Naturak ez gaitu behar bezala jantzi. Piztia gehienek atzaparrak, larrua edota ilea daukaten lekuan, guk azal mehea besterik ez. Betidanik, gizaki babesgabeok geure arma bakarrak -burmuina eta eskuak- erabili behar izan ditugu gabezia horri nola edo hala oldartzeko. Oso antzinatik buru, gorputz eta oinak estaltzeko modua bilatu dugu, eta horren lekuko izan da Bilboko Euskal Museoa azken urteotan. 2003 eta 2004an, jantziei buruzko erakusketa bana egin zuten. Aurten, gaia nolabait «ixteko» -Lidia Elola museoko komunikazio eta hedapen teknikariaren hitzak erabiliz-, oinetakoz bete dituzte bitrinak.
Elolak lagundu digu, hain zuzen, Oinetakoa. Arrasto bat historian erakusketari egin diogun bisitan. Hogeitabost mendeko zapatagintza, areto bitan bilduta. «Mundu osoko 115 oinetako daude; Eldako (Alacant) Oinetakoen Museotik ekarri ditugu guztiak, eta egia esan hangoaren zati txiki bat besterik ez dago hemen».
Lehenengo aretoan, ia oinetako guztiak erreplikak dira. Egiazkoak topatzeko XVIII. mendera heldu beharko gara, baina oraindik apur bat falta zaigu horretarako. Erakusketa hasierak Kristo Aurreko V. mendera garamatza, oinak estaltzeko ohitura askoz lehenagokoa izan arren. «Historiaurreko margoek erakusten dutenez, garai hartan ere oinetakoak zerabiltzaten». Glaziazio sasoiak ziren akaso, eta ez zen inondik inora komeni oinutsik ibiltzea. Begi-bistan ditugun larruzko sandaliak, aldiz, oso bestelako eguraldirako sortuak dira. Egipto, Grezia... Lurralde eta garai epelagoak inondik ere.
Antzina, zapatek, oinak babestu ez ezik, norberak gizartean zeukan lekua ere adierazten zuten. Egipton, esaterako, faraoiek eta ingurukoek baizik ezin zitzaketen erabili, eta Grezian oinetakoak eramateak ala ez eramateak bereizten zituen gizon askeak eta esklabuak. Zapaten historia, egia esan, gutxi batzuen historia izan da mende luzetan. Herri xehea oinutsik edo, onenean, egurrezko eskalapoiekin ibili izan da orain dela pare bat mendera arte. Oinetakoa eskuz egin beharreko artikulu garestia zen, luxua gehienentzat.
Gaurko moda guztiak ez dira berri-berriak
Erakusketako bigarren zatian azken bi mendeotako zapatagintza dugu protagonista. «Ikus daitekeenez, gaurko modak lehengotik edan du», dio Lidia Elolak, «eta ez litzateke hain arraroa hemen dauden zapata batzuk dendaren batean ikustea». Oinetako bitxi askoak ere baditugu bigarren areto honetan, baina Elolaren esanetan gehien-gehienak normaltasunez erabili izan ziren, zegokien garaian.
XX. mendea, oinetakoak denontzat
60koa, berriz, irudimen sasoia izan zen zapatagintzan. Askotariko estiloak sortu ziren, eta joera horrek gaur arte iraun du. Aipatzekoa da, hala ere, azken 30 urteetan kirol-oinetakoak izan duen arrakasta, jatorrizko helburua gainditu eta eguneroko janzkeran ere izugarri zabaldu baita. Baina Euskal Museoko erakusketak ez du hori jasotzen, 70eko hamarkadan baitauka muga. Kanpoan geratu da, honenbestez, konputagailu bidezko diseinuaren aroa.
- Frantzian, sabot esaten zitzaien jende xeheak zerabiltzan egurrezko eskalapinei. Euskal Museoko erakusketan badugu horietako bat, eta ikusgarria gainera. Haren aurreko erpinak gorantz eta berriz atzerantz egiten du, bere baitan kiribildu nahi balu bezala-edo. XVIII. mendean, Frantziako fabriketan izandako istiluetan, langileek oinetakoak -sabotak, jakina- erantzi eta makinetan ipini zituzten, haien lana oztopatzeko asmoz. Hortik dator frantsesezko «sabotage» hitza, gerora beste hizkuntza askotara igaro dena.
- Euskal Herriko ale bakarra dago erakusketan. XIX. mendeko abarka arrunta da, gaur egun euskal dantza emanaldietan ikus daitekeena. Hura ere, gainerako erakusketa-kide guztiak bezala, Eldatik ekarritakoa da, Euskal Museotik oso gertu dauden hainbat dendatan halakoxeak erosteko aukera dagoen arren.
- Frantziako erregeen konplexuek eragin handia izan dute oinetakoen historian. XV. mendean esaterako, Karlos VIII.ak punta karratuko zapatak erabiltzen zituen, bere oin itxuragabeak ezkutatze aldera. Mota hartako oinetakoei behi-mutur edo hartz-zango esaten zitzaien, eta esan gabe doa Frantziako gortean zebiltzanen artean erabateko arrakasta eduki zutela, oinen itxura gorabehera.
Mende bi geroago, Luis XIV.a aitzindaria izan zen takoiak erabiltzen. Hark ere gorputzeko akats bat zuritu nahi zuen: txikiegia ei zen, gure erregea. Gainera, ez dakigu azkenean bere helburua lortu ote zuen. Kontuan izanda berak asmatutako ohitura moda bihurtu zela, ingurukoei lehengo leku beretik begiratzen jarraitu beharko zien beharbada. Behetik, alegia. Bilboko erakusketan erret-oinetako horien erreplika bana ikus daiteke.
![]() |
|
||||
2056 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa