Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-10-07 16:31:31
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2006-10-15 -- 2058.zenb

Jakoba Errekondo

Andimendi hegoaldeko kristoren artadia ez da bakarra. Artea ederki zabaldua da Euskal Herri osoan. Quercus generoa nahaste zalea da eta leinuko espezieen artean bereiztea erraza ez den hibrido ugari sortzen da. Bi barietate edo aldaera nagusi ezagutzen dira hemen: hosto luzexka duen Quercus ilex L. ssp. Ilex eta hosto borobil antzekoa duen Quercus ilex L. ssp. Rotundifolia. Lehena Atlantikoko isurian zabaldua da, multzo koskor batzuk (Urdaibai, Mutriku...) eta toki jakin batzuetan paisaian sakabanatutako ale bakanak. Hosto borobila duena Mediterraneoko isurikoa da, baso itzelak ditugu lur bero eta lehor hauetan. Gazteleraz encina eta carrasca izenez bereizten dituzte. Euskaraz denei artea deitzen zaie baina beste izen batzuk ere erabiltzen dira: karraska, gaztelerazko izen beretik hartua. Abarra ere deitzen zaio, arte honen abarrak, adarrak, iduria edo ikatz ttikia egiteko eta ogi-labeak berotzeko erabili izan dira urtetan eta urtetan, gazteleraz arte honi abarra deitzen dionik ere ezagutzen dut. Eskurtze izena bere fruitutik etorriko zaio, noski, ezkur-ezkurtze.

Bi arteok ezkurrean ere badute aldea. Hegoaldekoak ale handixeagoak ematen ditu eta iparraldekoenak baino mami gozoagoa dute. Azienda beltzarentzako jaten ederra da eta atzera urte asko egin beharrik gabe geure burua ere, urde moduan, ezkur jaten harrapatuko dugu. Abuztuan hosto zaharrak, kolorerik mudatu ere egin gabe, bota ditu eta orain udazkenaren bihotzeko haizeteetan ezkur jasak izango dira artadietan. Bildu eta gaztaina, intxaur, hur, sagar eta abarrekin batera jaso eta neguan txigortuta edo ehotu eta ogi eginda jan. Fruituaren emana ugaritzeko arteak hagatu edo zartakatu egiten ziren eta hala eta guztiz ere antzu antzera jarraitzen zuenari zaputza deitzen zitzaion.

Ikusteko modukoak dira Deierri bailarako Eraulgo hiru hankako artea eta Atxarreko gainetik Urdaibaiko artadi latzak.

Jabier Agirre

Gure artean giltzurruneko gaixotasun kronikoak jota daudenak gero eta gehiago dira, datu epidemiologikoek adierazten dutenez. Hala ere, osasun zentroek ez dute ez denborarik, ezta behar adina baliabiderik ere pazienteei, dialisian sartu aurretik, tratamendu aukera desberdinen inguruko informazioa eman eta beraien bizimodura ongien egokitzen dena eskaintzeko.

Egoera ikusita, ALCER Fundazioak, giltzurruneko gaitzen tratamenduaz arduratzen diren medikuntzako eta erizaintzako elkarteekin lankidetzan, Giltzurruneko Gaixotasunei buruzko Informazio Zentroa jarri du martxan. Fundazioko lehendakari Alejandro Toledoren hitzetan, helburua «asistentzia sarearekin batera aritzea da, pazienteari eta honen senideei zuzendutako osasun hezkuntza integrala eskaintzeko, gaitza ezagutu eta horren inguruko alderdi psikologikoak eta sozialak ere kontuan har ditzaten».

Gaitzak gehienbat adineko pertsonak erasotzen dituen arren, pazienterik gazteenak dira zerbitzu horren bidez informazioa eskatzen dutenak -55 urtetik beherako pertsonek egin dituzte kontsulten %45-. Izan ere, hurbildutakoen artean, hirutik bat oraindik dialisi tratamenduan sartu gabe dauden pazienteak izan dira, eskura dauzkaten tratamendu modu desberdinei buruz gehiago jakin nahian. Esan beharra dago Espainiako Estatuko erkidego guztietan ez dela aukera terapeutikoen eskaintza modu berean egiten, eta badirela teknika jakin batzuk -etxean bertan egiten den peritoneoko dialisia, kasu- autonomia erkidego batzuetan bakarrik eskaintzen direnak -Euskal Herrian, Galizian edo Kantabrian, esaterako-.

Zentroan informazioa eskaintzen da, besterik ez. Hala, gaiaren inguruko zalantzak argitu nahi dituenak bertako telefonora (902 999 611) hots egin dezake edo helbide elektronikora (informaciónalcer.org) mezua bidali.

Joxerra Aizpurua


Inurrien masailezurra, azkarrena

Kaliforniako Unibertsitateko eta Illinois Unibertsitateko hainbat ikerlarik, egun ezagutzen den gorputz zati baten higidurarik azkarrena inurri batena dela jakinarazi berri dute. Ezaugarri hori duen inurriak defentsa eta erasorako oso ahalmen interesgarriak ditu.

Azterketa egin ahal izateko abiadura handiko irudiak erabili dituzte eta horien arabera, inurriek masailezurra milisegundo batean ixten dute, hau da, 137 kilometro orduko abiaduran.

Ikerlarien esanetan, masailezurrek, azkarrak izateaz gain, indar handia egiten dute eta hori etsaiak uxatzeko nahiz airean zehar hegan egiteko oso baliagarria zaie.

Munduko errekorra duen inurria Odontomachus bauri izenekoa da eta Erdialdeko Amerikan eta Hegoamerikan bizi da. Bere harrapakinen artean termitak eta beste inurri espezie batzuk daude eta bera harrapatzen dutenak berriz, armiarmak, igelak eta muskerrak dira.

Oso buru gihartsua dute eta masailezurra ixtean sortzen duten potentzia erregulatzeko gai dira. Adibidez, defentsarako askoz ere abiadura handiagoz ixten dituzte masailezurrak erasorako baino eta abiadura handi horren eraginez ahoaren barnean har dezaketen mina saihesteko, motelgailu mekanismo berezia dute.

Mugimendu guzti hauek ongi ulertzea oso garrantzitsua da gerora gizakiak sortzen dituen mekanismoetan aplikatu ahal izateko.


Atmosferako metanoaren aldaketak

Metanoa berotegi efektuan eragina duen gasetako bat da eta garrantzitsua gainera, CO2ak baino hogei aldiz gehiago eragiteko ahalmena baitu. Hainbatek dioenez, 90eko hamarkadatik aurrera metano kopurua ia egonkor mantentzen da atmosferan. Irailaren amaieran Nature aldizkarian Philippe Bousquet eta beste ikerlari batzuek argitara emandako artikuluan, ordea, gaiaren inguruko hainbat xehetasun interesgarri eman dituzte.

Ikerlari horiek 1984 eta 2003 urteen artean mundu osoko 68 estaziotan bildutako datuak aztertu dituzte. Hala, Sobiet Batasuna zena erortzearekin batera metanoaren jaitsiera nabaritu zela ikusi zuten, baina 1999an Txinaren hazkundearekin batera metano mailaren hazkundea izan dela ere nabaritu dute. Gertaera honez gain, munduan zehar lehorteak handiagoak izan direnez, metano gutxiago isuri da atmosferara bide naturaletatik eta horregatik Txinak isuritakoa orekatu egin da.

Hala ere, datozen urteetan Ipar Poloan gertatzen ari den berokuntzarekin itsas padura pila bat agerian gera daitezke eta hauek metano dezente isuri dezakete. Beraz, aipatu ikerlarien arabera, oso kontuz behatu beharko ditugu naturan gertatzen diren aldaketak, datu orokorrek ez baitute gertatzen ari dena islatzen.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan