Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-09 11:13:02
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza
  • Hasiera >
  • Erreportaje / Elkarrizketak

2006-10-15 -- 2058.zenb

Onintza Irureta

Haurrak eta gazteak dira, batik bat, euskara dakitenak -%14,4 eta %12,5, hurrenez hurren-, helduen %3,8 ahaztu gabe. Belaunaldi askotan egon da mutu euskara Tafallan, nahiz eta garai batean, euskaldun elebakarrak bazirela frogatuta dagoen. Tafallatik gertu, Orbaibar ibarrean, XIX. mendera arte euskaldunak ziren eta Tafallak harreman estua zuen ibar horrekin. Alboko herrian, Artaxoan ere, XIX. mendean euskara bizi zen. 1627an, epaiketa batean lekuko batek esan zuenez, «Tafallako San Pedro elizbarrutiko erdia eta gehiago baskongadoena da». Beste lekuko batek zera gehitu zuen: «Baskongado asko dago, batik bat artzainak, morroiak eta neskameak, eta horietako asko ikusi ditut komentura joaten, hor egon ohi diren fraide baskongadoekin aitortza egitera».

Orain, XXI. mendean, Tafallak Euskara Zerbitzu sortu berria du; urtetan eta urtetan eskatutakoa 2004. urtean iritsi zen. UPNk bizkar eman zion herritar askoren eskariari eta EA-EB-PSN koalizioari esker abiatu zen Euskara Zerbitzua, hainbat udalen eta Nafarroako Gobernuaren arteko hitzarmenaren bidez. Euskara Zerbitzuaren haritik tiraka biltzen da Euskara Batzordea, hau da, herriko 54 eragilek osatutako taldea. Eragile horietako hainbatekin hitz egin dugu, Tafallan euskara zertan den jakiteko asmoz. Argi-ilunak somatu ditugu etengabe.

Tafallako Ikastolak herriko haur eta gazteen datu soziolinguistikoetan eragin handia izan du. 1970ean ateak ireki zituenetik D ereduan ikasi dute haurrek. 2006-2007 ikasturtea hirutik 16 urte arteko 349 ikaslek hasi dute; ikasle kopuruak lehen urtetik egin du gora. Tafallako haurren laurdena ari da ikasten ikastolan. Ikastolako haur asko inguruko herrietakoak dira; Erriberrikoak, Orbaibarkoak... Ikasi bai baina erabili? Angel Iriso irakasleak, badu kezka hori. Duela 30 urte, helduen artean, hala omen zen: ikasi=erabili. Orain ez: «Ikastolaren helburua da ikasleek euskara ikas dezatela, maita dezatela eta ondorioz etorriko da erabilera. Egia da maitasuna gero eta txikiagoa dela: 'niri berdin zait euskara', 'ez dut ikasi nahi', horrelakoak entzuten dira». Nerea Biurrun AEK-ko irakasleak azkar erantzun dio Irisori: «Euskara eskolarekin lotzen dute, derrigor egitekoarekin. Adibidez, AEKn ez dugu lortzen guraso talde bat osatzerik. Haurrak ikastolara bidali bai, baina zenbat gurasok daki euskara?». Kontzientziak indarra galdu izana nabarmendu du Biurrunek, eta bai Biurrun, bai Iriso eta bai Olatz Zabaleta euskara teknikaria ados dira euskararen prestigioak behera egin duela, batez ere, Nafarroako Gobernuaren politikaren ondorioz.

Ezin esango dugu dena beltza denik Tafallako zeruan, bestela, urtean-urtean gora egiten ari diren euskaldun kopuruaren datuak sinetsiko dituenik ez da izango. A ereduak indar handia hartu du herrian. Tafallako Ikastolaz gain bi eskola dituzte, Eskolapioak eta eskola publikoa. Duela urte batzuk hasi ziren bi eskolak A eredua eskaintzen, hau da, euskara ikasgai gisa eskaintzen. A ereduak gora egiteari alde onak eta txarrak aurkitu dizkiote, batik bat Irisok eta Biurrunek. Irisok argitu digunez, herriko eskoletan A eredua jarri dutenetik Tafallako Ikastolara ikasle gutxiago doaz. AEKn udan hartu izan dituzte A ereduko 15-16 urteko ikasleak. Batzuk gogo txarrez doaz AEKra, gurasoek derrigortuta, euskara ikasgaia gainditzeko prestatzera. Biurrunen ustez, «ez dute euskara maite. Ez dakit bada A ereduak nolako mesedea egin dion euskarari ikasle hauen kasuan. Dena dela, batzuek euskara gorrotatzen dute eta beste ikasle batzuek gero ere euskara ikasten jarraitzen dute». Iriso Eskolapioetara Hizkuntz Eskolako azterketak jartzera joaten da eta berak giro ona somatu du A ereduko ikasleen artean. Hori bai, Lehen Hezkuntza amaitutakoan ikasle askok -euskararekin nolabait ibili direnek, batik bat- ikasteari uzten diote. A ereduan ez dute lortzen euskara ikasterik, baina Irisoren ustez, ikasleak zein gurasoak euskarara hurbiltzen dira. Itxaropena izateko arrazoiak laburbildu ditu Irisok: «A eta D eredua gora ari dira egiten, Baigorri Elkartea daukagu, Euskara Zerbitzua... Duela 20 urte espero genuen euskararen erabilera asko igoko zela eta azkar. Ez da horrela izan, baina gorantz ari gara». AEK-ko Biurrun irakaslea Korrikarekin akordatu da, jende askok hartzen baitu parte herrian.

AEK aspalditik dago Tafallan, gau eskolak 60ko hamarkadan hasi ziren. 130 ikasle izatera heldu zen, orain 40 bat dira. Euskaltegi gehienek izan duten beheranzko joerak eragin du Tafallan. Herriko bi eskolatan A eredua ezartzeak ere beherakada horretan lagundu duela uste du Biurrunek. Orain AEKra doazenak euskara maite dutelako omen doaz. Garai bateko ikasleek ere, maite zuten euskara. Alabaina, bazen euskara beharrezkoa izango zen ustea, lanerako adibidez, baina ez da hala gertatu. Euskaltegian Tafallakoak gero eta gutxiago dira eta gero eta gehiago inguruko herrietakoak.


Haur Eskolan ume erdiak euskaraz

Euskarak Tafallan aurrera egiteko arrazoi gehiago aurkitu dituzte gure solaskideek. Iaz, maiatzaren 27an, lehenengo aldiz antolatu zuten Euskararen Eguna. Orain, Euskara Zerbitzua Mintzakide programa ari da prestatzen: euskara erabili ahal izateko taldeak osatuko dituzte. Tafallan Haur Eskola ere bada, 0tik 3 urte arteko haurrak biltzen dituena. Bada, ia haurren erdiak euskarazko geletan matrikulatuta daude. Euskaldunak edo euskaltzaleak ez diren herritarren jarrera nolakoa den galdetu diegu Biurruni, Irisori eta Zabaletari. Hirurek azpimarratu digute arazorik ez dela, jarrera txarrik ez dela nabari.

Euskaldun eta euskaltzale ez diren herritarren jarrerari buruz iritzi bera du Baigorri Elkarteko Pedro Leraltak: «Gure ekintzetan elkartekoak eta euskaldunak elkartu ohi gara, besteak, erdaldunak ez. Ez daukagu arazorik, ez gara gaizki ikusiak, baina hau ia Erribera da». Duela bi urte sortutako elkarteko kidea da Leralta. Euskaldunak eta euskaltzaleak biltzen ditu elkarteak eta helburua euskara eta euskal kultura bultzatzea da. Talde hau ere Euskara Batzordeko partaidea da.


Hamarretik bat etorkina

Tafallak 10.000 biztanletik gora ditu. 2005eko Udaleko erroldaren arabera, 1.074 etorkin bizi dira. Erdiak pasatxo latinoamerikarrak dira, Europa Ekialdekoak 381, eta kopuru dezente txikiagoak osatzen dituzte magrebtarrek, gainerako afrikarrek eta beste hainbatek. Haur eta gazte etorkin ia denak -Ikastolan bi etorkin baino ez daude- eskola publikoan eta Eskolapioetan ari dira ikasten. Ados dira gure hiru solaskideak: etorkinek euskara ikastea ez dute lehentasunen artean eta ez dute behar.

Euskara Zerbitzuak bi urte baino ez baditu ere, indar handia hartu du; herriko eragileen bilgune eta dinamizatzaile da, Udaleko langile talde bat euskara ikasten jarri du... Alabaina, etorkinen hizkuntz errealitateari ez dio heldu oraindik.

Tafallan euskara sustatzeko ahaleginean ari diren hainbat eragilerekin aritu gara berriketan, argi-ilunak mahai gainean jartzen saiatu gara, norberak ikusiko du argiei ala ilunei, zeini gehiago erreparatu. Guk Txillardegiri kasu egitea erabaki dugu. 2001ean SEI elkarteak Nafarroako erdialdeko ekialdeko herrietan egindako kale neurketak dio %4,30ek darabiltela euskara. Txillardegiren formula kontuan hartuz, Tafallan, erabilera portzentajea espero daitekeena baino altuagoa da ezagutzaren portzentajearekin alderatzen badugu. Horren ondorioetako bat hauxe omen da: tafallarrek motibazio altua dutela.

Mikel Asurmendi

Ezkerreko ideologia hizpide abiatu dugu solasaldia Patxi Urrutia baztandarrarekin: «Egun ezker politika bat ikusteko kontinenteak korritu beharko dituzu eta nekez ikusiko hala ere. Egia da, marxismoa ez da erreferentzia nagusia jada, baina esplotazioak segitzen du eta teoria marxista hor dago betiere, klase borroka ez da inoiz bukatuko. Zoritxarrez, ideologiak ez du ia elikatzen gizartea, liberalismoak badu zerikusia horretan eta egoera honi are gogo gehiagoz ekin beharko genioke ezker ikuspegitik».

Bake eta normalizazioa hizpide: PSEko Buen Lacambrak prozesua ez dela blokeatua esan digu orriotan berriki.
Prozesuaren eraginkortasuna ibiliz ikusten da: ETAren su-etenarekin eta Zapateroren adierazpenekin lehen pausoak eman ziren. Harrezkero ez dugu bide horretan pauso berririk ikusi, izatekotan pausoak kontrako norabidean eman dira. Prozesu batean distentsioa behar da eta gurean distentsioa baino tentsioa ageri da. Nahi dutena esan dezakete, baina praktikak horixe erakusten du.

Agenda eta tempoarekin denek jokatzen omen duzue hauteskundeei begira.
Begira, etxe bat egin behar duzularik lehen kezka oinarri sendoak jartzea da. Presaka hasten bazara, baliteke etxea eraikitzea, baina baita deusetarako balio ez izatea ere. Hori da momentu honetan ezker abertzaleak duen kezka. Guretzat hauteskundeak behar-beharrezkoak dira, kontuan har ezazu azken lau urteetan instituzioetatik kanpoan gaudela, horrek ekartzen duen guztiarekin. Guk beste inork ez du nahi gu legeztatzea eta hauteskundeak ondo prestatzea, bermerik gabe ez du balio legalitatera itzultzea ordea, eta gu berme horiek sendoak izatea bilatzen ari gara.

Batasunak Alderdien Legea onartzea da Gobernuarentzat irtenbidea, antza.
Lege horrekin ezingo gara inoiz izan legeztatuak, lehenik zenbait gauza adostu behar dira elkarrizketen bidez. Legalak izan gaitezke baina edozein unean ilegalak bihurtu berriz ere. Horregatik, pauso bat emateko berme batzuk behar ditugu, baita deuseztapenak eta gure aurkako erasoak ez direla berriz izanen ziur egoteko ere.

Alderdien mahaia hizpide: nola gauzatu daiteke mahai bakarra UPN eta CDNren jarrerak kontuan hartuta?
Ez da bakarrik nola gauza daitekeen mahaia, baizik eta gauzatuko dela, ziur gaude...

Euskal Herri osorako?
Hego Euskal Herriaz ari naiz orain. Nola? Giro arras arraroa bizi dugu eta komeni da historiari begiratzea: Nafarroak joan den mendearen lehen herenean Estatutu berean sartzeko apustua egin zuen gainerako beste hiru lurraldeekin batera. Areago, zenbait lekutan eskuindarrek ere bidea onetsi zuten, beren alternatiba proposatuz. Gerraren ondorioz Nafarroan 3.000 pertsona hil zituzten eta egoera aldatu zen. Diktaduratik demokraziarako trantsizioan 1936-39 urteetako giro hura berpiztu zen berriz ere, nafar eskuina ezkerrera zeuden sektoreak erosten hasi zen. Lehenbiziko salerosketa PSOErekin egin zuen. Nafarroako lehendakaritza erraztu zion. PSNk nahi beste ebatsi zuen lehenik, eta ondoren UPNk agintaldia lortu zuen. Nafarroako politikaren prozesua UPNren salerosketaren prozesua da trantsizioz gero: PSN lehenik, UGT, CCOO eta EB ondoren. Egun Aralar, Batzarre eta EAJ salerosketa horren atzetik doaz, helburua Gobernuan egotea dutelarik.

EA ez?
EAk mahai bakarraren ideia mantentzen du, alderdien mahaiari eta Nafarroari dagokionean jarrera ezberdina du. Eskuinak ongi daki Nafarroan mahai bat eraiki daitekeela hiru probintziekin batera. Horretarako giro demokratikoa eta erabakitzeko eskubidea bermatu behar da.

Zein epetan?
Politikan epeak ezin dira markatu, gertaerak iragan ahala gauzatzen da politika. Nafarroako Estatutuari buruzko erreferendumik ez zen egin. Alderdien mahaiaren gaia dela eta, eskuinak inork baino hobeki daki hori, baita atzean zer dagoen ere. Eltzearen tapakia irekitzea da kontua, eta lehenago edo geroago irekitzea lortuko dugu. Gaurtik biharrera ez dugu egingo, bien bitartean, salerosketek hainbat jende eta alderdi liluratuko ditu, baina ez dago beste biderik. Herri hau demokratikoki eraikiko bada ez da beste biderik.

Mahai bakarrarena ez omen da errealista. Zuek bakarra aipatu bai, baina Iparraldekoa ahazten duzuela dio Aralarrek.
Auzia konpontzeko Nafarroa Euskal Herriaren parte dela onartzea ezinbestekoa da. Printzipio bat da, ez du praktikotasunarekin deus ikustekorik. Euskal Herria herria dela eta erabakitzeko eskubidea duela onartzen den unetik auzia gainditzeko pauso garrantzizkoa emango da. Aralarrek eta beste alderdiek bi mahaien apustua egin dute eta honezkero arazoak dituzte beren jendeekin. Baina nola saldu diezaiekete nafarrei bi mahaien planteamendua? Bi mahaietan esertzea ez da bakarrik bi mahai ezberdin izatea, Hego Euskal Herria bi daudela onartzea baizik. Hegoalderako bi mahai planteatzen dutenek bi Hego Euskal Herria daudela onartzen dute, eta UPN edota PSNren nahiei amore eman ere bai. Guk mahai bat antolatu behar dela erraten dugu, eta Euskal Herria -oraingoz Hegoaldeaz ari gara- bakarra dela definizioz. Hor dago gakoa. Lehenik hori argitu dezagun eta gero behar diren mahaiak antolatuko ditugu, Iparralderako barne.

Ipar Euskal Herrirako zer eta nola?
Politikan, baldin eta zenbait gauza errotzen badira gutxien espero duzunean gertatzen dira aldaketak. Iparraldea kanpotarrei salduta dago, bistan da, baina mugimendu politikoa hasi da. Ez da Hegoaldea, jakina. Baina Hegoaldeak aurrera egiten badu, han ere gaia sozializatuz joanen da eta aurrerapauso handiak emango dira. Noraino? Noiz? Nola?

Nafarroako Gobernua aldatzeko garaia dela diozue Batasunetik. Nola?
Nafarroaz mintzatzean gauza bat azpimarratu behar da: Estatuko Autonomia Gobernu bakar batean ez da presidente bakar bat kanporatua izan ustelkeria dela medio. Nafarroan bai. Eta hau ez da kasualitatea. Hemen ustelkeria boterean erroturiko zeregina da. Sistema hau gaurdaino iritsi da eta azken legealdi honetan sendotu modu ikaragarrian. Horren sustraituta dagoenez ez da ageri, ohitura bihurtu da. Batasuna legez kanporatu ondoren are estaliagoa dago ustelkeria, berau salatzeko tresnak kendu baitizkigute.

Nola gauzatu UPNren alternatiba orduan?
UPN Gobernutik kentzeak printzipioz ez duela ezer bermatzen argi utzi nahi dugu. Gogoratu behar da UPN Gobernuan dela baina ez gehiengoa duelako, baizik eta iruzurra izan zelako. Batasunari hiru zinegotzi zegozkion eta horiekin UPNk ez zuen gehiengoa lortuko. Eta errua ez da UPNrena eta PSNrena soilik, gainerako alderdiena ere bada, onartu baitzuten egoera antidemokratiko hau. UPN ebasten ari dena inork gutxik daki: ebatsi, ebatsi eta ebatsi ari da. UPNko jendearen negozioak ikaragarriak dira eta denak atxiki nahi ditu.

Nola kendu UPN boteretik ordea?
Batasunak bere esku duen guztia egingo du UPN Gobernutik kentzeko. Hauteskunde programa egingo dugu eta lehenbizi berau nahi duenarekin eztabaidatuko dugu. Baina ez dudarik egin, gure botoak mahai gainean jarriko ditugu UPN Gobernutik botatzeko.

Alternatiba izan dadin PSN kontuan hartu beharko da, ordea.
Alternatiba gauzatzeko gakoa hauteskunde programa serioa lantzea da, eta ez PSNrekin nolanahi negoziatu. PSNk gure programa aintzat hartzen badu gure sostengua izan lezake, baina aldaketa asko eman beharko du horretarako. Hasteko, UPNk herriaren aurka hartutako erabaki asko aldatu beharko lirateke. Nolako aukerak halako bidea jorratuko dugu, guk mesfidantza asko dugu alderdi sozialistarekin, PSNk ezer interesgarri egin dezakeenik zalantzan jartzen dugu, aldez aurretik ez du gure botoa, jakina, baina ez dugu aterik ixten ere.

Nafarroa Bai (Na-Bai) gabe ere alternatibarik ez dago.
Na-Bai alternatibarako bitartekoa da dudarik gabe. Baina Na-Bai hauteskundetarako aukera da, mahai baten inguruan ez da egitura sendoa. Lau alderdik osatua da, oso hierarkizatua eta bere barruan parte hartzea oso zaila da, oraingo zuzendaritzak bizitza politiko laburra du.

Na-Bairi buruz ez duzue iritzi onik.
Bizitza laburreko lorea da. Loreak politak dira, baina loreari zer iraupen duen begiratu behar zaio. Na-Baik ez du alternatiba politikarik eskaintzen, sentimendu baten agerpena da. Saltzeko ideia ona da eta horrekin iraunen du, baina haien interesak horren ezberdinak izanda, hauteskundeen biharamunean beren arteko giroa arrunt aldatuko da. Sentimenduarekin bakarrik ezin da politikarik egin. Beren boto emaileak ez dira orain horretaz ohartzen, baina euren zoritxarrerako esperientzia honek ez du iraunen.

Zuek Batasuna izena duzue, baina batasunik ez omen duzue lantzen.
Hau garbi utzi nahi dut: Na-Bai sortuz gero bilera bakar-bakarrean bildu da Batasunarekin, eta hura guk eskatuta. Prentsaren bitartez hainbat tontakeria erran dute, baina besterik ez. Eta bilera bakar horretan sartu orduko EAJko ordezkariak «hauek sartzen badira gu bagoaz kanpora» erran zuen. Ez zen bertzerik izan. Areago, bilera horren prentsa oharra, prentsara bidalia zegoen bilera egin baino lehen. Beraz, hori izan zen bilera bakarra eta ez ginen eseri ere egin.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan