Astekaria

 Liburuak 

Liburutegia

Irudia

Pilar Iparragirre


2055. alea
2006-09-24
alde 0    kontra 0

Euskal Herri Alfabeto...

Robert Thurin/ Itxaro Borda

Hats Berri

64 orrialde 16,80 euro

Euskal Herriaren irakurketa berezia

Irakurle euskaldunei, frantsesei zein espainiarrei begira eginik dago liburu polit hau. Robert Thurinen argazki liluragarriek eta Itxaro Bordaren idatziek osatua dago eta Euskal Herriaren berezitasunak alfabetikoki ezagutzeko aukera eskaintzen du: artaldeak, Basabürüa, inauteriak, Korrikaren irudiak edo trikuharriak ikus daitezke bertan. Baina argazki horiek zinez ulertuko badira, testuinguru kultural eta geografiko egokian kokatu behar dira. Adibidez, aurreneko irudiak Baztango harana azaltzen du, berdearen distira ezberdinak erakutsiz, eta haran hori Nafarroan dagoela adierazten du. Basamortuaren irudi gisa, berriz, Bardeak agertzen dira, hau da, Nafarroa berberak, hegoaldean, eskaintzen duen beste kolore eta formen multzoa.

Kilkerra eztarrian

Juan Luis Mugertza

Ibaizabal

64 orrialde 8,50 euro

Zakur letrarekin arazoak dituen mutikoaren estutasunak

Juan Luis Mugertzak zortzi urtetik aurrerako neska-mutikoentzat idatzi duen kontakizun honen protagonistak arazo bat du: bere eztarriak «erre» letrak «g» bihurtzen ditu. Ikerren gurasoak ez diote gorabeherari garrantzirik ematen. Sendagileak esana die denborarekin berez joango zaiola. Baina mutikoarentzat benetako arazoa da, batik bat munduan gehien gustatzen zaion neskaren izena Arrate delako. Eta berak, hots egin nahi badio, «Aggate» baino ezin izango duelako oihukatu. A zer lotsa Ikerrena! Izan ere, eskolako patioan elkarrekin daudenean, beti saiatzen da «errea» ezkutatzen, «iggistatu» esan beharrean, «laban» egin duela-edo esaten. Baina oraingoan aitak Arrateri deitzeko esan dio. Nola egingo du?

Egan

Batzuen artean

Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko Boletinaren euskarazko gehigarria

314 orrialde Urtebeteko harpidetza: 18 euro

Postmodernitatea gurean eta beste

Ugariak dira azkeneko Egan aldizkarian azaltzen diren lanak. Imanol Mercerok Wendworth Webster (1828-1907) folklorista euskaltzalearen Euskal ipuinak bilduman arakatu du. Ingelesez argitaratu ziren 1877 eta 1879an, eta frantsesez gero, 1882 eta 1883an. Eta euskaraz ere irakur daitezke, 1993an Xipri Arbelbidek eginiko edizioari esker. Egan honek eskainitako lanekin jarraituz, Asier Barandiaranen Bertsolaritza Estatu Batuetan, Zarko Petan idazle esloveniarraren biografia, Jon Kortazarrek Harkaitz Canoren Neguko zirkua liburuaz idatzitakoa, Aingeru Epaltzaren Rock'n'roll nobelan agertzen den Iruñearen irudiaz Irati Arratibel eta Amaia Munarrizek diotena, Iñaki Aldekoak Postmodernitatea gurean? galderari emandako erantzuna, eta Joxe Artetxeren euskal idatzi batzuk daude.

Aisia Biziz

Batzuen artean

Urtxintxa Eskola

54 orrialde 5 euro

Kulturartekotasuna nola landu

Euskal Herrian inmigrazioaren fenomenoa aspalditik ezagutzen dugun arren, gaur egun gero eta nabarmenagoa da. Hara zergatik Aisia Biziz aldizkariaren zortzigarren zenbakian kulturartekotasuna gaia landu duten. Jatorri eta kultura desberdinetako gero eta pertsona gehiago gerturatzen zaizkigu. Hizkuntza, erlijio eta ohitura ezberdinak dituzten pertsonak. Guztion artean ondo konpondu ahal izateko giltza kulturartekotasuna litzateke. Zer den kultuartekotasuna? Bada, lurralde berdinean bizi diren pertsonak beren nortasunari uko egin gabe eskubide beren jabe izatea. Honek giza talde desberdinen arteko interdependentzia, elkarrekikotasuna eskatzen du eta jakina, ez da lortzen erraza. Desberdintasunari eutsiz, elkar aberastu proposatzen digute Aisia Biziz aldizkarikoek. Eta horretarako, bertakoei zein kanpotik etorritakoei eskaini diete hitza.

Jose Mari Satrustegi: ereile eta lekuko

Andres Iñigo

Euskaltzaindia, Nafarroako Gobernua

300 orrialde / 15 euro

Jose Mari Satrustegiren hainbat lanen bilduma

Jose Mari Satrustegi euskaltzainaren (1930-2003) lanekin bilduma egin du Andres Iñigo Iturengo euskaltzainak. Nafarroako Gobernuak eta Euskaltzaindiak Jose Mari Satrustegi: ereile eta lekuko izenburupean plazaratu dute liburua. Jose Mari Satrustegik Príncipe de Viana aldizkariaren euskarazko gehigarrian plazaratutako hainbat artikulu irakurtzeko aukera eskaintzen du. 1966tik 1973. urtera bitartean argitaratutako artikuluak dira guztiak, eta gehienbat euskara eta onomastika dute gaitzat. Baina badira ere zenbait pertsonaiaren ezaugarri eta laudorioak, joandakoei eskainitakoak, zenbait herritako ohituren aipamenak, garaiko gertaera eta ideien kritikak, ipuinak eta olerkiak.

Paperak, poemak

Gorka Setien

Paperzaleak ke

36 or. / 2 euro

Gorka Setienen poema zorrotzak Aparkalekuko felizidadean

Bizitzari eta daramagun bizimoduari zorrotz begiratzeko aitzakiarik ez duen poeta dugu Gorka Setien. Nik arnas hartzen dut / zuk arnas hartzen duzu/ hura ito egiten da. Adibidez dio hasieratik, eta jarraian doazen mezuak ez dira gozoagoak. Hipoteka ez delako, akaso, hitz poetikoa izango, baina Kultura hitzaren errima bila/ tortura aurkitzen dugunean/ orduan ere poesia behar dugu/ eta armak /bizitza aldarrikatzeko armak/ plazera jolasa eta bidea jorratzeko/ oinak/ espetxetik libratzeko arma erabateko/ hoiek./ Zerrenda ez dago itxita noski...

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
azala  
azala2054
 
azala2053

2055 zenbakia.
2006ko irailaren 24a


   

Babeslea

Irizarren webgunera joan
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza