Astekaria

 Bestelakoak 

WMH

Imanol Alvarez

Imanol Alvarez


2056. alea
2006-10-01
alde 0    kontra 0

WMH: White, male, heterosexual. Zuria, gizona, heterosexuala. Horixe da gaur egun saritzen den ezaugarri multzoa. Konbinazio horretatik ateratzen den edozeinek bazterketa pairatzeko arriskua du.

Emakumeek, gizon ez izateagatik, diskriminazioa jasaten dute nonahi -ez dugu Kabul edo Hondarribiara joan behar-, EAEn bezala, berdintasun-legeak egon arren. Berdin antzera esan genezake azal zurikoa ez den edonori buruz.

Munduan barna, heterosexualitate hutsaren mugetatik kanpo ibiltzea ere oso arriskutsu suerta daitekeela agerikoa da, nahiz eta, estatu espainolean bezala, sexu berekoak ezkontzea baimentzen duten legeak egon.

Aipaturiko hiru ezaugarriotako bakoitzagatik izaten da bazterketa. Bi edo hiru elkartuz gero, arazoa biderkatu egiten da.

Hala eta guztiz ere, nire ustez, WMH hirukotearen asmatzaileei burutik pasatuko ere ez zitzaizkien gizaki batzuk daude: trans direlako guztiak, alegia. Trans. Transexual, transgenero, tra(ns)besti, transformista...

Egun lehenengo biez hitz egiten da gehienbat, batez ere Madrilgo parlamentuan egingo omen den lege berria dela eta. Beste biak pitin bat mugaturik gelditu dira, bata fetitxismoaren mundura eta bestea ia desagerturik dagoen kabaretarenera.

Transgenero edo transexualen status erregistrala arautuko duen legea aipatu dugula, zertxobait komentatu nahiko nuke, labur bada ere. Lehenengo eta behin, gizakion, guztion, eskubideak bermatze bidean eginiko edozein aurrerapauso ongi etorria dela, jakina.

Azpimarragarria da, gainera, transgeneroen aspaldiko errebindikazio bat kontuan hartua izan dela: norberaren itxura eta bizimoduarekin bat datorren izena jarri eta sexu aipamena aldatu ahal izatea agiri ofizialetan, ebakuntza kirurgikorik egitera behartuta egon barik.

Alderdi negatiborik ere badago laster izango ei dugun lege berrian: momentuz ez dela onartua izango genero berrasignazio-ebakuntza doan, estatu osoko osasun zerbitzu publikoan.

1983. urtean Gay Hotsa aldizkarian eta geroxeago Egin egunkarian argitaratu nuen artikulu batean, ustezko transexualitate kasu gehienen atzean rolen arteko gatazka dagoela nioen. Agian gehiegi esatea litzateke, baina gero eta argiago daukat funts-funtsean arrazoi neukala, zeren konbentzituta bainago mundu honetan dena modu bipolarrean (andre/gizon, maskulino/femenino, homo/hetero, aktibo/pasibo...) antolatuko ez bagenu, askoz estuasun gutxiagoz biziko ginatekeela.

Zuriaz eta beltzaz gain, beste kolore asko daude bizitzan, tartean gris oso gama handia. Zergatik mugatu, bada, bitara? Agian, erregistroan sexu-aipamena aldatu ahal izateko eskatu beharrean, sexu-aipamenik ez egitea aldarrikatu beharko genuke. Ziur aski libreago sentituko ginateke.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
azala  
azala2055
 
azala2054

2056 zenbakia.
2006ko urriaren 01a


   

Babeslea

Irizarren webgunera joan
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza