Katixa Garate
Udazkeneko antzerki denboraldia zabalik
Gasteizko Nazioarteko XXXI. Antzerki Jaialdiak zabalduko du udazkeneko antzerki jaialdien egitarau oparoa. Ikuskizunen kalitatea hobetzea, nazioarteko taldeen presentzia areagotzean eta euskal taldeen lanak erakustea ditu helburu. Hogeita hamaika antzezlan eta dantza ikuskizun eskainiko dituzte irailaren 29tik azaroaren 26a arte. Besteak beste, Zeta (Hika), Demasiado humano (Traspasos), En un lugar de Manhattan (Els Joglars) eta Días felices (Kaserne). Halaber, ingeniaritza eszenikoari buruzko jardunaldiak egingo dituzte azaroaren 20an eta 21ean.
Musika elektronikoa Donostikluban
Donostikluba musika jaialdia izango da Donostian irailaren 29tik urriaren 7ra. Zazpi urtez Donostian egin den Elektronikaldia jaialdia amaierara iritsi da antolatzaileen artean izandako desadostasunengatik. Hala, Donostikluba sortu dute aurten klubeko musikari leku egiteko. Hogeita hamalau talde izango dira hirian soul, hip hop, nu jazz, soul nahiz indie musika eskaintzeko. Kontzertu nagusiak Gazteszena aretoan izango dira. Bertan arituko dira Topte Kingm Ainara Legardon nahiz 12Twelve.
Clubbing egitarauko saioak Ondarra, Be Bop eta Etxekalte tabernetan, Guardetxean eta Okendo kultur etxean izango dira. Off jaialdia aldiz Forum Fnacen.
Periferiak Donostiara heldu dira
Sortzea, partekatzea, hausnartzea, komunikatzea dute helburu
Periferiak jardunaldiek. Urriaren 3tik 7ra egingo dira Donostian
Periferike elkarteak antolatutako jardunaldiak. Hitzaldiak, dokumentalak, tailerrak, antzezpenak... izango dira Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean, Artelekun eta Errenteriako Mikelazulo elkartean. Besteak, beste, honako kulturgileek hartuko dute parte: Ramón Vera, Dionisio Cañas, Emine Sevgi Özdamar, Miren Gaztañaga, Javi Barandiaran... Jardunaldietan zehar
Humano caracol dokumentala errodatuko dute.
Disonancias: artistak enpresetan
Irudimena ez omen da soberan gaur egun. Horrexegatik, ez da erraza berrikuntzak atzematea enpresetan. Hori dela-eta jaio da Disonancias egitasmoa, Divergentes proiektuaren oinordekoa. Enpresek arriskatu dezaten eta artisten irudimenak enpresan fruituak eman ditzan. Hamabost enpresek artistak izango dituzte lanean sei hilabetez, berrikuntzak erdiesteko. Hogeita hamalau herrialdetako 150 artista aurkeztu ziren Xabidek antolatutako egitasmora eta hemezortzi izan dira hautatuak.
Gatudenda itxi dute
Gatuzain argitaletxeak duela lau urte zabaldu zuen Baionan Gatudenda. Hasiera batean, argitaletxearen lana ezagutaraztea zen asmoa eta bertan saltzen zituzten eurek kaleratutako liburuak. Pixkanaka bidezko merkataritzari egin zioten leku, eta arropa eta elikagaiak jarri zituzten salgai. Denda ixtea erabaki dute arduradunek, arazo ekonomikoak tarteko, baina argitaletxearekin segituko dute.
Euskal Herrian diseinua zertan den jakiteko
Broute Mag izeneko blog elebiduna paratu dute sarean:
www.lanbroute.com. Besteak beste, diseinu grafikoa eta web diseinuari buruzko albisteak, diseinatzaile grafikoen elkarrizketak eta lan eskaintzak aurki daitezke bertan. Euskal Herriko diseinatzaileen arteko harremana sustatzea eta profesional horien lanaren berri ematea du helburu.
Kantautore zikloa
Urriaren 29a arte kontzertu andana izango da Atarrabiako Totem eta Barañaingo eta Arangurengo kultur areto etan, bertako udalen eta Ojalá elkartearen eskutik. Besteak beste, Ruper Ordorika, Adriana Olmedo eta Lluis Llach izango dira taula gainean.
Karlos Linazasorok Bestiarioak. Hilerrikoiak liburua plazaratu du
Elkar argitaletxearen
Ateko banda bilduma berriaren baitan. Heriotzak sortzen dituen eragozpen eta nekeez diharduen umore ukituko istorioa da.
Xabier Idoatek (Iruñea, 1954)
Graphoskop 2005/2006 erakusketa paratu du Nafarroako Museoan. Hiriaren eta naturaren argazkietan oinarrituta, informatikoki tratatu ditu eta paperean inprimatu. Hiriarekiko gorrotoaz eta liluraz diharduten lanak azaroaren 5a arte ikusi ahal izango dira.
Kantiruki musika taldeak estreinako diskoa plazaratu du:
Amodioz bizi (
Agorila). Baigorriko Sylvie Brust, Terexa Goikoetxea eta Sylvie Cherberok osatzen dute taldea. Disko intimoa grabatu dute, hiru bozetan abestuta.
Txema Burgos artistak (Segovia, Espainia, 1972) arte aretoa ireki du Bilboko Lamana kalean. Bertan jarri ditu bere arte lantegia, erakustaretoa eta denda. Tendentzia berriei egin nahi die leku Burgosek bertan. Hamahiruak bat.
Trece colores erakusketa zabaldu dute aretoa inauguratzeko.
Joxe Portela Ibaiako lehendakariak adierazpen hauek egin zizkion Berriari: «Badirudi beti eskatzen ari garela, baina azken batean politikari guztiek, eta partidu politiko guztiek, diote ikus-entzunezkoen arloa estrategikoa dela herri bat aurrera eramateko. Guk hori betetzeko baino ez dugu eskatzen».
Aurelia Arkotxa idazleak Garari esanak: «Berant hasi naizen edo ez naizen hasi, edo halakoak liburu bakarra idatzi duen edo... Niretako horiek ez dute kontatzen. Horiek dira euskal literaturaren barrenean egiten diren kontuak. Zilborraren inguruan ibiltzea (...) Niretako publikatzea ez da inportanteena. Mementoa heldua dela senti ez badut, ez dut publikatuko (...) Gure mendebaldeko gizartea alderantzizkoa da. Dena da laster egitea, dena da hedabideetan agertzea, argazkiak... Idaztea da autopromozioa, saltzea...».
Jose Angel Uberuaga Ube eskultorea Deian: «Eguneroko lanak ematen du izena, inondik ere. Sariak bizkortu egin dezake prozesua. Eguneroko lanak berez dakar emaitza. Egia da denek ez dutela gero emaitza bera lortzen. Baina lana, lana da eta hori ulertzera iristen garenean emaitzak hor izango ditugu zain. Sariei begira egoteak frustrazioa baino ez dezake ekar, bestalde».