Krokodiloekin borrokan ari den abentura zalearen istorioa nahiz itsasoan hondoratzen den autoaren pasadizoa Euskal Herriko platoetan filmatzea posible izango da etorkizunean. Izan ere, Oiartzungo (Gipuzkoa) Zinealdea proiektuaren baitan, lur azpian bost metro barneratzen den eta hainbat zatitan kristalez inguratua egongo den igerilekua egin nahi dute, barruan gertatzen dena kamerek kanpotik jaso ahal izateko. 800 metro koadroko platoan eraikiko dute igerilekua eta ondoan 1.600 metro koadroko beste plato handiagoa ipiniko dute, 16 metro inguruko altuerarekin. Hau hutsik egongo da eta filmatzera hurbiltzen direnen imajinazioak irudikatutako edozein egitura arkitektoniko hartzeko gauza izango da. Hori dio behintzat Kike Santiago Zinealdeako arduradunak.
Egitasmoa ofizialki 2000. urteko otsailean aurkeztu zuten, baina ekimena asko atzeratu da, Administrazioak zailtasun ugari jarri dizkielako, Santiagoren hitzetan. Azkenean, ez da diru publikorik erabiliko eta 72 milioi euro inguruko inbertsioa egin beharko dute, baina ez omen da apustu arriskatua, Oiartzungo lurretan kokatuko diren enpresek lurra erosi edo alokatu beharko baitute eta jada inbertsioa amortizatzeko behar adina enpresa dituztela ziurtatu du Santiagok. Abendurako aurreproiektua bukatua egotea eta eraikitzen hastea da asmoa. Hala bada, laster fikziozko saioak edo filmak egiteko behar den guztia Zinealdean bertan egongo da, aipaturiko bi platoen inguruan: argiztapen eta kamera enpresak, zurgindegia, makillaje eta ile-apaindegia, jantzitegia, ekoizpen bulegoak, produkzio ondokoa, dekoratu tailerrak... Guztira, 15 enpresa inguru. Film Commission propioa, prestakuntza zentroa eta zine edo ikus-entzunezko eskola sortzea ere proiektuaren baitan dago.
Beharrezkoa al da?
Santiago oso baikor agertu da proiektuarekin eta egindako azterketek egitasmoa errentagarria dela frogatzen dutela dio. Ricardo González Eiken Euskadiko Ikus-Entzunezkoen Klusterraren presidentea, ordea, ez da iritzi berekoa. Bere ustez, sektorearen arazoa ez da azpiegituren gabezia, ekoizteko diru falta baizik. Urtean hemen ekoizten diren hiruzpalau filmentzat dagoeneko nahikoa plato dagoela dio eta kanpoko ekoizpenak erakartzea ere ez omen da konponbidea: «K2000 enpresako gerentea naiz eta hiru plato ditugu bertan, baina ezinezkoa zait Madrilgo enpresa bat hona ekartzea prezioak pila bat merkatuta ere, nahiago dutelako lan taldea eta lekua gertu eduki hegazkina hartu behar izatea baino». Dirua balego eta ekoizpenak ugarituko balira, azpiegiturak hurrengo pausoa izango liratekeela dio, baina egun azpiegituretan inbertitzea etxea teilatutik eraikitzen hastea dela. «Sektoreari balio erantsia edukiek ematen diote eta beraz, lehentasuna sormena lantzeari eman behar diogu».
Hala ere, sektoreko eragile guztiek bat egiten dute gauza batean: ikus-entzunezkoaren garapena ikuspegi industrialetik egin behar da. Eusko Jaurlaritzak Kultur Sailaren baitan zuen zinemagintza, 2004ko urrian Eiken klusterra jaio eta sektorea Industria Sailean sartzea erabaki zuen arte. Klusterrean Euskal Herriko 39 enpresek (1.600 langilek) hartzen dute parte eta sektorea industrializatzea dute helburu. Hots, profesional eta lehiakor bihurtzea, enplegua sortzea eta edukiez gain, kalitatea, enpresen arteko lankidetza, kanpoko merkataritza edo teknologia bezalako kontzeptuak lantzea. Azken finean, Euskal Herrian ikus-entzunezko sektorea orain arte oso sektore atomizatua izan da, sakabanatuta dauden enpresa txikiz osatua eta ETB telebista publikoarekiko menpekotasun handia duena. Espezializazioa, inbertsio pribatua, egokitzapen teknologikoa eta, batez ere, beste merkatuetara zabaltzeko ahalmena dira aurrean dituen erronka nagusiak.
Irudi Park
Nolanahi ere, telebista publikoak Gipuzkoan kontzentratu ditu ikus-entzunezko ekoizpenak indartzeko azpiegiturak. Oiartzunen -Zinealdearekin zerikusirik ez duen arren-, udaberrian plato txiki bat egin zuten fikziozko produktu berriak sortzeko. Halaber, Donostiako Miramon estudioetan egun dauden bost platoei seigarren bat gehituko diete datorren urteko apirilerako. 1.200 metro koadroko platoa izango da, programa eta fikzio gehiago sortzeko. Gainera, instalazio horiek sektoreko beste enpresei gustura utziko dizkietela ziurtatu du Zupiriak. Bertan, zinemarako propio egindako filmak errodatu ahal izango dira, beraz.
Tabako Fabrika eta irudiaren hiria
Guztiarekin ere, zuzenean azpiegiturekin zerikusia duen Donostiako egitasmo interesgarrienetakoa Tabako Fabrikan dugu. Proiektua abenduan aurkeztuko dute eta oraindik ez dago erabat zehaztua, baina ikus-entzunezkoak 2011. urtean irekiko den Kultura Garaikidearen Nazioarteko Gunean garrantzia berezia izango duela ziurtatu digu Joxean Muñoz egitasmoko zuzendariak. Zinema proiektu berriak erakustea eta atzerriko merkatuekin lan harremana indartzea izango dira egiteko nagusiak, eta Euskadiko Filmoteka ere bertan joango da. Horretaz gain, eraikinak espazio handiak ditu, edozein motatako eszenak grabatzeko aproposak. Egun, leku horiek plato moduan erabiltzeko aukera eskaintzen dute eta etorkizunean funtzio hori mantentzea da nahia. Iaz, esaterako, Mobbing (Pausoka) eta Zinemaldian eskaini berri duten Bosque de sombras (Momfort) filmen hainbat pasarte errodatzeko Tabako Fabrikako espazioez baliatu ziren. Aurten, oraindik estreinatzeke dagoen Eutsi! (Baleuko) pelikulak ere Tabakalera izan du eszenatoki.
Biarritz agertoki
Eiken Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterraren arabera, 428 dira Euskal Autonomia Erkidegoan sektoreari lotuta lan egiten duten enpresak -horien baitan, zinema eta bideoan, irrati nahiz telebistan, publizitateanà dabiltzanak bereizi behar dira- eta denen artean sortutako balio erantsi gordina 86 milioi euro ingurukoa da (EAEko BEGen 0,2). Gainera, ekoizpen kopuruak bilakaera positiboa izan du urtetik urtera. Ibaian eta Euskal Produktoreen Elkartean parte hartzen duten enpresek 1992-2003 urteen artean urteko batez beste bost film luze egin dituzte.
Donostia Film Commissioneko datuak, berriz, honakoak dira: 2005ean, 215 egunetan zehar Donostian 89 lan ekoitzi zituzten. Gehientsuenak (%46) telebistarako ekoizpenak izan ziren; %31,5 film luze eta laburrak izan ziren eta gainontzeko %20,2a aldiz, bideo lanak. Hala nola, Bostok bat, Zeru horiek eta Desviados pelikulak Donostian filmatu zituzten.
![]() |
|
||||
2056 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa