Onintza Irureta
Eremu mistoan errotulazioak ele bitan
Irailaren 27an inauguratu zuen Nafarroako Gobernuak Bideko Autobia (Iruñea-Viana zatia) eta bide seinale guztiak gaztelaniaz jarri ditu. Hurrengo egunean, irailaren 28an, jakinarazi zuen euskararen erabilerari buruzko jarduera plan berria egingo duela. Planaren hainbat atal aurreratu du: eremu mistoan errotulazioa ele bitan izango da, izen ofiziala ele bitan duten herrietan. Irizpide hori, kartel berrietan eta kartelak berritu behar direnean aplikatuko da. Iulen Urbiola Euskara Kultur Elkargoko zuzendariak azaldu du espero duela «hauteskundeen harira presaka hartutako erabakia ez izatea».
Euskaltegietako ikasle kopuruak gora egin du
Urriaren 2an hasi den EAEko euskaltegietako ikasturtean, 40.000 ikasletik gora ariko dira euskara ikasten edo euskara hobetzen. Iaz 39.494 ikasle aritu ziren. Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu Miren Azkaratek eta euskaltegietako ordezkariek joan den astean egindako aurkezpenean adierazi zutenez, azken hiru urteetan ikasle kopurua etengabe hazi da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.
Biblia euskaraz sarean
Esloveniako Bibli Elkarteak Bibliaren testuak sarean jarri ditu eslovenieraz, ingelesez, frantsesez, nederlanderaz, espainieraz, katalanez eta euskaraz. Hizkuntza bakoitzean onartuta dauden Bibliaren bertsioak jaso ditu
Biblija.net web gunean. Euskarazkoa Elizen Arteko Biblia da. Erreferentziaren edota testu librearen araberako bilaketa egiteko aukera ematen du web guneak.
Euskara-Alemana hiztegia
Elkar argitaletxeak Euskara-Alemana/Alemana-Euskara hiztegia plazaratu du. Elena Martinez Rubio bilbotarrak egin du eta 32.000 sarreratik gora ditu.
Juan Mari Arregi
Energia sektorea Espainiako Estatuan aztoratuta dabil. Aurreko astean Accionak Endesaren %10 erosi zuen eta ACS-k Iberdrolaren %10. Euskal Herriarekin zerikusi handia duten enpresak ere sektore honetan daude: Iberdrola, Bilbon gizarte-egoitza duena; Acciona eraikuntza-enpresa -Nafarroako EHN enpresa bereganatu zuen energia eolikoaren buru eginez-; BBVA eta BBK finantza entitateak, euskal enpresa elektrikoaren akziodunak. Zer ari da gertatzen energia sektorean? Hau guztia, batez ere, ahalik eta salerosketa gehienak lortzeko borroka da. Ez da kasualitatea Acciona eta ACS, bi eraikitzaile garrantzitsu, -horien atzean espainiar eskuineko familia handiak daude- izatea borroka horren eragile nagusiak. Eraikuntzan boteretsuak dira, negozioa dibertsifikatu nahi dute eta fusioak eragin, konpetentzia ezabatzeko. Eragiketa horiek «Espainiako enpresa» atzerriko (E.ON) erasoengandik babesteko direla pentsatzen duenik baldin bada, oker dabil. Ondasunak ez du aberririk. Ondasunak irabazi gehiago nahi du eta gainbalio gehien bilatzen duenera doa. Beharko balitz, orain erosten duena beste atzerritar bati salduko lioke. Eta enpresa elektrikoen atzean banku handia ere badago, akzioduna denez eta eragiketa horiek finantzatzen dituenez, «probetxua» ateratzen duena. Galde diezaiotela, batez ere, Botinen Bankuari eta BBVAri. Betiko moduan, eragiketa horietatik kanpo egonda ere, horien kostuak kontsumitzaileek jarraituko dute ordaintzen, tarifen bidez.
Xabier Letona
Ekainaren 29an Jose Luis Rodriguez Zapaterok «euskal herritarren eskubideak begirunez» hartuko zituela esan zuenean zer esan nahi zuen benetan? Zer esan nahi zuen «vascos» hitzak? Bistan da modu desberdinean uler litekeela, anbiguetatea deitzen zaio horri. Arazo handien aurrean iritzi desberdinekoen artean aurrera egiteko teknika
gisa erabiltzen da. Bi ahoko labana da, ordea, eta Zapateroren adierazpenera itzulita, iritzi publikoak nahi zuena interpreta zezakeen, baina adierazpena probokatu zuten eragileek -PSOEk eta Batasunak- argi izan behar zuten biek esanahi berberen gainean ari zirela. Bestela jai.
Eta Batasuneko iturrien arabera, Zapateroren adierazpenaren aurretik argi adostua zegoen «vascos» horrek Hego Euskal Herriko herritarrei egiten ziela erreferentzia. Hau da, ezker abertzalean PSOEk iruzur egin duela barneratua dago, azken bospasei urteetan Batasuna eta PSEren artean izan diren elkarrizketen ondoren, gatazka gainditzeko korapiloa Hego Euskal Herriaren -edo EAE eta Nafarroako Foru Komunitatea- erabaki eskubidean dagoela sarri hitz eginda zegoelako, eta hain zuzen ere bake prozesuaren ardatza hori zela adostua zegoelako. Ez zegoen adostua korapilo hori nola askatu -hortaz asko hitz egin bada ere-, hori normalizazio politikoa bideratzeko eratu beharreko mahaian askatuko zen, baina bai hori zela muina.
Hortik dator, beraz, ENAMetik adierazten den blokeoaren ardatza, eta blokeoa bera, arlo desberdinetan ikus badaiteke ere, Espainiako Gobernuak batez ere alderdien mahaiaren eraketara eraman du. Martxoaren 22tik ikusi zen ez zela erraza izango ETA-Gobernua mahai 'teknikoa' eta alderdien mahaia era bat paralelo joatea, baina denboran nahiko batera joan behar zutela ulertu zen. Negoziazio teknikoaren -bakea presoen truke- beldur, ezker abertzaleak mahai biak denboran banatzeko ahalegina ikusi du eta egoeraren larriaz ohartarazi du gizartea.
Eragile politiko nagusiak -EAJ, Batasuna eta PSOE- krisi egoeraz jabetu eta negoziazio lasterketa zorrotzean ari dira, prozesua berbideratu nahian. Zantzu positiboak badira, baina denak adierazten du urria giltzarri izango dela alderdien mahaiaren eraketarako eta honen zereginen aurre akordio bat zehazteko edo ez. Mahaia EAEkoa baino izan ez dadin saihestu nahi du Batasunak eta ikusi beharko da zein formula erabiltzen den hori gainditzeko; mahaiaren definizioan alderdien izaera beste edozein izaeraren gainetik azpimarratzearena izan daiteke formuletako bat.
Urria oso garrantzitsua da, besteak beste, hilaren 25ean Europako Legebiltzarrean Euskal Herriaz hitz egingo delako eta 27an Iñaki de Juana epaituko dutelako, epaiketara joateko moduan badago, jakina.
Iñaki Lasa Kontseiluko ildo politiko-instituzionalaren arduradunak
Berrian esanak: «(...) Sindikatu eta enpresariekin sinatutako akordioek aipaturiko hutsak egiten dituzte, berriro ere. Lan mundua euskalduntzeko programa desberdinak dituen plan estrategikoa aurkeztu beharrean, Lanhitz izeneko programa soila aurkeztu digute, deskontestualizatua ageri zaigu, helburu eta epe estrategikorik gabea gainera. (...) Lan munduaren euskalduntzeko erronkaren tamainak eragile guztien parte hartzea eskatzen duelako, uste osokoak gara eta benetan tristeziaz ikusi dugu berriro ere eragile garrantzitsu bat kanpoan gelditu dela. Euskalgintzaz ari naiz. Kontseiluak sustatutako Bai Euskarari Ziurtagiriak normalizazio prozesuak bermatzen ditu 1.300 gizarte eragileren kasuan, enpresa askok eta askok dute Bai Euskarari Ziurtagiria eta, hala ere, ez da harremanik egon esperientzia horretaz baliatzeko, gutxienez».
Fernando Tapiak Europako Hizkuntzen Egunean
gipuzkoaeuskara.net-en esanak: «Europar estatuak oso prest agertzen dira beren baitako hizkuntza ætxikieiÆ horrelako diskurtsoak egiteko. Baina, ai!, frantsesa edo ingelesa edo italiera edo alemana edo espainieraren artean bakarra hautatu behar dela aipatu ere egiten denean: orduan ez du handikien diskurtsoak balio! Eta izan al daiteke egiaz besterentzako, norberarentzat nahi ez den diskurtsorik?».
Patxi Azpillagak Berrian esanak: «Hamaika Telebista Hedatzeko Taldearen aurkezpenak sentsazio ezberdinak sortarazi dizkit. Poza lehenengo, hain penagarria baita euskararen egoera tokiko telebistetan ezen euskaratik abiatuta jarduteko asmoa erakusten duen edozein eragileren agerpena albiste ona baita. Harridura gero, bitxia, oso bitxia egin baitzait hor gauzatu den enpresa arteko aliantza eta batzuen jokabide aldaketa. Eta azkenik, kezka bat ere bai enpresa ikuspegiaren nagusitzeak komunikazio lokalaren etorkizuneko garapenean izan dezakeen eraginaren inguruan».