Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-02 15:11:57
Udako Euskal Unibertsitateko web gunera lotura
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2006-10-15 -- 2058.zenb

Mikel Arana

Aurtengo kurtsoa bakea eta normalkuntza politikoa lortzeko aukera guztiak zabalik izanda aspaldian bizi izan dugun erabakigarriena izan daiteke.
ETAren su etenaren iragarpenetik sei hilabete igaro direnean ordea, egoerak ez dirudi hobera egin duenik eta Zapatero izan ezik beste guztioi blokeo egoeraz hitz egitea baino beste erremediorik ez zaigu gelditzen.

Blokeo egoera honetatik irteteko eman beharko liratekeen pausuak jakinak dira -presoen gerturatzea, Batasunaren legalizazioa, Kale borrokaren desagerpena, alderdien mahaia eratzea- eta nortzuk eman behar dituzten ere. Besteoi beraz, momentuz, pausu horiek eman daitezen proposamenak egitea baino ez zaigu gelditzen.

Proposamen horien artean, politikari dagokionez, bereziki garrantzitsua izango litzateke alderdien mahaia osatzeko batzorde prestatzaile bat martxan jartzea, mahai horretan zer eta nola eztabaidatuko den adosteko alegia.

Alderdien mahaiaren eraketa ezinbestekoa da prozesuak aurrera egiteko eta berau urtea bukatu aurretik martxan egotea ere bai. Are gehiago, epe hauek errespetatuko ez balira oso zaila izango litzateke hurrengo hauteskundeak era normalizatu batean burutzea.

Azkar xamar dirudi oraindik hauteskundetaz hitz egiten hasteko, baina ukaezina dena da, alderdiok gure erabakiak hartzen hasi garela hurrengo hauteskunde horiei begira eta urtarriletik aurrera kanpaina eta aurre kanpaina lanetan murgildurik egongo garela, eta giro horiek ez dira batere lagungarriak alderdien arteko elkarrizketa bultzatzeko.

Hurrengo Udal eta Foru hauteskundeak gainera, etorkizunera ireki daitekeen panoramaren aitzindari izan daitezke. Ezker abertzalea bertan izango denaren hipotesia ontzat emanik, beste bi nobedade ere izango dira, batetik PNV eta EAren arteko koalizioaren desagerpena eta bestetik Ezker Batua-Berdeak eta Aralarren artekoa.

Azken hau ezberdinen arteko akordioa, tradizio politiko ezberdinetatik datorren jendearen arteko koalizioa eta ikuspegi nazional ezberdina daukaten gizon eta emakumeen arteko koalizioa, baina ezkertiarren arteko akordioa.

Koalizioa egikarituko balitz, ezberdinen arteko akordioa ezkerreko ikuspuntu batetik posible dela frogatuko litzateke, eta garaia heldu dela abertzale-ez abertzaleen arteko eztabaidak bigarren mailan uzteko eta ezkertiar eta eskuindarren arteko eztabaida bultzatzeko.

Aralar independentista da eta Ezker Batua federalista, biok ordea, batak nahiz besteak erabakitzeko aukera indarrez defendatzen dugu, eta noizbait aipaturiko mahai baten inguruan erabakitzeko eskubidearen inguruan eztabaidatzeko aukera badugu, bai batzuok eta bai besteok ere berau egikaritzeko aukera defendatuko dugu.

Azken finean, nahiz eta bere burua ezkertiartzat duten batzuek ez onartu, autodeterminazio eskubidea aldarrikapen demokratikoa eta ezkertiarra da.

Markel Olano

Kutsidazu bidea, Ixabel filma ikusi eta hurrengo goizean Euskadi Irratian hari buruzko iritzia eman ondoren hasi nintzen idazten lerro hauek. Tertulian batez ere bi kontu aipatu nituen: filma bera oso ona iruditu zitzaidala eta batez ere El Diario Vascok eskaini zion trataera lotsagarria iruditu zitzaidala, ez kritika gogorra eta injustua egin ziolako, espazio ñimiñoa eskaini ziolako baizik. Etxekalte behin berriro ere.

Herri txikia gara eta euskaraz egiten diren kultur produktuak xumeak dira; ez daukate World Trade Center edo Alatristeren moduko super-ekoizpenen parean ipintzeko aukerarik -ezta, zorionez, pretentsiorik ere-. Baina, zorionez, iaz eta aurten Donostiako Zinemaldian luzemetraia berri bana estreinatzeko aukera izan dugu (Aupa Etxebeste! eta aipaturiko Kutsidazu). Ez dira mundu mailako arrakastak, baina duintasunez eta talentuz egindako produktuak dira, eta GURE produktuak dira.

Ezin dugu, nire ustez, gure kultur ekoizpenen kritika egin, munduko kultura erraldoien baitan ekoizten diren produktuak juzkatzeko erabiltzen ditugun parametroak erabiliz: ez ditugu ba gure enpresen azterketak egiteko Microsoft edo Boeing-en erreferentziak erabiltzen!

Euskaldunak gara, eta geure kulturaren biziraupena bermatzeko ezinbestekoa dugu euskarazko kultur produktuak sortzea, prestigioa ematea eta kontsumitzea. Erakunde publikoen obligazioa da ekoizpen horri babes egokia eskaintzea, batez ere azpiegitura industrial egoki bat osatzearen bidetik. Eta, kontsumitzaileon ikuspegitik, argi izan behar dugu lehoiaren buztan ala arratoiaren buru izan nahi dugun, alegia, ingelesez, espainieraz edo frantsesez sorturiko kultur produkzioen olatuaren azpian erortzen garen ala euskal kulturari eta bere garapenari babesa eskaintzen jarraitzen dugun.

Horrek ez du esan nahi munduan zehar arrakasta duten produktuei uko egin behar diegunik eta, alde horretatik begiratuta, itzulpengintzak eta bikoizketak duten papera azpimarragarria da guztiz, baina euskal nortasuna gordetzea eta iraunaraztea ezinbestekoa da gure txikitasunetik munduari eskaintzen diogun aberastasuna eta aniztasuna mantentzeko. Eta horretarako ekoizpen propioak behar ditugu.

Gure munduaren ikuspegia, gure historiaren irakurketa propioa, geure auto-pertzepzioa... guzti horiek munduari egiten diogun ekarpen zoragarriak dira. Gainera, ekoizpen fresko eta dibertigarriek garrantzi itzela daukate euskararen normalkuntza prozesuan, geroz eta jende gehiagori komunitate baten partaide direla sentiarazten dietelako eta hizkuntza ikuspegitik erregistro berriak jorratzeko elikagai ezinbestekoa direlako.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan