatu du: «Batzuek gehiegitan begiratzen omen dugu Quebec aldera. Beste batzuek, berriz, hobe lukete aldian behin hara begira jarriko balira».


EEPren 2007ko ildoak

Euskararen Erakunde Publikoak Iparraldean 2007an hizkuntza politika egiteko ildo nagusiak aurkeztu ditu. Helburu nagusia euskal hiztun osoak sortzea izango da. Horretarako hainbat ildo prestatu dute, hala nola, familia, haur eta gazteak, hezkuntza (transmisioari dagokionez), aisialdia, bizi publikoa, hedabideak, argitalpenak eta toponimia. Zehar ildoak izango dira helduen irakaskuntza, kalitatea eta motibazioa. Hizkuntza politikaren aurretxostena Aholku Batzordeak aztertuko du eta abenduaren 21ean EEPko Administrazio Kontseiluak erabaki beharko du ea 2007rako ildoak eta aurrekontua onartzen dituen ala ez.


Euskarazko Unibertsitate Liburuen Gordailua

Euskararen etxean jarri dute, oraingoz 366 liburu dituen apalategia. Unibertsitateko Euskal Irakasleen Elkartearekin (EIRE) egin du hitzarmena Euskararen Etxeak eta liburuak fisikoki eta iraunkorki Bilboko egoitzan egoteaz gain, liburuen katalogoa interneten eta Euskararen Etxean bertan intraneten jartzeko asmoa dute.

Xabier Letona


Ur lasterretan dirudi euskal politikak, baina ez dago horren samur ur jauziek jolasa edo haserrea adierazten duten. Urria giltzarri izango dela iragartzen ari da azken asteotan, baina hilaren azken txanpara goaz eta oraingoz ezer gutxi ikus daiteke adierazpen eta gertakarien zurrunbilotik haratago Iñaki de Juanak gose greba utzi eta 27an egin beharko dio aurre Audientzia Nazionalari, 62 eguneko borroka luzearen zauriak oraindik ere guztiz itxi barik. Sinestezina bada ere, drama honen atzean irudika dezakegun guztiak itxaropena pizten du, bai De Juanari berari dagokionagatik, bai horrek prozesuaren egoeraz adierazten duenagatik. Azken finean, auziaz negoziatu egin dela sumatzen dugu guztiok. Eta sumatu baino gehiago ere bai.

Hala ere, hemen ere geratzen dira galderak airean: zergatik emango bide du amore fiskalak bere 96 urteko espetxe eskaeran eta zer zentzu du honek? Pentsa liteke negoziazio horretagik izan dela dena, edo baita auziaren joskera ikuspegi juridikotik era baldarrenean egin delako ere. Auziaren akusazioen ahulezia oso agerikoa da kanpotik ikusita, eta fiskalak orain arte erabili duen akusaziorako idazkia funtsik gabekoa: «Gallizo» eta «El Escudo» artikulu ospetsuak agertzen ditu, baina delitua zehatz mehatz non dagoen adierazi barik; areago, ez du zehazten De Juanak ustez mehatxatzen dituen pertsonak zein diren eta mehatxua zertan datzan. Ulertezina egiten da auziek nola egin dezaketen aurrera tamainako akusazioekin, tamainako txapuzekin, baina zoritxarrez Auzitegi Nazionalean ohituegi gaude halakoetara. Hain ohituak, ze Anna Politkovskaia kazetariaren bukatu gabeko Txetxeniako bere artikulua irakurtzen dugunean gehiena ezagun egiten zaigun.

Horrexegatik bakarrik, Ibarretxe lehendakaria, Arnaldo Otegi, Juan Joxe Petrikorena eta Pernando Barrenaren aurkako auziperatzearena ondo ulertzen dugu gehienok. Helburua judiziala baino politikoa dela agerikoa da, baina oraingoan EAEko Auzitegi Gorenak egindakoa da. Lehenago Espainiako Auzitegi Gorenak egin zuen bezala. Eta gutxiagotan, baina Konstituzionalak ere egin izan duen moduan. Horrexegatik azken hiruzpalau urteetako astakeria judizialen aurrean Estrasburgok bere iritzia noiz jaurtiko duen zain gaude, datorrenean amorrua baino arrazoi izatearen irribar bihurria piztuko duen esperantzan; ordurako, logikoa den bezala, gatazka politikoak auzitegien beharrik izango ez duen baikortasunean.

Bitartean, badugu nora begiratu, azaroaren 7rako bukatzen baitu bere agintaldia Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak (CGPJ) eta berau berritzeko gehiengo nagusi zabalak behar direlako Senatuan eta Kongresuan. Ez bide da aurreikusten akordiorik PPren eta PSOEren artean eta beraz, denbora batez behintzat oso posible da CGPJk funtziotan aritu behar izatea. Harri koskor bat gehiago zirrikitu bila ari diren alderdi politikoetako negoziatzaileen oinetakoetan.


Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea Berrian: «Azken asteotako zenbait erreakzioren argitan bistan da, ordea, zenbaitek bere burua oso deseroso edo kokatu ezinean aurkitzen duela Eusko Jaurlaritzak egin behar duena egiten duenean. Bitartean, gizarte-ekimenaren egitekoak liratekeenak beste zenbait interesekin nahasi eta erakunde publikoekiko paraleloak diren jardunbideak eraikitzen erabiltzen dituzte indarrak».

Galder Gonzalez EHUko Ikasle Kontseiluko presidentea, Ludger Mees-en gutunari erantzunez, Berrian: «Zure argudioetan garrantzitsuena, eta horregatik nioen argudioak gure kontra etor daitezkeela, unibertsitateak eduki ditzakeen arazo ekonomikoak erabaki politikoekin konpontzen direla esatea da. Pozten nau horrelako hitzak UPVko autoritate batek sinatzea. Orain arte 'horrelakoak egiteko dirurik ez dago' esan digutenean, horrelako argudioak erabili ditugu euskaltzaleok, eta 'utopikoak' izan da esan diguten gauzarik onena (utopikoak garelako, noski!)».

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan