2006-10-15 -- 2058.zenb
Espektro elektromagnetiko esaten zaio uhin elektromagnetiko multzoari. Alboko irudian ikus daitekeenez, haien sailkapena ez da erabat zehatza: tarteak, maiz, gainezarrita daude. Errepara iezaiozue, esate baterako, gamma eta X izpiei; banaketa ez da inondik inora zehatza, eta tarte zabal batean biak batera ageri dira. Izan ere, bi izpi mota hauen arteko desberdintasuna jatorria besterik ez da: gamma izpiak atomoen nukleoan eratzen dira, X izpiak elektroi-geruzan. Ikusten ari zaretena, azken batean, hurbilketa baino ez da.
Bestalde, hemen ageri diren uhin mota batzuk talde desberdinetan banatuta daude. Argi ultramorea, konparazio baterako, hurbilekoa edo urrunekoa izan daiteke. Bereizketa oso garrantzitsua da, urruneko ultramorea ionizatzailea delako eta hurbilekoa ez. Infragorriak, berriz, hiru multzotan sailkatu ohi dira: hurbilekoa, erdikoa eta urrunekoa. Hurbilekoa da, hain zuzen, argi ikuskorretik gertuen dagoena. Erreportaje honetan hainbestetan aipatzen diren mikrouhinak, irudian azaldu ez arren, argi infragorriaren eta irrati-uhin laburren artean daude.
Diagrama honen eskumako zutabean uhin mota bakoitzaren uhin-luzera ageri da. Zenbat eta luzera txikiagoa izan, handiagoak dira maiztasuna eta energia. Irudiaren goiko aldeko uhinak dira, hortaz, energia gehien daukatenak. Hori bai, uhin elektromagnetiko guztiek dute abiadura bera: argiaren abiadura, 300.000 kilometro segundoko.
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
© ARGIA.com
Lege Oharra
RSS sindikazioa