Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-02 15:11:57
Udako Euskal Unibertsitateko web gunera lotura
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2006-10-01 -- 2056.zenb

Jakoba Errekondo


Landareak ekarri eta eraman, etorri eta joan. Etengabe aldatzen ari da gure ingurunea. Horixe da paisaia, natura bera eta gizakiok sortzen dugunaren arteko elkar eraginaren ondoz ondoko atergabeko aldaketa.

Aldaketa hauek era askotakoak dira. Ezagunenak guk geuk landareak ekarri eta eramanez egindakoak. Adibidez, India aberatsaren bila joan eta tartean topatutako lurralde guztietatik ekarritako landareak hor ditugu: indaba edo indirarra (Phaseolus vulgaris), Indi gaztaina (Aesculus hippocastanum), India pikoa (Opuntia ficus-indica)... Animaliatan antzera: indioilarra, indianoa, eta abar.

Naturan bertan gertatzen diren gorabeherek ere paisaiaren aldaketak dakartzate. Lurraren ezaugarrien edo klimaren aldaketek azkar eragiten dute landare komunitateetan. Azken urteotan, esaterako, klima berotzen eta lehortzen ari da. Ondorioz, baldintza hauetara hobeto egokitzen diren landareak nagusitzen ari dira.

Landare jende honen artekoa dugu aipatutako India pikoa. Kaktus bat da eta piko itxurako fruituak ematen ditu. Ameriketatik ekarria, bero lehorraren gonapean ederki zabaltzen ari da Mediterraneoan zehar. Landareek hazteko nahitaezkoa duten aireko karbono dioxidoa, CO2, bereganatzeko bide berezi bat erabiltzen du India pikoak, beste landare gehienek baino ondotxo ur gutxiago erabiliz. Fruta dendatan tarteka ikusten dira sasi-piko hauek, urrutiko Hegoafrika, Kolonbia eta Brasilgoez gain auzoko Korsika, Sizilia, Sardinia, Algeria, Maroko eta tunisiarrak. Zergatik deitzen ote diote frantsestuek figue de Barbarie? Inmigranteen bidetik kolonizatzaile datorrelako, arantzaduna delako...

Jabier Agirre

Eliteko kirolarien eta Hollywoodeko izarren elikadura programa gogokoena La Zona izenekoa da. Barry Sears biokimikari iparramerikarra izan zen, duela 15 urte baino gehiago, aurrenekoz formulatu zuena, jendeari jaten erakusteko eta hainbat gaixotasuni aurrea hartzeko helburuarekin. Eta hori nola lortzen zuen? Funtzio fisiologiko ugariren kontrolaz arduratzen diren ekosanoideen ekoizpenean eraginez, hain zuzen ere.

Modu seguru eta eraginkorrean argaltzea; zahartze prozesua atzeratzea; menopausia, hipertentsioa, diabetea edo minbizia bezalako gaitzen sintomak desagerraraztea; gorputzeko funtzio hormonalak kontrolatzea; metabolismoaren gain hormonek duten eragina erregulatzea; intsulina bere maila egokietan mantentzea, osasun egoera orokorra eta gaitasun fisikoak hobetzea... Ondorio horiek guztiak eta gehiago agintzen ditu La Zona izeneko mirakuluzko dietak. Baina nola lortzen ditu agindutako ondorio horiek? Hiru makronutrigai nagusien kontsumoa -hau da, karbohidrato, proteina eta koipeen kontsumoa- jatordu bakoitzean 40-30-30eko proportzioan orekatuz eta gure elikadurari azken urteotan hain modan jarri diren omega 3 gantz-azidoak gehituz.

Bestetik, otordu batetik bestera ezin dira bost ordu baino gehiago igaro, eta horretarako tartean mokaduak egin beharko dira, intsulina maila iraunkorrean mantentzeko.

Garrantzi handikoa da janari iturriak ondo aukeratzea. Horrela, karbohidrato egokiak fruta eta berdurak dira, baina ez platanoak, mahaspasak, azenarioak, patatak, erremolatxak, kuiak, artoa eta ilarrak. Ogia, pasta eta arroza neurriz kontsumitu behar dira, eta opilak eta edari gozoak erabat saihestu. Proteinen artean, hobe arraina, oilaskoa, indioilarra, arrautzaren zuringoa, koiperik gabeko behi haragia eta esne erdigaingabetua kontsumitzea; eta ez, aldiz, haragi koipetsuak, esne osoa, arrautzaren gorringoa edota barrunbeak. Koipe egokiak oliba olio estra birjina, arrain olioa -omega 3 asko duelako-, olibak eta fruitu lehorrak dira, eta gantza, gurina, margarinak eta urdaia saihestea gomendatzen da.

Informazio gehiago 900 807 411 telefonoan edo www.enerzona.net web gunean aurki daiteke.

Joxerra Aizpurua


Itsas elefantea informazio iturri

Foka motarik handienaren igeri egiteko ohiturei probetxua atera nahi die AEBetako Santa Cruz-en dagoen Kaliforniako Unibertsitateko Dan Costa Biologoak. Ikerlari honek Hego Poloko izozpean dauden itsas korronteak ezagutzea du helburu.

1998. urtean, Costak bederatzi itsas elefanteri tenperatura, sakonera eta kokapena neurtzen zituzten hargailuak jarri zizkien. Saiakera horren helburua El Niņo izenarekin Ozeano Pazifikoan sortzen diren korronte beroen aurrean animaliek dituzten ohiturak ezagutzea izan zen. Ikerketa hartan, ikusi zuten beste emaitza batzuen artean, itsas elefanteak itsasoan egunero batez beste 60 aldiz murgiltzen zirela eta lortzen zuten sakonera batzuetan 2.000 metrokoa zela. Datu horiekin, itsasoko tenperatura aldaketen profil oso zehatzak eskaini ditzaketela ere ikusi zuten.

Orain arte, horrelako neurketak egin ahal izateko buiak edo itsaspekoak erabili izan dira. Baina kontuan hartzen badugu Hego Poloko izozpean ezin dela urpekorik erabili eta buiek igortzen dituzten seinaleek ezin dutela izotz geruza zeharkatu, itsas elefanteek aukera berria eskaintzen digute.

Ideia hori baliatuz, Costak Hego Poloko itsas elefanteak erabili nahi ditu urtero bertako itsasoari buruzko 10.000 datu lortzeko.


Lehenbizi emeak eta arrak ondoren

Carpodacus mexicanus deituriko txori emeak arrautzak bi txandatan jartzen ditu; lehenbizi emeei dagozkienak eta ondoren arrei dagozkienak. Arizonako Unibertsitateko Alexander Badyaev eta bere taldeak arestian esandakoaren zergatia argitu berri dute.

Antza, txoria leku erdi idorretan bizi denez, habia egin bezain azkar Pellonyssus reedi deituriko akaroen inbasioa jasaten du eta hauek kumeak akabatu ditzakete. Aipatu txorien kasuan, hormonengatik emeak arrak baino indartsuagoak direnez, txoriak lehenengo emeei dagozkien arrautzak ipintzen ditu eta egun batzuk beranduago, arrarenak. Hala, lehenbizi emeak jaiotzen direnez, parasitoekin borrokatzen dira eta habia dezente garbitzen dute; hartara, arrak jaiotzean parasitoekin borroka gutxiago egin behar izaten dute.
Heltzean, arrak eta emeak tamaina berdinekoak izaten dira, baina arrautza jartzeko sistema honi esker, txori arren heriotza kopurua ia %15 gutxitzen da.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan