Jakoba Errekondo
Al Andalusko Abd al-Rahmân III.a emirra alde batetik eta Nafarroako Antso Gartzes I.a erregea eta Leongo Ordoño II.a erregea bestetik, garaiko Iberiako hiru jauntxo nagusiak, aurrenengoz eta azkenengoz Deierrin topatu omen ziren 920ko uztailaren 26an. Kronista arabiarren esanetan, Muezko bataila hau aise irabazi omen zuten eta bi erregeek, baldin eta bizirik iraun nahi bazuten, Andimendiko sakan eta trokartetako sasitza eta txaratan makina bat harramazkada jasoak izango zituzten.
Borroka haietako paisaia ez da ia aldatu. Andimendiaren hegoaldeko bailara eder honetan ez gara ibili zaharrak eta, ezer galdu gabe, laharraren eta astalarrosaren arantzen heldualdiaren tatuaia gorriak diz-diz daramatzagu besaurretan. Mila urte hauetan etenik gabe egin diren mendi lanak egiten izanak gara, herri-lurretako mendi sail bat garbitu, arteak (Quercus ilex L. ssp. rotundifolia) bakandu eta eraitsitako zuhaitz eta zuhaixkak su-egurretarako moztu eta etxeratu.
Bata bestea elkarren segidan etxe bakoitzak bere txantela, lagun ugari lan berean. jai gisakoa zen larunbata arratsaldekoa basoan. Kontuak eta komeriak, berriak eta zaharrak etengabe zebiltzan belarriz belarri, atsoz ume, umez agure. Garai batean mendi honetako lan nagusia omen zen ikazkintzara joan ziren mingainak. Txondor plaza edo ikazgelatan dirauten ilinti, ikatz eta iduri arrastoak seinale. Arte honen ikatza harri-ikatzaren tankerakoa omen zen, iraupen luzeko txingar oso beroa ematen zuena. Su-egurra ere antzera, su biziari luze eusten diona. Komeriak hauspotuz gozo ibili ohi den amon batek mendiaren bi aldeen arteko aldea ekarri zuen aizkoraren ahora, epaira. Hegoalde egutera artez eta iparralde ospela pagoz andimenditarrek ederki, iraunkorki, mendetan mendia dute ustiatu. Arte trinkoaren su iraunkorra eta ufada motzean erretzen den pagoa, parez pare.
Kontu eta lana, mila urte lehenagoko bataila hura bera genuen euli setoso temosoekin. «Hori dugu hemen txarra» amonaren miztoak, «artadiak eulia hazten du...».
Jabier Agirre
Osakidetzak 50.000 emakume gehiagori zabalduko die bularreko minbizia garaiz detektatzeko martxan jarritako programa. Orain arte 50 urtetik 64 urtera bitarteko emakumeei bideratua zegoen aipatu programa hori, baina aurten adituek 69 urterainoko emakumeak aztertzea erabaki dute.
Programa hori 1995. urtean abiatu zen aurrenekoz, Araban, modu esperimentalean, eta izan zituen emaitza onak ikusirik, EAE osora hedatu zen bi urte geroago. Programa horretan aldizkako berrikuspenak eta proba diagnostiko programatuak egiten zaizkie emakumeei; 50-64 urte bitartekoei orain arte eta aurten hasita 69 urterainokoei. Horrela, 51.324 emakume gehiago izango dira: lehen 205.293 ziren eta orain 256.617.
Programaren helburuak bularreko minbizia goiz detektatzea, eta beraz, tratamendua hasierako faseetan ezartzea dira. Izan ere, gaur egun gaitza senda daiteke, betiere garaiz diagnostikatu eta tratamendua azkar hasiz gero. Emakumeen adina zabaltzearekin arrisku taldea zehaztu eta babestu nahi da, 65 urte baino gehiago dituzten emakumeek izaten baitute bularreko minbizien %30. Halaber, frogatua geratu da programa eraginkorra dela baita 65 urtetik 69ra bitarteko emakumeetan ere.
Adituen gomendioei jarraiki, Osakidetzako zuzendaritzak hainbat ekimen legal abiatu zituen programa 69 urte arteko emakumeetara ere zabaltzeko, eta ekimena 2006ko apirilean onartu zuten. Geroztik, giza baliabideak eta baliabide materialak esleitu dira, eskarian gertatuko den gorakadari erantzun ahal izateko: mamografo berri bat, hiru errebelatzaile, hiru ekografo eta hiru negatoskopio eskuratu dira, eta 15 profesional berri sartuko dira lantaldean (erradiologoak, irudi-teknikariak eta administrariak), programa behar bezala kudeatzeko.
Joxerra Aizpurua
Txorien kantuen zergatia jakin nahian
Gizakion kasuan, hizkuntza ez da senarekin lotzen, ikaskuntzarekin baizik. Txorien kasuan aldiz, orain arte kantua senarekin lotu izan da. AEBetako Duke unibertsitateko Erich Jarvis-ek zuzendutako ikerlari taldeak, ordea, txorien kantua ikaskuntzaren ondorio dela frogatu nahi du.
Horretarako, Zebra txirriskila (Taeniopygia guttata) izeneko txoria erabili dute laborategian eta kantuari lotutako hogeita hamar bat gene aurkitu dituzte. Hauek aurkitu ahal izateko, 4.000 gene inguru arakatu dituzte ADN adierazle baten bidez eta kantatzeko unean hogeita hamaika genetan jarduera hazi eta beste bitan gutxitu egiten dela ikusi dute. Gene horien zeregina oso desberdina da; batzuek proteinak garraiatzen dituzte, beste batzuek komunikazio lanak burutzen dituzte, eta abar.
Dena den, ikertzaileen ustez, orain arte topatutako geneak kantatzeko parte hartzen dutenen zati txiki bat baino ez dira. Hala, Genomikarekin zerikusia duten tresnak erabiliz, ikerketaren hurrengo helburua topatutako hogeita hamahiru geneen eragina zehaztea izango da.
Hego eta Ipar Euskal Herriko ezberdintasun ekologikoak
Euskal Herria osatzen duten lurraldeetan lege desberdinak eta itxuraz kontrajarriak aplikatzen dira antzeko jardueretarako. Oraingoan, bi adibide emango ditugu.
Eusko Jaurlaritzak etxetresna elektriko zaharrak energia gutxiago kontsumitzen duten etxetresna berriekin ordezkatzeko, diru laguntzen sistema ezarri zuen eta dakigunez, etxetresna elektriko ugari aldatu dira. Hego Euskal Herriko biztanleei inbertsioa egitera bultzatzen zaie, beti ere helburua energia aurreztea delarik. Ipar Euskal Herrian eta Frantzian oro har, berriz, zerga berri bat ezarriko da urte honen amaieran etxetresna berria erosten dutenentzat. Zerga horren bidez, etxetresna zaharrak birziklatzeko sistemak hobetu nahi dira. Beraz, kasu honetan «zaborra»ri probetxua atera nahi zaio.
Beste adibidea urarena da. Ipar Euskal Herrian uraren prezioa elektrizitatearen adinakoa da ia eta Hego Euskal Herrian ia-ia «doakoa», nahiz eta dagoeneko Administrazioak iragarri duen ur gastuen kontrolerako politika ezarriko duela.