Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-10-07 16:31:31
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza
  • Hasiera >
  • Gaiak >
  • La Pazeko San Pedro kartzela: sei zirikitutatik begira

2006-09-24 -- 2055.zenb

La Pazeko San Pedro kartzela: sei zirikitutatik begira

Amets Arzallus

Baina mundua izatez ez da ulertu erraza. Inork sartu nahi ez duen lekura sartzeko gogo biziz geunden gu, baldintza batekin, berriz ateratzekotan. Kartzelak irteerako atea izaten du irekitzen zaila, eta sarrerakoarekin borrokatu behar izan genuen guk. Azkenean, utzi ziguten sartzen, eta goiz oso bat pasa genuen San Pedro kartzelan. Goiz batean sei zirrikitu aurkitu genituen. Ez ihes egiteko zirrikituak, baizik eta begira jartzeko balio zutenak. Begira jartzeko barrura, eta begira jartzeko kanpora. Ez baitago San Pedrori begiratzea bezalakorik Bolivia ikusteko. Hona hemen zirrikitu bakoitzetik zer ikusten den.


Ernesto Michel, teniente koronela

Harro dago barne segurtasunaz arduratzen den teniente koronela: "Gurea da Hego Amerika osoan bortizkeria indizerik txikiena duen kartzela". Baina ez du harro egoteko motibo handirik. Hirurehun lagunentzat prestatua dagoen presondegian 1.554 kabitu ditu. 1.554 preso + 400 ume (aita presoarekin bizi direnak) = ia 2.000. Hirurehun behar eta bi mila. Kartzelako funtzionarioen soldatak aldrebes izaten dira. Bi mila behar eta hirurehun.


Valerito, kartzelako haurra

Amak ekarri zuen mundura, eta aitak mundutik kanpora. Sei urte ditu, eta ziega batean egiten du lo, anaiarekin eta aitarekin. Kartzelako atetik ateratzen da goizero, eskolara joateko, eta atzera kartzelako atetik sartzen da ea askaririk ba ote den. Askaria sakratua da Valeritorentzat, afari handirik ez baitu izaten iluntzetan: zopa, zopa, eta zopa. Presoen menua. Egunero zopa. Mafaldak arrazoi. Valeritok ez du handi-handia egin nahi, pixka bat handiak direnak lanerako erabiltzen dituztelako kartzelan, eta puska bat handiak direnek ezin dutelako eskolara joan.


Mapa de Bolivia

Hamasei urte ditu, eta hamabi urteko kondena du. Mapa de Bolivia deitzen diote preso kideek, gorputz osoa bere buruari egindako labana arrastoz josia duelako. Bart gauean ere alkohol sobera edan zuen, eta goizerako probintzia berri bat marraztu du bere bularrean. Beharko edan, San Pedron, ziegarik erosteko dirurik ez duenak patioan egiten baitu lo, eta La Pazeko neguak badaki izotza zer den. Baina presondegitik atera nahi ote duen galdetu, eta ezetz berak. «Zertarako atera? Kanpoan ere berdin egiten du hotz. Eta hemen drogarekin lasai gabiltza. Harrapatzen bagaituzte ere ez gaituzte kartzelan sartuko».


Calvo, ile moztailea

Cambek eta coyek elkar gorroto dute Bolivian. Cambak Santa Cruz probintziakoak dira, hegoaldekoak; coyak, La Pazekoak, iparraldekoak. San Pedron, camba guztiak ile luzearekin ikusten dira. Eta ez da Santa Cruzen txima modan dagoelako, baizik eta kartzelan ile apaindegia duena, Calvo, coya delako. Santa Cruz eta La Paz gerran bizi dira, baita kartzela barruan ere. Eta ez da coyarik ikusiko camba presoek muntatu duten jatetxean bazkaltzen, ezta cambarik ere coya presoen aroztegian aulkirik erosten. Negozio txikiz betea dago San Pedro, herrixka bat dirudi. Eta negozio handiena ziega salerosketarena. Merkeenak 200 dolar balio ditu, garestienak 1.500, bere sukalde eta dutxarekin. Baina ez duzu inoiz ikusiko coya bat camba bati ziega bat erosten.


Pacheco, arrain handia

Ez da koka zapaltzen ibiltzen zen laborari pobrea. Pacheco kokaina tona askorekin harrapatu zuten. Ez zion astirik eman bere abioneta pribatuan alde egiteko, eta orain, San Pedron dago, baina Evo baino hobeto bizi da. Hiru ziega bat eginik apartamentu handi bat osatu du. Bi mugikor ditu, badu Interneta, eta sauna ere bai. 6.000 dolarretan dago kotizatua bere palazioa. Esaten dute leihotik mendia ikusten dela. Beste hiru ziega merke erosi zituen, eta alokairuan ditu, hilean 100 boliviano kobratuz bakoitzarengatik. Hala ordaintzen die bere lau preso morroiei ere bere ziega garbitzeagatik.


Jose, kartzelako aitona

«Trenton» esaten zaio hogeita hamar urterako kondenatua dagoenari. Eta horietako bat da Jose. Legeak dio 70 urte baino gehiago dituenak, eta gaixo dagoenak etxera erretiratu behar duela. Josek aspaldi jaso zuen zazpigarren hamarrekoa, eta San Pedron esaten da ez dakiela non sartzen duen hanka. Ez baitu hankarik, eta itsua baita. Baina justiziak ez dio ematen etxe barruko atxilotzea. Ihes egiteko arriskua omen dago.

-----------------------------------------------------------------
www.argia.com/bolivia helbidean La Pazeko San Pedro kartzelako argazki galeria

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan