artikulu nagusira itzuli
«Konturatu egin dira transgeneak ugaztun zeluletan sar daitezkeela, ezin gerta zitekeela esaten zen arren. Horrek ondorio larriak izan ditzake»
Zer dira transgenikoak?
Zenbait teknikaren bidez genetikoki eraldatu diren organismoak. Nekazariek beti egin izan dituzte esperimentuak: sagarra eta madaria elkartu, edo limoia eta laranja. Baina horiek "senideak" dira. Transgenikoetan aldiz, elkarrekiko inongo harremanik ez daukaten izaki bizidunen informazioa trukatzen da.
Esaterako?
Arto transgenikoa, bakteria batzuen geneak dituena. Eta bakoitza erreinu desberdin batekoa da. Bakteria horiek zoruan egiten dira, eta intsektuen liseri-aparatua suntsitzen duten toxinak ekoizten dituzte. Helburua intsektuek artoa ez jatea da, noski.
Eta ondo dakigu zer ondorio izan dezakeen horrek gure osasunean?
Bada ikerketarik, oso gutxi, ondorio kaltegarriei buruz. Bioteknologia arin baino arinago garatzen ari da, ez beti onerako; hala, nikotinarik gabeko tabakoa, kafeinarik gabeko kafea... ikus ditzakegu gaur egun. Baina biosegurtasuna ez dago batere garatuta oraindik. Ez dago hori finantzatuko duenik. Eta izan diren ahalegin bakanek kritika latzak jaso dituzte enpresen soldatapeko zientzialariengandik. Ingalaterran, kasu baterako, azterketa bat egin zen arratoiak erabiliz; patata transgenikoak eman zizkieten jateko, eta heste meharrean gaitz batzuk agertzen zirela ikusi zuten. Lan horren emaitzak aldizkari batean argitaratu zituzten, eta zalaparta itzela sortu zen. Zerbait argitaratzen den bezain laster, erreakzio bortitza izaten da. Berkeleyko unibertsitateko beste zientzialari mexikar batek arto laginak hartu zituen Mexiko hegoaldean. Han debekatuta dago arto transgenikoa, baina hala ere zientzialari hark kutsadura genetikoa aurkitu zuen landareotan. Eta gauza bera gertatu zen: aldizkari espezializatu batean argitaratu zuen topatutakoa, eta berehala hogei artikulu kaleratu ziren, bere lanaren balioa ukatuz.
Kontua da ikerketa batzuek agerian uzten dutela osasunari egiten zaion kaltea. Arazo nagusia finantzaketarik eza da; ez dago halako ikerketak buru-belarri egiten dituen erakunderik, Norvegiako institutu bat izan ezik. Haiek hainbat ikerketa interesgarri hasi dituzte transgenikoen eraginari buruz. Berbarako, konturatu egin dira transgeneak ugaztun zeluletan sar daitezkeela, ezin gerta zitekeela esaten zen arren. Horrek ondorio larriak izan ditzake.
Badakigu zer jaten dugun, transgenikoa izan ala ez?
Hemen ez. Euskadi, ustez, transgenikorik gabeko lurraldea da, baina hori izendapen hutsa da. Erabat betetzen da? Hemen jendeak oilasko ugari jaten du, esaterako; guztiz seguru daude oilaskoa ez dela transgenikoa? Hau da, ez dutela elikagai transgenikoz hazi?
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.