M-11ren konspirazioarena gero eta eroriago agertzen ari den bitartean, teoria hori bultzatu duten eragile nagusietako batek hipotesi berria jarri du mahai gainean: ETA bakarrik ez, Espainiako zerbitzu sekretua ere tartean zen. COPE irrati katean joan den astean Federico Jimenez Los Santosek hipotesi hori jaurti zion Jesus Cacho kazetariari. Irratiko kazetari ultraeskuindarraren ustez, trenen aurkako leherketa «moroek egin ez zutenez», ETA edo Espainiako zerbitzu sekretuen egiletzaren hipotesiak besterik ez dira geratzen.
Onintza Irureta
Ziurtagiria eta ziurtagiria
Udazken honetan hasi duen erritmoari segiz, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak enpresa eta erakundeentzat euskararen erabileraren ziurtagiria sortuko duela esan du. Kalitatea aitortzeko ziurtagiri «ofiziala, prestigiozkoa eta behin betikoa» sortu beharra zegoela adierazi du. Kontseiluak eman dio erantzuna: lan mundua euskalduntzeko ziurtagiri serioa, profesionala eta prestigiozkoa, hau da, Bai Euskarari Ziurtagiria, egon badagoela. Baztarrikak, Kontseiluaren Bai Euskarari Ziurtagiria mahai gainean jarrita, zera erantzun du: Bai Euskarari konpromisoetan oinarritzen dela eta lan munduan euskara zabaltzeko helburua duela. HPSk prestatutakoa erakunde ofizialetatik sortutakoa dela, ofiziala, eta prestigioa izango duena.
Patxi Larrainzarren azkenean bai
Hamabi haur gelditu ziren ikasturte hasieran Iruñeko Patxi Larrainzar eskola publikoan, D ereduan, ikasturtea hasi ezinik. Ez zen tokirik haientzat eta Nafarroako Gobernuak ez zuen tokirik egin nahi. Haurren gurasoek ikasturtea beste auzo batean ez hastea erabaki zuten eta Larrainzarren segitzen zuten haurrek. Orain, Hezkuntza Sailak, D ereduko gela bat irekiko duela iragarri du.
Sanz bere bidean
Eremu mistoko bide seinale berriak ele bitan jarriko dituztela iragarrita, gutxi iraun du Sanzek ahoa ireki gabe. Nafarroako Parlamentuan, Administrazioan euskararen erabilera arautzeko 2000. urteko dekretua bertan behera utzi duen Espainiako Auzitegi Gorenaren ebazpenaz hitz egin zuen eta horrelakoak esan zituen: adibidez, Nafarroako hizkuntza politikak ez dituela inoren eskubideak urratzen eta Euskararen Legea ez dela aldatuko. Edota, Nafarroako Unibertsitate Publikoa elebiduna izatea ekonomikoki bideraezina eta txarra izango litzatekeela. Bide seinaleetaz ez zen ahaztu: elebiko seinaleak nahita hondatzen badira hurrengoak gazteleraz jarriko dituzte.
«Errealitatetik kanpo»
Patxi Baztarrikak (HPS) Ezker Abertzalea taldeak Eusko Legebiltzarrean aurkeztu duen euskararen lege proposamena kritikatu berri du. Bere hitzetan, proposamena «errealitatetik kanpo dago, gizartearen dinamika eta erritmoekin zerikusirik ez duelako; ez du balio euskara berreskuratzeko behar den kontsentsu sozial eta politikoa indarberritzeko». Batasunak erantzun dionez, errealitatetik kanpo bizi dena Baztarrika da, euskarak erronka berriak ditu eta neurri berriak behar ditu, ez porrot egin duen legearen aplikazioa.
Euskaltzain berriak aurki
Andres Urrutia buru duen Euskaltzaindiak euskaltzain berriak izendatzearen bidearekin segitzen du. Urrian eta azaroan hautagai berriak aurkeztuko dituzte eta abenduan bi euskaltzain oso aukeratuko dituzte.
Juan Mari Arregi
Aurreko astetik dago susmopean Bizkaiko Portuko errepideko merkataritza-garraioa. Duela urtebete Eusko Jaurlaritzak salaketa jarri zuen eta Ertzaintzak hemeretzi lagun atxilotu zituen -enpresa kontsignatarioen zuzendariak, Sintrabiko sindikalistak eta portuko beste zenbait langile-, ustezko estortsio, legez kontrako elkartze eta bortxaketengatik. 72 orduz polizia-etxean aitorpenak egin ondoren, Madrilgo Entzutegi Gorenaren eskuetara pasa ziren, bilurrak ipinita. Kargurik gabe aske utzi zituzten. Kontua da atxiloketa horiek dagoeneko hamabi urte dituen kontratazio-sistema polemikoari irtenbidea ematen ari zitzaionean gertatu zirela. Gatazka honen atzean negozio erakargarria dago. Edukiontziak mugitzeak soilik urtean 60 milioi euro esan nahi du. Horregatik da kamioilari eta enpresa kontsignatarioen arteko borroka gogorra. Kamioilariek egungo sistema ez dute aldatu nahi, baina enpresa kontsignatarioek bai. Hala ere, negoziazio ateak irekita daude sistema bidezkoagoa eta gardenagoa aurkitzeko. Ertzaintzaren esku-hartzeak ez dirudi zentzuzkoena une honetan. Eta atxilotutako guztiak kargurik gabe aske utzi dituztenean ikusi da zein hutsala izan den. Poliziaren amarru eta barrabaskeria honen arduraduna norbait izango da! Eta jakina da erantzuleak aurkitu behar direla.
Xabier Letona
Aurreikusitako moduan, Iñaki de Juanaren egoera gero eta korapilatsuagoa da jadanik bi hilabeteko langa gainditu duenean. Eta egunetik egunera egoera larrituz doa. Artatzerik zorrotzena izanda ere, heriotz arriskua hor dago une batetik aurrera eta atzeraezinezko ondorioak izateko arriskua gero eta handiagoa da.
Irlandako gose grebetan izandako heriotzak dira ezagunenak, baina Espainian ere Grapoko presoen gose grebak heriotzean bukatu ziren bi kasutan: Kepa Crespo euskal herritarra 1981ean hil zen 90 eguneko gose grebaren ondoren; Jose Manuel Sevillano, aldiz, 1990ean zendu zen, 177 eguneko borrokaren ondoren. Beste zenbait presorekin batera, biak indarrez elikatu zituzten, De Juana bezala.
Ezker abertzalea gogor presionatzen ari da Estatua -baita negoziazio mahaian ere- baina irtenbideak ez dira gehiegi: edo De Juana kaleratzen dute edo espetxean jarraitzen du. Garbiena eta justuena hilaren 27ko epaiketan libre uztea litzateke, baina batetik, 27ra iritsi egin beharko litzateke, eta bestetik, orain arte horren makur jokatu duen Auzitegi Nazionalak 96 urteko zigor eskaeraren gainetik jauzi egin beharko luke. Bistan da bi egoeretan egin beharreko bidea zailtasunez betea dagoela.
Eta De Juanarena larria bada ere, beste preso askoren egoera ere bertsua da justizia irizpideei dagokienez, batez ere Parot doktrina-ren ondorioak jadanik jasan dituztenena eta gaitz larriak dituzten presoena, horien artean Jon Agirreren kasua larrienetakoa.
Espainiako Gobernuak betidanik erabili ditu euskal preso politikoak ETAren aurkako bere politikan, hortarako gizatasunezko printzipio askori uko eginez, eta ez dago arrazoirik hamarkadetan erabili duen irizpide hori -presoak erabiltzearena- orain bazterreratuko duela pentsatzeko.
Eremu judizialean ere erabilera berdintsua gertatzen da. 18/98 auziaren eskandalu juridiko-politikoa hor dago euskal gizartearen gehiengoaren aurrean, baina Estatuaren begietara presio tresna izugarria da. ENAMen aurkako errepresioan emandako jauzi kualitatiboa dira makrosumarioak eta oraingo bake prozesuak kale itsuan bukatzen badu, errepresioak izango duen modulazioaren adierazle dira.
Aznarren garaiak, gainera, zera erakutsi zuen, Estatua nork kudeatzen duenaren arabera, ENAMen aurka jotzearena, abertzaletasuna eta euskal kultura jipoitzeko ere erabil daitekeela. Horren adibide gorenetakoa da hiru urteko instruktzioaren ondoren, jadanik epaiketa hasi aurreko fasera iritsi den Egunkaria auzia. Une politikoaren mugimenduei lotuta, ezin da baztertu auzia ixtea, baina logikoagoa da pentsatzea Estatuak aukera honekin ere jokatu nahi izatea eta tempusak horren arabera erabiltzea, une honetan auziaren hasiera atzeratuz, esate baterako.
Fermin Lazkano Kontseiluko zuzendaritzako kideak Berrian esanak: «Kultura Sailak estrategiarik ez duela dirudi. Beno, bai. Herri mugimenduek sekulako izerdiaz sortutako batzuk hainbat urtetako atzerapenez egitea da beren estrategia. Besteak beste».
Arantxa Iturbek Deian esanak: «Euskarazko komunikabideek baino komunikabideek kezkatzen naute oro har. Ez zait gustatzen 'edozer gauza ikusentzuleak lortzeagatik' politika. Eta euskaraz ari garenok bentaja, morrontza ez delako hain zorrotza. Baina gure ikusentzule hipotetikoak 'edozer gauza ikusentzuleak lortzeagatik' praktikatzen dutenen zakuan murgiltzen dira bete-betean. Hori bai: euskarazko komunikabideen aldeko sinadura bilketan buru-belarri parte hartu ondoren. Honetan hasi nintzenean banuen fedea normaltasun egoera ezagutzekoa. Aspaldi galdu nuen».