Mikel Asurmendi
ETAko hiru kidek Aritxulegin egin zuten agerraldia izan dugu abiapuntu: «Hiru txanodunek -eta kale borrokako azken ekintzek- hainbat jenderen adorea apaldu eta auzia konpontzeko esperantzak kolokan jarri dituzte. Nik esperantzari eusten diot ordea. Damoklesen ezpata buru gainean eduki gabe politika egiteko garaia da. Ondoren, bakoitzak adieraz dezala bere iritzia: independentziarena zein bestelakoa bada ere». Gordiar korapiloa laxatzeko unean ote gauden inpresioa azaldu diogu: «Kontuz korapilo gordiarrekin, ordea. Jende askok Alejandro Magnok egin zuena egiteko tentazioa baitu. Hau da, ezpata kolpe batez korapiloa askatzea, zakurra akabatuta amorrua bukatu dela ustea. Eta hori ez da modua, korapiloa gordiarra bada, berau askatzeko konponbideak bilatu behar ditugu. Eta hauek ez dira etorriko indarraren bitartez, eztabaida eta elkar ulertzearen ondorioz baizik», diosku Buen Lacambrak.
Zein da Eusko Legebiltzarreko azken osoko bilkuran Ibarretxe lehendakariak egin zuen hitzaldiaren zure balorazia?
Lehendakariaren diskurtsoa, egin ohi duenez, errepikakorra izan zen. Ibarretxerentzat denbora ez da iragan nonbait: ez du gogoratzen azken hauteskundeetan 140.000 boto galdu zituela eta muzin egiten dio alderdi politikoek adierazi diotenari. Lehendakariak gizarteari dei egin zion. Baina nola egiten da hori? Eredu asanblearioaren bidez? Harreman zuzenaren bidez? Kasurako, gizartea eta alderdiak paraleloan joanez edo gizartea alderdietatik bazter utziaz? Ahotsak-en agiria herri honetan inoiz atxikimendu gehien izan duen akordioa zela esan zuen. Azken urteetan izenpetu den agiri anitzena Ajuria Eneko Ituna izan zela ahaztu zaio Lehendakariari nonbait. Gainera, emakumeek, hasieratik esan zutenez, ez dituzte beren alderdiak ordezkatzen. Egia da, agiriaren zati batekin beren alderdiak ados daudela, gure kasuan zati handi batean, baina ez ehuneko ehunean. Lehendakariak emakumeei keinu bat luzatzeaz gain -ondo dago hori- alderdien mahaira joango den ordezkaritzan emakumeak egon daitezen eskatu zien alderdiei. Lasai egon dadin Lehendakaria, emakumeak mahaian izango baitira bestela ere. Ibarretxe genesira joan zen eta bat-batean garrantzizkoena oraina dela esan zigun, aurrera egiteko borondatea. Lehendakaria errepikakorra da, ez dakigu nora doan edota nora eraman nahi gaituen.
Alderdien mahaia eratu beharra babestu zen osoko bilkuran, prozesua blokeatu dela aipatzen da ordea.
Blokeatua al dago?
Zure ustez?
Ez.
Alderdien mahaia osatzeko zer behar da orduan?
Batasunak eman behar dituen urratsak ematea legaltasunaren barruan egon dadin. Eta guk ez dizkiegu zein diren azaldu behar, ondo baino hobeto ezagutzen dituzte-eta. Alderdien mahaian euskal gizartea ordezkatzen duten guztiek egon behar dute, zalantzarik gabe. Gehiago edo gutxiago gustatu, ezker abertzaleak -edo Batasunak kasuon- herritar asko ordezkatzen du -PPk ordezkatzen duen bezalaxe-. Eta ez badaude zerbait eskas izango da.
Batasunaren eta alderdi sozialistaren artean aurreakordioak zeudela diote eurek, eta ez direla bete. Agenda politiko eta tempoaren jokoa tarteko.
Akordioak zeudela edo ote zeuden? Baldin baziren, dioten bezala, zergatik ez da akordioetan aurreratu agenda hipotetiko horren arabera alderdi legala izan dadin? Hori da bete beharreko baldintza alderdien mahaia osatzeko.
Agenda eta tempoa Zapatero presidenteak markatzen dituela esaten da.
Agenda ez du bakarrik Gobernuko presidenteak markatzen. Gutxienez, bi parte daude -eta hedabideek diotenari kasu egitera- ez badira kontaktu ofizialak izan ETA ez dagoelako biltzeko prest da. Inork ez dezala pentsa agenda markatzen dela hauteskundeen arabera. Zapaterok bere agenda dauka, baina ETAk eta ezker abertzaleak ere bai berea. Azkenaldion, Batasunekoek diotenez, Espainiako Gobernuak bere konpromisoak ez ditu bete. Eurek ez dute betetzeko konpromisorik? Eurek ere izango dute zer bete, ezta? Guk ere geureak, jakina, baina eurek ere bai.
Ez da hauteskundeetara begira arazo soila, beraz.
Ez. Nik EAEko udal eta foru hauteskundeei begira neure teoria daukat, besterik da Nafarroakoa. EAEn, ez Permach ez Otegi ez Usabiaga jaunak ez dira hautagai bezala aurkeztuko -nahiz Batasunak marka legala izan- diputatu edo alkate izateko. Nire inpresioa da ez dutela horrenbesteko presarik. Berauek hauteskunde autonomikoetara aurkezteko agendaz ari dira jokatzen. Hemen denok jokatzen dute edo dugu agenda eta tempoarekin. Abuztuaren lehen hamabostaldian Batasunaren prentsaurreko gehienak Barrena jaunak eman zituen, baita bat edo beste Permach jaunak ere. Barrenaren diskurtsoa Otegik erabil zuenarekiko ezberdina izan zen, ez erradikalki ezberdina, baina ezberdina. Udan hainbat udalerritan bilerak izan direla jakin dugu eta Batasuneko buruzagiek ezin izan dituztela beren asmoak aurrera eraman ahal izan. Horrek ekarri du prozesuan atzerapena. Agian ez zituzten egin beharreko guztiak garaiz egin. Izan ere, oinarriekin pedagogia egitea ez da samurra, 30 urtez sozialistak etsaiak direla esatetik -ez dira egurtu behar, ez egoitzak erre...- arerioak izatera pasa direla esatea ez da erraza izango, oso distiratsu den zerbaiten truk ez bada behintzat. Lortu daitekeen hori, ordea, alderdien mahaian eztabaidatuko da lehenik eta gero Legebiltzarrean.
Barrena, Permach eta Otegi aipatu dituzu. Otegi ezberdintzen duzula ulertu dezakegu?
Ez. Nire konstatazioa ez dago ezeren gainean oinarritua. Baina sozialistekiko eszenifikazioan behintzat, diskurtso gogorrena, beste alderdiei errua botatzea, batez ere Barrena eta Permach jaunek egiten dute, ez horrenbeste Otegi jaunak. Otegi jaunak esperantzari leihoak irekitzen dizkio. Eta ez dut esan nahi Batasuneko buruzagiek irizpide ezberdinak dituztenik, batzuek bestetzuek baino diskurtso moderatuagoak darabiltzatela baizik.
Alderdi abertzaleen ustez, mahaia ez bada eratu sozialistek erabakitzeko subjektua zein den garbi ez dutelako da.
Alderdi sozialistak oso garbi du zein den subjektu politikoa, garbi ez duena EAJren parte bat da, gutxienez. EAJren zein parteri galdetu beharko litzaioke? Ibarretxe Lehendakariari, Egibarri ala EBBko presidente Imaz jaunari? Nik Imazen ardura bereizten dut, zuzen eta zentzuz jokatzen ari baita.
Horretan sartu gabe, erabaki subjektua zein den...
Guk -oraingo eskuduntzaren arabera- garbi dugu zein den erabakitzeko subjektua, egungoa eta etorkizunekoa ere bai, Euskal Herrian [EAEz ari da] bizi diren herritarrak dira subjektua. Eta gure eskuduntza ez diren esparruan, batzuetan Madrilgo Kongresuko diputatuak beste batzuetan Europako Parlamentuko ordezkariak izango dira subjektuak.
Demagun eta argitzeko EAEn alderdien mahaia eratzen dela, eta alderdiek erabakitakoa herritarrek berresten edo ezesten dutela...
Abertzaleek Euskal Herriko herritarrek denetan eta denari buruz erabaki dezaketela diote eta guk horretan ez dugu bat egiten haiekin. Gure ustez badaude erabaki dezakegun gauza asko, eta aurrerantzean akordio batzuetara iristen bagara gauza gehiagotan erabaki ahal izango dugu, baina beste gauza batzuetan ezin dezakegu erabaki. Erabaki dezakegun horretan ez dugu arazorik herritarrei galde egiteko, bistan da. Hori izan da beti gure praktika gainera. Baina guk ezin duguna da, adibidez, Nafarroako nahiz Iparraldeko herritarrek nahi dutena erabaki.
Haiek erabakitzeko subjektu ere izan daitezke, hala ere.
Bai. Jakina.
Daniel Udalaitz
Aurreikusitakoa betetzen bada, azaroaren 1etik 3ra Vienan (Austrian) Nazioarteko Sindikatu Konfederazio berriaren Fundazio Biltzarra egingo da. Sindikatu berri horrek mundu osoko sindikatuak barne izango ditu, baita Euskal Herrikoak ere. Horiek milaka langile ordezkatzen dituzte. Sindikatu berria sortu aurretik, LMKren eta SAENKren desegite biltzar bana egingo dira, biak urriaren 31n, Vienan.
Nazioarteko Sindikatu berria sortzeko lanean aritu diren bi sindikatuez gain, beste hainbat erakunderen ahalegina aipatu behar. Erakunde horiek Kontaktu Taldea izenekoan bildu dira eta LMK eta SAENKrekin ez dute zerikusirik.
Gogoan izan behar dugu ELA LMK-ko kide dela 1933tik eta SAENK-ko kide sortzaile 1949tik. Sindikatu abertzalea -ikus Landeia, 2006ko martxoa/apirila- hasieratik agertu da prozesu horren alde, «mugimendu internazionalak bizirauteko batasuna premiazko duela» ulertzen baitu. Halaber, oso baikortzat jo du, «prozesu honi eman nahi izan zaion izaera irekia, konfederazio demokratiko eta burujabe guztiei internazional berriaren parte izateko aukera emanez».
LAB beste internazional bateko kide da, Mundu Sindikatu Federazioa (MSF), eta ez dago prozesu horretan. Sindikatuko arduradunek adierazi digutenez, MSFren planteamendu sindikal, ekonomiko eta politikoak LMK-SAENKrengandik oso desberdinak dira.
Orain arte, LMK eta SAENK izan dira munduko nazioarteko bi sindikatu konfederazio garrantzitsuenak. Euren artean tira-birak izan diren arren, batasunaren ordua iritsi da, aurreko biak desegin eta sindikatu berri bat sortuz.
LMK, zaharrena
Munduko sindikatu mugimendua da, 116 herrialdeetako langileen 144 erakunde burujabe eta demokratikok parte hartzen dute. Sindikatu abertzaleetatik ELA baino ez da, 1933tik, internazional horren kide. Espainiakoetatik, CCOO, UGT eta USO ere kide izan dira. Egoitza Bruselan du eta gutxi gorabehera 26 milioi bazkide ditu. 1920an sortu zen CISC izenarekin. LMK dagoen nazioarteko sindikaturik zaharrena da. Balore humanista, solidario, etiko eta moralak dituela dio, eta mundu osoko langileen interesen alde agertzen dela. Elkarte askatasun osoaren alde dago, baita sindikatuen burujabetasun eta aniztasunaren alde ere. Sindikatuak gobernu, elkarte politiko, indar ekonomiko eta erlijiotik askea dela ziurtatzen du. Estatuetatik aske diren sindikatuak baino ez ditu onartzen kideko. Munduko Gizarte Foroaren nazioarteko Kontseiluko kide da. LMK langileen ordezkaria da Nazio Batuen, eskualdeko batzordeen eta bere agentzia espezializatuen aurrean. Lehen mailako aholku emailea da LANEren (Lanaren Nazioarteko Erakundearen) aurrean, Nazio Batuen Batzorde Ekonomiko eta Sozialaren aurrean, batez ere, Giza Eskubideen Batzordean eta Nazioarteko Enpresei buruzko Batzordean, eta beste nazioarteko erakundeetan.
SAENK, jendetsuena
SAENK da bazkide gehien duena. 1949an sortu zen eta 236 erakunde ditu bost kontinenteetako 154 herrialde eta lurraldeetan. Guztira 155 milioi bazkide ditu, %40 emakumezkoak. Sindikatu abertzaleetatik, ELA baino ez da kide eta sortu zenetik bertatik, 1949an, kide sortzailea da. CCOO eta UGT, eta Frantziako Estatuko beren homonimoak ere, sindikatu honen kide dira. Eskualdeko hiru erakunde nagusi ditu: ORAP Asia eta Pazifikorako, ORAF Afrikarako eta ORIT Ameriketarako. Sindikatuen Europar Konfederazioarekin (SEK) hertsiki lotua dago. Lanaren Mundu Konfederazioarekin (LMK) estuki egiten du lan. Nazio Batuen Batzorde ekonomiko eta sozialaren aholku emailea da eta baita beste erakunde espezializatuena ere; hala nola, UNESCO, FAO eta abar. Nazioarteko Moneta Funtsarekin (NMF), Munduko Bankuarekin (MB) eta Munduko Merkataritza Erakundearekin (MME) erlazioak ditu. Genevan, New Yorken eta Washingtonen ditu egoitzak. Bere jarduna bost puntu hauetara zuzentzen du: lana eta nazioarteko lan arauak; multinazionalen aurkako erasoa; sindikatu eskubideak; berdintasuna, emakumeak, arraza, etorkinak; antolaketa eta sindikatu kide berriak egitea.
Itsaso Ibarra
ekarritako arbelak dituzte paretean, mahaiak eta aulkiak gurasoek egin dituzte eta sarrerako loreak bakarrik ureztatzen dira leiho hautsitik erortzen zaien urari esker. DBH legeztatu gabe izateak beraien poltsikotik guztia ordaintzera behartu ditu. Orain, poltsikoa ia hutsik, duten zorra ordaintzeko guztien laguntza behar dute. Horixe izango da Nafarroa Oinezeko helburua, zorrak kitatzea.
guztia irakurri