Astekaria

 Ihesi 

Ihesi: Gartzain, sakela bete gaztaina

Irudia

Ainhoa Oiartzabal


2055. alea
2006-09-24
alde 0    kontra 0

1986an, Gartzain herriak 248 biztanle zituen, egun 220 inguru ditu. Antzinatik, nekazaritza, abeltzaintza eta basogintzan ibilitako herria da. Oraindik ere nabarmena da azken sektore horren garrantzia eta herriko kale nagusitik, auto adina ganadu ikus daiteke igarotzen. Herriak, noski, eliza eta frontoia ditu eta baita eraikuntza interesgarriak ere. Iturbide jauregia, esaterako, XVI. mendekoa da eta XVIII. mendeko baserriak ikus daitezke, lau uretako teilatudunak.

Gartzainen bi besta ospatzen dituzte: Pilarrekoak eta herriko patroiarenak, Sanmartinak (azaroak 11). Herriko bestak pasata, Ińauteek dute garrantzia herrian, batez ere Ostegun Gizen egunak. Orakunde eguna izaten da, haurren eguna. Goizean goizetik, etxez etxe ibiltzen dira herriko gaztetxoenak diru eske, trikiti doinuek lagunduta. Eskea amaituta, bazkaria egiten da eta ondoren, oilar jokoaren txanda izaten da. Haurrek, zapia begietan, oilarra ukitu behar dute zurezko ezpata batekin. Ohitura eta tradizioz betetako herria da Gartzain eta usadioez gain, hizkuntzak ere osasun ederra du herrian. Gartzaindar gehienek solasten dute euskaraz.

Abian

Ibilbideari ekiteko, Gartzainera iritsi behar dugu lehenik eta horretarako NA-121 errepidea hartuko dugu. Elizondo eta Irurita herrien artean dago Gartzain. Errepide nagusitik desbideratuko gara kilometro bateko aldapa igoz. Autoa eliza parean utzi eta Aizano auzorantz abiatuko gara kale nagusitik. Bide bakarra dago, beraz ez dago galerarik.

Aizanotik gora aldapa gogortzen hasten da, errepidea bukatu eta hormigoizko bidea hasten da. Ordainetan, bistak izugarriak dira. Berehala herria gure oinetan ikusiko dugu. Ohikoa da hemen goitik putreak ikustea. Herri bertako zelaietan egoten dira, ganaduaren alboan, zelatan. Bildots sortu berriak edo umatzen ari diren behiak urrutitik usaintzen dituzte. Bidearen alde batera eta bestera gaztainak ikusiko ditugu. Nonbaitetik baitatorkio «sakela bete gaztaina» esaera. Eta gaztainondoekin batera, beste hainbat espezie: gereziondoak, haritzak, elorri beltzak... Aldapan gora goazela, bidegurutze bat topatuko dugu. Ezkerreko bidea bazter batera utzi eta aurrera jarraituko dugu mendiko xendan barna. Ibilbide hau mendiko baserri eta borda ederrez josita dago.

Eta dagoeneko bigarren bidegurutzea. Gu goiti, ezkerreko bideari kasurik egin gabe. Ezkaldo mendian, garai bateko animalien fosilak nonahi topatuko ditugu. Iraganeko lekukoak dira aspaldiko izakien aztarna hauek.

Hurrengo bidegurutzean ere, bide nagusiari eutsiko diogu. Eskuinekoak, putreen jantoki batera eramango gaitu. Animalia hilak botatzen dituzte bertara, putreek jan ditzaten eta bertako ganadu biziari eraso ez diezaien.

Laster batean iritsiko gara Ezkaldoko belaietara. Behiak eta behorrak aske bizi dira bertan. Hauen alboan, zuhaitz lehortu batean, putreen begiratokia dago. Bertan egoten dira pausatuak sabela betetzeko aukeraren zain. Bistak zoragarriak dira gain honetatik.

Orain arte bide nagusitik ibili gara, baina bihurgune batean dagoen bidegurutzera iristerakoan, bide nagusia alde batera utziko dugu eta ezkerreko bidexka hartuko dugu. Hala ere, lehenengo bide nagusian dagoen karobia bisita genezake. Egun, eroria dago.

Ezkerreko bidexka horretan, aldapan behera hasiko gara. Bertan, urak eginiko ibilbidea ikus genezake, bere indarraren erakusle.

Halako batean, bidegurutzea berriz ere, eta guk eskuinera egingo dugu, ezker aldean Elizondo eta eskuin aldean Urkizta mendia ditugula. Hurrengo bidegurutzean behera jarraituko dugu eta hormigoizko bidean sartuko gara. Baserri baten paretik pasa eta aldapan behera, sigi-saga jaitsiko gara. Ezker aldean, gurutze bat ikusiko dugu, harkaitz artean eta eskuin aldean berriz, Elizondoko Berro auzoa. Bidean deskantsatu nahi izanez gero, banku bat badago eta bertatik bista atseginak ikus daitezke. Bide nagusiari jarraiki, eskuinera baserri bat eta ezkerrera bidezidorra ikusiko dugu, Ariztegi auzora eramango gaituena űbide nagusia jarraituz gero, Elizondora iritsiko ginatekeű. Harri koskorrez osatutako bidea da, baso artean doana. Azkar ikusiko dugu Ariztegi auzo ederra. Zelai lauak eta baserri dotoreak ditu. Ariztegira iristean, ezkerrera hartuko dugu, ermitarantz, eta marka zuri-berdeei kasu eginez, Ariztegitik Gartzainera doan bidezidor polita hartuko dugu.

«Elizako ateak etsi diguzte»


Gartzaingo San Martin eliza 1722. urtean eraiki zuten. Konbentzio Gerrarekin, frantses tropen erasoa jasan zuen. Berritze lanak mende bat geroago hasi ziren. Hasierako eraikuntzatik mantendu den gauza bakarra koruko biga batean dagoen erliebea da, gaztaina egurrez egindako San Martin eta behartsuaren irudia agertzen duena. Erliebeaz gain, San Joseren marmolezko erretaula ere ikus genezake. Elizaren kanpoaldean, aterpean, garai bateko Gartzaingo herritarren hilobiak daude. Gainean duten grabatuek adierazten dute zein etxeetakoak diren.



Gartzaindar gehienak elizkoiak dira. Igandero joaten dira mezetara. Elizaren barruan, badira hiru kandela, herriko azken hiru hildakoen omenez. Astebururo, hildakoen senideek pizten dituzte kandelak. Berriz ere beste herritar bat hil arte hartzen duten konpromisoa da. Hildakoaren senideek behintzat, huts egin ezinezko hitzordua izaten dute igandekoa.



Halaber, bada bitxikeria bat Gartzaingo elizaren inguruan. 1940. urteko abenduan Gartzaingo eliza itxi zuten, eragozpen dekretupean. 36ko gerra bukatu berri zela ospatzen ari ziren artean eta Nafarroan, besta honen babesa gotzainak eta gobernadoreak zuten. Gartzainen, ilunabarrean, lotuta aritu omen ziren dantzan. Jakina, mingarria elizarentzat urte haietan. Eliza 21 egunez itxi zuten eta herriak barkamena eskatzeko aukera zuen. Gazteak gori eta herria haserre, ez zuten barkamena eskatu. Garai hartako gotzainak, Marcelino Olaetxeak eskutitza idatzi zuen dantza berriak gaitzetsiz eta horrekin batera doinu modakoak, akordeoia (infernuko hauspoa) eta dantza «laxoak» goraipatuz: «Berak erakusten digu daukan edertasuna, zauli bezain sendo, txistu eta danborilen soinuekin eta ez bertze kanpoko dantza berri lizunak».



Olaetxea gotzaina bera etorri zen berriro Gartzaingo elizako ateak irekitzera. Ez omen zuen herrian txalorik jaso, baina gartzaindarrek elizara joaten jarraitzen dute eta dantza lotuak zein laxoak dantzatzen.


Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
azala  
azala2054
 
azala2053

2055 zenbakia.
2006ko irailaren 24a


   

Babeslea

Irizarren webgunera joan
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza