Unai Brea
Naturak ez gaitu behar bezala jantzi. Piztia gehienek atzaparrak, larrua edota ilea daukaten lekuan, guk azal mehea besterik ez. Betidanik, gizaki babesgabeok geure arma bakarrak -burmuina eta eskuak- erabili behar izan ditugu gabezia horri nola edo hala oldartzeko. Oso antzinatik buru, gorputz eta oinak estaltzeko modua bilatu dugu, eta horren lekuko izan da Bilboko Euskal Museoa azken urteotan. 2003 eta 2004an, jantziei buruzko erakusketa bana egin zuten. Aurten, gaia nolabait «ixteko» -Lidia Elola museoko komunikazio eta hedapen teknikariaren hitzak erabiliz-, oinetakoz bete dituzte bitrinak.
Elolak lagundu digu, hain zuzen, Oinetakoa. Arrasto bat historian erakusketari egin diogun bisitan. Hogeitabost mendeko zapatagintza, areto bitan bilduta. «Mundu osoko 115 oinetako daude; Eldako (Alacant) Oinetakoen Museotik ekarri ditugu guztiak, eta egia esan hangoaren zati txiki bat besterik ez dago hemen».
Lehenengo aretoan, ia oinetako guztiak erreplikak dira. Egiazkoak topatzeko XVIII. mendera heldu beharko gara, baina oraindik apur bat falta zaigu horretarako. Erakusketa hasierak Kristo Aurreko V. mendera garamatza, oinak estaltzeko ohitura askoz lehenagokoa izan arren. «Historiaurreko margoek erakusten dutenez, garai hartan ere oinetakoak zerabiltzaten». Glaziazio sasoiak ziren akaso, eta ez zen inondik inora komeni oinutsik ibiltzea. Begi-bistan ditugun larruzko sandaliak, aldiz, oso bestelako eguraldirako sortuak dira. Egipto, Grezia... Lurralde eta garai epelagoak inondik ere.
Antzina, zapatek, oinak babestu ez ezik, norberak gizartean zeukan lekua ere adierazten zuten. Egipton, esaterako, faraoiek eta ingurukoek baizik ezin zitzaketen erabili, eta Grezian oinetakoak eramateak ala ez eramateak bereizten zituen gizon askeak eta esklabuak. Zapaten historia, egia esan, gutxi batzuen historia izan da mende luzetan. Herri xehea oinutsik edo, onenean, egurrezko eskalapoiekin ibili izan da orain dela pare bat mendera arte. Oinetakoa eskuz egin beharreko artikulu garestia zen, luxua gehienentzat.
Gaurko moda guztiak ez dira berri-berriak
Erakusketako lehenengo areto honetan mendeak arin igarotzen dira bata bestearen ondotik eta, hala, bertatik irten gabe XVIII.ean izango gara. Ordurako sortuak ziren gaur egun indarrean -eta indar handiz- dirauten hainbat joera. Plataformak, esaterako, Venezian sortu omen ziren, hankak hango lokatz eta uretatik babesteko, eta erakusketan bada hiri horretako ale ikusgarri bat. Beste bitxikeria bat: XVIII. mendean sortu zen ezkerreko eta eskumako zapatak bereizteko ohitura.
Erakusketako bigarren zatian azken bi mendeotako zapatagintza dugu protagonista. «Ikus daitekeenez, gaurko modak lehengotik edan du», dio Lidia Elolak, «eta ez litzateke hain arraroa hemen dauden zapata batzuk dendaren batean ikustea». Oinetako bitxi askoak ere baditugu bigarren areto honetan, baina Elolaren esanetan gehien-gehienak normaltasunez erabili izan ziren, zegokien garaian.
XX. mendea, oinetakoak denontzat
Zapataren zabalkundea XIX. mendean hasi zen, industriaren agerpenaz batera, baina XX. mendera arte ez zen erabat gauzatu. Orduan agertu ziren gaur egun oso ezagun ditugun hainbat oinetako mota: etxean egoteko edo kirolerako beren-beregi sortuak, konparazio baterako. Takoiak ere, XIX. mendean desagertu ostean, XX. mende erdian itzuli ziren, baina ordudanik, eta lehen ez bezala, emakume kontua dira batez ere. Italiako stiletto takoiak ziren joera horren aitzindariak, 50eko hamarkadan, eta Bilboko erakusketan bada horren adibiderik.
60koa, berriz, irudimen sasoia izan zen zapatagintzan. Askotariko estiloak sortu ziren, eta joera horrek gaur arte iraun du. Aipatzekoa da, hala ere, azken 30 urteetan kirol-oinetakoak izan duen arrakasta, jatorrizko helburua gainditu eta eguneroko janzkeran ere izugarri zabaldu baita. Baina Euskal Museoko erakusketak ez du hori jasotzen, 70eko hamarkadan baitauka muga. Kanpoan geratu da, honenbestez, konputagailu bidezko diseinuaren aroa.
Pilar Iparragirre
Zer kontatzen du Mentxakaren aitorpenak?
Berrogeita hamar urteotan marka handia utzi du ETAk gure herriko zenbait gazte belaunaldiren pentsamolde eta esperientzian, eta bere historia luze eta konplexuaren zati bat da liburua. ETAren historiaren alderdi bat kontatzen du; geroago ETA VI.aren garaia deitu zaiona. Jose Ramonek orduko asmo eta itxaropenak, zalantza eta ulertezintasunak ematen dizkigu jakitera, eta nahiko erretratu zuzena utzi digu.
Komisaldegian bizitakoaren azalpena ere bada...
Bai, liburu hau benetakoa da goitik behera. Jose Ramon Goikoetxea Mentxakak komisaldegian eman zituen hamabost egunetan oinazea menderatzeko egin behar izan zuen saio itzelaren historia da. Eta, era berean, burua argi gordetzeko eta polizia engainatzeko jukutriak eta aztarna faltsuak sortzeko ahalegin ikaragarriaren historia. Gauza asko zeuden, jokoan: alde batetik, bere kondena, eta, bestetik, ingurukoen segurtasuna. 1971ko martxoan atxilotu zutenean, Jose Ramonek zenbait hilabete zeraman Bizkaian, isilpeko bizimodua eginez, ETAko zuzendaritzako partaide gisa, nahiz eta ordura arte Iparraldeko erakunde militarreko kidea izan.
Noiz hasi zen Ardotxi liburu hau idazten?
Orain dela urte asko. Zenbait esperientzia gertatu eta berehala jaso zituen idatziz. Lo egon ziren gero tiraderaren batean sartuta. Azkenean lanari ekin zion arte. Idatzitakoa gaztelaniaz zegoenez, liburua bukatu eta euskaraz berregitea erabaki zuen. Horretan zebilen 2005eko udaberrian alde egin zigunean. Bere itzulpen lana Rafa Egigurenek bukatu du.
-----------------------------------------------------------------
Mentxakaren aitorpena
Jose Ramon Goikoetxea Ardotxi
Elkar
276 orrialde 17,75 euro
Poliziak preso hartu duen militante baten estrategia
Urte askoan Egin egunkariko ekonomi eta lan arloko kazetari eta gero LAB sindikatuaren Iraultzen aldizkariko arduradun izan zen Jose Ramon Goikoetxea Sorondo Ardotxik (1948-2005) oso gazte ekin zion borroka politikoari. 1968an atxilotu zuten aurreneko aldiz, Andoain bere jaioterrian, eta hilabete batzuk Martuteneko espetxean pasa behar izan zituen. Handik irten eta gutxira Iparraldean errefuxiatu zen, borrokan jarraitzeko. Mentxakaren aitorpena liburuan agertzen dena, militantziak barnean utzi zion arrasto sakonaren aztarnen azalpenaz gainera, 1971ko martxoaren 7an berriro atxilotu zutenean militante horrek jarraitu behar izan zuen estrategiaren nondik norakoa da. Salbuespen Egoera ezarria zegoen garai hartan, eta atxilotuak oso garbi zeukan Poliziak nahi adina denbora eduki zezakeela komisaldegian. Nola lortu bere benetako nortasuna gordetzea eta tortura ahalik eta gehien saihestea? Zer esan eta zer ezkutatu galdeketan, etsaiak bestearen estrategia suma ez dezan? Ezbai horretan egon behar izan zuen ETA VI.eko Asanbladako arduradunetakoa zen gazteak komisaldegian pasatako hamabost egun luzeetan.
Mikel Garcia
Krokodiloekin borrokan ari den abentura zalearen istorioa nahiz itsasoan hondoratzen den autoaren pasadizoa Euskal Herriko platoetan filmatzea posible izango da etorkizunean. Izan ere, Oiartzungo (Gipuzkoa) Zinealdea proiektuaren baitan, lur azpian bost metro barneratzen den eta hainbat zatitan kristalez inguratua egongo den igerilekua egin nahi dute, barruan gertatzen dena kamerek kanpotik jaso ahal izateko. 800 metro koadroko platoan eraikiko dute igerilekua eta ondoan 1.600 metro koadroko beste plato handiagoa ipiniko dute, 16 metro inguruko altuerarekin. Hau hutsik egongo da eta filmatzera hurbiltzen direnen imajinazioak irudikatutako edozein egitura arkitektoniko hartzeko gauza izango da. Hori dio behintzat Kike Santiago Zinealdeako arduradunak.
Egitasmoa ofizialki 2000. urteko otsailean aurkeztu zuten, baina ekimena asko atzeratu da, Administrazioak zailtasun ugari jarri dizkielako, Santiagoren hitzetan. Azkenean, ez da diru publikorik erabiliko eta 72 milioi euro inguruko inbertsioa egin beharko dute, baina ez omen da apustu arriskatua, Oiartzungo lurretan kokatuko diren enpresek lurra erosi edo alokatu beharko baitute eta jada inbertsioa amortizatzeko behar adina enpresa dituztela ziurtatu du Santiagok. Abendurako aurreproiektua bukatua egotea eta eraikitzen hastea da asmoa. Hala bada, laster fikziozko saioak edo filmak egiteko behar den guztia Zinealdean bertan egongo da, aipaturiko bi platoen inguruan: argiztapen eta kamera enpresak, zurgindegia, makillaje eta ile-apaindegia, jantzitegia, ekoizpen bulegoak, produkzio ondokoa, dekoratu tailerrak... Guztira, 15 enpresa inguru. Film Commission propioa, prestakuntza zentroa eta zine edo ikus-entzunezko eskola sortzea ere proiektuaren baitan dago.
Beharrezkoa al da?
Hemen egiten diren film kopuru urria kontuan hartuta, merezi al du azpiegituretan inbertitzea? Kike Santiagok argi du gakoa atzerriko merkatua dela: «Europan filmatu nahi dutenei gure paisaia aberatsak, seriotasuna eta platoetan errodatu ahal izateko aukera eskaini behar diegu. Hemengo jende ugari erabili beharko dute horretarako, ikus-entzunezko euskal industria suspertuz eta lana sortuz. Horregatik, garrantzitsua da baita ere Euskal Herriko enpresen arteko lankidetza eta profesionaltasuna, denek batera kalitate oneko produktuak eskaintzeko». Jada Mexikoko bi ekoizpenek eta Frantziako beste batek Oiartzungo platoetan errodatzeko interesa agertu dutela gaineratu du.
Santiago oso baikor agertu da proiektuarekin eta egindako azterketek egitasmoa errentagarria dela frogatzen dutela dio. Ricardo González Eiken Euskadiko Ikus-Entzunezkoen Klusterraren presidentea, ordea, ez da iritzi berekoa. Bere ustez, sektorearen arazoa ez da azpiegituren gabezia, ekoizteko diru falta baizik. Urtean hemen ekoizten diren hiruzpalau filmentzat dagoeneko nahikoa plato dagoela dio eta kanpoko ekoizpenak erakartzea ere ez omen da konponbidea: «K2000 enpresako gerentea naiz eta hiru plato ditugu bertan, baina ezinezkoa zait Madrilgo enpresa bat hona ekartzea prezioak pila bat merkatuta ere, nahiago dutelako lan taldea eta lekua gertu eduki hegazkina hartu behar izatea baino». Dirua balego eta ekoizpenak ugarituko balira, azpiegiturak hurrengo pausoa izango liratekeela dio, baina egun azpiegituretan inbertitzea etxea teilatutik eraikitzen hastea dela. «Sektoreari balio erantsia edukiek ematen diote eta beraz, lehentasuna sormena lantzeari eman behar diogu».
Hala ere, sektoreko eragile guztiek bat egiten dute gauza batean: ikus-entzunezkoaren garapena ikuspegi industrialetik egin behar da. Eusko Jaurlaritzak Kultur Sailaren baitan zuen zinemagintza, 2004ko urrian Eiken klusterra jaio eta sektorea Industria Sailean sartzea erabaki zuen arte. Klusterrean Euskal Herriko 39 enpresek (1.600 langilek) hartzen dute parte eta sektorea industrializatzea dute helburu. Hots, profesional eta lehiakor bihurtzea, enplegua sortzea eta edukiez gain, kalitatea, enpresen arteko lankidetza, kanpoko merkataritza edo teknologia bezalako kontzeptuak lantzea. Azken finean, Euskal Herrian ikus-entzunezko sektorea orain arte oso sektore atomizatua izan da, sakabanatuta dauden enpresa txikiz osatua eta ETB telebista publikoarekiko menpekotasun handia duena. Espezializazioa, inbertsio pribatua, egokitzapen teknologikoa eta, batez ere, beste merkatuetara zabaltzeko ahalmena dira aurrean dituen erronka nagusiak.
Irudi Park
Zinealdea ez da azpiegiturei garrantzia ematen dien proiektu bakarra. ETBk Iurretako egoitza utzi eta Bilbon berria egiteko asmoa du; bere ekipo teknikoaren digitalizazioa ahalbidetuko duen egoitza, zehazki. Hori aprobetxatuz, ETBren inguruan bulego erraldoia eraikitzea da nahia, sakabanatuta dauden produkzio-etxeak bertan biltzeko. Proiektuak Irudi Park du izena, baina ez dago batere zehaztua. Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko zuzendari Ińaki Gómezek esan digu ETBren egitasmoa dela eta ETBko zuzendari Bingen Zupiriak berriz, Jaurlaritzari dagokiola eta telebista publikotik at dagoen ekimena dela. Kike Santiagoren ustez, produkzio-etxeak leku berean biltzea ez da konponbidea: «Produkzio-etxeak elkartuko dituzte, baina eta lana? ETBk saioren bat ekoizteko enkargua emango die, ez da lan berria sortuko ordea. Zinealdeak aldiz, kanpoko merkatua erakarri nahi du. Gainera, Irudi Park subentzionatuegia dago eta gobernuz aldatzen dugunean dena pikutara joango da».
Nolanahi ere, telebista publikoak Gipuzkoan kontzentratu ditu ikus-entzunezko ekoizpenak indartzeko azpiegiturak. Oiartzunen -Zinealdearekin zerikusirik ez duen arren-, udaberrian plato txiki bat egin zuten fikziozko produktu berriak sortzeko. Halaber, Donostiako Miramon estudioetan egun dauden bost platoei seigarren bat gehituko diete datorren urteko apirilerako. 1.200 metro koadroko platoa izango da, programa eta fikzio gehiago sortzeko. Gainera, instalazio horiek sektoreko beste enpresei gustura utziko dizkietela ziurtatu du Zupiriak. Bertan, zinemarako propio egindako filmak errodatu ahal izango dira, beraz.
Tabako Fabrika eta irudiaren hiria
Donostia zinemaren munduarekin oso lotua dagoen hiria da, ezbairik gabe. Egunotan ospatzen ari den Zinemaldiaz gain, Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea, Zinea eta Giza Eskubideen Topaketak edo Nosferatu zinema zikloa dira horren lekuko. 2003. urtetik, Donostia Film Commission bulegoak hiria bera plato bilakatzea eta bertan filmatzeko produkzio-etxeak erakartzea du xede. Horretarako, udal baimenekin, edozein izapide administratiborekin nahiz informazio beharrekin lotutako zerbitzuak eskaintzen dizkiete Gipuzkoako hiriburura iristen diren ikus-entzunezko enpresei. Gertu, Andoainen, zine eta bideo eskola dagoela ere ez dugu ahaztu behar.
Guztiarekin ere, zuzenean azpiegiturekin zerikusia duen Donostiako egitasmo interesgarrienetakoa Tabako Fabrikan dugu. Proiektua abenduan aurkeztuko dute eta oraindik ez dago erabat zehaztua, baina ikus-entzunezkoak 2011. urtean irekiko den Kultura Garaikidearen Nazioarteko Gunean garrantzia berezia izango duela ziurtatu digu Joxean Muńoz egitasmoko zuzendariak. Zinema proiektu berriak erakustea eta atzerriko merkatuekin lan harremana indartzea izango dira egiteko nagusiak, eta Euskadiko Filmoteka ere bertan joango da. Horretaz gain, eraikinak espazio handiak ditu, edozein motatako eszenak grabatzeko aproposak. Egun, leku horiek plato moduan erabiltzeko aukera eskaintzen dute eta etorkizunean funtzio hori mantentzea da nahia. Iaz, esaterako, Mobbing (Pausoka) eta Zinemaldian eskaini berri duten Bosque de sombras (Momfort) filmen hainbat pasarte errodatzeko Tabako Fabrikako espazioez baliatu ziren. Aurten, oraindik estreinatzeke dagoen Eutsi! (Baleuko) pelikulak ere Tabakalera izan du eszenatoki.
Biarritz agertoki
Donostia ez da irudiaren hiri izan nahi duen bakarra. Biarritzen (Lapurdi) ere ospetsua da Ikus-entzunezko Programen Nazioarteko Jaialdia eta egunotan, Latinoamerikako Zinemen eta Kulturen Jaialdiaz goza daiteke bertan. Ikus-entzunezko industria sustatzeko eta film egileak erakartzeko asmoarekin, duela urte batzuk Irudiaren Platoa (Plateau dĆImage) ekimena abiatu zen eta dagoeneko zenbait ekintza burutu dituzte. Duela hiru urte, adibidez, arte eta esperimentazio zinema proiektatzeko hiru areto dituen Le Royal zinema aretoa estreinatu zuten eta iaz mota guztietako 80.000 dokumentu inguru biltzen dituen eta filmak ikusteko aretoa duen mediateka ireki zuten. Halaber, duela aste pare bat ikus-entzunezko ikasketak egiteko Frantziako Estatuan famatua den BTS prestakuntza zentroa zabaldu zuten Biarritzen. Bi plato dituzte bertan. Horren guztiaren bidez, eta bide batzuk edo besteak erabiliz, baina ikus-entzunezko sektoreak Euskal Herri osoan duen helburu bera lortu nahi dute: benetako industria ernatzea.