Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-10-14 09:19:54
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2006-10-01 -- 2056.zenb

Gizakiaren historia urratsez urrats

Unai Brea

Naturak ez gaitu behar bezala jantzi. Piztia gehienek atzaparrak, larrua edota ilea daukaten lekuan, guk azal mehea besterik ez. Betidanik, gizaki babesgabeok geure arma bakarrak -burmuina eta eskuak- erabili behar izan ditugu gabezia horri nola edo hala oldartzeko. Oso antzinatik buru, gorputz eta oinak estaltzeko modua bilatu dugu, eta horren lekuko izan da Bilboko Euskal Museoa azken urteotan. 2003 eta 2004an, jantziei buruzko erakusketa bana egin zuten. Aurten, gaia nolabait «ixteko» -Lidia Elola museoko komunikazio eta hedapen teknikariaren hitzak erabiliz-, oinetakoz bete dituzte bitrinak.

Elolak lagundu digu, hain zuzen, Oinetakoa. Arrasto bat historian erakusketari egin diogun bisitan. Hogeitabost mendeko zapatagintza, areto bitan bilduta. «Mundu osoko 115 oinetako daude; Eldako (Alacant) Oinetakoen Museotik ekarri ditugu guztiak, eta egia esan hangoaren zati txiki bat besterik ez dago hemen».

Lehenengo aretoan, ia oinetako guztiak erreplikak dira. Egiazkoak topatzeko XVIII. mendera heldu beharko gara, baina oraindik apur bat falta zaigu horretarako. Erakusketa hasierak Kristo Aurreko V. mendera garamatza, oinak estaltzeko ohitura askoz lehenagokoa izan arren. «Historiaurreko margoek erakusten dutenez, garai hartan ere oinetakoak zerabiltzaten». Glaziazio sasoiak ziren akaso, eta ez zen inondik inora komeni oinutsik ibiltzea. Begi-bistan ditugun larruzko sandaliak, aldiz, oso bestelako eguraldirako sortuak dira. Egipto, Grezia... Lurralde eta garai epelagoak inondik ere.

Antzina, zapatek, oinak babestu ez ezik, norberak gizartean zeukan lekua ere adierazten zuten. Egipton, esaterako, faraoiek eta ingurukoek baizik ezin zitzaketen erabili, eta Grezian oinetakoak eramateak ala ez eramateak bereizten zituen gizon askeak eta esklabuak. Zapaten historia, egia esan, gutxi batzuen historia izan da mende luzetan. Herri xehea oinutsik edo, onenean, egurrezko eskalapoiekin ibili izan da orain dela pare bat mendera arte. Oinetakoa eskuz egin beharreko artikulu garestia zen, luxua gehienentzat.


Gaurko moda guztiak ez dira berri-berriak

Erakusketako lehenengo areto honetan mendeak arin igarotzen dira bata bestearen ondotik eta, hala, bertatik irten gabe XVIII.ean izango gara. Ordurako sortuak ziren gaur egun indarrean -eta indar handiz- dirauten hainbat joera. Plataformak, esaterako, Venezian sortu omen ziren, hankak hango lokatz eta uretatik babesteko, eta erakusketan bada hiri horretako ale ikusgarri bat. Beste bitxikeria bat: XVIII. mendean sortu zen ezkerreko eta eskumako zapatak bereizteko ohitura.

Erakusketako bigarren zatian azken bi mendeotako zapatagintza dugu protagonista. «Ikus daitekeenez, gaurko modak lehengotik edan du», dio Lidia Elolak, «eta ez litzateke hain arraroa hemen dauden zapata batzuk dendaren batean ikustea». Oinetako bitxi askoak ere baditugu bigarren areto honetan, baina Elolaren esanetan gehien-gehienak normaltasunez erabili izan ziren, zegokien garaian.


XX. mendea, oinetakoak denontzat

Zapataren zabalkundea XIX. mendean hasi zen, industriaren agerpenaz batera, baina XX. mendera arte ez zen erabat gauzatu. Orduan agertu ziren gaur egun oso ezagun ditugun hainbat oinetako mota: etxean egoteko edo kirolerako beren-beregi sortuak, konparazio baterako. Takoiak ere, XIX. mendean desagertu ostean, XX. mende erdian itzuli ziren, baina ordudanik, eta lehen ez bezala, emakume kontua dira batez ere. Italiako stiletto takoiak ziren joera horren aitzindariak, 50eko hamarkadan, eta Bilboko erakusketan bada horren adibiderik.

60koa, berriz, irudimen sasoia izan zen zapatagintzan. Askotariko estiloak sortu ziren, eta joera horrek gaur arte iraun du. Aipatzekoa da, hala ere, azken 30 urteetan kirol-oinetakoak izan duen arrakasta, jatorrizko helburua gainditu eta eguneroko janzkeran ere izugarri zabaldu baita. Baina Euskal Museoko erakusketak ez du hori jasotzen, 70eko hamarkadan baitauka muga. Kanpoan geratu da, honenbestez, konputagailu bidezko diseinuaren aroa.

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan