Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-23 16:45:52
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza
  • Hasiera >
  • Erreportaje / Elkarrizketak

2006-10-01 -- 2056.zenb

Unai Brea


Bizkaiera gutxi entzungo duzu Bizkaiko euskaltegietan. Gehien, Labayru Ikastegikoan. Han, izan ere, ia ez duzu besterik adituko. «Talde homologatuak bizkaierazkoak dira, %100ean ia», diosku Josemi Vidales euskaltegiko arduradunak. «Guk ez dugu batuazko eskolarik eskaintzen helburu jakin batekin ez bada: EGA ateratzea, hizkuntz-eskakizunen bat prestatzea...». EGA bera ere, nahi izanez gero, bizkaieraz egin dezakete bertako ikasleek, euskaltegiak akordio berezia baitu horretarako.

Labayrun, hala ere, euskalkia ez da ikasgaia, tresna baizik. «Ikasle mota bi daukagu: batetik, nagusitxoak, etxeko euskara dakartenak eta bizkaieraz alfabetatzera datozenak. Gero eta gutxiago dira horiek, oro har gero eta jende gutxiago alfabetatzen delako. Bestetik gazteak dauzkagu, ikastetxean bizkaiera ikasi dutenak, eta hobetzeko edo EGA ateratzeko guregana datozenak». Inoiz joaten zaie batuaz badakien baten bat bizkaiera ikasteko gogoz, baina horiek hutsaren hurrengoa dira. «Halakorik izatekotan, beste euskaltegi bateko irakasleak izaten dira, edo beste herri batera bizitzera joan direnak eta bertakoei ulertzen ez dietenak», azaldu du Vidalesek. «Inoiz, besterik gabe ikastearren etortzen da baten bat, baina hori ez da batere ohikoa».


Eskaintza bai, ikaslerik ez

Aitor Fernandez de Martikorena getxoztarra Labayruko ikaslea izan zen orain dela urte batzuk. Bere burua AEKn euskaldundu eta gero, bizkaiera ikasteko grinak eraman zuen Labayrura. Gero, AEKra itzuli zen irakasle, eta hantxe jarraitzen du gaur egun, Bizkaiko Ikastaro Berezietako arduradun. Ikastaro horien artean bizkaiera ere badago, jakina. Baina... «AEK-k beti eskaini izan ditu bizkaiera ikastaroak herrialdeko euskaltegi guztietan. Baina ez dakit talderen bat ote dagoen orain. Badauzkagu horretarako prestatutako irakasleak, baina ia inork ez du eskatzen».

Igone Olabarria AEK-ko arduraduna da Busturialdean. Dioskunez, azken zazpi urteetan-edo ez da bizkaiera ikastarorik eman eskualdean. Ez dago ikasle nahikorik taldea sortzeko. «Pare bat etortzen zaigu urtero ikasteko prest, baina... Institutu irakasleak izaten dira sarritan, batua dakitenak baina ikasleekin bizkaieraz jardun nahi dutenak».

Gainerakoak antzera dabiltza. «Hizkuntza politika Sailburuordetzak ezartzen du, beti ere Euskara Biziberritzeko Planean (EBP) txertatuta», gogorarazten digu Iñaki Unibaso HABEko Bizkaiko Ikuskatzaileak, «eta ez da inon aipatzen euskalkiei tratamendu berezirik eman behar zaienik. HABEk ez die euskaltegiei halakorik eskatzen, oinarrizko curriculuma batuazkoa da, eta gero ikastetxe bakoitzak jakingo du nola osatu». Honenbestez, badira Labayruk bezala euskalkiari arreta berezia ematen diotenak han-hemen, baina oso gutxi dira.


Batua bai, baina zelakoa?

Jakina da batua ez dela leku guztietan berdin egiten, euskalkien eraginez hain justu. Hori zenbateraino igartzen da Bizkaiko euskaltegietan? Igone Olabarriak dioenez, «guk herriko hizkera erabiltzen dugu beti erreferentzia moduan. Ikasleei esaten diegu: Gernikan modu honetara esaten dute, Bermeon beste horretara...».

Orain dela urte batzuk AEK-k inkesta bat egin zuen bere euskaltegietan, Aitor Fernandez de Martikorenak azaldu digunez. «Eskoletan erabiltzen zen euskara ereduari buruzko inkesta zen. Lehenengo zatian esaldi batzuk zeuden, euskalki desberdinetan idatzita, eta batuaz berridatzi behar ziren. Ondoren, hainbat galdera zegoen eskoletan erabiltzen genuen hizkeraz: ea euskalkiari zenbateko lekua ematen zitzaion, eta abar».

Handik hilabete gutxira inkestaren emaitzen berri izan zuten: «Espero genuenez, Bizkaian jendeak batua eta gipuzkera parekatzen zituen. Esaterako, esaldi batean `jausi' hitza agertzen bazen, berridazketan `erori' idazten zuten, hura zelakoan batua eta ez besterik. Atentzioa ematekoa izan zen hura».

Fernandez de Martikorenaren esanetan, eztabaida hori oraindik burutzeke dago AEKn. «Inkesta hark balio izan zuen batua uste baino zabalagoa dela ohartzeko, eta hori kontuan hartzeko eskola emateko orduan». Hala ere, eta Getxokoaren ustez, gipuzkerak eragin handia dauka oraindik Bizkaiko euskaltegietan: «Inork ez du esango eskoletan `erori´ lehenetsi behar denik `jausi'-ren kaltetan, baina seguru nago askok buruan daukatela, konturatu gabe bada ere. Kalean modu batez egingo dute, eta eskola ematean beste batez». Bizkaierari, antza, ate guzti-guztiak ixten zaizkio batzuetan.

Daniel Udalaitz

Komunikabideak negozioa dira gaur egun? Euskal Herriko komunikabideen egoera kontuan hartuta, egia esan, gehienetan ez dira oso negozio onak. Aitzitik, kontrakoa gertatzen da. Ez da erraza urte amaierara zorrik gabe iristea, herri-administrazioen laguntza zuzenak (diru-laguntzak) eta ez zuzenak (publizitatea) jasoagatik ere. Ezaguna da herri-administrazio batzuk, diru-laguntzak ematerakoan, ez direla beti zuzenak izaten, beraz, diskriminatu egiten dutela, eta ez direla aritzen komunikabide bakoitzaren egoera eta helburuak kontuan hartuta.

Hala ere, irabazi ederrak dituen adibide garbia da Grupo Vocento. Euskal Herrian, Correo Digital eta Diario Vasco egunkariak eta beren irrati eta telebista lokalak talde honi dagozkio. Correo Españolek eta Grupo Prensa Españolak (ABC taldea) bat-egitetik sortu zen duela hiru urte Grupo Vocento. Bat-egite honek Estatu Espainiarreko komunikabide multimedia garrantzitsuenetarikoa bihurtu du. Eguneroko prentsan liderra da, 3,5 milioi irakurle ditu egunero, Komunikabideen Ikerketa Orokorrak (EGM) uztailean plazaratu zuen ikerlanaren arabera.


Grupo Vocento Burtsara

Grupo Vocentoko akziodunek irailaren bostean Madrileko euren gizarte egoitzan egin zen aparteko batzar orokorrean onartu zuten Estatu Espainiarreko Balore-Burtsetan akzioak kotizatzen uztea eskatzea. Gizarte ondasunen gutxi gora-behera %20a merkaturatzea aurreikusten da, Salmenta Eskaintza Publiko baten bidez, behin Balore-Merkatuen Batzorde Nazionalak beharrezko oniritzia eman ondoren.

Erabaki horren helburuak hauek dira, Vocentoko presidente den Santiago de Ybarrak dioenez: «Espainian lider izango den komunikabide multimedia izan eta nazioartean erreferente izatera heldu». Bere aholkulari ordezkaria den Jose Maria Bergaretxeren arabera, «Burtsara joatea æXX. mendeko VocentoÆren oinarriak ezartzeko erabaki estrategikoa da, Estatuko enpresa garrantzitsuenetariko bat izatea lortuz. Hau ez da helburua, Taldearen bizialdian etapa garrantzitsu baten abiapuntua baizik».

Grupo Vocentok gizarte egoitza Madrilen du eta egoitza fiskala Bilbon. Talde hau Estatu Espainiarreko eguneroko prentsan liderra da, irakurle guztien %28,1 du. Polancoren Grupo Prisaren aurretik dago. ABC eta El Correo Español-Diario Vasco egunkariak ditu, eta eskualdeetako beste hamar. 3,5 milioi irakurle ditu bataz beste, Komunikabideen Ikerketa Orokorrak ekainean plazaratutako datuen arabera. KIOren datu ofizialetan EAEko datuak ageri dira. Hala, EAEko prentsan liderra da 558.000 irakurlerekin -neurketak egiten dituzten enpresek kalkulatzen dute saltzen den egunkari bakoitzeko bost irakurle daudela-. Hala ere, 2006ko bigarren zatian talde honen irakurleak %4,6 gutxitu dira, aurreko urteko zati berdinari dagokionez.

Irakurleak egoera hau EAEn egunero plazaratzen diren hedabide idatziekin erka dezan, KIOren 2006ko bigarren zatiak datuok eman ditu: Diario Vascok 307.000 irakurle lituzke, 2005ean baino 30.000 gutxiago. Garak 2006an 102.000 irakurle lituzke, 2005ean baino 2.000 gutxiago. Deiak 2006an 86.000 irakurle lituzke, 2005ean baino 36.000 gutxiago. Atzerago leudeke El País (EAEko edizioa), El Mundo del País Vasco eta Diario de Noticias.


115 milioi euroko irabaziak

Grupo Vocentoren irabaziak etengabe gora doaz. 2005eko datu ekonomiko ofizialak aipatzearekin aski da. Hala, 794,45 milioi euroko diru-sartzeak izan zituen, aurreko urteari begira %10,6 gehiago. Irabazi garbia -zergak ordaindu ondoren- 114,23 milioi eurokoa izan zen.

Aparteko azken batzar orokorraren ondoren, Grupo Vocentoko administrazio kontseilua kide hauek osatzen dute: Santiago de Ybarra y Churruca, José Maria Bergareche Busquet, Diego del Alcázar Silvela, Santiago Bergareche Busquet, Maria del Carmen Careaga Salazar, Carlos Castellanos Borrego, Alejandro Echevarria Busquet, Juan Entrecanales Azcarate, Catalina Luca de Tena García Conde, Soledad Luca de Tena García Conde, Víctor Urrutia Zallejo, Enrique de Ybarra Ybarra, Alvaro de Ybarra Zubiria, Claudio Aguirre Peman, Atlan Press (Helene Lemoinek ordezkatua) eta Mezouna SL (Ignacio Ybarra Aznarrek ordezkatua).

Ikus daitekeenez, batzar honen kide dira hainbat familia boteretsu, euskaldunak zein espainiarrak eta BBVA Taldearen administrazio kontseiluko hainbat kide ere bai.

Mikel Asurmendi


«Berriozar berezko izaera duen herria da. Politikarako jende asko eman duena: Pernando Barrena, Jaime Iribarren, Felix Puyo... Horiek gurekin hasi ziren. Egun harremanik ez dugu, hori da txarrena», diosku Jimenezek.
Politikan hasi zenean baino maila altuagoan ari dela kontziente da: «Politikaren kontzeptua aldatu gabe hala ere. Printzipioak gordez gero bizi beharreko eboluzioa da: gaztetan iraultzaileago eta helduaroan lasaiago aritzea».

«EAk Aralarrek ez duen heldutasuna dauka» esan zigun orrialdeotan Maiorga Ramirezek, Na-Baiko hautagaiak izendatu aitzin. Urak baretu al dira Na-Bain?
EAk hogei urte ditu eta Aralarrek lau. EAren planteamenduak errespetatzen ditugu, baina jarrera berriak ekarri dituena Aralar da. Gure helburuetako bat jarrera mugiezinak aldatzea da. 25 urtez bakoitza bere lubakian ia batere mugitu gabe egon gara eta hori apurtzen saiatzen ari gara. EAk esperientzia duela dio, egia da, guk aldiz politikaren eztabaidan kontzeptu berriak sartzeko gauza garela erakusten ari gara.

Aurreko bozetan hautagai bakarra -Uxue Barkos- izendatu zenuten, orain hautagaiak gehiago dira. «Tarta» banatu beharra ez da samurra, alegia.
Na-Bai koalizioaren kontzeptua pixka bat berria da. Esaterako, independenteek koalizio normal batean ohi ez duten lekua daukate. Alabaina, Na-Bairen ekarpen handienak alderdienak dira. Alegia, ez da tartaren banaketa kontua, aurrerantzean hartuko diren erabakiak alderdien bermeaz izango dira. Madrilerako Uxue Barkos izendatu genuen, independentea, orain berriz eman beharreko urratsa eman dugu, bestela ez litzateke logikoa izango.

NA-Bai ez da izan zitekeen bezain anitza baina irekia dela esan ohi da. Zergatik ez dago, adibidez, Nafarroako EB (NEB)?
NEBek ez duelako nahi. Hiruzpalau aldiz gurekin aritzeko aukera eskaini diogu. NEB ez da Baskongadetako EB. Nafarroak edota Euskal Herriak erabakitzeko duen eskubidea ez du berdin planteatzen hemen edo EAEn. NBEek ez du erraza Na-Bairen planteamenduekin bat egitea. Edonola ere, hauteskundeen ondoren Na-Bairekin lan egiteko prest daudela esan digute.

Bien bitartean, Aralar eta EB akordio bat bilatzen ari dira EAEn.
Ondo ikusten dut aukera. Nafarroako Aralarrek eztabaidatu du eta agertutako jarrerak aldekoak dira. Kontziente gara apustua berria dela, agian berriegia ezker abertzalearen munduan, apustu mota hauen ohitura ez delako. Nafarroatik begiratua eta guk planteatu dugun bezala, interesgarria da.

Gainerako lurraldeetako Aralarkideentzat agian ez da horren interesgarria
Agian ez. Hasteko Nafarroako kideok ez dugulako eztabaida zehatz-mehatz landu behar. Araban eta Gipuzkoan eztabaida sakona dago eta jarrera ezberdinak daude, hori ondo dago. Gainera, hartu beharreko erabakia ez du zuzendaritzak hartu behar Batzar Nazionalak baizik. Eta aldekotasuna aho batekoa ez bada askoz hobe.

Batasuna Parlamentura «indartsu» itzuliko dela esan du Pernando Barrenak.
Batasunak hauteskundeetan izanen dela dio eta guk horixe nahi dugu. Euren indarra zein den ezagutu nahi dugu Na-Bairekin alderatzeko. Legez kanpo daude eta zilegi da hori esatea. Baina zilegi da ere Aralarrek azken urteetan egin duen lana onuragarria dela esatea, eta zilegi litzateke baita ere Aralarrek bere lana errentagarri egitea. Guk ordea Nafarroaren egoera kontuan hartu dugu eta Na-Bairen aldeko apustua egin dugu. Batasunak, berriz, gainerako abertzaleok egiten dugun ahalegina aintzat hartu baino, nahiago du bere esparrua bermatu. Jokabide horrek ezberdintzen ditu Batasuna eta Aralar.

PSNk Parlamenturako bere hautagaia izendatu du: Fernando Puras.
Azken bi urteotan, Lizarberen -kritikoa- eta Chiviteren -garailea- sektoreak norgehiagoka aritu dira hautagaia nor bere aldera eramateko. Azkenik, Madrilen Fernando Puras aukeratu dute PSNren barne kohesioa ziurtatzeko. Erabaki batez Chivite hautagaia alboratu dute eta aldaketarako planteamendua indartu.

Nafarroako Gobernua UPNrekin osatzeko aukera ez duela baztertzen dio PSNk hala eta guztiz ere.
Diskurtso hori CDN nahiz UPNri botoak kentzeko darabil PSNk, noski. Esparru horretan borrokatzeko ezin du esan Na-Bairekin gobernatuko duela. PSNk ez ditu Na-Bairen esparruko botoak soilik bereganatu nahi, diskurtso horrekin, UPNri uzten diolako botoen esparru ia osoa. Uneon, PSN gure arerioa da, baina hauteskundeen ondoren aldaketa gauzatzeko akordioren bat lortu genezake.

UPNren inguruan zer antzeman duzu?
Esparru horretan elementu berriak daude: CDN desagertu liteke. UPNk eta PSNk honen espazioa bere egin nahi dute. UPNk ez bide dauka garbi CDNrekin joatea edo ez, ordea. Antza, nahiago luke bere zerrendan CDNko hautagaiak independente bezala joatea. Noski, ez zuen espero hauteskundeei begira horren egoera larrian egotea eta beharbada CDNrekin koalizioa onartu beharko du. Beharrak derrigortzen duenean... Hala ere, UPNko sektore batek ez dio Juan Cruz Alliri UPN utzi eta CDN sortu izana erraz barkatzen.

Bake eta normalizazio prozesua hizpide orain. Aralarrek alderdien mahaiari osatze data ipini dio. Argitu hori arren.
Une delikatu honetan mahaia osatu beharko litzateke, berau finkatua ez izateak prozesu osoa zalantzan jartzen baitu. Batasunak arrazoi du mahaiaren osatze dinamika atzeratzen ari dela esatean. Egia esan, gu ez gara erabakigarriak zeregin horretan. PSOE eta Batasuna dira gako, gu prest gaude lehenbailehen konpromisoa hartzeko eta pausoak ematen hasteko. Mahaiaren rola ez dago definitua, baina prozesuaren koreografia markatzen du nolabait. Beraz, bete dezagun koreografiaren lana gutxienez, hori ere garrantzitsua baita. Hasteko, eseri eta has gaitezen hizketan, edukietan sartu gabe, oraingoz hori zaila delako.

Prosezuaren tenpoari dagokionez Batasunetik hurbil zaretela dirudi behintzat.
Prozesu hauek konplikatuak dira. Guk gutxi dakigu -areago prozesua une larrian dela esaten den uneon- eta dauzkagun erreferenteekin hitz egiten dugu. Gu horretaz kontzienteak gara, dakiguna dakigu eta dugun informazioarekin ari gara. Ditugun datu objektiboekin azaldu dugu gure jarrera: espetxe politikari buruz ditugun datuekin, esaterako, ez baita ezer mugitu. Kale borroka berragertu da. Zapaterok irailean alderdiei prozesuaren berri emango ziela iragarri zuen, iraila badoa... Halako elementuek prozesua ez doala ondo adierazten dute, ezta prozesuaren tenpoa ere. Baina baliteke ere egoeraren eszenifikazio bat izatea bakoitzak bere lekua hartzeko, eta datorren astean Gobernuak oinarriak adostu dituztela esatea eta egoera aldatzea. Auskalo!

Alderdien mahaia edo mahaiak?
Batasunak mahai bakarra behar dela dio, baina ia beti Iparralde ahazten du. Mahai bakarra baina Hegoaldeari begira dago. Gu, mahai bakarra izatea posible balitz, bertan egongo ginateke, dudarik gabe. Baina, posible al da mahai bakarra? Nor eseriko da mahai horretan? Abertzaleak? Hori ez da normalizazio prozesu bat. Normalizazio prozesua mahaian adostu behar da guztien artean. PSN, CDN, UPN, UMP eta PS mahai bakar batean eseriko ote? Batasunari galdetu diogunean, hauxe dio: agian ez daude PSN eta PSE-EE, baina PSOE bai. Bada hori lortzen badute gu prest egonen gara egoteko. Tira, normalizazio prozesua aurrera eramateko errealista izan behar da, Nafarroan zaila bada mahaia sortzea, zer esanik ez Iparraldean.

Joseba Azkarragak (EA) dioenez, lehen planteamendua mahai bakarra planteatzea da, eta gero lurralde bakoitzeko beharrak aztertzeko mahaiak osatzea.
Hau da, mahai bat eta gero mahai sektorialak osatzea? Ez da serioa. Nafarroan mahaia osatzen bada, erabakitzeko esparrua eztabaidatuko da baita prozesuaren erritmoak ere. Ez dut EAren jarrera egokia ikusten, leku guztietan egon nahi duela dirudi. Adibidez, Batasunarekin ondo egon nahi du mahai bakarra planteatuz. Biek errealitatera etorri behar dute ordea. Guk Iparraldean mahaia beharrezkoa dela diogu, eta Batera izan daitekeela mahaiaren abiapuntua. EAEn Nafarroan baino lehenago osa badaitezke, bada osatu dadila. Guk Nafarroan bermea eta kohesioa eskatzen dugu hasteko. EA, EAJ, Batasuna, Aralar... egongo gara mahaian, eta PSN, UPN eta CDN konbentzitzen baditugu, bada aurrera.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan