«Baina nork dio erromatarrik ez zela egon hemen? Caro Barojak esan zuen: saltus eta ager. Baina hori erromatar idatzietan ez da ageri eta aztarna arkeologikoek justu kontrakoa diote!», ahotsa punttu bat igo eta baieztatzen du, seguru, eskuan pintzela eta aitzur txikia balitu bezala. Teoria hutsalak dira horiek beretzat eta aipatu orduko sutu zaigu: «Zergatik izan behar du saltus basoa? Zergatik ez pasabidea? Esanahi hori ere badu. Saltus eta ager... hori bai dela topiko bat». Plinio zaharrak saltus vasconum deitu zion Oiassori, baina Mertxe Urteagaren ustez horrek ez du hutsa zegoenik esan nahi: «Caro Barojak asmatu zuen ideia hori eta gero denok joan gara atzetik, egia ote den pentsatu gabe» amaitzen du.
Arrazoi du Mertxe Urteagak eta berak bezala, beste ikerlari askok jardun dute lanean topiko horiek behingoaz baztertzeko. Euskaldun mendikoak, inoiz erromatartu eta zibilizatu gabeak... teoria hori gozoki gozoegia da metalen aleazioaren mundu globalari aurre egiteko, egurrezko ezkutu gogorregia, egia izateko. Erromatarrak gure unibertso «saltusiarrean» ere izan ziren, Ravenako mapa anonimoak erakutsi zien iristeko bidea eta bertan utzi zituzten beren urratsak eta zapaten zolak, Oiasso da horren lekuko.
Aztarnak atera eta topikoak lurperatzen
Irungo Santiago kalean kolektore bat sartzeko zangak egiten hasi ziren 1992an, eta orduan ohartu ziren arkeologoak bertan aztarna erromatarrak azaldu zitezkeela. Hiru metroko zangak ireki zituztenean, lokatz artean, Euskal Herriko kostaldean inoiz aurkitu den erromatar garaiko material eta zeramika puska multzo handiena azaldu zen. Baina hori bakarrik ez, lokatza kendu eta kendu, erromatarrek eraikitako egurrezko portu batekin egin zuten topo arkeologoek, kontserbazio egoera paregabean. Hasieran, indusketekin ari zirenean, herritarrek ez zuten ulertzen: «Baina zuek jota zaudete, oraindik ez duzue ikasi hemen ez zela erromatarrik egon?» esaten zieten, aztarnak ateratzeko lanean ari zirela. «Galdera hori gaur egun egiten dute batzuek oraindik, bada imajinatu duela 16 urte» dio Urteagak, eta hasperen txiki batek ahotik ihes egiten dio jarraian: «Momentu zailak izan ziren, baina pentsa, goizean zuloan sartu eta katilu bete zeramika ateratzen genuen, arratsaldean sartu eta berdin... horrek indarra ematen zigun», esaten du Oiassoko Zuzendariak, begiak iraganera itzultzen dituen bitartean. Izan ere, marka guztiak hausteko moduko aztarnak berreskuratu zituzten sasoi hartan Irunen. Datu bat: ordura arte Ama Xantalengo ermitako hil kutxetan azaldutako erromatar garaiko 40 zeramika zati besterik ez zituzten, eta Oiassoko aztarnategitik 14.000 pieza atera dituzte jadanik. «Deskubrimendu horrek nazioarteko sareetan sartzeko aukera eman zigun batez ere», azaltzen du Urteagak baikor.
Pieza txikientzako museo handi bat
Oiasso Museoa irekitzeko prozesua mantso joan da, baina horrek merezi izan du, Fernando San Martinen ustez. Irungo udal kultur arduraduna pozik ageri da museoak ateak ireki dituelako, baina hasieran «bakarrik» zeudela argitzen du. Bere hitzetan, arazoak izan ziren museoaren kontzeptuarekin: «Guk pentsatzen dugu museoa ez dela gauzak gordetzeko leku soil bat, gure ondarea herritarrei erakusteko baizik» dio San Martinek. Hala ere, Estatuko eta EAEko erakundeak proiektuarekin konprometiturik daudela ziurtatu digu irundarrak. Irekierak atzerapen batzuk izan zituen, antza denez, zenbait erakundeen esku zegoen erromatar garaiko ondare arkeologikoa eskuratzeko gestioek luze jo dutelako: «Baina horrek museoa aberasteko balio izan du» dio zinegotziak.
Eguerdia da eta altzifre luze eta estu batzuek zeru urdina zatitzen dute atarian. Irungo Eskola zaharren eraikina dotore ageri da, zuri kolore. Barrura sartu garenean iruditu zaigu denboraren tunel ilun baten ateak ireki dizkigutela; antzinarora bidaiatu dugu, mundu klasikora. Baina ez dugu panteoi handietako harrizko jainkorik ikusi, ezta anfiteatroetako zutabe kolosalik aurkitu. Museo hau ezberdina da, Erromako mikrokosmos barnera eramaten gaitu eta pieza txikiak elkarren ondoan jarrita, teselaz tesela, mosaiko eder bat erakusten digu azkenerako. Karmele Barandiaran Oiassoko gerentea da, eta museoko proiektu ezberdinak martxan jartzeko lanean ari da, «Baina hain gauza txikiak izanda... ez al da erronka handiegia jendea erakartzea?» galdetu diogu kuriositatez. Erantzuna bat-batekoa izan da: «Normalean objektu handien atzean finantzaketa handiagoa izaten da eta marketina egiteko diru gehiago. Baina jendea hobeto identifikatzen da eguneroko objektu txikiekin».
Izan ere, zirrara gorputzean sartzen zaio bati, bi mila urteko egurrezko orrazi leun bati begira dagoenean. Eta hor burura etorri zaigun hurrengo galdera: «Nola demontre kontserbatu da orrazi hori gaur egun arte?». Erantzuna lokatza da.
Papiroak bezala kontserbatu dira
Oiassoko aztarnak
Alabaina, kontserbazio arazoak ez dituzte materia organikoekin bakarrik izan. Duela hamarkada bat Ama Xantalengo eliza ondoan katak -indusketa frogak- egin zituzten, Oiasso museoaren atzealdean hain justu, eta bertan erromatar terma batzuen arrastoak azaldu ziren. Erromatarrek Inperio osora esportatu zuten berotze sistema harrigarri baten ereduari jarraitzen die Irunen aurkituriko termak, hiru gelatan banatuta: caldarium, tepidarium eta frigidarium -azkeneko gela honetan, adreiluz estalitako opus edo zoru aberats bat azaleratu dute gainera-. Baina oraingoz termak ez daude ikusgai, zer pasako da horiekin orduan? «Indusketaren shocka deitzen zaiona gertatu zaigu termekin -dio museoko zuzendariak-, aztarnak lurretik atera eta jendeari erakustean, derrigorrean degradazio prozesu bat jasaten dute» azaltzen du. Momentu honetan termak material berezi batekin daude estalirik, gainean txapazko teilatu bat dutela, baina arkeologoek badakite denbora amaitzen ari dela eta irtenbide bat atera behar diotela egoera horri. Hain zuzen, termak museoarekin bat egiteko proiektuari azaroan ekingo diote eta seguruenik egitura altuago bat eraikiko dute, jendeak aztarnak barrutik ikusi ditzan.
Zilarraren bila, ez latina irakastera
Baina zer topatu zuten erromatarrek gure kostaldean? Eta zer pentsatu zuten euskaldunek oilar itxurako erromatar haiek ikustean? Zaila da jakitea. Badirudi Euskal Herrian bi kultura zeudela garai haietan: batetik harrespil edo mairubaratzen eremua zegoen, Pirinioen inguruan -tribu baskoiaren lurraldearekin bat egiten du honek-, bestetik azken aldian Gipuzkoan aurkitu diren Burdin Aroko herri harresituak dauzkagu. Xabier Peñalver arkeologoak bi mundu horien inguruko hipotesiak plazaratu ditu eta elkarren artean osagarriak izan zitezkeela dio berak, oraindik datu askorik ez dagoen arren.
Dena dela ere, erromatarrak segituan hasi ziren tribu euskaldunekin harremanak izaten eta bertako askok Erromako ohitura hiritarra barneratu zuten. Biek zuten interesa azken finean, eta horren arabera jokatu zuten batzuek eta besteek. Adibidez, K.a. 10. urte inguruan Augustoren menpekoak Bidasoara iritsi zirenean, bertako meatzeak jo zituzten begiz, eta ez zuten denborarik galdu. Horrela, Aiako Harrien inguruan galeria ugari sortu eta zilarra ustiatu zuten, euskaldunen laguntzarekin, Arditurriko galeria ezagunak kasu.
Arkeologia, ondarea eta zinema
Irungo erromatar museoaren beste ekimen bat da Nazioarteko Arkeologia Zinema Jaialdia. Arkitrabe greko eta zutabe etruskoen arte konbentzionaletik zazpigarren artera pasako gara, beste behin, zinematografoaren abiadan. Seigarren edizioa da aurtengoa eta Jaialdia urriaren 17tik 20ra bitartean egingo da Irunen. Historia bitxia du arkeologia zinemaldi honek: Irungo Udalak Arkeolan taldeari hitzaldi ziklo bat prestatzea proposatu zion, baina hitzaldiak beharrean dokumentalak proiektatzea erabaki zuten eta konturatzerako nazioarteko zinemaldi bat egiteko adina pelikula bildu zituzten, Bordele, Brusela edo Atenasen egiten dituzten jaialdien tankerakoa. Dokumentalekin batera pelikula komertzialak ere izaten dira eta aurten Australia, Italia, Txekia eta Frantziatik ekarritako pelikulak izango dira ikusgai besteak beste, baita Hondarribiako harresiei buruzko dokumental bat ere. Bistan da, zinemak atzera begiratzeko gaitasun handia duela, eta hasierako arkeologo darwinisten deskubrimendu zirraragarriak gogorarazi izan dizkigu pantaila handian, erromantizismoz jantzita bada ere.
«Foroa baino, itsasontzi bat azaltzea nahiago genuke»
Museoko arduradunak pozik daude, jendearen erantzuna paregabea izan baita - lehenengo hilabetean 10.000 bisitari izan ditu Oiassok-. Apustu ausart horren zifrak ere ez dira makalak, izan ere, lau milioi euro baino gehiago kosta ditu museoak eta proiektu museografikoak. Edukiak ikerlari talde aditu batek landu ditu -horien artean Javier Arce historialariak-, «hemen ikerketa zientifikoa landu nahi duen edonor kabitzen da», dio Karmele Barandiaran museologoak.
Etorkizunera begira jarrita, denek egiten dute bat iritzi batekin, denek: Irungo kaleetan erromatar aztarna gehiago azalduko dira pixkanaka. Museoan ikusgai dagoen maketak garai bateko Oiasso erakusten digu, ikerlariek ondorioztatu duten hiri hipotetikoa da eta bertan azaltzen dira teatroa, foroa, hilerria... horiek guztiek Irungo Beraun auzoko zoru azpian behar lukete egon. Baina Mertxe Urteagak ez dio hainbeste hiriari begiratzen, portuari baizik: «Behin kaia aurkituta, nik itsasontzi bat nahiko nuke -dio erdi bromatan eta erdi serio-, foroa ere bai noski, baina foro asko daude, eta erromatar garaiko ontzi bat azalduko balitz, zama handi batekin...» egiten du amets arkeologoak. Gure Kantauri, haien Mare Externum, sorpresaz beteriko anfora bat da, eta denborak esango du Ravenako mapa anonimoaren hutsuneak betetzeko gain izango ote garen.
K.a 19. urtean Augusto enperadorea Hispanian izan zen, Kantauriko Guden ondoren Erromako pax-a lurralde osoan ezartzera, propaganda hutsa. Hain zuzen, urte horretatik aurrera hasiko dira erromatarrak euskal kostaldea kolonizatzen, batez ere Aiako Harriko zilarra ustiatzeko eta arrain gatzategiak ezartzeko -cetaria izenez ezagunak-. Vespasiano enperadorearen garaian (K.o 69-79) merkataritzak gorakada nabarmena izan zuen. Oiasso, Burdigala (Bordele) eta Flaviobriga (Castro Urdiales) arteko portu garrantzitsua bihurtu zen, meategietako materiala exportatzeko ezinbestekoa.
Merkataritzaren beherakada K.o III. mendean hasi zen. Inperioak arazo larriak zituen ipar-ekialdeko tribu barbaroen presioa zela medio; gainera, erlijio kristauaren jazarpenak goi politika ezegonkortu zuen (K.o 380 urtean Erromako erlijio ofizial bihurtu zen kristautasuna). K.o 406 urtean, Hispania iparraldeko tribuen menpe erori zen, baina ordurako apenas zegoen erromatar arrastorik Oiasson eta gainerako erromatar kokalekuetan. Marmolezko Antzin Arotik, egurrezko Erdi Arora pasa zen Euskal Herria.
1790 Camino historialariak erromatar garaiko Beraungo aurkikuntza batzuen berri eman zuen.
1961-1984 Higer lurmuturreko itsas hondoan pieza arkeologikoak azaldu ziren, horien artean brontzezko Jainko batzuen irudia.
1972-1982 Ama Xantalen ermitan 106 hilkutxa aurkitu zituzten. Aiako Harriko meategiak katalogatzeari ekin zioten.
1992-1996 Irungo Santiago kalean eta inguruetan erromatar garaiko portua industu zuten eta aztarna ugari aurkitu zituzten bertan.
2006- Beraungo termak industen hasi ziren. Hiru gelatako bainu publikoa azaldu zen lur azpian.
3# | Antonio Alcantara | 2009-10-23 09:32:33
plazaren erdira hor dator dator zezena, izena mikel du goñi abizena kirolariaren itxurik ez du baina berez dauka pelotari sena!!!eskuz indartsua buruz arina, tantoa galtzean hartzen du mina, maldizioz madarikatzen ditu jangoikoa eta amabirjina!!!erou ditu zaleak erotu digu pelota!!!frontoia zutik jartzen du naiz ta txapa azpira bota!!
2# | josu C. | 2007-11-21 00:28:53
mertxe urteagaren lana eta emaria biziki haundia da eta ziuraski haundiago izanen da etorkizunean. Milesker.
Erromatar iturriak ongi aztertu ondoren mertxek erraten duena aise ikus daiteke. Alde batetik "saltus" hiztegian begratuz gero bai "ohiana", bai "pasoa" agertzen zaizkigu. Zalantza guti ba "saltus vasconun eta Oiasso hiria aipatzen delarik, "saltus" hori pasabidea dela eta ez baso menditsua.
Baina ba dira bertzelako aipamenak eta aipatu nahi nituzke:
Hasteko guzion ezaguna den aipamena (Strabo), zeinean erraten da bai galiziarrak,kantauriarrak eta menditar guzien bizimodua berdina dela, vaskoien eremuraino eta pirineoraino,baina erabiltzen den hitza, "mejry" mugatzailea da eta erran nahi du vaskoien bizimodua ezberdina izanen zela,(A.Canto). Halaber idazle berak vaskoiei "etnos" kategoria ematen die ez bertzei.
Bertze aipamen batek dio ba zela galtzada edo bide bat Tarrakotik hasi eta Pompaelon barna itsasaldean bizi ziren vaskoienganaino, Oiassoraino iristen zena, hala irakurri dut nik eta horrela itzuli zuen K. Larrañagak eta bertze batzuek ere, ez ordea Segurak, azken horrek ene ustez gaizki itzuli baitzuen,nahiz eta Oiasso museoan bere itzulpen txar hori paratu duten.
Argi dago ere vaskoien hirien aipamenak usu agertzen direla iturri klasikoetan, ez berriz varduliarrenak,haiendako oppidak (morogi,vesperies....) soilik aipatzen direlarik. Gotorlekuak dira, ez hiriak, baina zergatik gotorleku haiek, norengandik babesteko?, ze, euskaldunak baldin baziren nahiz eta tribu ezberdinetakoak izan iturri klasikoetan ageriko zen hizkuntz berekoak zirela, ala ez.., hain zuzen kontrakoa agertzen da kultura ezberdinekoak zirela, alde batetik barduloak bertze aldetik vaskonak. Hori kuriosoa da,zeren akitaniako jendeaz idazten duelarik erraten du antza gehiago dutela iberiakoekin,bai itxura fisikoaz nola hizkuntzaz ere galoekin baino, azken hoietarik ongi bereiztuz.
Iturri klasiko guziek zalantzarik gabe erraten dute vaskonen eremua Nafarroan behinipein, Ebrotik Pirineoraino zabaltzen zela. Baina zer erran nahi dute aipamen horiekin?.. Akitaniarrak ere Pirineoraino iristen zirela auniztan aipatzen da iturri beretan. Hartu dezagun Prineoen muga bezala uren ixurialdea,kantauriar-mediterraniarra alegia, eta hala vaskonen eremua akituko zen harrespilak edo cromlechak agertzen hasten diren
eremuetan harrespilen muga urxirualdean baitago,beraz vaskonen lurraldeetatik landa,kanpo.Baia akitaniarrek antza ba zuten iberiarrekin, orduan harrespilen eraikitzaileak ez ziren akitaniar kulturakoak edo vaskonak etziren iberiar leinukoak.
Ene ustez ez varduloak,ez caristti ez autigonak, ez harrespilen egileak etziren euskaldunak, inbaditzaileak baizik, indoeuropear leinuetako jendeak,vaskonen eremu zabala inbaditu zutenak,beren "kastroak" eraiki bertako,jatorrizko jendea zapaltzeko,K.A. azken milurtekoaren erdialdean edo lehentxeago hona iritsiak eta boterea hartu eta iturri klasikoek hola aipatuak.
Berdin gertatu zitekeen harrespilen egileekin,ezpaitira vaskonen eremuan kokatzen, berean ezpaita harrespilik aurkitzen eta ari gara aipatzen 10.000 km karratuko eremuaz, ezbairik gabe,vaskonen bizi ziren lurralde zabalaz.
Kerretani leinua aipatzen da Pirineoan berean bizi zela, ez ordea vaskonak ezta akitanoak ere.
Bertze aldetik jakina da egun, euskalkien sorrera "berria" dela, eta aitzineko euskara bakarra batetik bereziko zirela baina ez duela 2.000 urte, geroago baizik.
Hipotesi honen bidez ulertzen ahal da erromatarrak desagertu,autrigonak,caristtii,varduloak desagertu ere eta jatorrizko hizkuntza orduraino zapalduta,baina bertakoen bizitzan egon zena berriz indar haundiz ateratzea.
Gainontzeko hipotesiak ene uste apalean hutsalak dira, begira, harrespilen eremuan bizi zirenak vaskon euskaldunak uste izateak suposatuko luke haiek zabalduko zirela erromatarrak etorri aitzin Ebroraino eta hori ez da inola ere frogatzen ahal,eta euskalkiak erabiltzea hori frogatu nahiez ez dut uste bide ona dela.
Oria ibaiaren aldean dagozten herri gotortuak,harrespilen eremura begira baldin badaude litekena bi inbaditzailen arteko borroka da, gauza da bien mundua,bai kastroena bai harrespilena erromanizazioa baino lehentxeago desagertzen direla.
Azkenik Bizkaiko,Arabako,Ipuzkoako jendea nahiz eta iturri klasikoek autrigoi,caristii,vardulii deitu,erdaldunak zirela ematea ere ez da bide ona, horrek suposatuko lukelako hiru eremu haiek geroago euskaldundu izatea eta hori ere aski zaila da, dakiguna da, soilik Varduliak birpopulatuak izan zirela Nafarrekin eta Bizkaitarrekin,Alfonso II.ren arabera, eta bai nafarrak nola bizkaitarrak jatorrak zirela,bertakoak,naski euskaldunak.
Beraz iturri klasikoek egiten duten bereizketa argia,vaskonen eta bertze leinuen artean,ez dator bat agian izan zen errealitatearekin eta beharbada mendebaldeko hiru tribu hoien aipamenak eginen zituzten indoeuropear dominatzaileen arabera,vaskonei lur zati haundia ekendu zieten gudari indoeuropear haien arabera, eta harrespilen egileen kasuan makurrago oraindik,haietaz aipamenik ezpaita inon aurkitzen,nekez bada izanen ziren vaskonak bertako vaskonak zapaldu zituztenak.
Nola ba ez ziren erromatarren alde paratuko vaskon haiek, iparraldetik,mendebaldetik,hegoaldetik inbadituak aurkitzen ziren haiek? Beharrik ez zutela eremurik haundiena galdu, gero Vaskonia deitua izan zena!.
1# | termak | 2007-03-15 19:35:52
zer da terma?
![]() |
|
||||
2057 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa