Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-08-29 14:59:50
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2006-10-15 -- 2058.zenb

Artista ezezagunak ezagun bihurtzeko

Jon Gonzalo

Xpression kultur elkarteak ezagunak ez diren artistak laguntzen ditu. Musikarientzat kontzertuak antolatzen ditu, eta arte plastikoak lantzen dituztenei erakustokiak aurkitzen dizkie. Jokin Telleria eta Manuel González dira taldearen arduradunak, eta azken hiru urteetan 400 kontzertu baino gehiago antolatu dituzte. Oraindik orain Ardilatxa elkartearekin hitzarmena sinatu dute, eta aurrerantzean elkarlanean ariko dira kultura bultzatzeko ahaleginean.

Usurbilen (Gipuzkoa) dagoen Olarrondoko Jazz kalea aretoa da Xpression elkartearen sorlekua. Orain dela urte batzuk bertan elkartzen ziren astero Jokin Telleria lasartearra eta Manuel González usurbildarra. Elkarrizketa luzeak eta mamitsuak izaten zituzten, eta kultura zen elkarrizketa horien ardatza. Halaber, enpresaritza mundua ere gertutik ezagutzen zuten, biek ala biek enpresaritza ikasketak egin dituzte. 2003an beraien bi afizioak ofizio bihurtzea erabaki zuten, eta horrela sortu zen Xpression kultur elkartea. «Bi dira elkarte honen helburuak: artea jendeari hurbiltzea, eta profesionalak ez diren artistei beraien lanak erakusteko guneak edo plazak aurkitzea. Bi arlo hauetan gabezia handia zegoela somatu genuen, eta gabezia hori konpontzen saiatu gara», azaldu digu Jokin Telleriak.

Bi helburu horiek gauzatzeko antolatu duten azken ekimena Xpression zuzenean kontzertu sorta izan da. Abuztuaren 5ean hasi eta urriaren 7ra bitartean, 17 kontzertu izan dira ostiralero eta larunbatero Donostiako Nuevo Stress tabernan (Reyes Catolicos kalea). «Areto txikietako kontzertuak bultzatu nahi ditugu, kontzertu txikien zirkuitu bat sortzea gustatuko litzaiguke. Helburu horrekin antolatu dugu lehiaketa hau. 17 kontzertu hauetan zuzeneko ikuskizun onena eskaintzen duen taldea izango da irabazlea», adierazi digu Telleriak. Irabazleak 1.000 euroko saria irabaziko du, eta urriaren 20an Donostiako FNAC-en kontzertu eskaintzeko aukera izango du.


Ekimen arrakastatsuak

Hiru urte daramatza Xpression elkarteak kultur ekitaldiak antolatzen, eta dagoeneko proiektu asko gauzatu dituzte. Zarauzko Ikusi arte ekimena izan da arrakastatsuenetako bat. Zarauzko 70 dendetan euskal artisten beste horrenbeste koadro jartzea erabaki zuten. Jokin Telleriaren esanetan, «kultura normalizatzeko oso ideia ona izan zen. Kultura jendeari hurbiltzeko ahalegina egin genuen. Alegia, jendeak ez zuen museo batera joan behar izan koadro bat ikusteko. Horrekin batera, euskal artistei beraien lanak erakusteko plaza bat eskaini genien». Ekimenak arrakasta handia izan zuen, eta dagoeneko beste edizio bat antolatu dute Zarauzko udalarekin elkarlanean.

Bazkalosteko kontzertuak ekimenak ere aipamen berezia merezi du. Orain bi urte Plazaolako partzuergo turistikoarekin jarri ziren harremanetan Telleria eta González, eta Lekunberriko bailarako jatetxeetan kontzertuak antolatzea adostu zuten. Geroztik, Lekunberri inguruko jatetxeetara bazkaltzera joaten denak, bazkari oparoaz gain, musikaz ere gozatzen du. «Jazz, folk, pop... Estilo ezberdinetako kontzertuak antolatzen ditugu, baina beti ere testuinguruaren baldintzetara egokitzen saiatzen gara. Ekimenak oso harrera ona izan du, eta aurrerantzean Oarsoaldean eta Hondarribian gauza bera egiteko asmoa dugu».

Arte zirkuitu bat ere sortu dute Xpression taldekoek. Erakusketak eta kontzertuak antolatu dituzte -400 baino gehiago- Gipuzkoako hainbat taberna eta jatetxeetan. Gipuzkoako 25 herritan eskaini dituzte emanaldiak, besteak beste, Hondarribian, Donostian, Andoainen, Tolosan, Azpeitian eta Idiazabalen. Donostiako Aieteko Jauregia hotela da zirkuitu horren gune garrantzitsu bat. Arte plastikoko erakusketak, bazkalosteko kontzertuak eta bestelako ekitaldiak antolatzen dituzte bertan. Uneotan, Alvaro Ledesma eskulturgilearen lana, eta Rudy margolariaren koadroak daude ikusgai urtea amaitu bitartean. Zizurkilgo Olentzo jatetxean ere gauza bera. Mendiez inguratuta, leku pribilegiatuan dagoen jatetxea da, eta bertako lorategian bost euskal artisten eskulturak ikus daitezke. Jokin Telleriak dioenez, «Gipuzkoan arte zirkuitu bat finkatzea da lehen helburua, eta ondoren zirkuitu hori Euskal Herrira zabaltzea».

Gezurra badirudi ere kultur mundua gustuko dutelako egiten dute lan hau guztia. Ez dute etekin ekonomikorik, ez dute dirurik jasotzen. «Oso harro gaude egindako lanarekin. Oso pozgarria da jakitea guri esker hainbat musikagilek eta beste hainbat artistek beraien lana erakusteko aukera izan dutela. Horrek ikaragarri aberasten gaitu, diruak baino gehiago». Hori bai, beraien ametsa egiten duten lan honengatik guztiagatik etorkizunean soldata bat jasotzea izango litzateke. Nolanahi ere, soldatarekin edo soldatarik gabe, Telleriak eta Gonzálezek buru belarri jarraituko dute lanean.

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan