Onintza Irureta
Udazken beroa lan munduko euskaran
Uda ondorena bizi-bizi datorrela dirudi arlo sozioekonomikoan. Lan munduan euskara oso pattal zebilela jakina zen, irakaskuntzatik zetozen ikasle euskaldunentzat galga handia zen. Oporrak bukatu eta segituan, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak hainbat sindikaturekin batetik, eta hainbat patronalekin bestetik, euskara lantegietan sustatzeko akordioa sinatu du. Elhuyar Aholkularitzak euskara planak enpresetan ezartzen ari dela 15 urte bete ditu irailean eta hil horren 27an jardunaldiak egin zituen. Azpeitiko Euskara Patronatuak (Emun, Lana Euskalduntzeko Kooperatibaren laguntzarekin) Elegune aurkeztu berri du, alegia, Azpeitiko enpresen hizkuntza gestiorako gune teknikoa.
Kontseiluak azpimarratu du euskalduntzea enpresen esku utzita, hau da, beraien borondatearen gain utzita, ez dela nahikoa, arauak definitu behar direla.
HPSk estrategikotzat du lan mundua euskalduntzea eta diru-laguntzak bideratuak ditu horretara. Enpresek laguntza horiek erabiltzeko premiarik izango ote dute?
Euskararen Jatorriaren II. Biltzarra
Lau Elkartek, Euzko Izaera, Bizi-Hitza, Mikoleta eta ENAk antolatu dute, iaz bezala, Euskararen Jatorriaren II. Biltzarra. Urriaren 7an, Donostiako Aranzadin egingo da.
Kanpaina Nafarroan
Nafarroako 27 udal eta mankomunitatek euskara ikasteko kanpaina hasi dute, AEK, IKA eta Zubiarte euskaltegien laguntzarekin, eta Nafarroako Gobernuaren babesarekin.
«Catalá, galego, euskara, políticas linguísticas para el siglo XXI»
Euskara Kultur Elkargoak argitaratu du izenburu hori duen liburua. Iruñean, joan den abenduan egindako jardunaldietan esandakoak bildu dituzte argitalpenean: hiru hizkuntzen analisiak eta haien arteko diferentziak.
Juan Mari Arregi
Reckitt Benchiser garbigarriak egiten dituen multinazionalak Gueñesen (Bizkaian) duen lantegia ixteko erabakia hartu du, 190 langileak kaleratuko ditu eta ekoizpena beste herrialderen batera eramango du. Deslokalizazioaren arazoa piztu da berriz. Multinazionalek, Euskal Herrian, 32.000 langileri baino gehiagori ematen diote lana zuzenean eta 100.000 baino gehiagori zeharka. Lana sortzeagatik zerga-laguntzak eta diru-laguntza publikoak izan dituzte. Hala ere, alde egiten dute onura gehiago lortuko dituzten lekuak aurkitutakoan. Herri-Administrazioek, beraz, berebiziko ardura dute diru-laguntza hauek ematerakoan eta multinazional hauek hobeto kontrolatu beharko lituzkete. Gueñesen kasuan, beste gai kezkagarri bat ere bada: Reckitt-ek, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta bertako udalaren laguntzarekin, bere lurzoruen milioi askoko birkalifikazioa lortu zuen, ixtera zihoala esan baino hilabete lehenago, 148 etxebizitza eraikitzeko. Enpresak 1999an erosi zituen lurrok 780.000 eurotan eta eraikitzaile bati 6 milioi eurotan saldu. Ibarretxek, axolagabe, esan zuen enpresa hau ixten bazen enplegu bikoitza sortuko zuela. Hobe luke benetako ikerketa bultzatuko balu eta Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Udalaren laguntzarekin, multinazional horrek, antza denez, eragin duen «hirigintza afera»ren arduradunak aurkituko balitu. Langileak eta sindikatuak prest daude multinazionalak egin dezakeen xantaiari aurre egiteko, hau da, enplegu murrizketari eta soldata- eta gizarte- hobekuntzen txikitzeari erantzuteko.
Xabier Letona
ETA-ren aritxulegiko agerpen armatua historikoa da eszenografiari dagokionez. Interpretazioen zaparradan -prozesuaren blokeoa eta Gudari Egunaren testuinguruan- bi nabarmentzen dira: bata, blokeo unean egindako indar agerpena eta mehatxuarena da; bestea, ezker abertzaleari egindako tinkotasun eta segurtasun keinua. ETAren logikan jarrita, biak dira logikoak.
Interpretazio gehiago ere egin litezke, batez ere «independentzia eta sozialismoa lortu arte» armekin borrokan jarraitzeaz egiten duen aipamenari buruz. Eta hau, erakunde armatuaren logikan jarrita ere, ez da logikoa. Gauden prozesuan egonik eta ETAren azken 30 urteetako helburu taktiko nagusia -negoziazio bidez autodeterminazioa lortzea- kontuan hartuta, erretorika litzatekeela pentsa liteke. Baina komunikatuaren mezu nagusitzat luzatzen den esaldia oso argia da, ez du erabiltzen «borrokan» hitza bakarrik, esaten duena da «armak eskutan borrokan tinko jarraitzeko konpromisoa berresten» duela. Azterketa soilaren ikuspegitik egindako analisiak dio esaldiaren kontraesana agerikoa dela, bai bizi den bake prozesuarekiko, bai Anoetako adierazpenarekiko eta, funtsean, baita ere lehentxeago aipatu den ETAren helburu taktikoarekiko.
Edozein kasutan, argi dago oporren bueltan ezker abertzaletik bakarrik aipatzen zen prozesuaren krisia jadanik krisia dela denen begietara, eta latza gainera. Krisia gainditzeko lanean ari dira hiru aktore nagusiak: PSOE, Batasuna eta EAJ, orain arte binakako bilerekin, baina laster hasiko ei dira hirunakakoekin -Vocentokoek diote hasi direla-. Alderdi politikoen Mahaiaren eraketak gaindituko ei luke krisia eta badirudi hori posible izango dela urte bukaerarako.
Hala balitz, aipatu hiru indar politikoek oinarrizko gaiak lotuta eramango lituzkete mahaira eta horrela, dena prest legoke udal eta foru hauteskundeetako lasterketaren parentesiari bete-betean ekiteko, Batasunaren ordezkoaren legeztatze prozesu eta guzti.
Baina hori guztia, oraindik gainditu ez den krisiaren erdiguneko ametsa da. Errealitatea, besteak beste, kale erasoen ugaritze arriskutsua eta Iñaki de Juanaren gose grebaren pasarteek baldintzatzen dute, negoziazioaren soka azken sei hilabeteetan ez bezala tenkatuz. Espainiako Gobernuaren inguruko iturrien esanetan, prozesuak ez du atzerabiderik, eta ENAMetik, Zapateroren Gobernuak norabidea zuzendu ezik, apurtzear dagoela iragartzen da. Egoera horretan, De Juanaren gose grebak eta honek ekar ditzakeen ondorioek inork espero ez dituen aurrikusi gabekoak, jar ditzake prozesuaren gurpilean. Ekosistema hauskorretan, kanpo mehatxuak dira arriskutsuenak, ezustekoak, eta egungo abagunean horretarako haziak barreiatzen ari dira.
Juan Carlos Etxegoien,
Xamarrek
Diario de Noticias-en esanak: «Orain etorkinekin dago kezka, baina historian gertatu denarekin konparatuz, huskeria da. Ez dugu iraun isolaturik ginelako, alderantziz, gure identitatea zein den garbi izateko gai izan garelako iraun dugu».
Hamaika proiektua dela-eta
Berrian esanak:
Joanmari Larrarte (
EKT): «Hor kontuan izan behar da lehiaketa orain, udazken-neguan zabaltzen bada, tarte horretan guk eskualdeetako eragileekin harremanak izan nahiko genituzkeela, proiektua elkarrekin prestatu eta aurkeztu ahal izateko».
Iñaki Alzaga (CMN): «Bizpahiru urtean ez da lizentziarik espero Ipar Euskal Herrian. Baina epe horretan zerbait prestatuko dugu. Ziur».
Gorka Altuna (EKHE): «Proiektua ez da batere errentagarria izango, eta, beraz, ahalik eta tamainarik txikiena izango du».