Gorbeialdeko inguru naturala Arratia eta Nerbioi eskualdeek osatzen dute. Ezaugarri ezberdinak dituzten inguruak izan arren, biak ala biak Gorbeiako eta Urkiolako parke naturalen eremuetan kokatzen dira. Bertan dago Bizkaiko gailurrik altuena ere: Gorbeia (1.481m).
Parke naturalaren barruan, naturaz gozatzeko ibilaldi ugari egin daitezke. Arrabako kargalekura, Atxulaurren Begira, Barazargo basoetara edota Saldropoko hezegunera, besteak beste. Baina parketik at ere badago zer ikusia eta hainbat eratako ibilaldiak egiteko aukera dago. Errotak, elizak, zubiak, karobiak, izoztegiak, dorretxeak, baserriak... ikusiko ditugu bidean. Atsedena hartzeko lekurik ere ez da falta, inguruetan picnic gune anitz aurkituko baititugu. Azpiegitura aldetik ondo hornituak denak ere.
Gorbeiako gurutzeak
Aginaldeko hagina
Industria jarduerarik ez da izan parke naturalaren eremuetan, baina Saldropoko hezegunean, adibidez, zohikatza ustiatzen zuten. Garai bateko zohikaztegia berreskuratzeko ahaleginetan dabiltza gaur egun, batez ere helburu didaktikoarekin.
Fauna ugaria
Mitologiaren iturri
Azken finean, naturak hainbat altxor utzi du inguru hauetan. Dimako Baltzolan, esaterako. Ezagunak dira bertako Jentilzubia eta kobazuloa, eta baita lur azpiko errekak, estalaktitak eta estalagmitak ere. Artzainek, arkeologoek, espeleologoek eta eskalatzaileek bat egin ohi dute bertan. Are gehiago, batzuen arabera, Mikelats, Anbotoko Damaren semea, bertan bizi omen zen. Izan ere, euskal mitologiaren kabi dira Urkiola eta Gorbeia inguruak. Jentilek, sorginek eta laminek eragin handia izan zuten inguruko jendearengan.
Orozkoko Itxinako biotopoan ere badira kobazuloak eta Superlegor da horietan ezagunena. Mariren bizilekuetako bat ei zen. Euskal Herriko leku gutxitan egongo da hemen adina ezkutaleku. Kareharria da nagusi Itxinan eta urak karst egitura ikusgarriak sortu ditu bertan. Atxulaurren begia dugu horren lekuko. Bestelakoa da Saldropoko hezeguneko paisaia edota Arrabako landetakoa, baina horiek bezain aberatsa dugu hau, bai landaredi aldetik eta baita fauna aldetik ere.
Naturak emandakoa asko bada ere, ez da Gorbeialdeko ondare bakarra. Hala, Erdi Arotik gaur egunera arteko eraikin interesgarri ugari batzen dira bertan eta hainbat estilo uztartzen dituen arkitektura multzo inportantea osatzen dute. Bizkaiko garrantzitsuenetakoa, ezbairi gabe. Aipatzekoak dira baserrien museo bihurtu dituzten Zeanuri eta Orozko, eta Areatzako eta Otxandioko hiri historikoak. Eusko Jaurlaritzak monumentu multzo izendatu ditu biak.
- Euskal Nazionalismoaren Museoa (Artea): Hainbat agiri eta material bildu dituzte bertan.
- EKO Museoa (Artea): Nekazal inguruekin eta naturarekin lotutako museoa. Eraikina bera XVI. mendeko baserrien isla dugu. Barruan, etxeko zereginetarako erabili izan diren altzari zein tresnak aurkituko ditugu. Lorategia ere lanabesen museo da.
- Gorbeia Parke Naturaleko Interpretazio Zentroa (Areatza): Areatzako plazan dago Gorbeia Parke Naturaleko Interpretazio Zentroa. Parkearekin lotutako taula interaktiboak eta bestelako materiala dago.
- Orozkoko Museoa: Orozko haraneko garai bateko bizimoduaren berri ematen duen museoa. Informazio turistikoa ere eskaintzen du.
- Euskal Buztingintza Tradizionalaren Museoa (Legutio): Antzinako euskal buztingintzako piezen erakusketa eta XVIII. mendeko labea, monumentu historiko izendatua.
- Toki Alai Interpretazio Zentroa (Abadiño): Urkiolako Parke Naturalari eta parkea zaintzeko egiten diren lanei buruzko zentroa.
- Olabarriko errota (Zeanuri): Errota berritua. Antzinako errotarien jarduera eta hauek erabiltzen zituzten lanabesak erakustea du xede.
- Zamakolako errota (Dima): Baltzolako haitzuloetatik oso hurbil. Zamakolako errotan errotarien lanbide zaharra ezagutzeko aukera du bisitariak.
Bigarrenez antolatuko dute Diman Nazioarteko Eskalada Lehiaketa. Munduko espezialistarik onenetakoak elkartuko dira bertan urriaren 12tik 14ra bitartean. Ez da kasualitatea Diman era horretako eskalada lehiaketa antolatzea. Izan ere, Baltzola ezaguna da eskalatzaileen artean eta asko dira asteburuetan bertara ostera egiten dutenak. Baltzolako kobazuloan, hain zuzen ere, neurtuko dira nazioarteko eskalatzaileak. Bestetik, Dimako frontoian boulder lehiaketa antolatu dute. Umeentzako eskalada ikastaroa eta material azoka ere egingo dituzte.
![]() |
|
||||
2057 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa