Ihesi: Gartzain, sakela bete gaztaina
Ainhoa Oiartzabal
1986an, Gartzain herriak 248 biztanle zituen, egun 220 inguru ditu. Antzinatik, nekazaritza, abeltzaintza eta basogintzan ibilitako herria da. Oraindik ere nabarmena da azken sektore horren garrantzia eta herriko kale nagusitik, auto adina ganadu ikus daiteke igarotzen. Herriak, noski, eliza eta frontoia ditu eta baita eraikuntza interesgarriak ere. Iturbide jauregia, esaterako, XVI. mendekoa da eta XVIII. mendeko baserriak ikus daitezke, lau uretako teilatudunak.
Gartzainen bi besta ospatzen dituzte: Pilarrekoak eta herriko patroiarenak, Sanmartinak (azaroak 11). Herriko bestak pasata, Ińauteek dute garrantzia herrian, batez ere Ostegun Gizen egunak. Orakunde eguna izaten da, haurren eguna. Goizean goizetik, etxez etxe ibiltzen dira herriko gaztetxoenak diru eske, trikiti doinuek lagunduta. Eskea amaituta, bazkaria egiten da eta ondoren, oilar jokoaren txanda izaten da. Haurrek, zapia begietan, oilarra ukitu behar dute zurezko ezpata batekin. Ohitura eta tradizioz betetako herria da Gartzain eta usadioez gain, hizkuntzak ere osasun ederra du herrian. Gartzaindar gehienek solasten dute euskaraz.
Abian
Ibilbideari ekiteko, Gartzainera iritsi behar dugu lehenik eta horretarako NA-121 errepidea hartuko dugu. Elizondo eta Irurita herrien artean dago Gartzain. Errepide nagusitik desbideratuko gara kilometro bateko aldapa igoz. Autoa eliza parean utzi eta Aizano auzorantz abiatuko gara kale nagusitik. Bide bakarra dago, beraz ez dago galerarik.
Aizanotik gora aldapa gogortzen hasten da, errepidea bukatu eta hormigoizko bidea hasten da. Ordainetan, bistak izugarriak dira. Berehala herria gure oinetan ikusiko dugu. Ohikoa da hemen goitik putreak ikustea. Herri bertako zelaietan egoten dira, ganaduaren alboan, zelatan. Bildots sortu berriak edo umatzen ari diren behiak urrutitik usaintzen dituzte. Bidearen alde batera eta bestera gaztainak ikusiko ditugu. Nonbaitetik baitatorkio «sakela bete gaztaina» esaera. Eta gaztainondoekin batera, beste hainbat espezie: gereziondoak, haritzak, elorri beltzak... Aldapan gora goazela, bidegurutze bat topatuko dugu. Ezkerreko bidea bazter batera utzi eta aurrera jarraituko dugu mendiko xendan barna. Ibilbide hau mendiko baserri eta borda ederrez josita dago.
Eta dagoeneko bigarren bidegurutzea. Gu goiti, ezkerreko bideari kasurik egin gabe. Ezkaldo mendian, garai bateko animalien fosilak nonahi topatuko ditugu. Iraganeko lekukoak dira aspaldiko izakien aztarna hauek.
Hurrengo bidegurutzean ere, bide nagusiari eutsiko diogu. Eskuinekoak, putreen jantoki batera eramango gaitu. Animalia hilak botatzen dituzte bertara, putreek jan ditzaten eta bertako ganadu biziari eraso ez diezaien.
Laster batean iritsiko gara Ezkaldoko belaietara. Behiak eta behorrak aske bizi dira bertan. Hauen alboan, zuhaitz lehortu batean, putreen begiratokia dago. Bertan egoten dira pausatuak sabela betetzeko aukeraren zain. Bistak zoragarriak dira gain honetatik.
Orain arte bide nagusitik ibili gara, baina bihurgune batean dagoen bidegurutzera iristerakoan, bide nagusia alde batera utziko dugu eta ezkerreko bidexka hartuko dugu. Hala ere, lehenengo bide nagusian dagoen karobia bisita genezake. Egun, eroria dago.
Ezkerreko bidexka horretan, aldapan behera hasiko gara. Bertan, urak eginiko ibilbidea ikus genezake, bere indarraren erakusle.
Halako batean, bidegurutzea berriz ere, eta guk eskuinera egingo dugu, ezker aldean Elizondo eta eskuin aldean Urkizta mendia ditugula. Hurrengo bidegurutzean behera jarraituko dugu eta hormigoizko bidean sartuko gara. Baserri baten paretik pasa eta aldapan behera, sigi-saga jaitsiko gara. Ezker aldean, gurutze bat ikusiko dugu, harkaitz artean eta eskuin aldean berriz, Elizondoko Berro auzoa. Bidean deskantsatu nahi izanez gero, banku bat badago eta bertatik bista atseginak ikus daitezke. Bide nagusiari jarraiki, eskuinera baserri bat eta ezkerrera bidezidorra ikusiko dugu, Ariztegi auzora eramango gaituena űbide nagusia jarraituz gero, Elizondora iritsiko ginatekeű. Harri koskorrez osatutako bidea da, baso artean doana. Azkar ikusiko dugu Ariztegi auzo ederra. Zelai lauak eta baserri dotoreak ditu. Ariztegira iristean, ezkerrera hartuko dugu, ermitarantz, eta marka zuri-berdeei kasu eginez, Ariztegitik Gartzainera doan bidezidor polita hartuko dugu.
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.