Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-23 16:45:52
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2006-10-08 -- 2057.zenb

Gorka Moreno Márquez

Hikikomori hitzak «gizartetik at» esan nahi du eta bere etxean -bere logeletan hobe esanda-, guztiz isolaturik bizi diren gazteak dira hikikomori-ak; eta isolamenduari buruz hitz egiten da euren harreman sozial guzti-guztiak erabat desagertzen direlako, gurasoekikoa ere. Muturreko adibidea eman badezake ere, hikikomori asko jateko ere ez dira bere gelatik ateratzen eta gurasoek janaria ate ondoan utzi eta senide guztiak lotan daudenean atea ireki eta janaria hartzen dute, espetxe edo zulo bateko presoak izango bailira bezala; era berean, garbitasunari buruzko gutxieneko arauak guztiz desagertzen dira gazte hauentzat. Prozesu hau askotan urteetan zehar luzatzen da. Beldurrezko pelikula ote? Ba benetan, are gehiago milioitik gora hikikomori daudela aipatzen badugu -gazte japoniarren %10, gehienak mutilak-.

Baina, zergatik gertatzen da hau? Egia esateko erantzun samurrik ez dago, hala ere aspektu batzuk azpimarratu daitezke. Lehenik eta behin, fenomeno hau oso lotuta dago eskolan jasandako porrotekin. Japonian hezkuntza sistema oso lehiakorra da, gazteei asko eskatzen zaie eta unibertsitatera sartzeko azterketa ez gainditzea, adibidez, norbanakoaren frakasotzat jotzen da. Horrela bada, gizarte eta kultur japoniarrak eskatzen duten rol sozialak betetzen ez dituzten gazteen erantzuna askotan isolatze soziala izaten da. Ildo berean, asko eskatzen zaie gazteei, baina gero eskaintzen zaiena sarritan desenplegua edota enplegu guztiz prekarioak izaten dira. Azken finean, «etorkizunik gabeko etorkizunaren» aurreko erantzuna izaten da.

Eta noski, hikikomori-ei buruzko azalpena eman ondoren erantzun beharreko galdera guztion buruan dago: Ba ote euskal edota europar hikikomori-rik? Argi dago baietz esatea arduragabekeriaz jokatzea izango litzatekeela. Orain arte Japonian soilik hedatu den fenomenoa da eta bertako kultura zein ezaugarri sozialek ahalbidetu eta bultzatu duten gertaera da. Hala ere, fenomeno honen muinean kokatzen diren hainbat disfuntzio sozial gure artean ere ikus daitezke eta gure inguruari begiratzea baino ez dago. Denok ezagutzen ditugu hikikomori-en zenbait ezaugarri erakusten dituzten lagunak: etxetik ez ateratzea, ordenagailuaren edo Play Station-aren aurrean egun osoa pasatzea, egunez lo eta gauez Interneten ibiltzea, harreman sozialak izateko zailtasunak dituztenak, eta abar... Honek guztiak gure gizarte eredu postmoderno-kapitalistari buruzko gogoeta bultzatu beharko luke; honek harreman sozialen berreraikuntzara eramaten gaituelarik zuzen-zuzenean.

Urtzi Urrutikoetxea

Badakigu euskal herritar guztiak ez direla euskaldun. Baina euskaldun guztiak euskal herritar ote? Euskal Herriko biztanle gehienak ziur aski jatorri euskalduneko erdaldunak dira. Ez ditzagun ahaztu halaber, gaurko milaka euskaldunek ez dute arbaso euskaldunik.

50-60etako inmigrazioa antolatzeko aukera gutxi egon zen, oraindik ere mesprezuzko berba asko dago, euskararen galeran izandako eragina herri gutxi batzuetara mugatu arren. Inmigrazio berri honek badakartza aukerak. Latinoamerikarren salbuespenarekin agian, hizkuntza ikasteko prest datoz, hala behar izanez gero. Baina euskara «behartzea»ren konplexua daukagu. Alde gizatiarretik batetik -horren larri irudikatzen dugun pertsona zelan behartu, geuk ere ondo dakigun bezala, ezertarako beharrezko ez den hizkuntza ikastera?- eta hipokresia ere badagoela jakitun bestetik: orain arte hainbat eta hainbat abertzaleri, senideri, laguni, «barkatu» diogun kontraesana, zelan behartu heldu berriari? Integrazio-tresna aipa genezake, espainiarrek eta beste herri askok argi daukaten moduan. Leku askotan naziotasuna hartzeko beharrezko izaten da hizkuntza jakitea. Baina herri honetako gehienak polito «integratuta» bizi dira euskararen inolako beharrik gabe, euskaldunak ikusezinak bagina legez. Badakite aski dutela erdaraz bizitzea. Makurtuko gara eurenera.

Alde espainolistek sarri salatu dute dirutza xahutu izana oso emaitza urriak lortzeko, eta onartu beharko diegu ez dabiltzala okerregi. Alderantzizko froga egin dezagun osterantzean: emandako urratsekin jarraituz gero noizko Euskal Herri euskalduna (barkatu, gaur ez da politikoki zuzena, erabil dezagun terminologia ofiziala, beraz: noizko hizkuntza ofizialetan -gutxienez- elebidun den Euskal Herria?). Argi dago: inoiz ez. Onar dezagun badagoela biztanleriaren zati bat inoiz ez dena euskaldunduko, baina noizko gainontzekoa? Esan hamar, hogei, berrogei urte, baina jarri epeak, eta bideak eta betebeharrak.

Etorkinak ditugu horretarako jarrera malguena daukatenak. «Euskaldun» nozioari ondorio politikoa ematea. Euskal herritar oro euskalduna ez dela onartuta ere, euskara «behartu» gabe ere, saritu euskararen ezagutza, horretarako modurik errazenean: euskaldun orok euskal herritar izateko eskubidea aitortuta. Ondorio guztiekin, noski, paperak, lan-eskubidea eta abar, edozein europarrek dituen eskubideak aitortuta. Labur-labur: euskaraz dakienak automatikoki baditu paperak. Euskalduntzen dena euskal herritarra dela aitortzea baino ez da. Eta kito euskararen inposaketaren, hizkuntzaren zailtasunaren eta antzeko aitzakiak. Orduan bai Euskal Herri euskaldun eta koloreanitza. Baina, noski, horretarako euskal herritartasuna badela onartu beharko da aurrez.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan