Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-23 16:45:52
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2006-10-01 -- 2056.zenb

Bixente Serrano Izko

Kanpaina-aurrekoan gaude, ezin uka. Nafar foru-larre idor honetan, alderdi edo koalizio bakoitzak bere zerrenda-burua erabaki du jadanik -Batasuna(edo) izan ezik, beharko eta tamalez!-, eta bere kontuak egin. Bertze istorio bat da nolako kontuak bakoitzarenak, eta nolako kontuak kontatu hautesleriari. Garbi du Iñaki Sotok kasu batean: «Xk ez dituen dilistak ditu kontatzen». Baliteke. Baina nik orokortuko nuke nork hori: txukun ala gordin, praktika elektorala dugu hori, arruntean, alderdi, koalizio edo hauteskunde elkarteek euren kanpainari begira egiten dituzten aurreikuspenetan, Batasuna(edo) barne, jakina. Denek egiten dituzte euren aurreikuspenak, eta horiek edertu jendearen aurrean, balizko jarraitzaileak berotuko badituzte.

Nik erranen nuke gaurko kanpaina-aurrean alderdi bakarra dugula bere kontabilitatearen arabera galtzera doala aldarrikatzeko prest dagoena: UPN alegia. Galtzera, dena dela, ez hauteskundeak, orain duen agintaritza baizik -frankismoaren kumeek erabateko galeratzat jotzen dute hori, horren gaizki heziak eta ohituak ditugu!-. Baina benetako salbuespena al da UPNren jarrera itxuraz zintzoago hori, galera aurreikusgarri horren aitorpena egiteko prestutasuna? Zintzoagoa delako eginen ote du? Zinezkotasunaren etikarekin sinesten duelako hauteskunde kontuetan?

Ez dugu begi zorrotzegiak izan behar jabetzeko berdintsuak direla funtsean bai UPNren bai bertzeen mezu horiek, itxuraz zintzotasunaren aldetik hain desberdinak izan arren. Ezaugarri komun bat izan ohi duten taktika elektoralak dira: nork bere balizko jarraitzaileak mugiarazteko asmoa. Esperantzen bidez -ohiko bidea-, edo agonia-giroa sortuz, egoera berezi eta historiko gutxitan, gehienbat luze kontrolaturiko agintaritza galtzeko arriskuan ikusten denean. «Neu edo kaosa!», UPNk hautatu duena. Eta egoera paradoxiko batean gaude: segurik hauteskundeak irabaziko dituena dugu izuturik eta agoniazko taktiketara emanik, bertze guztiak esperantzaz beterik agertzen zaizkigun artean.

Esperantzak esperantza eta dilistekin ametsetan jartzera, PSNren eta Batasuna(edo)ren dilistak balantza-plater berean sar litezkeeneko egunarekin gustura egingo nuke amets. Bederen, Nafarroaz hitz egin ahalko nuke, foru-larre idor batez beharrean. Gauza batengatik ez balitz: PSN eta Batasuna(edo), gaurkoz direnarekin konparazioan, oso bertzelakoak izanen liratekeelako seinale. Amets hutsa, bistan dena. Eta hutsala: nork gosaltzen du goizez bart amesturiko opila?

WMH

Imanol Alvarez

WMH: White, male, heterosexual. Zuria, gizona, heterosexuala. Horixe da gaur egun saritzen den ezaugarri multzoa. Konbinazio horretatik ateratzen den edozeinek bazterketa pairatzeko arriskua du.

Emakumeek, gizon ez izateagatik, diskriminazioa jasaten dute nonahi -ez dugu Kabul edo Hondarribiara joan behar-, EAEn bezala, berdintasun-legeak egon arren. Berdin antzera esan genezake azal zurikoa ez den edonori buruz.

Munduan barna, heterosexualitate hutsaren mugetatik kanpo ibiltzea ere oso arriskutsu suerta daitekeela agerikoa da, nahiz eta, estatu espainolean bezala, sexu berekoak ezkontzea baimentzen duten legeak egon.

Aipaturiko hiru ezaugarriotako bakoitzagatik izaten da bazterketa. Bi edo hiru elkartuz gero, arazoa biderkatu egiten da.

Hala eta guztiz ere, nire ustez, WMH hirukotearen asmatzaileei burutik pasatuko ere ez zitzaizkien gizaki batzuk daude: trans direlako guztiak, alegia. Trans. Transexual, transgenero, tra(ns)besti, transformista...

Egun lehenengo biez hitz egiten da gehienbat, batez ere Madrilgo parlamentuan egingo omen den lege berria dela eta. Beste biak pitin bat mugaturik gelditu dira, bata fetitxismoaren mundura eta bestea ia desagerturik dagoen kabaretarenera.

Transgenero edo transexualen status erregistrala arautuko duen legea aipatu dugula, zertxobait komentatu nahiko nuke, labur bada ere. Lehenengo eta behin, gizakion, guztion, eskubideak bermatze bidean eginiko edozein aurrerapauso ongi etorria dela, jakina.

Azpimarragarria da, gainera, transgeneroen aspaldiko errebindikazio bat kontuan hartua izan dela: norberaren itxura eta bizimoduarekin bat datorren izena jarri eta sexu aipamena aldatu ahal izatea agiri ofizialetan, ebakuntza kirurgikorik egitera behartuta egon barik.

Alderdi negatiborik ere badago laster izango ei dugun lege berrian: momentuz ez dela onartua izango genero berrasignazio-ebakuntza doan, estatu osoko osasun zerbitzu publikoan.

1983. urtean Gay Hotsa aldizkarian eta geroxeago Egin egunkarian argitaratu nuen artikulu batean, ustezko transexualitate kasu gehienen atzean rolen arteko gatazka dagoela nioen. Agian gehiegi esatea litzateke, baina gero eta argiago daukat funts-funtsean arrazoi neukala, zeren konbentzituta bainago mundu honetan dena modu bipolarrean (andre/gizon, maskulino/femenino, homo/hetero, aktibo/pasibo...) antolatuko ez bagenu, askoz estuasun gutxiagoz biziko ginatekeela.

Zuriaz eta beltzaz gain, beste kolore asko daude bizitzan, tartean gris oso gama handia. Zergatik mugatu, bada, bitara? Agian, erregistroan sexu-aipamena aldatu ahal izateko eskatu beharrean, sexu-aipamenik ez egitea aldarrikatu beharko genuke. Ziur aski libreago sentituko ginateke.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan